Diseinua, moda guztien gainetik

  • Timeless, Massimo Vignelli. Non: Okendo Kultur Etxea, Donostia. Noiz arte: apirilak 18. Sarrera: doan.

     

Nola diozu duela izena tipoak? “Vignelli”, erantzun du diseinu mundua pasioz bizi duen etxeko informazio iturriak. “Massimo Vignelli”, bi eseak eta bi eleak ondo ahoskatuta. Izen handia baita, baina, zer den gaiaz deus ez jakitea, ez nuen ezagutzen. Iaz faltatu zen mundutik Italian jaio –Eibarren Errepublika aldarrikatu zen urte berean– eta handik urte batzuetara New Yorkek ofizioaren gailurreraino eraman zuen diseinatzailea. Donostia Kulturak eta Husmee estudioak omendu dute Groseko Okendo Kultur Etxean, diziplinaren ezagutza handirik izan gabe ere gozatzeko eta pentsatzeko ematen duen erakusketarekin.

Haria Vignelliren jarraitzaileen lanek jartzen dute, mota guztietakoak, trebatzen ari direnen emaitzetatik –tartean Irungo Kunsthal diseinu eskolako ikasle baten afixa; erakusketan ez da egilearen izen-abizenik ageri, barka–, izen handiko diseinatzaileetaraino –Javier Mariscal, 1992ko Joko Olinpikoetako Cobi maskotaren autore intelektuala–. Haiek eramango zaituzte aretoan barrena, han eta hemen kokatutako zenbait material eta lekua bitan banatzen duen panel nagusiko aipuz lagundurik; gehiegikeriarik gabe, modu eraginkorrean prestatuta.

“Bere filosofia hori zen”, jarraitzen du informatzen familiak, “edozer egiten duzula ere, ulergarria izan dadila”. Eta iraunkorra. Ondo eraikitakoa. Semantika, sintaktika eta pragmatika. Asko ari gara ikasten kolpean, segi, segi: esplikatzen digu asko teorizatu zuela diseinuaren zereginaz; eta, inportanteagoa, ondo teorizatu zuela. The Vignelli Canon liburuxkan bilduta daude buru-ariketa horien emaitzetako batzuk –ingelesez dakitenentzat hemen irakurgai–.

Aurreiritzi batzuk gainetik kentzeko behintzat balio du hurbiltzeak. Sorkuntzaren esparru honek modarekin eta merkatuaren aldian aldiko kapritxoekin zerikusia duela uste baduzu, adi Vignelliren esaldi honi: “Baztertu egiten dugu zaharkitzapenaren kultura, hondakinen kultura, iraupen gutxi duena gurtzea. Higuintzen dugu aldi baterako irtenbideen eskaria, energia eta kapitala alferrik gastatzea berritasunaren mesedetan”. Iraun dezake diseinuak betirako? Erakusketari hilabete geratzen zaio. Ateak itxi baino egun bat lehenago, apirilaren 17an, Beatriz Cifuentes eta Yoshiki Waterhousen hitzaldi batek aseko du diseinuaren massimoaz jakin-mina dutenen gosea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


Eguneraketa berriak daude