Gure balioak bertsotan


2014ko urriaren 05an

Jasangarritasuna

Zurezko pieza multzo bat mahaia
gaztelu forman jarria,
azken punturik bako bertsoa
mikrofonora ekarria,
ingurumena, ekonomia,
herri baten aldarria...
deus ez da jasangarria
oroit gaitezen lantzeaz gure
proiektuen oinarria.

Miren Amuriza

 

Lurraldetasuna

Nork esan zuen zazpigarrena
izango zela Araba?
Norentzat daude iparraldean
Aiziritze eta Sara?
Bat zergatik da Antiguokoa
bestea Nafarra bada?
Estadistika ta datuetan
denak kabitzen al gara?
Ez ahantz norbere esku daudela
hitzak eta begirada.

Sustrai Colina

Parekidetasuna

Zenbat ta zenbat aldiz esana:
"Emakumeak etxean"
Orain harritu egiten gera
holakoak aditzean.
Hala ere harro ezin sentitu
adibidea jartzean
azalpenetan gabiltzalako
pauso txiki bakoitzean
edo gordeta besteak gaizki
egin duena(re)n atzean.

Rosi Lazkano

Ekonomia soziala

Ekonomiaz zenbat kalaka,
zenbaki, indize, txosten...
Goitik beherako egituretan
boterea da egosten.
Saia gaitezen geure sosaren
burujabetza erosten,
truke-sistemen eta merkatu
txikien mozkinez pozten:
gure amonek zekiten eran
patrika-zuloak josten.

Uxue Alberdi

Euskalzaletasuna

Herriak behar du parekide
dadin askea gorputza
Naturarekin jasangarria
kalteko da zapalkuntza
Ekonomia sozialduna
ez giltza gutxiko kutxa.
Baina gureak jarraituko du
izaten herri bat hutsa,
horiek denen ardatz ipintzen
ez den artean hizkuntza.

Julio Soto

Euskalzaletasuna

Aktualitate berdintzailea
dabil frenesiak jota,
txio baten zain politikoak
zer lelokeria bota,
tiro baten zain lur urrunetan
noiz hasiko elkar joka,
eta ARGIAk, ez izatea,
hori du bere erronka,
mundua beste denek bezala
txehetzen duen errota.

Egunkariek goizean kaixo
eta iluntzean aio
astekariek nahiago dute
zazpi egunez behin jaio,
berandu heldu liteke baina
askotan berdintsu zaio,
arnasa hartu nahi duenari
ARGIAk hori damaio:
abiadura txikiko tren bat
gure hitzaren karraio.

Amets Arzallus


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Eguna
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen... [+]


Argia Eguna
Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Eguneraketa berriak daude