Idinthakaraiko andreak dira nuklearren aurkako aitzindariak Indian

  • Indiak 21 erreaktore nuklear dauzka dagoenekoz argindarra ekoizten zazpi zentraletan, sei gehiago ari da eraikitzen eta agintariek aipatzen dute 2032rako labe atomikoen ahalmena gaurkoena halako sei izatea, erregai gehiena atzerritik inportatu behar izan arren. Ofentsiba horren aurrean zenbait erakunde eta herrik diraute borrokan, tartean Kurdankulam zentralaren ondoan bizi direnek, emakumeak gidari.

Amirtharaj Stephenen argazkiak Kurdankulamgo zentralaren kontrako protestaren irudi bat bildu du. Argazkilariak berak dio oinean: “Xavieramma, Idinthakaraiko herritarra, laguntza eske oihuka poliziek itsasoraino bultzaka eraman ostean. Ondoren poliziek at
Amirtharaj Stephenen argazkiak Kurdankulamgo zentralaren kontrako protestaren irudi bat bildu du. Argazkilariak berak dio oinean: “Xavieramma, Idinthakaraiko herritarra, laguntza eske oihuka poliziek itsasoraino bultzaka eraman ostean. Ondoren poliziek atxilotu egin zuten eta 16 delitu gaineratu, tartean batzuk larriak: sedizioa eta nazioaren kontrako konspirazioa”. 2011tik txandakatzen dira Idinthakaraiko emakumeak eten gabeko gose greban.

Arrantzarako egurrezko ontzi txikiak lehorreratuta dauden hondartzan, milaka jende ur bazterrean protestan, urrutian zentral nuklearra ageri da, jendeen buru gainetik poliziaren hegazkin bat manifestazioa sakabanatu nahian… Neska polit ilehoriak eta furgonetan etorritako mutiko bizardun sendak ez, baina larruazal beltzaraneko herritar txiroak nuklearraren aurka garrasika, ez da “Atomkraft? Nein danke!” dion eguzki irribarretsuaren gerizpean espero zenezakeen matxinada. Indian zaude, eta hemen “Nuklearrik ez, eskerrik asko” oihukatzen dute arrantzale gizonezkoek eta eliza katolikoan babestu diren emakumeek.

Jendeen haserrea eta agintarien erantzun bortitza Amirtharaj Stephenek argazkitan bildu ditu bere blogean: “Koodankulam: A Nuclear Plant In My Backyard”.  Argazkilariak aitortzen duenez, gaztetan bera ere ez zen askorik kezkatu atomoaren arriskuez: aitak lan egiten zuenez nuklearrentzako ur astuna –deuterio oxigenoa ere deitua– ekoizten zuen lantoki moderno batean, inolako lanjerrik ez zela irakatsi zioten umetatik.

Amirtharaj Stephen bezala, Kudankulam eskualdeko jendeak ere ez ziren gehiegi larritu ondoan eraikitzen ari zitzaizkien zentral nuklearraz 2011n Japoniako Fukushiman hondamendia gertatu zen arte, lurrikararen eta batik bat ondorengo tsunamiaren indarrez. Kudankulam Indiako beheko muturrean dago, Tamil Nadu estatuan, eta berehala oroitu ziren 2004an itsas bazter hau suntsitu zuen beste tsunami handiaz: zer gertatuko zen uranioz kargatuta aurkitu balu 2011n abian jartzeko atarian zegoen lapiko erradioaktiboa?

Stephenen argazki batean ageri dira milak herritar eliza katolikoaren atarian babestuta agintariek ezarritako setio garaian, bestean gauez kanpaturik –Gipuzkoa Zutikekoek ez dute deus asmatu– hondartzan zentral inguruan, poliziak makilaz sakabanatzen jendeak, emakumea ur bazterrean jaiki ezinik polizien artean, emakume gehiago eliza barruan gose greban…

Protestarik handienak Idinthakarai arrantzale herrian burutu direnez, bertatik kronika bidalia du The Guardian egunkarira Vidhi Doshi kazetariak: “The lonely struggle of India’s anti-nuclear protesters” (Indiako protestalari anti-nuklearren borroka bakartia), honela hasten dena: “Emakumeak dira buruzagiak Tamil Nadu estatuan zentral nuklearraren kontrako protestan; baina Indian jende gutxik daki zein herritakoak diren eta bakarrik utzi dituzte beren borrokan”.

Ekainaren 6ko kronikan Vidhi Doshik kontatu du nola bost emakumek egun horretan ekin dioten gose grebari eguneroko lanak utzirik. 2011n hasitako txandakako gose grebaren 1.754. eguna zen, Lourdes Matha eliza katolikoan. 73 urteko Celinek esan dio: “Ez dago gobernu bakar bat, ez alderdi politiko alerik ere, gure alde azaldu denik. Andra Marik ez beste inork ez digu laguntzen”.

Idinthakarai herrian, Indiako hego muturreko Tamil Nadu estatuan, 1980an hasi ziren zentral nuklearraren kontrako lehen protestak. 1988an Rajiv Ghandi eta Mihail Gorbatxev presidenteek sinatu zuten Sobiet Batasunaren laguntzarekin bi erreaktore eraikitzeko ituna. Sistema sobietarra hondoratzean proiektua linboan galduta geratu zela zirudien arren, berpiztu eta obrak hasi ziren 2002an.

Atomoa arrantzale txiroen hondartzan

Kudankulamen ur astuna eta bestelako gaiak lehorreratzeko kai berria eraiki ostean, agintariek 2008an iragarri zuten beste lau erreaktore gehiago eraiki behar zituztela. 2013an jarri zuten abian lehenbiziko erreaktorea eta 3 eta 4.aren eraikuntza lanak 2016 otsailean hasi. Denetara konplexuan 6,8 GWeko potentzia ekoiztekotan dira. Celinek esan duenez, “nola onartu dezakegu bigarrena abian jartzea lehenbizikoak hainbeste arazo tekniko eman dituenean?”.

Narendra Modiren gobernuak agindu du argindarra eramango duela oraindik ez daukaten 300 milioi indiarren etxeetara. Indiak, esku lan merkeari esker ekonomia globalizatuan azpi kontraten artean leku bat lortu duelarik, elektrizitate eske handia dauka. Txina eta AEBez beste inork ez du Indiak adina energia kontsumitzen. 120.000 milioi dolar gastatu du iaz energiazko inportazioetan.

Gobernuak nuklearra aurkezten du energia gosea asetzeko soluziotzat, horretarako antolatu zuen Nuclear Power Corporation of India. Baina inbertsio itzelezko horiek arren, atomoak ez du asetzen indiarren beharren %2 baino.
SP Udayakkumar ekintzaile antinuklearrak dio: “Indiak nuklearretatik lortuko balu behar duen energiaren erdia edo herena, orduan arrazoi bat edukiko zuten aldekoek. Baina hainbeste urtean Idinthakaraikoak bezalako jendeak jipoitu eta zanpatzen aritu ostean, galdetu behar da ea ezertarako balio izan duen”.

Atomoaren aldeko temaren sustraietako bat Udayakkumarrek dakusa prestigio nahi batean: “Nori egiten diote mesede zentral nuklear horiek ez bada horiek Indian eraikitzen dituzten atzerriko konpainiei?”. Prestigio bila agintariak, energia zentraletik urruneko industriari saldu eta inguruko herritarrak oraindik argindarrik gabe.

1989an Sobiet Batasuna hondoratuta eta 1991n Rajiv Ghandi erahila, 1997an Deve Gowda eta Boris Yeltsinek sinatu zuten proiektu nuklearren jarraipena. Geroztik, Kanada, AEB, Australia eta Japoniak ere hartu dituzte agenda nuklear indiarraren zatiak.

Zalantzarik gera ez dadin, Barack Obamak Indiarako azken bisitan sinatu du itun bat, zeinaren bidez edozein istripuren aurrean konpainia amerikarren erantzukizunak mugatzen diren.

Bitartean, Idinthakarain segitzen dute Kudankulam zentralaren kontrako protestek. Batzuk nazkatu edo nekatu dira, aktibistek herrira arazoak ekarri dituztelakoan, edo etsai indartsuegiri aurre egitea alferrik delako: “Munduko estatu handiak sartuta daude honetan, guk nola geldiaraziko ditugu?”.

Beste askok protestak indartu dituzte Fukushimako hondamendiaren ostean. Ordainetan, poliziak gero eta bortitzago jipoitzen ditu. Agindu zituzten garapen proiektuak deusetan geratu zaizkie agintariei, inork ez du inoiz ikusi larrialdiko plan bakar bat.

2011ko irailaren 11n gose greba masiboari ekin zioten Idinthakarai eta Kudankulam herrietan, agintarien bortizkeriari Ghandiren metodoekin erantzuteko. Urteotan poliziek bost herritar hil eta sail handi bat zauritu dute, bestelako zigor administratiboez gain. Vidhi Doshik informatu duenez, ia bost urteren buruan emakumeak txandakatzen dira baraualdian Lourdes Matha eliza katolikoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude