Kultur hiriburuaren azken korapilo kapitalak

  • Zer egina badago, baina barne-estuasunak amaitu dira. Eta Donostia martxan dago 2016an, Poloniako Wroclawrekin batera, Europako Kultur Hiriburu izateko. Itxaropentsu agertu da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. Berarekin izandako solasaldi luze batean aletu ditugu egitasmoari egiteko geratzen zaizkion azken etxeko lanak.

Ekainaren 28an egindako Artejiraren bidez inauguratu zen modu estraofizialean Donostia 2016ren bulego berria Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean. Festak balio izan zuen proiektuak aurrera jarraitzen duela baieztatzeko ere.
Ekainaren 28an egindako Artejiraren bidez inauguratu zen modu estraofizialean Donostia 2016ren bulego berria Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean. Festak balio izan zuen proiektuak aurrera jarraitzen duela baieztatzeko ere.

Apirila da hilabete krudelena edo, poetak irakurri ordez prentsan Donostia 2016ri buruz zer argitaratu den leituz gero, apirila izan da hilabete zalapartatsuena. Europako Kultur Hiriburuaren proiektuak astindu gogorra hartu zuen hil horren bigarren egunean, ordura arte zuzendari orokor izandako Itziar Nogerasek dimititzea erabaki zuenean. Domino fitxak bezala erori ziren aste berean Guadalupe Echevarría zuzendari kulturala eta Itziar Elizondo komunikazio arduraduna. Eta bazirudien, edo hala ulertarazi zuten zenbait sektorek, iceberg horren kontra hondoratuko zela proiektu osoa erremediorik gabe.

Gauzak asko aldatu dira: zuzendariaren dimisioari buruz Juan Karlos Izagirrek aste hartan egindako adierazpenek bazuten zapore mingots bat, erabakiarekin bat ez zegoelako segur aski. Hiru hilabete geroago, Gipuzkoako hiriburuko udaletxean gaiaz galdetzen zaionean, ez zaizkio trago txarraren arrastoak antzematen, behin baino gehiagotan Nogerasen lana goraipatu du. Elkarrizketa baino astebete lehenago pasa dira Donostiatik Kultur Hiriburutzaren Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeko kide Steve Green eta Ulrich Fuchs eta Gloria Lorenzo Europako Batzordeko ordezkaria. Epaia: bide onean doala proiektua.

Lasaitua hartu al du Udalak adierazpen horren ondoren? Izagirrek azken bisitaren garrantzia erlatibizatu du: lehenago gaiaz idatzi dituzten txostenak ere ez zirela oso diferenteak dio, dokumentu horiek zenbait hedabideri filtratu zaizkienean egindako interpretazioek “liskar politikoa” elikatu dutela, besterik ez. “Zein izan da azken bisitaren nobedadea? Prentsaurrekoa egin dutela. Eta hor azaldu da benetan zer perspektiba duten Bruselatik: mito asko bertan behera geratu dira”.

Krisia gaindituta dago bere ustez eta proiektua martxan. Dena den, ez du ukatzen egiteko asko dagoenik. 2016. urtea gerturatzen ari da eta dena prest egon dadin etxeko lanak zein diren galdetuta, bost zereginetan jarri du letra larria.

Lan eskaintza: zuzendari bila

Aste kritikoa pasata, behin-behineko zuzendaritza taldea izendatu zuen Donostia 2016ko Fundazioaren Patronatuak (Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Kultura Ministerioak osatzen dute organo hori). Erreakzio azkarrari esker, egonkortasun apur bat lortu dute 2016ko bulegoan lanean segitzeko. Xabi Payak (programa kulturala), Enara Garciak (parte-hartzea eta antolakuntza) eta Garbiñe Muñoak (finantza arloa) gidatu dute egitasmoa geroztik, eta arrakastaz gainditu dituzte bidean zeuden zenbait erronka, 2014ko Olatu Talkaren antolakuntza eta Hiriburu Kulturalaren egoitza berria modu ofiziosoan inauguratzeko ekitaldia, besteak beste.

Bitartean, zuzendari orokorra bilatzeko prozesua ez da gelditu. “Kudeatzaile profila” xerkatzen dutela dio alkateak. Kanpora begira Paya bezalako komunikatzaile on bat edukita, Nogerasek utzitako lekua hartuko duen pertsonaren betebeharra, fokupekoak programazioaren arduradunari lagata, barne-aferetakoa izango ote den jakin nahi izan dugu. Izagirreren ustez publikoarekin ere aritu beharko du, atzerriko eragileei eta babesle posibleei Donostiako egitasmoa ezagutarazten, beste betebehar batzuen artean. “Baina proiektu kulturala oso aurreratuta egongo da bera etortzen denerako, eta hori Xabi Payaren esku dago orain”.

Uztailean iragarri da prentsan hautaketa prozesuaren hasiera eta batzorde batek erabakiko du aurkezten diren pertsonen artean nork dauzkan ezaugarri egokienak Hiriburu Kulturalaren premietarako. Deialdian garrantzi berezia eman zaio 2016ak defendatzen dituen balioei eta programa garatzen den lurraldearen “errealitate soziala eta kulturala” ondo ezagutzeari. Aurkeztu direnen artean lehen orrazea pasata, geratzen direnek deia jasoko dute elkarrizketa pertsonala egiteko abuztuaren 23a baino lehen. Hiru lagunek izango dute azken hitza: Izagirrek berak, Irlandako National Sculpture Factoryko zuzendari Mary McCarthyk eta Universitat Oberta de Catalunyan kudeaketa eta politika kulturaleko irakaslea den Jordi Pascualek.

Hauteskunde urtean alderdiak gose

2015ean donostiarrek berriz bozkatu beharko dute Udal gobernua nork gidatuko duen. Ikasturte zaila aurreikusten dute oraingo agintariek. Alkatetzarako kanpaina hasi da jada –2011tik noizbait etenik izan baldin badu behintzat–, eta 2016aren kudeaketaz oposizioaren aldetik zer espero duen galdetzen hasita, Donostiako alkateari barrea atera zaio. “Nire buruari egiten diodan galdera, zera da: Bilduk gobernatu beharrean hemen beste norbaitek gobernatu izan balu, zer eszenario edukiko genuke? Seguruena oso diferentea izango litzateke”.

Penduluaren gisa ari da oposizioa Kultur Hiriburuaren eztabaidan: agintariak kritikatzeko maiz ateratzen da gaia, baina partidu bakoitzak Udaletik kanpo proiektuan daukan parte-hartzeak (EAJk Jaurlaritzaren bidez, PPk Espainiako Gobernutik eta PSEren konfiantzazko pertsonek, zeharka, Patronatuan ad hoc sorturiko koordinazio batzorde munizipalaren bitartez), beste aldeko keinuak ere ekartzen ditu noizbehinka, apirileko zurrunbiloaren ostean alderdi guztiek proiektua babesteko atera zuten argazki bateratua, adibidez. 

Kontu delikatua da alderdientzat, inork ez baitu agertu nahi hiri osoarentzat izango den zerbaiten kontra. Baina, bestalde, Bildu higatzeko geratzen den kalibre handiko kartutxo bakarra dirudi: Igeldo udalerri bihurtzeko aukerak ez ditu batasun donostiarraren aldeko grinak gehiegi piztu; neguan denboraleak eragindako txikizioen aurrean azkar erreakzionatu zuen Udalak; ez dago hutsune nabarmenik eguneroko funtzionamenduan; eta hirigintza alorra ez dago geldirik, martxan eta aurreikusitako epeetan egiten ari dira hiriburutzarekin batera iritsiko diren azpiegiturak –autobus geltoki berria eta Tabakalerako obra–.

“Baten batzuek nahiago lukete kudeaketa txar bat, gobernu honek hau kudeatu dezakeela garbi geratzea baino, horren ondorioz hau gaizki atera arren”, dio Izagirrek. Donostian izan den Europako jarraipen batzordeak ere ohartarazi du klima politikoak ez diola mesederik egiten proiektuari.

Babesle pribatuek plan bat behar dute

%15erainokoa izan behar zuen hasieran 2016aren finantzazio pribatuak; erronka handiagoa izan litekeela uste dute arduradunek orain, %25era iristeraino. Eta diru hori babesleen bidez lortzea da helburua. “Kontaktuak egin dira enpresa handiekin”, esplikatu du Izagirrek eta gaineratu du, bera pertsonalki aritu dela mota horretako gestioak egiten.

Zeregin horrekin jarraitzea zuzendari berriari egokituko zaio eta kargua hartzen duen unetik beltz egin beharko du lan, Kultur Hiriburuak hobetu beharrekoen zerrendan gorriz agertzen baita.

Izenik esan ez badu ere, Izagirrek adierazi du buruan dauzkala Euskal Herriko bi enpresa, garrantzitsuak, nazioartean ere hedatuta daudenak, eta Donostia 2016 babesteko prest egongo liratekeenak. Problema une honetan plan baten falta da, babesle horietako bakoitzarekin sinatu beharreko akordioari markoa ematen lagunduko lukeena. Horretarako lehen urratsak eman zituen Nogerasek karguan egon zen bitartean eta alkateak uste du zuzendari berria ez dela hutsetik hasiko. Dena den, babesleena bulegotik haragoko ardura izango dela ere esan du, lerro artean gainontzeko instituzioen inplikazioa eskatuz: “Patronatuak berak eta bertako kideek egin beharko dute beren lana”.

2016a abordatu daiteke?

Finantzazio instituzionalaz ari dela, Espainiako Kultura Ministerioak eman beharko lukeen kopurua –11 milioi euro, ministerioa bera abstenitu zen bozketan onartu zenez– iritsiko ote den ez dagoela garbi iradoki du, baina garrantzia kendu dio. “Beti esaten dudana da proiektua aurrera aterako dela nahiz eta instituzio batek edo besteak huts egin, herritarrak inplikatzea lortzen badugu”.

Donostiarren erantzuna oraingoz hotza dela erantzutean, Bruselako batzordearen bisitan aipatu zioten zerbait ekarri du mahaira: “Beraiek esaten dute Hiriburu Kulturalek entusiasmo fase desberdinak izaten dituztela. Izendatzeko garaian izaten dela gorakada inportante bat; gero kristoren beherakada; eta urtea inguratzen den bezala, segun eta nola egiten diren gauzak, noski, berriz ere ilusioak gora egiten duela”.

Piratek Zurriolako hondartzan antolatutako Manu Chaoren kontzertuaren biharamuna da eta ezinbestean etorri da galdera: zer paper joka dezake mugimendu horrek Kultur Hiriburuan? Donostia 2016 abordatu daiteke? Izagirre kontzertuan izan zen eta Piratak eredutzat dauzka, herri mugimenduek hiriburutzan zeresana izan behar dutela uste du. “Lantzeko gauzak dira, konfluentzia hori eman daiteke”. Piratek, beren aldetik, ez dute oraindik 2016ari buruzko jarrerarik hartu eta mugimenduaren barruan eztabaida egiteke dago.

Programa, programa eta programa

Kudeaketa kontuek hartu dute solasaldiaren parterik handiena ezinbestean, baina edukiez hitz egiten hasteko garaia hurbiltzen ari da, Hiriburu Kulturalaren programaz, alegia. Bruselatik egindako eskari nagusia da eta uda ondoren aseko da, orduan jarriko baitzaizkie izen-abizenak 2016ko zitaren baitan Donostiara etorriko diren artistei eta ekimenei. Udazkenera arteko tartea jarri du Europak programa aurkezteko. Beraz, denbora soberan ez badago ere, epeen barruan ibiliko da Xabi Paya buru duen taldea.

Apirilean programazioaren aurrerapen bat aurkeztu zion Itziar Nogerasek Fundazioaren Patronatuari eta egun batzuk lehenago El Diario Vasco egunkariari filtratu zioten. Aurreratu daitezkeen gauza batzuk deigarriak dira, adibidez, 10.000 musikari etorriko direla Donostiara Europako Musikari Gazteen jaialdiaren barruan, hiru egunetan 1.000 kontzertu eskaintzeko –uda honetan Birminghamen antzeko zerbait antolatu dute–. Euskal Herriko zuzendarien film laburrak –Julio Medem, Victor Erice eta Kimuak programan hautatutako beste hainbat–, eta  artearen historian indarkeriak izan duen agerpenari buruzko erakusketa bat ziren programaren aurrerapen horretako beste eskaintza batzuk.

Hizkuntza eta kultura minorizatu europarrek eta bizikidetzarako tresna gisa kulturak duen balioak ardaztuko dute programazioa, Izagirrek azpimarratu dituen gaiei erreparatuz gero. “Aukera paregabe” gisa deskribatu du egitasmoa, kulturaren eskutik Donostian eta Euskal Herrian “ariketa sakon” bat egiteko: “Konflikto bat pasa dugu eta hori gainditzeko pausoak eman behar dira. Gaitasuna eduki behar dugu normaltasunez hitz egiteko eta bizitzeko, ahaztu gabe gertatutakoak, baina aurrera eginez. Horretarako balio baldin badu, ez da gutxi”.
 

Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea
"Ez dakit honetara aurkeztuko ginatekeen ere, duela zortzi urte gobernuan egon izan bagina"

Proiektu hau PSEren Udalak gidatu zuen hautagaitza fasean. Hasieratik zuen esku egon izan balitz, berdina izango zen?

Kanpainan esan nuen proiektu honen diskurtsoa oso ondo zegoela, konpartitzen genuela. Azken finean, zertaz hitz egiten du? Bizikidetzaz, errespetuaz, parte-hartzeaz, aniztasunaz, elkarrekin eraikitzeaz, bakeaz… Horiek konpartitu ditugu hasieratik, baina edukiz hutsik zegoela antzematen genuen, mamia falta zela. Eta perspektiba pertsonalista ere eduki zezakeela.

Odon Elorzarena zela proiektua, alegia.

Bai. Gu egon izan bagina gobernuan duela zortzi urte, ez dakit aurkeztuko ginatekeen ere. Aurkeztu izan bagina, hau aurkeztuko genukeen? Ba ez dakit, seguruena ez. Baina balore hauek lantzeko prest gaude eta beti egon gara.

AHTren aurkako Donostiako taldeak salatu du hiriaren merkantilizazioaren mesedetan egindako proiektua dela.

Askoz errazago ulertzen ditut haien kritikak oposizioak egiten dituen asko baino, baina esango nieke arrisku bezala hartu ordez, aukera bezala har dezatela 2016a. Honek izan dezake makroproiektu baten usaina, betiko modeloa defendatzen duen zer edo zerena. Perspektiba hori dutenak errespetatuz, planteatuko nuke ea ez ote dagoen aukerarik hori hartuta zuk nahi duzun lekura eramateko. Balio dezake bestelako baloreak, betiko modeloa alde batera utzita lantzeko? Ba agian bai, balio dezake.

Tabakalera eta 2016a lotzeko proposamena egin zuen Jaurlaritzako Kultura Sailak Blanca Urgell buru zenean eta ezetz esan zenuten. Zergatik?

Hiriburu Kultural asko oinarritzen dira hiriaren transformazioan, baina transformazio urbanistikoetan, ez guk lortu nahi dugun transformazio sozialean: kulturaren bitartez balore batzuk lantzea gizartean. 2016a balore batzuetan oinarrituta dago eta Tabakalera beste gauza bat da, kulturarekin lotua baina desberdina. 2016a pasa egingo da eta nire buruari galdetzen diot zer ondare utziko duen. Ze, ez baldin baduzu egiten proiektu bat hiriaren transformazio urbanistikoan oinarrituta, gero zer geratzen da? Baloreak, bai; lantzen diren artisten arteko sareak ere bai; baina leku fisiko batzuk ere behar dira. Eta Tabakalera horren parte izango da.
 

Kapitalaren kultura?

Ezkerretik jaso du Donostia 2016k orain arte egin zaion kritika sakonena: AHTren aurkako Donostiako taldeak maiatzean argitaratutako txostena. 2016ko Europako Kultura Hiriburutza auzitan izeneko dokumentuan (osorik irakur daiteke hemen: http://ttiki.com/72458), bi urte barru Gipuzkoako Hiriburua hartuko duen ekitaldiaren alderdi eztabaidagarriak mahai gainean jarri dituzte.

“Hiriaren komertzializaziorako tresna” izango dela dio txostenak, Donostia saltzeko marka eskainiko duelako. Proiektuak 2016. urterako aurreikusten dituen turismo datuak –1.400.000 ostatu-gau hirian eta 2.500.000 Donostialdean–, ondorio sozialak izango dituela uste dute, “turisten eskubideak” gaindituko duelako herritarrena.

Sormena petrolio

Operazio turistiko hutsetik harago, dokumentuaren arabera proiektuak herritarren dinamikak ere integratu nahi ditu. Biztanleen sortzeko gaitasuna “termino ekonomikoetan esplotatu eta errentagarri bihurtu beharreko aktibo” moduan ulertzea ekar lezake horrek.

Hiriburutzak herritarrei eskaintzen dien parte hartzeko aukera ere auzitan jarri dute, kulturaren bidez gizarte harremanak “neutralizatzea” bilatzen dela salatuz: “Proiektuak eskatzen digun erabateko mobilizazioaren bidez, kulturak askatasunaren eta parte-hartzearen esperientzia despolitizatua eskaintzen du”.

Mundu osoan indarra hartzen ari den hiri eredu berriaren markoan kokatu dute 2016a: kapitalismoa, industrializazioaren ondoren, berregituratzen ari da ekonomia sortzailearen inguruan. “Hiri Sortzaile proiektuetara jotzen da, zeinetan ‘sormena haien ekonomiaren petrolio agorrezina izango den’”. Eta mota honetako ekitaldiek “funtzio legitimatzailea” dute, AHTren kontrako taldearen aburuz.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude