Kirolak gizartean duen pisuaren isla, zinemaren baitan ia genero bihurtzeraino ugaritu dira ariketa fisikoa oinarri duten filmak. Norbere burua gainditzeko ahaleginez edo talde-epikaz betetako istorioak dira, baina… nortzuk dira protagonistak? Non daude emakumeak?
Emakumearen irudia eta presentzia zinemarekin lotzen ditugun bakoitzean, lotsarazteko moduko datuak aurkitzen ditugu. Emakumeak telesail nordikoetan artikuluan (ARGIAren 2.480 zenbakia) aipatu bezala, orain hilabete batzuk New Yorkeko Film Akademiak publikatutako Genero berdintasunik eza zineman izenburuko txostenean emakumezko rolak aztertu zituen zinemaren barruan, 2007tik 2012ra bitartean diru gehien bildu duten Hollywoodeko 500 filmetan oinarrituta. Txostenean irakur daiteke testua duten rol guztien %30,8 besterik ez direla emakumeentzat eta horien artean %15 baino ez direla protagonistak. Datu horiek larriak eta lotsagarriak direla pentsatzen baduzue, atzekoz aurrera eroriko zarete, emakumeek egindako kirola zineman nola tratatu duten ikusten duzuenean. Tira, tratatu, tratatu… gehiegi esatea litzateke, zazpigarren artearen ustez, existitu ere ez delako egiten.
“Baina arazo berbera komunikabideetan ere ageri da”, pentsatuko duzue. Jakina, 2013-2014 Emakumezkoen kirolaren presentzia eta tratamendua Euskal Herriko prentsa orokorrean eta kirol arloko egunkarietan txosteneko datuei erreparatuz adibidez, kontuan hartu diren 15.316 berrietatik 14.006, %91,4, gizonezkoen kirolari buruzkoak dira; emakumezkoen kirolari buruzkoak aldiz, 760 bakarrik (%4,96). Emakumezkoen kirolari buruzko hiru berritatik batek bakarrik eskaintzen du mintzagai duten emakumezko kirolariaren irudia. Aztertutako aldian, egunkarien azalean agertutako 632 berrietatik 26 izan dira emakumeei buruzkoak, %4,11 alegia. Baina horrek ez luke zertan filmen sormen prozesuan eragin behar. Independenteki funtzionatu beharko luke eta mahai gainean kolpe bat emanez emakumeen presentzia kirolean goraipatu, komunikabideetan gertatzen denetik aldenduz. Imajinatuko duzuen bezala, errealitatea, tamalez, oso bestelakoa da. Gaur egun ere matxista izaten jarraitzen duen zazpigarren arteak nola erretratatu duen hau guztia? Oso modu petralean.
Belaunaldi edo garai kontuak diren ala ez jakiteko, 75 urteko diferentzia duten bi adibide aztertzen saiatu naiz, ondoren tarteko guztia ulertzen saiatzeko. Alde batetik, 1998-2002 urteen artean Ingalaterran emititu zuten Playing the Field telesaila: emakumeen futbol talde baten egunerokoa kontatzen duen istorio honek hainbat izendapen jaso zituen BAFTA sarietan, telesail dramatiko onenaren arloan; ikusle eta kritikaren txaloak lortzeaz gain, “hesi ikusezina” haustea lortu zuen.
Bestetik, zinema klasikoak beste ikuspegi bat eskaintzen ote duen jakiteko, 1927 urteko The Fair Co-Ed hartuko dugu: sinopsiak dio “oso neska ausarta denez, Marion Bright (Marion Davies), edozer egiteko prest dago bere helburua lortzeko. Bob da helburu horren izena. Hura konkistatzeko, unibertsitate berdinera joan eta bera entrenatzaile den saskibaloi taldeko onena izaten saiatuko da”. Lotsagarria, ezta? Istorio hori emakume kirolari bat protagonista duen lehen filma dela esan daiteke. Bi adibide hauen artean dagoen guztia aldiz, espero bezala, negargarria. Zinema klasikoak emakumeen irudia modu lotsagarrian islatu baitu gehienetan.
Baina kirola-zinema-emakumea uztartzen dituen datu edo estatistika zehatzik existitzen ez denez, eta itsu-itsuan ez ibiltzearren, proba txiki bat egin dugu. Sar zaitezte www.filmaffinity.com webgunera –IMDB-rekin batera interneten dagoen filmei buruzko datu-baserik handienetakoa– eta saiatu kirola gai nagusi duten filmen zerrenda bilatzen. 1.636 izenburu ageri dira. Bigarren postuan Clint Eastwooden Million dollar baby. Hillary Swank protagonista duela, emakume boxeolari bati buruzko film zoragarria. Hortik aurrera, kilker soinuak. Animatzaile eta nerabeentzat zuzenduriko institutuko film kaxkarrak alde batera utzita, %10ean bakarrik ageri dira emakume kirolariak. Baldintza hau betetzen duten film eskas horietako emakumeak, gainera, gizonezko bat lagun dutela agertzen dira ia beti. Eta fintasuna eta tuntuna bezalako ezaugarriak itsatsita dituztela. Bechdel test ezagunean –filmetan, komikietan, antzezlanetan eta beste kultura-produktuetan genero-desparekotasuna neurtzeko sistema da– laugarren puntu bat gehituko nuke: emakumea azaltzeaz gain, errealitatearekin kontaktuan dauden benetako ezaugarriak ere erakustea. Azken urteetako salbuespen nabarmenenak izan litezke Like Beckham, A League of their own, Soul surfer, Whip It, aipaturiko Million dollar baby edota, xakea kirol bezala hartuz gero, aurten estreinatuko den Queen of Katwe –Mira Nair zuzendariaren azken filma, Phiona Mutesiren bizitzan oinarritua–.
Egia da, Hollywood klasikoarekin alderatuz irudia garatzen joan egin dela, baina funtsean, joera penagarri hau ez da batere aldatu. Zinemaren eragina oso handia da gaur egungo gizartean eta kirol femeninoari istorio gehiago eskainiko balitzaizkio, gizartearen pentsaera aldatzen joango litzateke. Eta batez ere, emakumearen benetako irudia islatuz eta kontzepzio ez sexista zabalduz, baliteke komunikabideetan ere presentzia handitzea. Edo komunikabideek eman beharko lukete lehen urratsa, ondoren zinemak istorio horiek jorratzeko? Bata ala bestea izan, mentalitate aldaketa behar dugu gizarteko arlo guztietan. Mikel Garciak bere blogeko Telesailetan gizona ere biluztu dadila eta orgasmo unean enfoka dezatela artikuluan idatzi zuen bezala: “Tabuak, moralkeria, faktore komertzialak eta matxismoa, gaur egun oraindik nagusi den koktel arriskutsua, inondik inora”.
2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]
Madrilen arkitektoentzako kongresu bat burutu berri da, arkitekto profesioaren krisiaz eztabaidatzeko. Arkitekto izateko modu tradizionala eta gaur egungoa desberdindu dute. Zertan den tradiziozkoa? Oscar bidean den The Brutalist filmean ageri den arkitekto epikoarena. Nor bere... [+]
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]