"Ebidentzia nahikoa dago kutsatzaile hormonalen kalteez, garaia da neurriak hartzeko"

  • Nicolás Olea medikuntza katedradunak hamarkadak daramatza disrupzio endokrinoa aztertzen. Hau da, gure sistema hormonalean eragiten duten eta nonahi ditugun substantziez du ardura. Osasun publikoko arazo handi horri behar bezalako irtenbiderik ez ematea salatzen du, eta mezu horrexekin etorri zen Bilbora iragan irailaren 25ean.

Bilboko Mediku Zientzia Akademiak antolatutako Medikuntza Astearen 44. edizioan lehen hizlaria izan zen Nicolás Olea. ‘Osasuna eta kutsadura: Epidemia isila’ izan da jardunaldien aurtengo goiburua. (Arg.: Aritz Loiola)
Bilboko Mediku Zientzia Akademiak antolatutako Medikuntza Astearen 44. edizioan lehen hizlaria izan zen Nicolás Olea. ‘Osasuna eta kutsadura: Epidemia isila’ izan da jardunaldien aurtengo goiburua. (Arg.: Aritz Loiola)

Europan aitzindarietakoa izan omen zinen kutsatzaile hormonalen gaia aztertzen.

Bai. 1996an antolatu zen Europan gaiari buruzko lehen zientzialari biltzar handia. Ordurako, ingurumen zientzietan adituek, biologoek… oso informazioa baliagarria zuten disrupzio hormonalak naturan eragindako ondorioez, animalia espezie ugarietako adibideak zituzten. Eta gaur egun disrupzioa oso ezaguna da zientzialariengan. Jarduera hormonala duten konposatu asko daude, plastikoetan, arropetan, kosmetikoetan... eta noski pestizida eta ongarrietan. Ez daude sailkatuta minbizi-eragile edo mutazio-eragile modura, baina disruptoreak dira, sistema hormonala eraldatzen dute, eta kalte egiten diote osasunari.

Baina, lehen esan didazunez, gaiak ez du oihartzunik, eta ez da neurri egokirik hartzen.

Are ebidentzia gehiago eskatzen dute eta. Disrupzioaren mekanismoaz ebidentzia gehiago behar dela esaten dute. Nik beti esaten diet berdin dela zenbat diru jartzen duten, zenbat ikertzen duten, ez dutela ebidentzia handiagoa lortuko, daukagun ebidentzia estatistikoa izugarria da, eta mekanismoei buruz ere asko dakigu. Daukaten informazioarekin, aspaldi hartu behar zuen erabakia.

Europako Batzordeaz ari zara, zehazki?

Bai. Han eta Europako Parlamentuan hartzen dira erabakiak, lobbyak dauden lekuan hain zuzen. Eskandalua da. Europako Batzordeak konpromisoa hartu zuen 2015erako disruptore endokrinoak identifikatzeko testak –derrigorrez egin beharrekoak– prest izateko, baina pasa zen 2015, gero 2016, eta ezer ez; azkenik, Suediak prebarikazioagatik salaketa ipini zion Batzordeari Europako Auzitegian. Baita irabazi ere. Aizu, 21 urte daramatzagu gaiaz hitz egiten!

Informazioa sobera dute politikariek dagoeneko.

Jakina. Badakizu zenbat ikerketa proiektu dagoen? Nik erakunde guztietatik jaso dut diru pilo bat, aldizkari zientifiko puntakoetan argitaratu dugu, baina gero ez badute beraiek finantzatutakoa irakurtzen… Ez da ebidentzia gehiago lortuko, nahikoa dago jada, orain behar dena da ausartak izan eta kontsumitzailea babestuko duten erabakiak hartzea. Zuhurtzia printzipioak fabrikatzailea behartzen du bere produktua kaltegarria ez dela frogatzera, ez dagokio kontsumitzaileari demostratzea zerbait arriskutsua dela. Horren arabera egin beharko lukete araudia. Baina ez ikusiarena egiten dute.

Zergatik?

Ez dakit. Seguruenik ez direlako arazoari aurre egiteko gai, ez dutelako tresna egokirik, ekoizleek esaten dutelako gehiegizko zuhurtziak lehiakortasunari kalte egingo liokeela… 

Aurreko galdera egin dizut horrelakoetan beti aipatzen delako lobbyen presioa.

Bada, ni ez naute sekula presionatu, ez alde batera ez bestera. Asko inporta ez dien seinale, agian.

Ebidentzia egon badagoela diozu. Komunitate zientifiko guztia dago gai honetan ados?

Oro har bai, arazoa medikuen artean dago, oraindik ez dira konturatu. Tira, bai, batzuk hasi dira: lehenbizi pediatrak, gurasoek galdetzen baitiete ea zer gertatzen den plastikozko biberoiekin eta abar. Eta informazioa bilatzen hasi behar dute, hori ez zegoelako euren liburuetan.

Dena den, zientzialariena galdetu dizut zientzia blog bat baino gehiago dagoelako jendartean kimiofobia hedatzen ari dela azaltzen, esaten gehiegizko alarma ari dela sortzen oinarri zientifikorik gabe...

Ez dakit, ez naiz inoiz joan hori diotenekin eztabaidatzera. Niri joko honen arauak irakatsi zizkidatenean, esan zidaten parekoek errebisatutako aldizkarietan argitaratu behar nituela ikerlanak, eta urtero 15-20 lan argitaratu ditut punta-puntako aldizkarietan. Nirekin eztabaidatu nahi duenak maila bera badu, ongi; baina batzuetan eztabaida baterako proposatu didaten beste pertsonaren curriculumari begiratu eta konturatzen zara ez duela ezertxo ere egin azken hamar urteetan. Okerrago: joan izan naiz Europako Legebiltzarrera nire ikerketen berri ematera, eta parean jesarrita eduki dut seguruenik nirea hamar halako soldata zuen bat, esaten ari nintzena egia ez zela erantzunez, gero gauean, garagardo bat hartzen, urte bi lehenago auto konpainia baterako lanean zebilela aitortu didana.

Nonahi ditugu kutsatzaile hormonalak, zer egin dezakegu herritarrok?

Gaiak atsekabea sortzen du jende arruntarengan, ez da irtenbiderik ikusten. Batetik, ordezkari politikoei eskatu behar zaie gaia beren agendan sartzeko. Bestetik, kontsumitzaile modura eragin dezakegu. Badakizu nor ari den erabakitzen Espainia hegoaldeko cherry tomateei zein pestizida ipini, eta biltzen dituztenei zer soldata ordaindu? Ingalaterrako supermerkatuetako bezeroak. Haiek esaten dute: langileek soldata duina behar dute, eta tomateak modu osasungarrian landu behar dira, halako edo bestelako pestizida bota gabe, araudiak baimendutakoa izan arren. Bestela ez dute erosten. Eta ikuskatzaileak bidaltzen dira baldintza horiek betetzen direla behatzeko.                                    

Istripua laborategian

“Beti erakarri nau sistema hormonalarekin zerikusia duen minbiziaren gaiak, eta horretaz egin nuen doktore-tesia, 1979an. Urte batzuk geroago, 1987an, AEBetan lanean nengoela, laborategian izandako istripu batengatik konturatu ginen plastiko batek aktibitate hormonala zuela. Hura ez zen posible, plastikoak inertea behar du, baina hantxe zegoen plastiko hura. Susmoak piztu ziren eta konturatu ginen fabrikatzaileak plastikoari gehitutako antioxidatzaile bat zela kausa. Haritik tiraka aurkitu genuen jarduera hormonala zuten konposatu ugari”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsatzaile hormonalak
2017-10-05 | Unai Brea
Europarlamentuak ezetz esan die kutsatzaile hormonalak definitzeko Batzordearen irizpideei

Estrasburgon egindako saioan, Eurolegebiltzarrak ezetz esan dio kutsatzaile hormonalak definitzeko Europako Batzordeak –saiakera askoren ostean–  aurkeztutako irizpide sortari. Batzordearen testuak zientzialari ugariren kritikak jaso ditu, hala nola Europa osoko... [+]


2017-09-26 | Unai Brea
Nicolás Olea, medikuntza katedratikoa:
"Ebidentzia nahikoa dago kutsatzaile hormonalen kalteez, garaia da neurri ausartak hartzeko"

Irailaren 25etik 28ra egingo da, Bilboko Mediku Zientzia Akademiak antolatuta, Medikuntza Astearen 44. edizioa. Aurtengo goiburua Osasuna eta kutsadura: Epidemia isila da. Lehenbiziko hizlaria Nicolás Olea Granadako Unibertsitateko medikuntza katedraduna eta disrupzio... [+]


Kosmetika produktuak
Ezin bada jan, ez eman

Oso mantso, eta populazioaren zati batek baino ez bada ere, badirudi gehiago begiratzen dela zer eramaten den ahora. Elikagaiak non eta nola landu dituzten jakin nahi dugu, sabelean zein osagai sartu ditugun jakitun izan nahi dugu.  Aldiz, larruazalaren bidez odoleraino zer... [+]


2017-07-05 | Unai Brea
Kutsatzaile hormonalak definitzeko irizpideak: berandu eta eskas

Hainbat urteko atzerapenez, eta Europako Batzordeak proposamenaren zirriborroa maiz aldatu eta gero, kutsatzaile hormonalak identifikatzeko irizpideak onartu dituzte EBko estatu kideek. Talde ekologistek eta zenbait zientzialari elkartek kritikatu dute araudiak ez dituela behar... [+]


Sendagai arrastoak ibaietan
Etxeko botikina, kutsadura iturri

Azken hamarkadan egindako ikerketek azaleratu dute ibaietan aurkitutako sendagai arrastoek animalia eta landareengan dituzten ondorio kaltegarrien arazoa. Ikertzaileak larrituta daude uretan nahastutako kutsatzaileen eta medikamentuen nahasketaren epe luzeko esposizioarekin.


Eguneraketa berriak daude