Aspertze santua

Liburuen kopurua infinitua da (jatorrizko testuak hamaika dio, baina arrazoiak daude hitz hori euskaldun baten ahoan infinituaren sinonimoa dela pentsatzeko), gure bizi orduek, berriz, akabera dute. Hots, ezin da dena irakurri. Hori ez dago zertan arazorik izan, eta askorentzat, izan ere, ez da arazoa. Bestetzuek, (zerbait) irakurri nahi dutenek alegia, badute zerk kezka, uztartu behar baitute ahalik eta min gutxienarekin irakurgaien mugagabetasuna eta beraien bizitza hilkorraren murriztasuna. Horrek denboraz melankoliara darama irakurle gaixoa, nola egiazta baitezakeen irakurleren bat ezagutu duen orok.  

Irakurleetan gaixoenek –horretaz mintzo, elkarri aitortu diogu irakurle gutxi batzuek– eriondo luzea, lasaia, hemeretzigarren mendekoa, laku baterako ikuspegidun mendiko sendategi batean lotuta egotera behartzen zaituena, desiratu nahi izan dute, dugu, inoiz. Are –aitortzetan haratago joan garenean, gaiarekin sentibera izan daitekeenari aurretiaz barkamena eskatuz, noski– espetxealditxo bat ere bai. Gaurko irakurle batek goian aipatu irakurgaien mugagabetasunak eragindako melankoliari gehitu behar dio eguneroko bizitzak, usadio eta aisialdiaren kudeaketa berriek irakurketa zailtzeak sortzen dion errudun sentimendua, modu inkontzientean –solas berean oharpena egin nuenez– liburuei egiten diegun traizio hori giltzapean garbitzeko prest egoteraino.

Patxi Zubizarretak inoiz aipatu izan nau nik gogoan ez dudan baina gogara esanen nukeen zerbait esaten: irakurriko duen azken belaunaldia gara, gaztetan irakurri izan dugu eta horretan plazera aurkitu dugu; irakurtzea, are gauza gogorrak eta zailak irakurtzea ere, gozagarria dela badakigu, hala ere, orain nekeza egiten zaigu astitxoa aurkitzea horretan atsegina dagoela jakin arren; nola konbentzituko ditugu gazteagoak?

Suposatzen dut Zubizarretak hobeki aipatzen nauela ni, nik bera baino. Barkatuko dit.

Alfredo Jaime Iruñeko alkateari behin galdetu zioten oporretan (oporretan, beti oporretan!) zer liburu irakurtzeko asmoa zuen: “Udan aspertzen denak behar du libururik. Nik ez dut aspertzeko ez irakurtzeko astirik”, bota zuen natural-natural, konplexurik gabe. Erantzunaz txantxa asko egin ziren, pertsonaiaren kaiku ospea nabarmentzera zetozenak; baina, dena den, nik erantzunean arrazoi zati handia sumatzen dut.

Aspertzea, aspertze santua! Aitortzen dut haurtzaroan eta gaztaroan aspertu izan naizela, oso. Orain eskura ditut adiskideak aldiro, elkartzeko ez bada, hitz egiteko edo bestela elkarri idazteko. Orain eskura ditut adiskideak ez diren lagunak ere bai, sare sozialetan edo pribatuagoetan, burutazio laburrak irakurtzeko, txortaldi laburra egiteko, jendeak zer bizitza daraman bertatik bertara eta uneoro jakiteko. Orain eskura ditut, kultur gehigarrietan adituek diotenaren arabera, narratiba lan asko baino hobeak diren telesailak, euskarazko azpitituluekin. Ariketa horietako askok irakurtzea dakarte, bai. Baina nik, oraindik ere, asperdura goxo, lasai, zahar baten falta sumatzen dut, dagoeneko mundutik aparte baino ez dudana gauzagarri irudikatzen: zahartzaro bare batean edo, lehenago, espetxealdi balizko batean.

Gaztaroaren oroitzapen faltsua, mitifikazio erromantikoa, izan daiteke, onartzen dut. Kartzelarena, zer esanik ez. Idazteko parada ere ematen omen du kartzelak, dio haren gaineko fama on eskasak. Testu hau gainbegiratzen, argi daukat: itzalpeko hiru hilabete gutxienez beharko edo mereziko luke.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Eguneraketa berriak daude