Joxe Austin Arrieta

"Arma hilgarria izan daiteke introspekzioa"

  • Iluna irudi luke, izenburutik beretik hasirik. Estalien Gradora (Txalaparta, 2016). Ordea, aski dira hiruzpalau izpi irakurketaren bidea argiz bete dakigun, gure poesia goren gradora jaso ohi digun poeta fin lumazorrotzaren sormen-lanaz goza gaitezen.

Miel Anjel Elustondo
2017ko otsailaren 12a
Joxe Austin Arrietak dioenez, poesia idazteko zikloa itxitzat eman du (argazkia: Zaldi Ero).
Joxe Austin Arrietak dioenez, poesia idazteko zikloa itxitzat eman du (argazkia: Zaldi Ero).

“Azken hatsa huela, bertsorik sakonena…

…inoiz esan ezin diren estalitako egien oihurik bortitzena, bortitzena!” [Irribarrez, ahapeka kantari]. Nire kasuan, ordea, aurkezpenean esan nuen bezala, ez da oihurik bortitzena, hauskorrena bezain euskorrena baizik.

Estalitako egiak dira Estalien Gradorakoak?

Hor nonbait. Estalitako egia horietara hurbiltze bat bai, behintzat, egia horiek ikertu nahia edo. Xalbadorren omenezko Xabier Leteren poema-kanta ederraren oihartzuna dago izenburuan. Baita Etxepareren harako “goren gradora” harena ere: hemen “beheren gradora”-edo esatea egokiago litzatekeen arren, agian… Bilduma bat da, azken 15-20 urteotan barrena egindako hainbat poema solterena, edo ez hain solterena, batzuk aski aurre-josiak baitzeuden; guztiak Estalien Gradora iragaziak, hori bai.

Estalien Gradora, edo Stalingradora?

Egokia iruditu zitzaidan Stalingradoko bataila historikoa metaforatzat erabiltzea. Gogoratzen naiz garai hartan Vasili Grossmanen Bizitza eta Patua irakurtzen ari nintzela, eta hura erreferentziatzat hartuta asmatu nituela liburuan ageri diren bi txotxongilo edo pertsonaia xelebre bezain serio horiek, Niketz eta Edgar, Von Paulusen VI. Armadako kaporal zaharra eta lotinant gaztea. Nire bizitzako seigarren hamarkadaren metafora da VI. armada hori. Bi alter ego horiek erabili nituen, neure idazlanetan sarritan egin dudana berriz egiteko: aurretik idatzitako nire testuen autokritika, sakontasuneranzko gogoeta bati ekinez, edo berrekinez, haietan barrena.

“Itxia dut poesiaren zikloa. Eta, seguru asko, literaturgintza osoarena”

Mikel Antzak poema-antologia antzeztutzat jo du Estalien Gradora. Leitzen ari nintzela, antzezlana ere izan zitekeela pentsatu nuen, tartean poema ederrez hornitua.

Zaila baita generoen arteko mugak zedarriztatzea, gaur egun ez ezik, baita aspaldidanik ere –XIX. mendetik hona bai behintzat, nik uste–. Batzuetan nahigabe sortzen da nahasketa. Poesia zer da, lirikotasuna besterik ez? Antzerkia zer dugu, dialektika hutsa? Balekoa iruditzen zait Mikel Antzaren formulazioa: “poema-antologia antzeztua”, liburuak dituen hiru parteen arteko joskura antzerki modura emana baitago: bi alter ego horien arteko dialektika da liburuaren “motorra”. “Antologia” hitzaren ordez, nik “bilduma”esango nuke soilik, hori bai.

Zure ama ei dago liburuaren ernamuinetan.

Unheimlich sentsazioa, oso sentsazio korapilatsu eta mingarria dago liburu honen jatorrian. Unheimlich, alegia, kontzeptu freudiar oso inportante bat, gutxi gorabehera eta oso zabarki esanda: helduaroan edo zahartzaroan zure haurtzaroko leku batera itzultzen zarenean sentitu ohi duzun sentsazio delikueszente hori, nostalgiatik baino egonezinetik areago duena, ezagutuaren ezagutuz arrotzagotu egiten zaituen inguruabar zahar-berritu batekiko talka… Ulertzen?

Ez, zeharo.

Nik ere ez, horra! Nire kasuan, dena den, unheimlich horixe darie, liburuaren erdi aldera amari eskainitako poemei. San Bizenteko elizako sakristia, iceberg bat nire oroimenean. Eta ni hantxe, nire V. eta VI. “armadetan”, amaren gurpildun aulkiari eutsiz, amaren mezaren aurretiko eta ondorengo berbaldi xamur zorrotzei adi –markineraz eta mutrikueraz–, baina meza entzuten. Eta, batzuetan, mezaren ostean, hango erretorearekin berriketan; liburuko poeman ageri direnak “pentsatu bai, baina esan ez” nizkion arren, Buñuelen pelikulako danborrak nire burmuinean durundi. Baita orain hain famatu bihurtu den apaiz pederasta horrekin ere. Unheimlich-agorik, nekez… Poema horiek oso dira fundazionalak liburu honetan. Estalien Gradora maionesa moduko bat da, gorringo-zuringo horietatik abiatua. Hori bai, aizu: maionesa eskuz egina da, ez mini-pimerrez.

“Nire barruko mamuak isilarazteko enegarren saiakeratzat ere defini liteke, beharbada, liburu hau”

Liburua irakurririk, literaturaren eta bizitzaren zentzuari buruzko galdera betikoak egiten ari zarela dirudi.

Adinean oso aurrera noa. Inoiz egitekotan, oraintxe egin beharko da delako balantzea, ezta? Ez dakit, halere, “estalien gradora” jaitsi naizen ala ez. Momentu batzuetan baietz iruditzen zait: hor badira zenbait flash; beste batzuetan, berriz, lainoa sartzen da ostera, eta ilunpetan naiz berriro, egin dudan saioak merezi ote duen ez dakidala.

Eta hortxe, liburuetako orrialdeetan barrena, Niketz eta Edgar poesiaren definizio bila.

Eta definizio kontraesankorrak emanez. Poeta guztiok egiten dugula uste dut, eta narratzaile guztiok ere bai. Badirudi ezin garela libratu geure burua eta geure lanaren ezaugarriak liburu guztietan eta bakoitzean justifikatu beharraz. “Berbatze Enea” atalean moztu egin behar izan nituen testuak, hango nire pertsonaiek –Talaiariak, Adituak, Txerpolariak, eta abarrek–, poesiaren definizio bila nork berea botatzen baitzuen: bata errealismo sozialistaren alde, bestea erlijioaren isiltasunean barna sakontzearen alde… Etengabea da liburuan barna darabilten eztabaida, harik eta isiltzeko agintzen diedan arte. Nire barruko mamuak isilarazteko enegarren saiakeratzat ere defini liteke, beharbada, Estalien Gradora.

“Zuhandor”, hitz giltza duzu liburu honetan.

“Ez zara gauza inoren kontra / errebelatzeko gogor; / amorru-sutan bizirik ere / ez duzu mindu nahi inor; / zeure burua karraskarazten / duzu ernegu-zuhandor, / zeure kontrako zeure xahupena / bilatuz isil ta gotor”. Gandiagaren poema horretan, eta beste askotan, garbi ageri da gogo-jardunak dakarkion sufrimendua. Arma hilgarria ere izan baitaiteke introspekzioa; gatazkatsua, bederen, bai, gure kultur tradizio kristauan. “Ni ere zuhandortarra nauk!”, esan nion neure buruari, deblauki, poema hura irakurri nuen estreinako aldian. Hiztegian begiratu ere bai, berehala, hitzaren esanahia. Arbola sinbolikoa euskal kulturan: Jesus gurutziltzatu zuteneko zur-habeak zuhandorrarenak omen. Amildegi handiak daude hor, erlijio orok –edo guk gertutik ezagutu dugunak, behintzat–, berez, mamitik beretik, dakarren sublimazio/errepresio sistema hori guztia, ideologikoki berorretatik aldentzen bazara ere, hor sakonean txertatuta gelditzen zaizuna, betiko, nik uste.

Zein irakurle duzu gogoan?

Zuentzat, neure tribuarentzat, neure ingurukoontzat, neure komunitatearentzat idazten dut. Baina baita neure buruarentzat ere; sentitzen dut inori gaitzi bazaio… Autismoan erortzen ote naiz? Ez dut uste. Baina beti dago arriskua, poesian batez ere, hori ere egia da. Mikel Antzak horixe iradokitzen didala uste dut bere gibel-solas mamitsuan: herrikoiago idatzi beharko nukeela –eta erabat errespetatzen dut iritzi hori, noski–, baina niri horrela idaztea ateratzen zait, ordea. Eta –zin dagit, solemneki–, ez da pour épater, ez da ezein erudizio demostratu nahia. Miresten ditut zuhandortasuna haiku batean jasotzeko gai diren idazleak. Baina ni ez naiz kapaz, askoz ere bihurgunetsuagoa da nire bidea.

Lan erraza izan zaizu liburu zail hau osatzea?

Joan-etorri handiko lana da, ez jolasa. Jolasa, izatekotan, idazketaren azken fasean, derrepente, umetako Fort Apatxekiko nire jolasez oroitu nintzenean. Liburuan dago hori ere, eta aurkezpeneko hitzaldian ere luzaro mintzatu nintzen horretaz. Horregatik ageri dira separatan eta liburuaren barne-kontrazaletan indio eta yanki horien irudiak.

“Herrikoiago idatzi beharko nukeela iradokitzen du Mikel Antzak gibel-solasean; niri horrela idaztea ateratzen zait, ordea”

Pasarte deigarria duzu hori liburuan: idazle serio, pertsona larri, haurtzaroko jolasean…

Flash bat izan zen, inspirazio bat edo barne-marmar bat, Edgar lotinantak, halako batean, Niketz kaporalari oroitarazten diona. “Hirurogeita sei urte, eta umetan bezala, jolasean ari nauk!”, esan nion orduan neure buruari. Momentu horiek ere suertatzen dira, batzuetan, liburu baten idazketan, baina ezin zintezke, noski, une horiek noiz etorriko zain egon, zeren, hala baldin bazaude, ez baituzu inoiz ezer idatziko.

Uste duzu hurrengo lanetan ere barruko marmarrek aginduko dutela zure idazkuntzan, edo kanpoko eragileek zuzenduko zaituztela?

Irakurri duzu liburuaren bukaera, ezagun duzu: “Eten da berbaroa. Isilean beharko abaroa”. Badago halako insatisfakzio-puntu nabarmen bat, Edgarrek Niketzi zera esaten dionean, gutxi gorabehera: “Hau egin dugu, baina zure hitzontzikeria hori hil egin beharko genuke, poesia beste zerbait da”. Oraingoz poesiaren lantegia itxita daukat; dozena-erdi bat poema liburu idatzita dauzkat, eta nahikoa da. Itxia dut poesiaren zikloa. Eta, seguru asko, literaturgintza osoarena.

Zikloa itxia zuk? Poema luzea irakurri berri dizut, ba, argitaragabea, Mugaren mugan, Mugalekun.

Baina hori ez da ezer, hori ez da liburu baterako hasikina ere. Poema luze bat da, Maite izeneko pertsona maite baten heriotza-agurra. Oso hunkigarria –niretzat–, eta Estalien Gradoraren estilotik bestelakoa oso. Nire idazte-lanak bukatu direla esan izan dut, publikoki, beste elkarrizketa batean. Osasunez ongi nago; baina kemenik… horretan sentitzen naiz makal. Baditut bozetoak, badut material dezente, baina nik oso prozesu luzea behar izaten dut lehengai hori dena mamitu eta liburu batean bildu eta antolatzeko. Vide grenier egiten ari naiz, oraingoz, “ganbara hustea” alegia, Iparraldean askotan egiten dutenaren antzekoa, ganbaran dauden traste zaharrei hautsa kentzen, antolatzen, baina ez dakit gero zer egingo dudan traste horiekin.

Kanal honetan artxibatua: Euskal literatura

Euskal literatura kanaletik interesatuko zaizu...
2018-02-11 | Dabi Piedra
Bi luma aske

"Eztabaidak literaturarekin" zikloko solasaldiaren kronika. Nor: Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano. Noiz: Urtarrilaren 16an. Non: Bilboko Bidebarrieta liburutegian.


2018-01-28 | Fermin Erbiti
Irazokiren ispiluak

Iruñeko TVEren egoitzan ezagutu nuen, duela ia hogeita hamar urte. Ni etxe hartan egiten zen lehen (eta azken) euskarazko saioaren arduraduna nintzen. Astean Behin programara gonbidatua nuen olerkaria: Francisco Javier Irazoki. Tipo txikia zen, bizarduna; janzkeran-eta, ordurako zaharkitua zegoen hippy itxurakoa. Telebistaz eta poesiaz gutxi zekien kazetari gazteari gizon misteriotsua, isila, atsegina eta sentibera iruditu zitzaion.

Oker ez banaiz, EHUk argitaratzen zuen olerki... [+]


Joxan Artze nostalgiatik harago

Albistea urtarrilaren 12an iritsi zen erredakzioetara: “Joxan Artze hil da, euskal poesiaren berritzaile eta Ez Dok Amairuko kidea”, titulatu zuen presaz hedabide honek edizio digitalean. Geroztik pieza periodistiko ugari argitaratu dira idazlearen ibilbideaz, hedabideek osatu dute Artzeri buruzko argazki orokorra. Kointzidentziak ez dira gutxi izan. Baina, zer geratu da kanpoan? Eta zergatik? Zenbaitentzat deserosoa izan daitekeen Artze bat ere badago, aho batez txalotu duten... [+]


Memoria selektiboa

Arrazoi du Goiak: Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, badauzka ezaugarri asko, tartean Donostiako alkateak elkarrizketa honetan erabiltzen duen hizkuntzak estandar arautua izan zezan egindako lan titanikoa, zeina gabe ez den posible ezta elkarrizketa bera ere, hizkuntza gaur egun ulertzen dugun moduan belaunaldi horri zor diogulako.


Sorlekukoen aitortza

Donostian Txillardegi izeneko baserria zegoen tokian omendu dute Jose Luis Alvarez Enparantza. Sorlekuak eman zion ezizena idazle, hizkuntzalari eta militante euskaltzaleari. Euskara batuaren bultzatzaile eta sortzaile nagusietako batek aitorpen ofizialik gabe jarraitzen du sorterrian. Donostian EAJ, PP, PSE-k ez dutelako nahi. Naziotasunaren oinarrian hizkuntza dagoela oroitarazten duelako, agian. Boteredunentzat pertsona deserosoa izaten jarraitzen du Txillardegik, baita hil ondoren ere.


Joxan Artze, the innovative Basque poet, has died

Artze was an important figure in the renaissance of Basque culture from the 1960's onwards, along with other members of the avant-garde Ez Dok Amairu movement, set up in the last years of the Spanish dictatorship. Born at Usurbil, Gipuzkoa, in 1939, he died at home on the 12th of January after an illness.


2018-01-15 | Maddi Alvarez
Azkenean, lortu dugu, aita!

Azkenean, 6 urteren buruan bada ere, Donostian zuk egindako lan mardularen nolabaiteko aitortza herritarra da Antiguako Gaskuña Plazan Mikel Herrerok eginiko oroimen horma irudi ederra. Gorka Erastorbe kazetariak esan duen moduan, “ofiziala da iristen ez den aitortza”.


2018-01-14 | Itxaro Borda
Furakanetan kulunka

Alberto Santanak Euskal Telebistan eskaintzen duen Baskoniako historia bat sail ederrean, duela gutxi, erakutsi zigun euskaldunok ez ginela jatorriz oso itsaso zaleak. Arbasoek ikasi behar izan zuketen olatuen eta galernen artean irauten. XV. gizalditik hona, Islandiarako baleazaleek, mutilik ttipienek, hiru kapitain neska-bahitzaileek eta Ternuako bakailao arrantzaleek aberastu zuten gure kantutegia.


Joxan Artze hil da, euskal poesiaren berritzaile eta Ez Dok Amairuko kidea

1960ko hamarkadatik aurrera euskal kulturak izan zuen berpizkundean figura garrantzitsua izan zen Artze, Ez Dok Amairuko kideekin batera. Usurbilen jaioa 1939an, ostiral honetan hil da etxean, gaixo egon ondoren.


2018-01-12 | Axier Lopez
Txillardegiren omenezko horma-irudia egin dute bere sorlekuan

Urtarrilaren 14an Jose Luis Alvarez Enparanza "Txillardegi" hil zeneko 6. urtemuga izango da, eta urtero bezala, Txillardegi Udal Liburutegia herri-ekimenak hainbat ekitaldi antolatu du. Udal Liburutegiari "Txillardegi" izena jartzeko lanean ari dira hizkuntzalari, idazle eta ekintzaileari sorterrian aitorpena egiteko. Momentuz ez dute lortu, baina aurrerantzean Antiguan Txillardegiren figura presente izango da Gaskuina Plazan margotu duten muralaren bitartez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude