Zer gerta ere

Trantsizio faltsuaren ur uherrak goia jo du. Gero eta nabarmenago ageri da Espainiako Estatuaren bilbadura dekadente eta narriatua. Zimendupean ustelkeria, injustizia, pertsona eta herrien eskubideen ukapena daude. Areago, gehiengo absolutuaren mailukadaz eta krisi ekonomikoaren itzaletan, duela berrogei urte egiteke geratu zitzaizkion zenbait erreforma ilun abian jarri ditu Alderdi Popularrak (PP) .

Une batez bazirudien –inguruotan ilusio ñimiño baten printza pizteraino– egitura herdoildu hori goitik behera jaustear zegoela; trantsizio-epea etor zitekeela. Baina ilusio hitzak ez ditu alferrik bi adiera, eta, tamalez, Espainiatik datozen albiste politikoetan beti gailentzen da bigarrena: sentimenez hautematen denaren interpretazio okerra.

Birrintzear egotetik galbanizaziorako bidea topatu du statu quoak. Gainbeheraren gidari eta ikur nagusi den alderdi-bitasunak neurri-neurriko makuluak topatu ditu ezkerretik eta eskumatik (zentroa katamalo hartuta). Alderdi berriak, aurpegi berriak, baina, finean, 78ko izpirituaren jarraipena. Hauteskunde orokorrak hurreratu ahala, gero eta garbiago dago ez dela aro konstituziogile zintzorik irekiko. Gehienera, pintura-eskualdi bat itxaron dezakegu, kirurgia estetikoko operazioaren antzeko zerbait. Litekeena da, ostera, emaitzek ufada zentralizatzaile ultrakontserbadore bati bide egitea.

Estatu higatu horretatik alde egiteko abiagunean daudenentzat hauteskunde ondorengo agertokia aldi berean izan daiteke arrisku eta abagune. Batetik, aldaketa-gosez eta gobernu zentral berriak dezepzionatuta, independentzian har dezakete aterpe orain arte aukera hori garbi ikusten ez zuten zenbait katalanek. Horretarako parada eskainiko luke prozesu konstituziogile bereizia garatzen hasteak, betiere Kataluniako estatu-proiektua haustura demokratikoarekin behar bezala uztartzen jarraituz gero. Bestetik, ordea, argi dago Moncloako gobernu berriaren helburu behinena Kataluniako sua itzaltzea izango dela. Saiakera neutralizatzailea askotarikoa izan liteke: ukazio eta errepresiotik elkarrizketa irekitzeraino. Lehenengoa, ukazioaren jarrera, sua haize bidez amatatzen jarraitzea litzateke. Bigarrena, berriz, eraginkorragoa izan daiteke itzaltze lanetan, eskaintza erakargarri bidez, deskonexio-adierazpena sinatu duten eragileen artean kontraesanak sortzen ahaleginduko baitira.

Une horretarako gertu –alegia, hurbil eta prest– egon beharko dute alderdi independentistek. Zoritxarrez, prozesua enegarren korapiloan dago. Hariak askatu bitarteko egoera da, hain zuzen ere, Espainiatik etorriko diren oldarraldiei aurre egiteko posiziorik ahulena. Inork ez zuen esan erraza izango zenik tartean dauden bi mutur antagonikoek, ezker antikapitalistak eta eskumako neoliberalek, batera zerbait eraikitzea. Bada, aurrera egiteko, herria egitea eta estatua eraikitzea izan beharko da lehentasuna. Biek ala biek asmatu beharko dute nola uztartu prozesuaren hobe beharrez zenbait kontutan malgutasunez jokatzea eta norbere ideienganako gutxieneko koherentzia mantentzea. Soka alde batera gehiegi tenkatuz gero, atzerabueltarik ez duen apurketa gerta liteke. Ez da horretarako garaia.

Zurrunbilo mediatikoak beste tokietara begira mantentzen gaituen arren, fokutik kanpo dagoen Euskal Herrian ere aukera berriak zabaldu daitezke. Erabakitzeko eskubidearen lurra ereinda mantendu beharko da, zer gerta ere.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


2024-05-05 | Diana Franco
Teknologia
Nora begiratu?

Incel, cyberbullying, sexting, catfishing, ciberbating, doxxing, gaslighting, grooming, sextorisioa… Azkenaldian, gizakion jokabide ezkor guztiak eremu digitalean “tag-eatuak” izaten ari dira, badirudi eremu fisikoan genituen adierazpenek ez dutela balio... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude