Belaunaldi espontaneoak harresia ezagutzen du, ez Jassir Arafat

  • Inork uste ote zuen Jerusalemen eta Zisjordanian txiki-txikitatik zanpaketa eta bazterketa baizik jasaten ez duten gazte palestinarrek isilik segitu behar zutela eternitatez? 2015eko udazkenean belaunaldi berri bat matxinatu da okupazioaren kontra eta ustez Palestinakoa ondo ezagutzen duten aditu asko harrituta daude.

Reuters agentziaren bidez Mussa Issa Qawasma argazkilariak zabaldutako irudia urriaren 13an hartuta dago Zisjordaniako Beit El kolonia juduaren inguruetan: Israelgo soldaduei jaurtitzen ari zela eskuetan molotov koktela lehertu zaion gazteari lagunek itza
Reuters agentziaren bidez Mussa Issa Qawasma argazkilariak zabaldutako irudia urriaren 13an hartuta dago Zisjordaniako Beit El kolonia juduaren inguruetan: Israelgo soldaduei jaurtitzen ari zela eskuetan molotov koktela lehertu zaion gazteari lagunek itzali nahi dizkiote burura zabaldutako garrak.

Labanen Intifada, otso bakarti palestinarren erasoak... horrelako titulu deigarriz bataiatu da 2015eko udazkenean Israel-Palestinan sututako gudaldi berria.

Urriaren 1ean Henkin senar-emazte kolono juduak hil zituzten tiroz Beit Furik herri inguruan eta hilaren bukaerarako armada israeldarrak 68 palestinar garbituak zituen. Irailaren 13tik abenduaren erdia bitarteko kontabilitatean, israeldarrak dira 21 hildako eta 252 zauritu, palestinarrak 122 hil, 3.000 zauritu eta 2.400 atxilotu.

Palestinar gazteek eragin duten sute berriak harritu ditu ustez hangoa ondo ezagutzen duten  asko. Ezin da laburbildu hirugarren Intifada bat dela esate hutsez, gertakizun isolatuen multzo bat baino askoz gehiago dirudi, gazteen matxinada baten itxura dauka...

Fenomenoa Julien Salingue irakasle frantsesak aztertu du “Génération spontanée en Palestine” artikuluan. Aurten bertan La Palestine des ONG eta iaz La Palestine d’Oslo plazaratua da Salingue,  Paris 8 unibertsitatean zientzia politikoak irakasten dituena.

“Inork uste ote zuen –galdetuz hasi da Salingue The Conversationen argitaratu artikulua– Jerusalemen eta Zisjordanian txiki-txikitatik zanpaketa eta bazterketa baizik jasaten ez duten gazte palestinarrek isilik segitu behar zutela eternitatez?”. Jassir Arafat hil eta 11 urtera, belaunaldi berri bat matxinatu da okupazioaren kontra, liderrik ezagutzen ez duten eta ezein alderditakoak sentitzen ez diren gaztena.

Espultsioaren belaunaldiak, 1948 inguruan sortuak, 1960ko hamarkadan Al Fatah mugimendua sortu eta borroka armatuari ekin zion. 1967ko okupazioaren belaunaldia izan zen 1987ko Intifadaren protagonista. Orain kaleetara berriro borroka eraman duena harresiaren belaunaldia da, Salinguerentzako.

Israel 2000. urtean hasi zen juduen agindupeko lurrak palestinarretatik bereizten dituen harresi handia eraikitzen eta 2012rako aurreikusitako lerroaren %62 osatuta zeukan, 440 kilometro. Ezagutza daukatenetik bizimodu osoa murru horrek baldintzaturik ezagutu duten gazteen belaunaldi berriak orain adierazten ditu bere haserre eta ezinegona.

Baina, hau ere berria da, kolono juduei labankadaz edo kotxez erasotzen dieten eta Israelgo armadaren aurrean manifestatzen diren gazteek ez diote inongo liderri obeditzen: “Oraindik ez ditugu ezagutzen matxino gazteon liderrak: karriketan ari dira edo preso daude. Gazteok ez dituzte ezagutu OLP eta Arafat, eta haietako askok ez dakite nor den Marwan Barghouthi, ez bada preso palestinar bat gainerako 6.000ak baino zertxobait famatuagoa”.

Ez espero, beraz, horiek kasu handirik egitea lasaitzeko eskariei. Hamasek berak ere ez ditu kontrolatzen, Salingueren ustean. Mugimendu palestinarrak, nahiz bestelako itxurak egin, gehiago dabiltza gazteon ekintzei egokitu nahian horien atzetik hariak mugitzen baino.

Matxino gazteon espontaneotasuna bera da Palestinako mugimendu nazionalak 2000. urtetik daukan lidergo krisiaren adierazgarri.

Zer galdurik ez, ezeren beldur ez

Kontua da Palestinaren nazio nortasuna defenditzen duten indar nagusiek, izan ezkerra, Hamas, Jihad Islamikoa edo Fatah, ezin dietela itxaropenik piztu gazteoi: “Osloko softwarearen gatibu –dio Salinguek– eta koadro zaharkituek kontrolatuta, mugimenduok aldenduta daude gazteongandik, eta hauek beren ustezko liderren alderantziz ez daukate zer galdurik”.

Osloko bake ituna lehendik aztertua du Salinguek. Harentzako 1993ko irailean izen horrekin Jassir Arafat eta Isaak Rabinek Washingtonen sinatutako bideak porrot egin izana ez da istripu kontua izan, Osloko itunaren letran bezala ariman ere itsatsita zegoen. Itunak ez zituen eten aurreko hamarkadetan palestinarren lurraldeetan ezarritako dinamikak, alderantziz, Israelen okupazio planei berregokitzeko aukera eman zien.

Horregatik, Osloren aurretik eta ondoren hamarkada luzeotako okupazioak agintari eta mugimendu palestinarren artean ere egokitze logikak indartu ditu, autonomia mugatuzko erakundeekin eskuratutako baliabideak helburu bihurtuz, Israeldarren indarrari aurre egiteko tresna izateko ordez: “Luzaz ‘okupazioa arren’ jardutearen poderioz, ‘okupazioarekin batera’ egiten bukatzen da, nahiz eta gero karrikara begira aldarrikapenez betetako hizkera erakutsi”.

Palestinarren artean, ondorioz, askok sentitzen dute ez zaiela komeni tentsioa berriro handitzea, baldin eta ez bada kontrolatzeko modukoa eta okupatzailearekin zerbaiten truke negoziatzekoa.     Okupazioaren luzatzeak eta gatazkaren konponketarako itxaropen oro desagertu izanak instituzio palestinarretan dinamika kontserbadoreak sorrarazi ditu, baita askapen mugimenduetan ere. 

Palestinako mugimendu eta buruzagi nagusiak defentsiban ikusten ditu Salinguek. Osloko itunean palestinarrek kudeatu behar dituztela aurreikusitako gune autonomoen kontrola bera bihurtu da helburu, nahiz eta bere garaian uste zen Palestina Estatu bihurtzeko etapa izan behar zutela. Aldiz, kontrol horrek irrika handiak sortzen ditu gaur, herritarren artean oinarria zabaltzea baimentzen duelako, administrazioaren inguruan sortzen diren lanpostuekin.

Osloko prozesua hilda dagoen arren, hartatik sortutako egiturek abantailak eskaintzen dizkiete Palestinako elite politiko eta burokratikoei, bai materialak (nazioarteko laguntzak, soldatak...) eta bai sinbolikoak (nazioarteko harremanak). Horregatik dira eliteok hain uzkur maila handiko gatazken aurrean.

“Matxinatzen ari diren gazte palestinarrok ez dute deus galtzekorik, ez badira beren kateak”, dio Julien Salinguek. Gehienek ez dute lanbiderik, elikatu beharreko familiarik edo inolako karrerarik egiteko itxaropenik. Palestinatik udazken honetan kronikak igorri dituzten kazetari askok nabarmendu dute gauza bera liskarretan dabiltzan gazteei dagokienez:  zer galdurik ez dute, ezeren itxaropenik ere ez.

Horregatik uste du Salinguek harresiaren belaunaldiak ez diela kasurik egingo berak “bake prozesuaren industria” deitzen duen jardueratik bizi diren liderrei, azken urteotako porrotetatik irakaspenak atera eta belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko gaitasunik erakutsi ez dutenei. Palestinarren arteko krisi sakona bideratzen hasteko lehenbizi bake prozesuaren heriotza zertifikatu beharko dela, Estatu batera negoziaketa bidez iristeko oinarri materialak aspaldi desagertu zirela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
Egiptok eta Libiak bat egin dute Hegoafrikaren genozidio salaketarekin

Egiptok Camp David-eko akordioa haustearekin mehatxatu du Israel, Rafah-ko operazioarekin aurrera egiten badu. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu dio agindu dezala Israel Rafah-tik ateratzeko.


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude