Shakespearek baleki


2015eko martxoaren 15an

Osasunako armarria marraztu du haur txikiak paperean eta aitonari eman dio. Ohartu ere ez da egin txikia eta beste zerbait marraztera jo du, baina hunkitu egin da aitona. Urte asko pilatuak gainean eta denetako esperientziak sorbaldan, tartean futbol talde maitatuaren ibilbidea. Eta orain hau. Nola irentsi?

Nafarroako herritar asko ezin sinetsirik jarraitzen ari da Osasunarekin gertatzen ari den guztia, nahiz eta denek dakiten “futbol partiduak sagar eta letxugak bezala salerosten” direla. Aurretik CANeko guztia iragan da, Caixabanken esku geratzea, dieten aferak, Goicoechea sailburuaren afera, Osasunari CANek emandako 55 milioiko mailegu mamua…

Ilunguneak bata bestearen atzean datoz, baina honek bereziki ukitu du herritarra. Nahi ala ez, Osasuna Osasuna da. Horregatik, herritar askok ez zuen ulertu nola Nafarroako Legebiltzarreko oposizioak (Bildu, Aralar, Geroa Bai eta Ezkerrak) ez zuen onartu futbol talde maitea erreskatatzea iragan azaroaren hondarrean Osasuna Legea onartu zenean. Diario de Navarrak ere argi luzatu zuen berea: begira, abertzaleak dira Osasuna salbatu nahi ez dutenak.

Beste herritar askok bai, ordea, Osasuna zalea izan ala ez, berriz ere argi zegoelako UPN, PSN eta PPNk azken hamarkadatan Nafarroan moztu duten enborraren ezpal berri bat zekartela besapean. Osasunak Nafarroako Ogasunarekin zuen 53 milioi euroko zorra kitatu zuen bere futbol egoitzen truke, funtsean Sadar futbol zelaiaren truke. Etikoki baziren eragozpenak: zergatik Osasunari bai, eta beste enpresa txiki eta ertain askori ez? Zergatik bai hainbeste diru mugitzen duen futbol profesionalaren munduan eta ez etxebizitzen hipotekengatik kaltetutakoekin? Zergatik ez desagertu den Itxako eskubaloi taldearekin edo beste kirol talde batzuekin?

Legezko zentzuzko arazoak jarri zituen oposizioak mahai gainean: egin dadila legearen ikerketa juridikoa berau onartu aurretik eta Osasunako kontuei buruzko auditoria bat. Azkenean, auditoriarena onartu zen PSNren eskariz, baina Legea onartu ondoren egiteko. Espainiako Futbol Profesionalak egindako auditoria lehertu da lehenago eta, beste behin ere, ipurdia airean utzi ditu UPN, PSN eta PPN: Osasunako zuzendari ohi bat eta zuzendaritzako beste kide ohi bat espetxean –Miguel Archanco eta Txuma Peralta– eta lau inputatu, 2,4 milioi euro atzera aurrera ibiltzeagatik justifikaziorik gabe, ustez partiduen salerosketarako.

Zer zekien Nafarroako Gobernuak azken hamairu urteetan Osasunan gertatzen ari zen guztiaz? Asko jakiteko tresneria bazuen behintzat, beste gauza bat da nora begiratzen zuen, azken finean edozeren gainetik Nafarroak ere bere taldea lehen mailan izatea baitzen garrantzitsuena. “Lehen mailan duintasunez egotea”, esaten zuen Miguel Sanz lehendakari ohiak. Yolanda Barcinak ere ez zuen saltzeko Osasunako zuzendaritza, honakoak esan zituen  Patxi Izcori buruz 2012ko apirilean honek zuzendari izatea utziko zuela iragarri zuenean: “zuzendari bikaina izan da”, “lan handia egin du eta espero dut asmatuko zuela [uzteko erabakiarekin]”. 75 milioiko zorra zuen Osasunak eta horietatik 53 Nafarroako Ogasunarekin: gorritxoen zuzendaritzak berak jarritako prezioan kitatu diote UPNk, PSNk eta PPNk.

Isiltasuna da nagusi Nafarroako eskuinean. Eta beldurra. Diario de Navarra ere isilik, baina Osasuna Legea, UPN edota Nafarroako Gobernua ahalik eta gutxien aipatuz. Galdera nagusietakoa zera izan liteke orain: UPNk Osasuna Legea atera zuen aurrera horrekin egoera salbatu eta dena alfonbrapean geratuko zelakoan?

Erantzuna airean da, baina edozein eratan 24 urtez Osasunan gerente lanetan aritutako Angel Vizcayren bazokadak Sadar inguru osoa birrintzen ari dira. Zergatik orain? Batek daki galdera argituko den, baina izerdi hotza dario askori. Ez dakit Shakespearek “Egunen batean Nafarroak mundua harrituko du” ospetsua egiazki bota zuen ala ez, baina egia izateko bidean da esaldia. Eta nola gainera!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Bonbak eta munizioa jaurtiko dituzte aste guztian Bardeako tiro poligonoan

Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


Iruñeko Udaleko aurrekontu hitzarmena sinatu dute lau indarrek

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute akordioa.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Eguneraketa berriak daude