Sekretua begi-bistan

  • Burua eta gorputza, biak osasuntsu izatea gero eta zailagoa zaigula bistakoa da. Bizitza sedentarioa eta estresagarria bateratzen dituen egunerokotasunaren ajeei buelta ematea ez da erraza, eta formula magikorik zein errezeta mirakulutsurik ere ez omen dago. Araban dagoen Zuiako Kuadrilla-Gorbeia, baina, errealitate neketsu horri ihes egiteko salbuespena dugu. Pila oro kargatzeko bateria ekologikoa. Eta ez du sekreturik: bera da sekretua.


2015eko ekainaren 07an

Industrigune nagusietatik aparte, baina Bilbo zein Gasteiztik ordu erdira, neke oro grina bihurtzeko gaitasuna duen gotorlekua dugu, tente-tente. Gorbeia mendiaren bi isurialdeak, kondaira, tradizio eta istorio zaharren iturri izateaz gain, aztikeriarik gabe sorgintzen duten txoko liluragarri andanaren habia ere badira.

Funtsean, edonor txundituko lukeen ingurune geografiko eta biologikoa da ingurumari horien erakargarri nagusia. Finean, baina, bertan belaunaldiz belaunaldi eta mendez mende sortzen joan den basogintzari, abelazkuntzari eta nekazaritzari lotutako biziak jarri dio berezko xarmari txapela, eta erakarpen handiko eskaintza turistikoa erdietsi du eskualdeak.

Araba eta Bizkaiaren arteko mugan harro altxatzen den tontor lerroaren isurialde batean, hegoaldera begira, Zuiako Kuadrilla-Gorbeia dugu –Araban eskualdeei ‘kuadrillak’ esaten zaie–. Bestean, kostaldeari begira, Arratia-Nerbioi. Zein baino zein ederrago, lehiarik gabeko deman bizi dira elkarren ondoan.  

Eskaintza zabala

Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalak inguruotako berdegunerik ikusgarrienak direla kontuan hartuta, ulertzekoa da mendizaletasuna eta espeleologia izatea kirol eta aisialdiko jarduera nagusiak.

Gorbeiako mendigunea Euskal Autonomia Erkidegoko parke natural handiena da. Ehunka ornodun espeziek egin du habia bertan, eta garai bateko haritzen ordez, pagoa da egun basootan protagonista. Zuiako udalerrian dago parkearen Arabako isurialdeko informazio eta harrera zentroa. Muruan (Zigoitia) aldiz, Las Canteraseko aisialdi-gunea aurkituko dugu, Gorbeiaren gailurreranzko abiapuntu nagusienetako bat, beste ibilbide askoren artean.

Espeleologiari dagokionez, Mairuelegorretako (Zigoitia) leizeak ikusgarriak dira. Kobazuloko galerietako batzuk, 12.340 metro luzerarekin, Euskal Herriko sakonenetakoak dira. Goiuri-Ondonako ur-jauzia ere galdu ezinezko geltokia da. Urkabustaiz udalerrian dago eta 100 metrotik gorako ur-jauzi ederrak bertaratzen diren bisitariak txunditzen ditu.

Aisialdirako gune eta instalazio ugari dituzten Urrunagako (Legutio) edo Uribarri-Ganboako (Arratzua-Ubarrundia) urtegietan patxadaz goiza pasatu eta bazkaldu ostean, Murgiako Ezti Museoa bisitatzea plan bikaina da gose askorik jasan gabe Gorbeialdeko eztigileen jarduera ezagutu eta dastatzeko. Aldiz, ez da tokiko tradizioaren berri ematen duen museo bakarra. Ollerias auzoan (Elosu), izan ere, Euskal Eltzegintza Tradizionalaren Museoa baitago. XV. mendetik aurrera erabili diren herri zeramikako 380 pieza daude ikusgai bertan. Bisita gidatuak egin daitezke 1711n ireki zuten eta 1993an berreskuratu zuten Ortiz de Zarate familiaren eltzegintza tailerrean barrena.

Gorputzari atsedena edo astindua emateko, alta, badira bestelako planak ere. Gorbeia Central Park turismo ekimenak eskaintzen dituen esperientziak probatzea gomendio hobezina da.

Izarrei begira afaltzea, egun baterako artzaina izatea, txirrinduan ostera egin ostean hamaiketakoa hartzea, tokiko produktuak dastatzea, gauez animaliak ikustera ateratzea... egitasmo honek eskaintzen dituen planetako batzuk dira. Hontza Extrem Abentura Parkean ordea, ariketa da protagonista. Zuhaitzetako ibilbideez gain, arku-tiroa eta zuhaitzetako eskalada egin daitezke.

Aberastasun artistiko eta arkitektonikoa

Arkitekturaz ere gozatu daiteke inguruotan. Murgiatik hiruzpalau kilometrora Oroko Santutegia dago. XI. mende bukaera eta XII. mende hasierara arteko zurezko eliza erromanikotik deus geratzen ez den arren, egungo eraikinak XIV-XV. mende hasierako eraikina du oinarrian. Barruan, erretaula barrokoa –1691n erabaki zuten berau egitea–, Kristo Santu Gurutziltzatuaren kapera (1771) eta San Antonio Paduakoaren omenezko kapera (1638) aski ikusgarriak dira.

Legutio eta Aramaio ere hirigune historikoak dira eta eraikin esanguratsu andana dituzte ikusgai. Horiek ezagutzeko modurik onena, Oroko Santutegiarekin eta Gorbeiako beste leku askorekin gertatzen den modura, bisita gidatuak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Araba
“Gustatuko litzaidake pentsatzea bidea urratu dudala atzetik datozenentzat”

BAMBIk (Amurrio, 1999) diru bilketa abiatu du, bere trantsizio prozesuaren barruan, aurpegia feminizatzeko asmoz. Trans kolektiboaren egoeraren eta bere ibilbide artistikoaren inguruan mintzatu da.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


Araban EH Bildu garaile lehenbiziko aldiz

EH Bilduk bi legebiltzarkide irabazi ditu 2020ko hauteskundeekin alderatuta, eta beste horrenbeste galdu ditu EAJk. PSEk zituen laurak mantendu ditu eta PPk bat irabazi. Voxek eta Sumarrek bana lortu dituzte, eta Podemosek ez du ordezkaritzarik eskuratu.


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Eguneraketa berriak daude