Zaila, baina izango da

  • Kataluniak Estatua lortzeko prozesua bere azken fasean sartu da, seguruenik konplexuena eta korapilatsuena. Kosta ahala kosta herritarrak burujabetza kontsulta batera deitu behar ditugu, eta egoera horren mugara iristen garen neurrian, posizioak gero eta gehiago definitzen dira.


2013ko martxoaren 31n

Egoera berria da, eta Estatu espainiarra inoiz ez da egon horretarako prestatua. Itsasoz haragoko bere jabegoetako independentzia asko ezagutu ditu, mingarria askoren harrotasunerako eta areago hainbat klase ekonomikorentzat, baina oso onargarriak (eta desiatua) herritarren gehiengoarentzat.

Egoera ezezaguna da, eta tentsio asko horren  ondorio dira. Europari lotutako Estatua da Espainia, eta Europaren izaera eta proiektua guztiz demokratikoak dira. Ez dago erreakzio klasikoetarako tarterik: elkarrizketa gailentzen da, herritarren borondatea. Dena den, hau ez da agintari espainiarren borondatea, eta haien erreakzioak zera dakarkigu: ahalegin handia, pazientzia dosi ugari eta esku ezker handia beharko ditugula prozesuaren zailtasun handienari aurre egiteko, hau da, inoren lurra ez den egungo egoeran harrapatuak geratzea. Aurrera egin behar da eta Katalunian norabide bakarrean egin dezakegu aurrera. J. M. Aznarrek esandako hura ozen entzuten da: Espainia apurtu aurretik apurtuko da –irakurri “apurtuko dugu”– Katalunia. Etsaia ez da nazionalismo katalana, ezta bere liderrak ere. Kalitateko informazioa mugitzen dutenei benetan izua ematen diena, herritarren mobilizazio maila handia da. Ez da alderdi bat: sakoneko korrontea da, zeharkakoa, belaunaldi artekoa, interklasista eta interlinguistikoa, nazionalismoaren alderdi klasikoak gaindituz azaleratu dena. Espainiarentzat desafio handiena ez da Legebiltzarrean autodeterminazioa sostengatzen duen gehiengoa,  horren atzean herri osoa mobilizatua dagoela baizik.

Horregatik, gure herriak ezagutuko duen zailtasunik handiena mobilizazioarekin zerikusirik izango du. Estatuak badaki erronka hau bakarrik irabazi dezakeela katalan gizartea desmobilizatzea lortzen badu. Eta zeregin horri ekin dio. Gerra zikinaren ahotsa –zigorgabe ez geratzeaz gain, Espainiako demokratak asaldatu beharko lituzkeena– klandestinoa da oraindik, baina desmobilizazioaren estrategiarekin bateragarria da. Bere helburua gizarte katalana hoztea da, eta prozesuaren gidaritzarako ezinbestekoa den klase politikoa eta berau onartu behar duen gehiengo sozialaren arteko batasuna haustea. Kataluniako politika zikintzea, lehendakaria beraren izen ona hondatzeak, estrategia hori laguntzen du, berdin horretarako moral eta ikuspegi demokratiko eskaseko txostenak faltsutu behar badira ere; horrek emaitzak ematen ditu epe laburrean, baina horretan dabilenarentzat ere arrisku handiak hartzea suposatzen du. Ikusiko dugu.

Horrekin frogan jartzen ari dira Kataluniako gizartearen heldutasun maila, erresistentzia ahalmena eta bere pazientzia. Finean,  burujabetzarako duen desioaren indarra. Ez nago ezkorren artean, ezta inozoen artean ere. Oso gaitza izango da, baina izango da. Inork ez dezala zalantzarik izan.

(*) Carles Puigdemont Gironako alkatea (CiU) da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Independentismoa
Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-02-04 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


Eguneraketa berriak daude