"Iruña-Veleiako ostrakak egiazkoak izan zein ez, polemikak gure gizartea islatzen du"

  • 2001az geroztik, elkarrekin dabiltza lanean Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkum (Delft, Herbehereak, 1975) artistak. Azkenaldian zenbait pieza aurkeztu dituzte Euskal Herriko hainbat museotan. Martxoaren 2an Okela Sormen Lantegian izan ziren hizketan. Berbaldiaren aurretik bildu ginen beraiekin.

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum (argazkia: Dani Blanco).
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum (argazkia: Dani Blanco).

Nola eta noiz hasi zineten elkarrekin lanean?

Iratxe Jaio: Herbehereetan ezagutu genuen elkar, neu hara joan bainintzen ikastera, eta bikote egin ginen. Asko laguntzen genion elkarri, baina nork bere lana zeukan, argiki mugatua; gero, hainbeste laguntzen genion elkarri non ez zen erraza mugak ipintzea, esatea lan bat nirea zela eta bestea berarena. Orduan, erabaki genuen proiektu bat egitea biok batera, Rotterdamgo udaletxeko bulegoen inguruan, ikusteko nola dekoratzen zuen langile bakoitzak bere bulegoa. Hori izan zen bide bat hausnartzeko ea zer espazio eduki zezakeen gutako bakoitzak balizko elkarlan batean.

Klaas van Gorkum: Autoretzarena ere garrantzitsua da guretzat; autore bakarraren ideia deseraiki nahi izan dugu beti. Hainbeste urteko jardunaren ostean, ordea, artista-bikotetzat hartzen gaituzte. Azken batean identitate finko bat da hori ere. Beste batzuekin lan egiteko moduen bila jarraitzen dugu, hala ere.

Zer esan nahi du arte-praktikan elkarlanean aritzeak? Nola egiten da?

I. Jaio: Barra-barra hitz egiten dugu, eta horretarako, paseatu egiten dugu, orduak eta orduak: paseatu bitartean eztabaidatzen dugu, haserretzen gara, eta berriro adiskidetzen. Geure lanak diren modukoak izanik, ez dugu estudioa etengabe erabiltzen, ez ditugu gauza asko probatzen; kontrara, ideia ondo mamituta daukagunean baino ez gara joaten hara.

Pasa den urtean instalazio bat aurkeztu zenuten Tabakaleran, Organismo Bizidunen Agentzia erakusketan: Naturaleza muerta con recipientes. Portzelana-lantegi abandonatu batera joan zineten, eta han aurkitutako moldeekin pieza-sorta bat egin. Nola izan zenuten lantegiaren berri eta zerk eman zizuen arreta?

Iratxe Jaio:
“Iruña-Veleiaren kasuan, interesatzen zitzaigun muga non dagoen: noiz bihurtzen den marra bat marrazki edo letra”

I. Jaio: Orain dela bost urte ezagutu genuen lantegia, hura interesatzen zitzaion beste norbaiti laguntzera joan ginen-eta. Espazioa zirraragarria da, kanpotik badirudi ez direla hondakinak baino, baina gero, sartzen zarenean, hantxe topatzen dituzu lantegian erabiltzen zituzten gauzak, baita labe zahar hura ere, lantegiaren erdigunea. 70eko hamarkadan itxi zuten, beraz, jende asko ibili da han gu baino lehen, museoak eta denetik. Guretzat, lan egiteko orduan, interesgarria zen hondakinen arkeologia hori: artistak erabil ditzake inork nahi ez dituen horiek.

K. Gorkum: Bizitza modernoaren monumentu gisa, asko interesatzen zaigu lantegia; hala ere, bestalde, autoretzaren gaiak alderik alde zeharkatzen ditu gure lanak, hau da, izen eta abizenak dauzkan artearen eta guztion ondarearen arteko tentsio horrek. Lantegian molde haiek topatu genituen, eta horri esker, egin genitzakeen objektu batzuk ez zirenak gureak, baina ezta autore originalenak ere. Izan ere, urte hauetan guztietan, naturak berreskuratu egin du lantegi hori; moldeei eta horiek gordetzen dituzten formei eragin die eta aldatu egin ditu: horixe ikusten da guk egin genituen piezetan.

Hain zuzen ere, instalazioak bi zati ditu: batetik, lantegira sartu zineteneko bideoa, eta, bestetik, lantegian aurkitu zenituzten moldeekin egindako piezak. Zergatik biak?

K. Gorkum: Modu erraz-errazean esateko, oihalaren atzean dagoena erakusteko sartu genituen prozesuko bi une horiek, garrantzitsuak biak ere. Piezak garrantzitsuak dira, noski, baina apur bat tradizionalak, eta akaso sor ditzakete artista izateari buruzko ideiak okerrak. Batzuetan artistei buruzko halako ideia bat sortzen baita, aztiak direla, haien tailerrean gauza magikoak gertatzen direla eta bat-batean artelana ateratzen dela. Eta gure jardunean gauza guztiz egunerokoak daude, jende askorekin konpartitzeko modukoak gainera, guztiok baitaukagu alderdi sortzaile eta langile bat. Materialarekin lan egitea ez da halako gauza mistiko bat. Eta horregatik sartu genuen bideoa: erakusten du lehenengo aldiz lantegian sartu ginenekoa, esploradoreen pare, eta nola heldu genion aurkitu genuenari. Askoz gertuago dago hori gure eguneroko jardunetik, bestea baino.

I. Jaio: Askotan, objektu ohiko eta ezagunekin egiten dugu lan, eta bideoaren bitartez zerbait gehitzen diogu horri, edo beste norabait bideratzen, ez dena zehazki lehen begi-kolpean irudikatu duzuna.

Tabakaleran aurkeztu zenuten lan hori, orain dela urte batzuk arte tabako-fabrika izandakoan, eta orain, berriz, Okelan gaude, harategi ohi batean. Nola lotzen duzue hori guztia orain arte aipatzen aritu garen kontuekin?

K. Gorkum: Iratxe eta ni gizarte-testuinguru oso ezberdinetatik gatoz, neu holandarra naiz eta bera euskalduna, eta gaur egungo langileen posiziotik topatzen dugu kultura komun bat. Aldeak daude, jakina, baina badago halako patroi komun bat ere gu bion artean. Atzera egiten badugu eta gure aurreko belaunaldiei erreparatzen, gu bion aitona-amonak landa gunean bizitakoak dira eta egokitu egin behar izan ziren industrializaziora eta bizitza modernizatura. Hurrengo belaunaldiak klase ertaineko posizio bat sortu zuen eta esan daiteke, geure familia den burbuila txiki horretan, geu izan garela bere burua artista gisa irudikatzeko pagotxa izan duen lehen belaunaldia. Tabakalera, Okela, portzelana-lantegia abandonatua eta halako espazioak, azken batean, aldaketa horren adierazpen fisikoak dira ia-ia.

Iruña-Veleiako ostraka delakoen inguruko ika-mikari ere erreparatu diozue zuen lanean. Zertan datza proiektu hori?

I. Jaio: Badira urte batzuk horretan hasi ginela, eta proiektuak hainbat fase izan ditu. Lehenik, faksimileak egin genituen pieza polemikoen inguruan. Gero, elkarrizketak egin genizkien gaiaren inguruan dabiltzan lau pertsonari, hala SOS Iruña-Veleia elkarteko kideei nola Arabako Foru Aldundiak osatu zuen batzordeko jendeari. Pantaila batean erakusten genizkien piezak, eta elkarrizketatuek beren interpretazioa eskaintzen ziguten, ikusten zuten horri buruz. Bigarren fasean berriz, asmoa zen jatorrizko piezetara iristea, ustez ez baititu inork ikusi zazpi-zortzi urtean. Azala espazioarekin eta Artium museoarekin elkarlanean, eskakizun ofizial bat egin genion arkeologia-museoari (hantxe daude piezak gordeta), hartara, piezak eramateko museo horretatik 400 metrora, hots, Artiumera, ikusteko ea arte garaikideak zer-nolako ekarpena egin ziezaiokeen halako gai arantzatsu bati. Buztinezko pusketa batzuk baino ez dira, baina ezin dugu ahaztu zer-nolako eragina duten gizartean.

Klaas van Gorkum:
“Artearen alderdi luxuzko eta sentsazionalista ez da interesgarria,
aberats famatu batzuk baketzea da”

K. Gorkum: Bai, nahiko argi dago guri ez zaigula askorik axola ea egiazkoak ala faltsuak diren, polemika hau guztia, azken batean, gizartearen egoeraren ispilu dela baizik. Jakina, kontuak arte garaikidearekin daukan harremana aise ikus daiteke, arte garaikidearen estatusa kolokan baitago sarri, eta gatazka horiek garatzen diren moduak gauza asko irakasten dizkigu gure arteko harremanen inguruan, mantentzen ditugun eta deseraikitzen ditugun hierarkien inguruan.

I. Jaio: Komunikabideen bitartez ezagutu genuen gaia, denok bezala, eta asko interesatu zitzaigun gizarteko fenomenoa; hala ere, badago beste kontu interesgarri bat. Argazkiak ikusi genituenean, eta gertutik behatu, konturatu ginen inskripzioak oso sinpleak zirela. Komunikabideen bitartez bospasei iritsi zaizkigun, potenteenak, baina ehunka daude, marratxo eta biribil txikiekin, eta batzuetan horiek jo daitezke letratzat edo ez, zaila da esatea. Orduan interesatzen zitzaigun ea non dagoen muga hori, noiz bilakatzen den marra bat marrazki edo letra, zer zeinu minimo behar duzun zentzu bat sortzeko.

Eta, Okelan, zer aurkeztuko duzue?

I. Jaio: Orain dela hilabete batzuk jarri ziren Okelakoak gurekin harremanetan, eta beren laneko ardatzetako bat da belaunaldi ezberdinetako artistak elkarrizketan ipintzea. Beraz, pentsatu genuen orain dela hamar urte egindako obra bat aurkeztea eta ikustea ea nola funtzionatzen duen testuinguru honetan, orain. Hamaika margok osatutako lana da, Gasteizko planoan oinarrituak denak. Orain dela hamar urte egin genuenez, toki pila bat eraiki gabe zeuden oraindik.

K. Gorkum: Lan hura egin genuen garaian, aro berri baten hasieran zegoen Gasteiz, justu higiezinen krisiaren aurretik, eta horretaz guztiaz aritu gara, desbideratzeei buruz eta desegin diren ametsei buruz.

Oker ez banaiz, ARCO azokan izan zarete. Zer moduz?

I. Jaio: Guk gure bidea egin dugun inguruan, artistek lan egin zezaketen artearen munduko alderdirik komertzialenarekin harremanik izan gabe. Hori bukatu da, argi eta garbi, eta gure inguruko jende gero eta gehiago galeriekin ari da orain lanean.

K. Gorkum: Lehenengo aldia da azoka batera joan garela, normalean ez dugu lanik saltzen. Lau egun hauetan asko ikasi dugu eta hamar urte zahartu gara. Orain, hausnartzeko garaia dugu, erabakitzeko ea zer interesatzen zaigun eta zer ez, zeren, nahiz eta zeure arima saltzeko prest egon, gauza asko ez dira interesgarriak, adibidez, artearen alderdi luxuzko eta sentsazionalista hori: aberats famatu batzuk baketzea, hori ez da interesgarria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude