Eta Brexit ahaztuta azkenik Britainia Handia Europan geratzen bada?

  • Dibortzio errazik ez da, gutxiago herrialdeen artean. Europar Batasun osoak ekin dio trantsizio nahasi bati Britainia Handiko erreferendumaren ostean. Liderrik boteretsuenek ere aitortu dute hipotesi honetarako prestatu gabe zeudela, hain zeuden seguru emaitzaz. Bereizketa ondorenerako harreman koadro berria antolatu behar dute Britainia Handiarekiko. Edo harremanak birformulatu... erreferenduma ahaztuta.

‘Biz Radar‘ hedabidearen argazkian, UKIPeko jendeak Europar Batasunetik ateratzearen aldeko kanpainan Londresko parlamentuaren aurrean: “Itzul iezaguzue gure herrialdea berriro“ diote afixetan. Yanis Varoufakisek idatzi du: “Leavek irabazi zuen, hautesle
‘Biz Radar‘ hedabidearen argazkian, UKIPeko jendeak Europar Batasunetik ateratzearen aldeko kanpainan Londresko parlamentuaren aurrean: “Itzul iezaguzue gure herrialdea berriro“ diote afixetan. Yanis Varoufakisek idatzi du: “Leavek irabazi zuen, hautesle britainiar gehiegik identifikatu zuelako EB autoritarismoa, irrazionaltasuna eta demokrazia parlamentarioarekiko mespretxuarekin. Eta herritar gutxiegik sinetsi zigutela guri, bestelako EB bat posible dela”. Ordainetan, dio Varoufakisek, geratzen diren herrialdeetako jendeak EBk austeritate eta burdinazko kaiolan itxiko ditu.

Richard Branson txit aberats eta oso famatuaren hitzetatik jakin zuten askok bazegoela beste aukera bat: “Hondamendira goaz eta bigarren erreferenduma behar genuke. Brexitaren aldeko datuak oker zeuden”. Ekainaren 28an, asteartea, esan zuen.

Aurretik, 23an britainiarrek erreferendumean erabakirik Europar Batasunetik irtetea, ostiralean eta astelehenean mundu osoko burtsek hiru bilioi –“b” hizkiz, bai– dolar galduak zituzten, Bransonen Virgin Bank diru-etxearen balioa ia %40 hondoratu…

Bigarren erreferendumaren ideia Lord Michael Haseltine Alderdi Kontserbadoreko hautetsi klasikoetako batek haizatu zuen: Parlamentuan oso garbia zela Europan jarraitzearen aldeko gehiengoa eta hortik abiatuta zerbait egin beharra zegoela.

Liberal Demokraten lider Tim Farron ados zegoen zerbait egin beharrarekin eta Alderdi Laboristatik David Lammyk bide bera iradoki zuen, aurreikusiz ekonomiaren hondamendia eta Eskoziak azkenean bere bideari ekitea. Zirrikitu legala ere aipatu zuen Lammyk: “Erreferendum hau kontsultazkoa zen, ez zen loteslea”.

Paristik Le Mondek jaso zuen posibilitatea: “Eta azkenean Brexitik gertatzen ez bada?”. Hipotesiak badituelako oinarriak. Hasteko, EB barrutik irtetea nahi duen estatuko lehen ministroak Lisboako itunaren 50. atala abiarazi behar du, egun horretan hasten delarik korritzen bi urteko negoziaketa epea.

Jeremy Corbyn lider laboristak kanpainan eskatua zuen emaitza irtetea baldin bazen Cameronek biharamunean bertan abiarazi behar zuela 50. atal hori. Aldiz, Cameronek dimititu egin du, ondorengo agintariari utziz botoia sakatzeko opari pozoitua. Lehen ministroa hautatzea dela, kargu hartzea, gobernua osatzea… lau hilabete geroago UKIPeko Nigel Farage ez den inor ausartuko da Brexit tekla sakatzera?

Eskoziak ere baldintzatuko du prozesua, eskoziarren gehiengoak Remain [geratu] bozkaturik. Nicola Sturgeonek fite egin ditu mugimenduak Bruselasen. Hori bezain garrantzitsua izan daiteke erreferendumaren beraren deslegitimazioa, alde guztietako funtzionario eta politikoek hasia: Leave [alde egin] botoaren aldekoek gezurrezko informazioa erabili zutela, erabakia Parlamentuari dagokiola eta ez jendeari…

Bestalde, erreferendumaren biharamunean bertan hasi zen interneten bigarren galdeketa baten aldeko sinadura bilketa, egun gutxitan lau milioi bildu zituena, berme oso gutxiko mekanismoa baina Brexitaren emaitza auzitan jartzeko giroan eragin duena. Erreferenduma balio gabetzeko horiek eta arrazoi gehiago aipatu dituzte emaitzak ezagutu ostean Europar Batasunean jarraitzearen aldeko sutsuenek.

Azkenean joango da ala ez Britainia Handia Europar Batasunetik? Irtetea nagusiki populismo eskuindarretik bultzatu duen UKIPeko buru Faragek ez du zalantzarik: herritarren nahia konplituz britainiarrek agur esango diote Europar Batasunari... eta beren ondoren herrialde gehiagok, tartean Frantziak Marine Le Penen eskutik.

Botere errealek erabakia
Aldiz, erreferendumaren emaitza ez dela beteko dio Moon of Alabama, AEBetako blog ezkertiar ezagunak. Bozketaren bezperan idatzi zuen: “Brexit, ez da gertatuko. Ez dio axola zer bozkatuko duten britainiarrek, botere errealek [powers that are] ez diete Europatik irteten lagako”. Ekainaren 25ean titulatu du: “Brexitaren emaitza saihestera doaz: eskuin faxistarentzako oparia”.

Bertolt Brechten obra batetik izena hartu duen Moon of Alabamak prestigio handia dauka –zenbait sari ere eskuratuak ditu– nahiz eta publikoak ez jakin bere egileez ezer askorik, aparte bere sustatzaile nagusiak Bernhard izena duela.

Brexitik gertatuko ez dela argudiatzeko zerrendatu ditu Europak irentsitako beste erreferendumak, hauek azkenak: 2005ean Europako Konstituzioaren kontra bozkatu zuten Frantziak (%54,9) eta Holandak (%61,5) baina alferrik, eraginik ez baitzuten izan; 2008an Irlandak Lisboako itunaren kontra bozkatu zuen (%53,2), baina erreferenduma errepikatu zuten; eta 2015ean Grezian %61,3k bozkatu zuen erreskatearen aurka, alferrik orduan ere. Ez konplitze horrek ez badu istilu larririk ekarri herrialde horietan… zergatik ekarri behar du Erresuma Batuan?

Lisboako itunaren 50. artikuluari ez dio berehala heldu Cameronek, dio Moon of Alabamak, eta hori ezean dibortzioaren ordularia abiatzen ez denez, hasierako desafioen ostean Angela Merkelek garbi adierazi du ez dela presaka ibili beharrik eta Londresko agintariei denbora eman behar zaiela erabakitzeko nola jokatu aurrerantzean.

Britainiarrek aurkituko dute modua erreferendumean bozkatua errespetatu dadin? Ala Europar Batasuneko burokratek eta mundializazio neoliberalaren aldeko politikariek lortuko dute erreferenduma ahazturik geratzea?

Bigarren kasu honetan, dio Moon of Alabamak, Brexit kaotiko batek baino kalte larriagoak eragingo dituzte. EBk are legitimitate gehiago galduko du eta “sinesgarritasuna irabaziko dute sistema bortxaz besterik ezin dela aldatu uste dutenek”.

Eskuin gogorreko alderdiei arnasa emango die Europa osoan. Hauek entzulego zabala daukate politikoek bezala ekonomiak galtzaile utzi dituen jende xumeen artean, baina eskuindar populisten programa ekonomikoek desberdintasunak are gehiago handituko dizkiete: “Lehenik zukua ateratzen diete txiroei eta klase ertainei egiten zaizkien bidegabekeriei, gero aberatsen indarra are gehiago handitzeko”.

Moon of Alabamak uste du Europan falta direla ezkerreko alderdiak nazionalismoaren nostalgia erromantikoa seriotan hartu eta dena zanpatzen duen mundializazioari aurre eginez politika sozialista batekin lotuko dutenak.

Blair, Schroeder, Hollande eta beste sozial-demokratek nazionalismoa madarikatu eta mundializazio anti-nazionalista eta neoliberala goretsi dituzte. Noiz eta nazionalismoak popularitate berria irabazi duenean neoliberalismoak zanpatutako jende xumeen artean. “Eta horiek hutsik utzitako espazioa faxismoak beteko du”.

Moon of Alabamarentzako “botere errealak” dira globalizazioaren nagusiak, banka eta korporazio handiak eta OTAN. Bere hipotesietan ez da sartzen, nonbait, egoera berria Britainia Handiko laboristek kudeatzea Jeremy Corbyn bezalako lider batekin.

Ezkerreko nazionalismoak bultzatu ala, Yanis Varoufakisek eta beste askok proposatzen duten moduan, Europako aurrerazaleak estuago elkartu? Hautu konplikatua ezkerreko jendeentzako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brexit
2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


2020-12-24 | ARGIA
Brexit-ari buruz akordioa sinatu dute Erresuma Batuak eta Europar Batasunak

Negoziaketa prozesu luzearen ondotik, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak Brexit-aren gaineko akordioa lortu dute azken minutuan.


Brexita eta ardatz anglosaxoia

Europako Batasuna 1993an sortu zenetik kide berriak gehitu dira bata bestearen atzetik. Joan den ostiralera arte 28 estatuk osatu dute makro-egitura politiko eta ekonomiko hori. Izan ere, urtarrilaren 31 historiara pasako da, EBk izan duen lehen zatiketaren eguna izan delako... [+]


2020-02-04 | Euskal Irratiak
Brexita Ipar Irlandan

Otsailaren lehenean bereizi dira Erresuma Batua eta Europar Batasuna.


Erresuma Batuko hauteskundeak 2019
"Brexit" zaleak eta Eskoziako independentistak garaile Erresuma Batuko hauteskundeetan

Brexita gauzatzeko aukera eskura du Lehen Ministro eskuindar Boris Johnsonek, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua lortu ostean. Alderdi Laboristak 85 urtean izan duen emaitzarik eskasena eskuratu du. Eskoziako Alderdi Nazionala da hirugarren indarra Erresuma Batuko... [+]


Eguneraketa berriak daude