Kosmetika produktuak

Ezin bada jan, ez eman

  • Oso mantso, eta populazioaren zati batek baino ez bada ere, badirudi gehiago begiratzen dela zer eramaten den ahora. Elikagaiak non eta nola landu dituzten jakin nahi dugu, sabelean zein osagai sartu ditugun jakitun izan nahi dugu.  Aldiz, larruazalaren bidez odoleraino zer sartzen ari garen ez dakigu. Ez dakigu hidratatzaileak zer daukan, azazkalak margotzeak zer ondorio dituen, ilea garbitu digun xanpuak zer duen eta nora doan. Petroliotik eratorritako osagaiak dira asko, eta osasunarentzako arriskutsu izan daitezkeenen zerrendan daude ugari.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2017ko uztailak 23
Zientzialariak ari dira ikertzen, osagai sintetiko batzuen eta ondoko arriskuen arteko lotura: ugalketa eta garapen arazoak, gaixotasun metabolikoak (obesitatea, diabetesa), arazoak inmunitate eta sistema neurologikoan, tiroide arazoak, eta minbizia ere b
Zientzialariak ari dira ikertzen, osagai sintetiko batzuen eta ondoko arriskuen arteko lotura: ugalketa eta garapen arazoak, gaixotasun metabolikoak (obesitatea, diabetesa), arazoak inmunitate eta sistema neurologikoan, tiroide arazoak, eta minbizia ere bai. Argazkia: Dani Blanco.

“Produktu kosmetikoek eragin ditzaketen osasun kalteez kezkatuta gauden bakarrak ez gara ekologistak, kutsatzaile hormonalekin adi ibili behar dela esaten ari dira zientzialariak ere. Espainiako Estatuan kutsatzaile hormonalak aztertzen dituzten munduko ikerlari onenetakoak daude. Deitu ezazu Granadako Unibertsitatera”. Kistiñe Garcia Ekologistak Martxaneko kidea da eta kutsatzaile hormonalei buruzko www.libresdecontaminanteshormonales.org webgunea kudeatzen du. Pestizidez bezala kosmetikaz aritzen da.

Granadako Unibertsitateko Mariana Fernándezi, Zientzia Kimikoetan doktore eta Biomedikuntza Zentroko ikerlariari, deitu diogu eta galdetu diogu ea produktu kosmetikoak erabiltzerakoan, azazkalak margotzerakoan, lurrina botatzerakoan, azala hidratatzerakoan, gure burua zaintzen eta edertzen ari garelakoan, ez ote garen ari osasuna arriskuan jartzen. Fernándezen ustez, kosmetikan erabiltzen diren hainbat osagai kimiko oso kezkagarriak dira, sistema hormonala erasan dezaketelako, kutsatzaile hormonalak baitira. Osagai horien eta ondoko arriskuen arteko lotura egin dute ikerlariek: ugalketa eta garapen arazoak, gaixotasun metabolikoak (obesitatea, diabetesa), arazoak inmunitate eta sistema neurologikoan, tiroide arazoak, eta minbizia ere bai. Petroliotik eratorritako osagaien eta osasun arriskuen arteko loturaz hitz egiten du zientzialariak, kontua baita oso zaila dela frogatzea kutsatzaile hormonalek kalteren bat eragin dutela. Frogatzea zaila da eta gainera kalteak urte askotara agertzen dira, 20 urte ere igaro daitezke ondorioak agertzerako. Batzuetan kutsatzaile hormonalak barneratu dituztenen ondorengoetan azaltzen dira kalteak, eta ez erabili dituztenengan.

Produktu sintetiko saldo baten eraginpean bizi gara (kosmetikaz askoz harago) eta Fernándezen iritziz, haien ezaugarri toxikoak ez ditugu ondo ezagutzen eta ez dira ikertu. Ez ezagutzeak ez du esan nahi ez direnik kaltegarriak. Beste gauza bat da, zientzialariaren ustez jarrera inuzentea, pentsatzea osagai kimiko bakoitzak bere aldetik eragingo digula. Osagai kimikoek elkarrekin zein ondorio eragin ditzaketen aztertu behar da. Koktel eragina deitzen diote horri. Beraz, osagai kimikoen arriskua elementuak bakarka aztertuta neurtzea intentzio txarrekoa eta inuzentea dela uste du.

Nola aukeratu osasunerako produktu ez arriskutsua halako apalategian? Produktuen osagaiak ezagutzen laguntzen duten sakelako telefonorako aplikazioak badira. Argazkia: Dani Blanco.
Nola aukeratu hidratatzaile segurua?

Fernándezek ondoko adibidea eman digu. Produktu Kimikoen Europako Agentziak Bisfenol A konposatua “osagai oso kezkagarrien” zerrendan jartzea erabaki du. Erabaki zaila izan da eta lan zientifiko ugari egin behar izan dute osagai horren eta osasun arazoen arteko lotura frogatzeko. Gogoan hartu zehaztapena, gizakiarentzako “osagai oso kezkagarrien” zerrendan jarri dute, ez dute debekatu. Beraz, fabrikatzailearen esku geratzen da osagaia erabiltzen jarraitu, erabilera mugatu, edo erabiltzeari utzi.

Osagai sintetikoek gure gorputzean duten eragin kaltegarria frogatzea oso zaila da, sarri ondorioak hainbat urtetara agertzen dira, arriskutsutzat hartzen direnean debekatu ordez “zerrenda beltzean” jarri eta fabrikatzailearen esku uzten da erabakia... Halako ziurgabetasunarekin kontsumitzaileak nola aukeratuko du osasuna kaltetuko ez dion ezpainak margotzekoa? Zergatik erosiko du goiko apalean dagoen hidratatzailea eta ez behekoan dagoena? Kistiñe Garciari galdetu diogu ea xanpuaren osagai zerrenda osorik irakurri eta aztertu behar dugun erosi ala ez erabakitzeko, eta jakina, ea osagaiak ezagutzeko ikastaroa egin behar dugun: “Ezin dut halakorik aholkatu, ezin gara horrela ibili, batzuetan zerrendak oso luzeak dira eta lupa behar da irakurtzeko. Eta beste gauza bat: kontuan hartu produktu sintetikoen bidez datozkigun osasun ondorio guztiak saihestea ezinezkoa dela. Kosmetikoez galdetu didazu, baina osagai sintetikoz inguratuta bizi gara, hor dira pestizidak eta plastikoak. Adibide bat emango dut: osagai sintetikorik ez duen hidratatzaile baten bila ahalegin ederra egin dezakezu eta gerta daiteke haren ontzi plastikozkoak kutsatzaile hormonalak izatea”.

Produktuen lehen 4-5 osagaietan jarri arreta. Horien artean, gutxi gorabehera, produktuaren osagaien %90 biltzen da

2015ean AEBetan Berkeleyko Unibertsitateak eta Salinas Valleyko Osasun Klinikak nerabe emakumezkoekin egin zuten ikerketa. Batez beste egunean 17 kosmetiko erabiltzen zituztela ikusi zuten eta nerabe izanda haien sistema hormonala garatzen ari zenez, kutsatzaile hormonalen aurrean ahulago ziren. Ohiko kosmetikoak hiru egunez kendu zizkieten, eta parabenorik eta ftalatorik ez zutenak erabilarazi zizkieten. Pixa azterketan ikusi zen metil eta propil parabenoek %44 eta %45 egin zutela behera, dietil ftalatoaren metabolitoak %27, eta triclosan eta bentzofenona-3k %36.

Garciak, Ekologistak Martxaneko kideak, aukeraketan ez erotzeko gomendioa egin digu eta ahalik eta kosmetiko naturalenak eta seguruenak erosteko jarraibideak eman dizkigu. Produktuen lehen 4-5 osagaietan jarri arreta. Horien artean, gutxi gorabehera, produktuaren osagaien %90 biltzen da. Lehen postuetan zenbat eta osagai sintetiko gehiago, are eta arrisku eta ziurgabetasun handiagoa, podiumean zenbat eta osagai ekologiko gehiago produktua are seguruagoa. Produktuen osagaiak irakurri eta aztertzeko sakelako telefonorako aplikazioak daude (ikus koadroan ThinkDirty eta Ingred app-ak). Halako ariketak edozein saltokitako apaletara gerturatuta egin genitzake. Hala ere, Garciaren ustez, produktu seguruagoak erosteko aukera gehiago ditugu kosmetika naturala saltzen duten dendetan, hala nola, belar dendetan. Dena dela, Garciak, ahalik eta kosmetiko gehien etxean egitea gomendatu digu, seguruena eta merkeena delako, nahiz eta hainbat produktu egiten (makillajea, desodorantea...) esperientzia gutxi dugun. Garciak azpimarratu du azken urteetan jendea etxean egiten hasi dela hidratatzaileak, ezpainak babestekoa eta xaboiak. Oso antzeko produktuak dendan eros daitezke, baina ez dira hain  prezio onean ateratzen.

Argazkia: Dani Blanco.
Eta etxean egindakoa erabiltzen badugu?

Garbiñe Larrea naturopata da (FENACO  naturopaten federazioan 4131 zenbakia du) eta sendabelarretan eta kosmetika naturalean aditua. Galdetu diogu ea haren bezeroa kosmetiko sintetikoen arriskuez kezkatutako jendea den. Kontzientzia duen jendea baino, osasun arazoak dituen bezeroa duela esan digu. Askok azaleko arazoak ditu, kalte txikienetik hasi eta minbiziraino. Hainbat adibide kontatu digu. Ama batek aitortu zion higiene zale amorratua zela eta haurrak gel, xanpu, kolonia eta kremaz ondo hornituta zituela. Umeek azaleko arazoak zituzten. Proba erraz bat egiteko eskatu zion gurasoari: erabiltzen zituen produktu guztiak alboratu eta berak gomendatutako bat edo beste baino ez erabili. Azaleko arazoak desagertu ziren. Larreak probatzea gomendatzen du, kosmetika sintetikoa alboratu eta osagai naturalekin egindakoekin esperimentatzea, ikusia baitu azaleko hainbat arazotan beltzetik zurira aldatzen dela egoera.

Kosmetika naturalaz ikastaroak ematen ditu eta ikasle askok eskatzen dio berak egiteko kosmetikoak eta saltzeko. Ez dauka denda irekitzeko asmorik ordea, ez du saldu nahi, berak etxean ikusi duena gaur egungo etxeetan egitea nahiko luke, alegia, norberak egitea xaboiak, ukenduak, eta abar: “Etxean senideen artean egiten genuen xaboia, 8 urterekin ikasi nuen kremak egiten. Orain jendea produktu naturalak erosteko prest dago, baina nik norbera moldatzearen alde egiten dut. Ahalik eta jende gehienak ikastea nahi dut. Elkarrekin bildu eta egin kosmetikoak aisialdian. Batzuek hippiak garela esaten digute, baina gure aurrekoek egin dutena errepikatzea baino ez da”. Horrela, kosmetiko sintetikoen arriskuak saihesten dira, eta dendako kosmetiko naturalak baino dezentez merkeagoak egiten dira etxean.

Larrearen bi esaera geratu zaizkigu gogoan: “Kosmetika sintetikoa erabiltzea larrutik ordaintzen ari gara” eta “ezin baduzu jan, ez eman”.

 

Nola aukeratu kutsatzaile hormonalik gabeko eguzkitako krema

Kutsatzaile hormonalen bidez kalte handiena jasateko arriskua haurdunek eta umeek dute. Eguzkitako krema emandakoan osagaiak (toxikoak izan edo ez) larruazaletik gorputzera igarotzen dira eta haurdunaren kasuan plazentan eta umekian pilatuko dira. Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean egindako ikerketa baten emaitzen arabera, haurdunek espero baino 500 aldiz toxiko gehiago zuten. Jaioberriak garatze arazoak izan ditzake edo handik urte askotara ondorioak (antzutasuna edo minbizia) jasan ditzake. Haurdunak bezala umeak dira arriskupean daudenak. Haurra hazten ari da eta hormonek garrantzi handia dute.

Merkatuan gero eta eguzkitako krema seguruagoak eta osasuntsuagoak daude. Saltzaileak jabetu dira erosleak kezkatuta daudela eta gero eta arreta handiagoz aukeratzen dituztela produktuak. Danimarkan Think Chemical kontsumitzaileen kontseiluak 66 eguzkitako krema aztertu zituen eta %40k ez zeukan kutsatzaile hormonalik. Zerrenda osoa sarean dago. Nahiz eta gehienak Danimarkan soilik saltzen diren badira nazioarteko markak. Enviromental Working Group datu basean 750 eguzkitako krema aztertu dituzte eta toxikotasun mailaren arabera sailkatu.

Argazkia: Dani Blanco.

Kutsatzaile hormonalen arriskuez ohartarazten gaituzten webguneetan edo elkarrizketetan eguzkitarako oinarrizko aholkua ondokoa da: ahal dela itzala bilatu edo eguerdiko orduetan saiatu eguzki galdatan ez egoten. Alderantzizkoa egin nahi duenak zein aukera ditu petroliotik eratorritako osagaiekin egindako eguzkitako kremak saihesteko? Kosmetika naturalean badira bi era eguzkiari iragazkia jartzeko. Batetik, iragazki biologikoak daude, karite, mugurdi eta gari germen olioak. Horiek ordea, ez dute krema konbentzionalek adinako babes maila eta tarte laburrerako balio dute. Bestetik, iragazki fisikoak daude. Zink oxidoa, mika eta titanio dioxidoa erabili ohi dira. IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak azken hori minbizi sortzaile izan daitezkeenen zerrendan jarria du, ordea.

Industria kosmetikoak badaki eroslea eguzkitako krema poto bakoitzaren letra txikiko osagaien zerrenda irakurtzen ez dela hasiko. Sarri lupa behar da eta ezagutza handia jakiteko zein diren osagai toxikoak eta zein ez. Kutsatzaile hormonalen arriskuez ohartarazten duten erakundeen aholkua da kosmetika ekologikoa dela adierazten duten etiketadun produktuak bilatzea. Halako etiketaren bat erabili duen saltzaileak lana hartu du bere produktuentzat etiketa lortzen.

Osagai arriskutsuak buruz ez ditugula ikasiko esan badugu ere, hona ohikoenak eta badaezpada saihestea komeni direnak:
- Bentzofenona 3 eta 4 (BP-3 eta BP-4).
- 4-metilbenzilideno kanforra (4MBC).
- Etil exil metoxizinamatoa (iragazki fisikoa da baina osasun arazoekin lotu dute) .
- Metil parabeno eta etil parabeno
ftalatoak (DEP, DINP, DEHP…).
- Butilhidroxitoluenoa (BHT), lurrinak, musketa sintetikoak, olio mineralak.

 

Organikoa, naturala, ekologikoa… Bai, seguru?

Erresuma Batuko Soil Association elkarteak inkesta egin zuen. Kontsumitzaileei galdetu zien ea kosmetikoetan “naturala”, “ekologikoa” edo “organikoa” hitzak irakurtzen zituztenean zerekin lotzen zituzten. Parte-hartzaileen %76k uste zuen hitz horiek erakusten zituzten produktuek elkarte independenteren batek emandako ziurtagiri ekologikoa zutela. Kontsumitzaileek uste zuten toxikorik gabeko produktuak erosten eta erabiltzen ari zirela.

Aztertu zituzten hamahiru produktuetatik bederatzi ordezko ekologikoak baino garestiagoak ziren. Hau da, “ekologikoak” zirela esan eta produktua garestiago saltzen zuten.

Parte-hartzaileen %69k uste zuen halako hitzak erabiltzea ilegala dela. Alabaina, ez da ilegala, zeren nahiz eta kopuru txikian izan produktu horiek badute osagai ekologikoren bat. Gainera, hitz horien erabilera ez dago araututa.

Erresuma Batuko elkarteak Hamar Beldurgarriak izendatutako osagai toxikoak aurkitu zituen produktuotan. Alegia, osagai horiek izanda ez lukete sekula ekologikoaren ziurtagiria lortuko. Hona Hamar Beldurgarrien hiru adibide:
- Aloe Pura markaren produktuak “Aloe Vera organikoa” adierazpidea erabili du. Retinol naturala ez bezala, retinol palmitato artifiziala dauka, A bitamina mota bat. Haurdunaldian ez erabiltzea aholkatzen da eguneko A bitamina dosia gainditu dezakeelako eta umekian malformazioak eragin. Ingurumenean ere kutsadura eragin dezake.
- “Organic suncare” (eguzkitako organikoa) dio, baina hamar beldurgarrien zerrendako hiru osagai aurkitu dituzte produktuan: octinoxatoa, homosalatoa eta octisalatoa.
- Rituals markako gelak dio argan eta eukaliptus olio organikoak dauzkala. Ez da gezurra, baditu, baina erosleak uler dezake produktu osoa dela organikoa. Kontua da 28 osagaitan 11. eta 12. daudela olioak, hau da, aurreko hamar osagaiak kantitate handiagoan daude.

Parte-hartzaileen %72k esan zuen jakingo balu markaren batek halako “berdetasun faltsua” darabilela konfiantza galduko lukeela etxe horrengan.

Soil Associationek ondoko osagai sintetikoak ditu beldurgarritzat:
- imidazolidinil urea
- oktokrilenoa
- PEGak (PEG-7; PEG-12; PEG-40; PEG-200)
- polyquaternium-7
- polisorbato 20
- gorri kolore artifiziala 17-26100
- oktinoxatoa
- homosalatoa
- oktisalatoa
- retinol palmitatoa

 

 

Atera mugikorra

Produktuen osagaiak irakurtzen laguntzeko aplikazioak sortzen ari dira herritarrak. Hona bi adibide:
Think Dirty: Lily Tseren etxean bularreko minbizia izan zuten. Horren ondorioz kosmetikoetan eta higieneko produktuetan osagai toxikoak aztertzea erabaki zuen. Osagai batzuen arriskuak ezagututa, seguruagoak zirenen bila hasi zen, baina oso zaila egiten zitzaion bilaketa. Azkenean, sakelako telefonorako prestatutako aplikazio bat sortu zuen produktuen barra kodeak irakurri eta haien informazioa emateko. 2013an sortu zuen eta ia 68.000 produktu inguru begiratu daitezke.
Ingred: Raul Vadillo ingeniari informatikoak sortu zuen aplikazioa. Haren emazteak kosmetika segurua eta elikagai osasungarriak bilatzen zituen eta nekagarria egiten zitzaion paperean zuen osagai arriskutsuen zerrendarekin batera eta bestera ibiltzea. Hala, Ingred sortu zuen, produktuen osagaiei argazkia atera eta aplikazioak haien arriskuaren araberako mailaketa egiten du. Zuzenean osagai baten izena ere idatz daiteke.

Kanal hauetan artxibatua: Kutsatzaile hormonalak  |  Osasuna

Kutsatzaile hormonalak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-07-05 | Unai Brea
Kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak: berandu eta eskas

Hainbat urteko atzerapenez, eta Europako Batzordeak proposamenaren zirriborroa maiz aldatu eta gero, kutsatzaile hormonalak identifikatzeko irizpideak onartu dituzte EBko estatu kideek. Talde ekologistek eta zenbait zientzialari elkartek kritikatu dute araudiak ez dituela behar bezala babestuko osasuna eta ingurumena.


Etxeko botikina, kutsadura iturri

Azken hamarkadan egindako ikerketek azaleratu dute ibaietan aurkitutako sendagai arrastoek animalia eta landareengan dituzten ondorio kaltegarrien arazoa. Ikertzaileak larrituta daude uretan nahastutako kutsatzaileen eta medikamentuen nahasketaren epe luzeko esposizioarekin.


2016-10-12 | Unai Brea
A bisfenola susmopeko konposatua elikagai-ontzietatik kanpo nahi du Europako Parlamentuak

Europako Legebiltzarrak eskatu du elikagaiak gordetzeko ontzi guztietan A bisfenol izeneko konposatua debeka dadila. Era berean, elikagaien ontziratzean erabiltzen diren substantzia kimikoak zorrotzago arautzea galdatu dute europarlamentariek.


Hormona sistema kaltetzen diguten 33 pozoi daramatzate fruitu eta barazkiek

Ekologistak Martxan elkarteak jakinarazi du Espainiako Estatuan herritarrek kontsumitzen dituzten fruitu eta barazkiek beren mamian daramatzatela gutxienez 33 disruptore endokrino, gizakiei gaixotasun larriak eragiten dituztenak. Hamar elikagai kutsatuenen taula ikusgarria ere argitaratu dute.


2016-04-24 | Unai Brea
Berandu eta herren dator Europatik babesa

90eko hamarkadaren hasieratik dakigu inguratzen gaituzten konposatu kimiko sintetikoetako asko kutsatzaile hormonalak direla. Gure sistema endokrinoa engainatu eta gaitz ugari eragiten dute: ugalketari lotutako nahasmenak, minbiziak, diabetesa... Zientzialariek aspaldi alarma jo zuten arren, halako substantzietarako behar bezalako araudirik gabe gaude oraindik Europar Batasunean; ez luzerako, zorionez. Ondoko lerrootan kontatuko dizuegu nola lortu duten produktu kimikoen eta pestiziden lobbyek... [+]


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude