Koop Fabrika

Ekintzailetza beste begi eta esku batzuetatik

  • Ekintzailetza. Gazteek (eta ez hain gazteek) urratu beharreko bide berria hori dela diote etengabe politikari eta enpresari elkarteen ordezkariek. Haien asmo eta nahietatik oso urrun ordea, beste eredu bat ari da garatzen: kolektiboa, tokiko sareetan antolatua eta eraldatzailea izan nahi duena. Hori sustatu, lagundu eta indartzeko lantegia da Koop Fabrika.

Lander Arretxea @larretxea
2017ko martxoaren 26a
Parte hartzeaz eta elkarlanaz egindako saioetako bat Eskoriatzan.
Parte hartzeaz eta elkarlanaz egindako saioetako bat Eskoriatzan. (Arg: Koop Fabrika)

Hutsetik inperio bat eraiki zuten gizon zuri aberatsak, Sillicon Valley, start-up-ak, naziorteko konferentziak. Oraindik ere horrelakoak etortzen zaizkigu burura ekintzailetza eta enpresen sorrera ahotan hartzean. Baina lana aurkitzeko zailtasunak hain ohikoak diren honetan, ez dira gutxi bizitza eta lana uztartuz proiektu propioa martxan jartzea buruan dutenak. Hori guztia ikuspegi neo-liberaletik kanpo garatzeko baliabideak eta erreferenteak falta izan dira ordea. Bai, behintzat, orain gutxi arte.

2015ean abiatu ziren Beterri-Buruntzaldeko Kooperatzen eta Bergarako Berrekin Berregin ekimenak; eskualde desberdinetan baina kezka bera oinarri. Aurten, biak batu, Oarsoaldera ere zabaldu eta Koop Fabrika sortu dute: “Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa”. Edo modu lurtarragoan esanda: gizartea eta euren bizitzak eraldatzeko proiektuak martxan jarri nahi dituztenak laguntzeko eta sarean aritzeko tresna.

Izaera ezberdin askotako eragileak elkar ulertu eta helburuak konpartitzearen ondorioa da Koop Fabrika. Pentsa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzaldeko udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia ari dira elkarlanean.

Aran Erasun:
“Zerbait berria abiatzeko testuinguru emozionala eman dit lantegiak”

Lanki Ikertegiko kidea da Arianne Kareaga, eta dioenez, programa hiru fasetan banatu dute. Lehengoa, formaziora bideratu da, otsailetik apirilera bitarte martxan dena. Bertan, parte-hartzaileek saio teorikoak eta proiektuaren asmoetan sakontzeko saio praktikoak uztartzen dituzte. Atal hori hiru eskualdetan banatuta egiten da, baina hainbat bisita eta saio egiteko denak elkartzen dira maiz. Bigarren fasean, apiriletik aurrera, proiektuei jarraipena eta tutoretza espezifikoak egingo zaizkie, ideiatik ekintzara igarotzen laguntzeko. Azkenik, hirugarren fasean, eskualde bakoitzeko eragile ekonomiko eraldatzaileen artean sareak nola sortu landuko dute. Horrekin elkar ezagutu eta lankidetzan aritzeko espazioak eskaini nahi dituzte, baita ekonomia alternatibo antolatuagoa osatzeko urratsak ematen lagundu ere.

Badago aldea

Badago aldea. Hala dio Koop Fabrikaren lehenengo edizio honetako leloak. Gaur egun nagusi den ekintzailetza eredutik aldendu nahi dutelako aukeratu dute, Beñat Irasuegi Olatukoopeko kidearen arabera. “Esparru gehienetan bultzatzen den eredua arrakasta indibidualarena da: ideia genial bat sortu, eta denbora azkarrean aberasteko aukera ematen duena. Baina gezur hutsa da hori. Guk uste dugu territorioetako beharretatik abiatuta, posible dela langileek beraien lanaren jabe egiteko eta euren bizitzak modu duinean eraikitzeko proiektuak martxan jartzea”. Horretarako, proiektuen dimentsio soziala lantzea, modu kolektiboan egitea eta beste proiektuekin elkarlana ezinbestekoa dela dio.

Proiektu sozial eta kolektiboen denborak ez dira beti laburrak. Horregatik, formazioan proiektuen bideragarritasuna lantzeaz gain, beste elementu bat ere aztertzen dute: bizigarritasuna. “Gure ikasleek sortuko dituzten proiektu asko beraien bizi proiektuak izango dira, eta beharrezkoa da kideen arteko zaintza eta elkartasuna lantzea”.

Aldea badagoela erakusten duen beste ezaugarri bat prozesu osoan sarean  egiteari ematen dioten garrantzia dela uste du Irasuegik. “Ekintzailetza tradizionalean merkatua da proiektua sustengatu edo desagerrarazten duena. Guk ordea uste dugu proiektuak behar bati erantzuten badio, tokiko sarean eta merkatu sozialean aurkituko duela bideragarritasuna eta bizigarritasuna lantzeko eremua”.

Testuinguru emozionalaren garrantzia

“Ez nuen espero akonpainamendua hain gertukoa izatea. Gainera, ekonomia sozialetik abiatzea oso ondo etortzen zaigu, gure ideia ikuspegi horretatik bakarrik ulertzen delako”. Paloma Alicia Martinezen hitzak dira. Mexikon jaio eta Aretxabaletan bizi da, eta inklusioaren alde lan egiten duen Gu Haziak Gara elkarteko kide da. Insertzioa landuko duen enpresa bat sortzekotan daudelako eman zuen izena Koop Fabrikan. Jasotako formakuntzaz gain, proiektua lantzeko espazio bat eta denbora eman diolako dago pozik hartutako erabakiarekin.

Aran Erasun hernaniarra ere ari da Koop Fabrikaren lehenengo edizio honetan parte hartzen. Coachinga eta honekin loturiko formazioa baliatuz emakumeak ahalduntzeko programa da esku artean duen egitasmoa. Proiektua zehazteko eta aberasteko bitartekoak (metodologikoak, teorikoak…) eskaini dizkiola dio, baina ez hori bakarrik. “Horrelako aldaketa fase batean murgiltzeko eta zerbait berria abiatzeko beharrezko testuinguru emozionala ere eman dit. Parte hartzen ari garen guztiok elkar entzun eta bidea konpartitzea oso baliagarria da”.

Tutoreen formazioa

Aurtengoa lehenengo edizioa da, baina itxura guztien arabera, ez da azkenekoa izango. Eskualde gehiagotara zabalduko bada, proiektuak laguntzeko gaitasuna duten pertsonak ezinbesteko izango dira. Hori dela eta, “tutoreen formazioa” izeneko ikastaro laburra ere jarri dute martxan. Denera, 30 lagun ari dira horretan. Tartean badira udal teknikariak eta garapen agentziatako langileak, baina baita elkarte eta kooperatiba txikitako kideak ere. Oso ekimen garrantzitsua dela dio Kareagak. “Euren esperientzia propioak dituzte eta horietatik irakaspen asko atera ditzakegu. Era berean, arlo batzuetan formazioa jasotzea eta debatea zabaltzea beti da aberatsa. Irudipena dugu etorkizunean sareak josteko eta lankidetza artikulatuago bateranzko urratsak emateko ereiten gabiltzala”.

Hiru eskualdetan hasitakoa laster zabalduko dela dirudi, interesa duten eragileen eta eskualdeen eskaerak iritsi baitzaizkie dagoeneko. Dena den, eskualde bakoitzean modu ezberdinean garatu daitekeela uste du Irasuegik, eta ziurrenik, hori dela onena. “Tokian tokian sortuko diren harreman ekonomiko eta sozialen sare moduan irudikatzen dut etorkizuneko Koop Fabrika”.

Kanal honetan artxibatua: Ekonomia soziala

Ekonomia soziala kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-24 | Xabier Letona
Katrin Ginea. Geltoki bateko gidari
"Pertsona helburu duena da ekonomia solidarioa"

La Roncalesa, La Burundesa edo beste hainbat konpainiaren bilgune zen Iruñeko autobus geltoki zaharra ekonomia solidarioaren erdigune da ekainaren 9az geroztik. Katrin Ginea ari da proiektuaren koordinatzaile lanetan. Leihatila zaharrean txartela hartu eta hamar laguneko kooperatibak mundu berriranzko bidaiari ekin berri dio.


2018-06-18 | Herria astekaria
I-Ener herritar sozietatea, energia berriztagarrietan indartsu eta kementsu

2014ko urtean sortu zen, aitzin 10 bat pertsona bildu ziren gogoetatzeko nola sortu egitura bat hemen berean dugun energia berritzeko. Egituratu ziren herritar sozietate bezala, emeki-emeki abiatu ziren langile bat hartzen zutela. Joan den larunbatean biltzar nagusirat gomitatuak zituzten beren akziodunak. Solastatu gira Bixente Uhalde makearrarekin, puntu bat egin dauku biltzar nagusiaz eta I-Ener-en norabideetaz.


2018-06-14 | ARGIA
OlatuKoop: growing membership of the Basque solidarity economics network

Four years have passed since the solidarity economics network was set up, and 26 community companies are already members.


2018-06-11 | Uztarria
Proiektu eraldatzaileek elkar ezagutu dute Azpeitian Olatukoopen Saretze Egunean

Olatukoop sareak Sanagustin kulturgunean egin ditu Saretze Eguneko jardunaldiak gaur, zapatua. Ekonomia soziala eta eraldatzailea ardatz dituzten enpresen, erakundeen nahiz elkarteen sarea da Olatukoop, eta gaur dozenaka lagun elkartu da Sanagustinen, esperientziak elkartrukatzeko.


Geltoki: ekonomia solidarioa, elikadura subiraua eta kultura alternatiboa sustatzeko gune

Autobusentzako gunea zen garai batean 'Geltoki' bilakatu da orain. Larunbatean zabaldu zituen ateak eta garai bateko leihatilak denda bilakatuta daude. 


2018-06-07 | ARGIA
OlatuKoopek indarberrituta ospatuko du Azpeitian 'Saretze Eguna'

Lau urte igaro dira ekonomia eraldatzailearen sarea eratu zela eta jadanik 26 dira bertan parte hartzen duten enpresa komunitarioak.


2018-06-03 | Juan Mari Arregi
Arizmendiarrietatik Fagor eta Eroskira

Herritarrek aukera izan dute dokumental baten bidez Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta lana ezagutzeko: Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa.


2018-05-31 | ARGIA
Iturola
Eraldaketa sozioekonomikorako laborategia inauguratu dute Hernanin

Iturola elkarlan “sorguneak” Beterri-Buruntzako komunitatearen ongizatea helburu duten proiektuak biltzen ditu. Ostegun goizean inauguratu dute ofizialki Hernanin.


2018-05-27 | Xalba Ramirez
Abaraska proiektua
Etxebizitza, auzoaren eragile sozial

Erosi, alokatu eta okupaturen artean, etxebizitzaren arazoari erantzun berri bat ari dira entseatzen Donostiako Abaraska proiektuko kideak. Teilatu batetik harago, ingurua eraldatu eta beste bizi eredu baten oinarria izan daitekeelako jarri dute martxan etxebizitza kooperatiboaren proiektua. Definizio fasea behin igarota, bizitoki izango duten espazioa lortu eta errealitatera salto egiteko aliantzak josten dabiltza.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude