Periferien periferietara iritsi da aldaketa


2015eko ekainaren 07an

Espainian izan diren udal eta autonomia erkidegoetako hauteskundeak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu mapa politikoan nazionalismo periferikoen “periferia” diren Balear Uharteetan, Nafarroan eta Valentzian. Hiru erkidego horietan eta Galizian, bertako alderdi abertzaleek ez dute gehiengorik osatzen eta normalean oposizioan daude, horrek beraien hizkuntza eta nortasunak garatzeko izaten duen oztopoarekin. Espainiar nazionalismoak ondo daki erkidego autonomo horiek direla nazionalismo periferikoen kontrako borrokan lehenengo lubakiak. Horregatik, espainiar nazionalistek aniztasun linguistikoaren eta identitarioaren aurkako borroka bortitza egiten dute.

Lau autonomia erkidego horietan, eskuin nazionalista espainolak erregimen itxiak eraiki ditu, bere politika baztertzaileak ustelkerian eta sare klientelistetan  oinarriturik. Baldintzotan kosta egiten da aldaketa politikoa lortzea eta lortu izan denean, 1991tik bi aldiz Balearretan eta behin Galizian, erregimena aldatu nahi zutenek ez dute asmatu bi legealdi jarraian egoten aldaketa kontsolidatzeko. Hiru faktorek esplikatzen dute atzerabuelta: kudeaketa alderdikoiak (alderdi bakoitza bere botere esparruaz arduratzen zen gobernuan integrazio eta proiektu komun falta nabarmen batekin); mobilizazioen gainbehera (ezinbestekoa erregimena sostengatu duten botere mediatiko, politiko eta ekonomikoei aurre egiteko: gobernuak bi aldetatik presioak baditu joko politikoan zentratu ohi da); eta erregimeneko blokea higatzeko estrategia falta.

Erregimen aldaketa gehienek, prozesua atzeraezina izan dadin, erregimeneko zenbait sektoreen parte-hartzearekin egiten dute aldaketa. Horregatik, Nafarroan gobernu berriak erregimenaren aldeko blokea higatu beharko du. Ez dago formula bakarra eta daudenen artean asmatzea ez da erraza. Aukera bat da koalizio ahalik eta zabalena osatzea: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Ezkerra. Sinesgarriagoa da ordea EH Bildu kanpoan gelditzea, udaletxe garrantzitsu gehienen gobernua kontrolatuz eta kanpotik babes kritikoa emanez. Horrela nafar gobernua zentratu egingo litzateke bi aldetako oposizio batekin: alde batean, eskuin nazionalista espainola (UPN eta PP) eta beste aldean, eskuinetik etorriko diren presio mediatiko eta politikoen aurrean orekatze lana egingo lukete EH Bilduk eta gizarte mugimenduek. Horrez gain, gobernu berriak hautesleriaren parte batean frustrazioa edota haserrea sortuko balitu, EH Bildu izan zitekeen erregimena aldatzearen aldekoen atsekabea bideratzeko hauteskunde tresna.

Hipotesiarekin jarraituz, PSN joko horretan parte hartzeko prest balego, “peaje” interesgarriak ezarri dakizkioke, adibidez Nafarroa osorako euskararen ofizialtasuna onartzea. Horrelako neurri bat ez da gauza bera Parlamentuko botoen %52arekin hartzea edo %66arekin. Atzerabuelta ezintasunerako oinarri sendo bat litzateke bi hereneko gehiengoa, bestela, oraingoan aldaketaren aldekoak 26 diren bezala, biharkoan 24 izan daitezke. Erregimen aldaketa sendotzeko komenigarria da lehenago edo beranduago bi diputatuen aldea handitzea.

Alta, badirudi PSNk ez duela nahi erregimen aldaketan parte hartu. Horrela bada, erregimena aldatzeko borondatea duten alderdien esku geratuko litzateke koalizioa osatzeko lana eta erregimenaren soziologia politikoa higatzeko lana; adibidez, integrazio maila handiko gobernu bat osatuz sentsibilitate politiko desberdinetako prestigiodun pertsona independente ugarirekin, ahal bada PSNtik gertu dagoen norbaitekin ere bai.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude