Urteetan ereindakoaren uzta

  • Edu Lartzanguren kazetariak, Portobello irratsaioak, Herrirak urteroko manifestazioari begira egindako Denbora film laburrak, Azpimarra telebista saioak eta Euskadi Irratiak jaso dituzte aurtengo Argia Sariak. Bertsoa.com eta Dantzan.com webguneek Internet Saria elkarbanatu dute. Sei sari zazpi proiekturentzat, beraz.

Ezker-eskuin eta goitik behera: Maddalen Iriarte, Azpimarrako aurkezlea; Jexux Mari Irazu, Bertsoa.com proiektua hasi berritan zuela; Oier Araolaza, Dantzan.com-eko sortzailea; Euskadi Irratiko estudioa; Asier Leoz, Portobello-ko esataria; Edu Lartzangure
Ezker-eskuin eta goitik behera: Maddalen Iriarte, Azpimarrako aurkezlea; Jexux Mari Irazu, Bertsoa.com proiektua hasi berritan zuela; Oier Araolaza, Dantzan.com-eko sortzailea; Euskadi Irratiko estudioa; Asier Leoz, Portobello-ko esataria; Edu Lartzanguren kazetaria; eta Herrira-ren Denbora film laburreko eszena.

PRENTSA IDATZIA: Edu Lartzanguren

Prentsa idatzian hasi zenetik elkarrizketa generoarekin gustura, Berria egunkariko agenda saileko solasaldiak idazten ditu Edu Lartzanguren kazetariak duela bost urte ingurutik. Berriak hasieratik egin zuen ekitaldien agendan elkarrizketak argitaratzeko apustua eta bere aurretik hainbat lankide aritu ziren horretan. Lartzangurenek “orojaletzat” du bere burua eta Euskal Herrian hurrengo egunean izango diren musika emanaldiak, antzezlanak, hitzaldiak, dantza erakustaldiak, ikus-entzunezkoak eta bestelako ekitaldiak izaten ditu hizpide. Eguneroko erritmoa, muga gisa baino abenturatzat du: “Askotan ezezaguna zaidan eremuan sartzera behartzen nau, eta deskubritzera, bat batean, gai bat izugarri interesatu zaidala betidanik”.

Dagoeneko 500-600 elkarrizketa egin ditu eta igogailua.blogspot.com blogean jasotzen ari da. Denak bildutakoan, 30 bat aukeratu eta liburu batean argitaratzeko asmoa du.

IRRATIA: Portobello saioa, Euskadi Irratia

Euskadi Irratiko entzuleek nazioarteko musika berrienarekin egiten dute bat gauero Portobello saioan. Asier Leoz esatariaren ahotsean, 2009az geroztik ari da irratsaioa antenan. Ordubeteko saioan abestiak jartzearekin batera, diskoez, musikariez eta musika jaialdiez informazioa eskaintzen du. Konexio egokiarekin musika edonoren esku dagoen garaiotan, hori osatzen eta diskurtsoa egiten ahalegintzen da Leoz.

Musika hautatzerakoan esatariaren gustuek zeresana badute ere, gauza interesgarrien artean aukeraketa egiten du Leozek, hedabideetan toki ugari duten doinuetara mugatu gabe. Musikazalea izaki, aldizkariak irakurtzeko, blogak gainbegiratzeko eta musikariekin zein musikazaleekin hitz egiteko ohitura du. “Azken urteetan sareak izandako hedapen izugarriak ere laguntzen du, sekulako ozeanoa dago deskubritzeko”, dio. Kalitatea du helburu, inoiz kontzeptu horren erlatibotasuna ahaztu gabe.
 

TELEBISTA: Azpimarra saioa, ETB1

Egunean eguneko aktualitateari –batez ere politikoa eta ekonomikoa– lotutako saioa da Maddalen Iriartek egunero aurkezten duen Azpimarra. Tertuliakidez osatutako ordu erdi inguruko saioarekin hasi zen duela hiru urte eta egun ordubeteko Azpimarra + ere emititzen dute astearte gauero. Saio luzeagoak programari –eta kateari– eztabaida politikoa bermatzeko aukera eta ekonomiaren ikuspegi sakona eskaini dizkiola uste du Iriartek. Bolada batez, ordea, ezinezkoa izan zen alderdi politiko guztietako ordezkariak eztabaidara biltzea: “Ezin genuen ezker abertzaleko inor elkarrizketatu eta iruditzen zitzaidan sarritan ezker abertzalea albiste zela. Niri ezker abertzalea interesatzen zait albiste den heinean”.

Hizkuntza ez ezagutzeak ere egiteke utzi ditu zenbait elkarrizketa Azpimarran. Instituzionalizatzeak euskara behar baino gutxiago bultzatu duelakoan, bultzada horren eraginez momentu oro edozein gairen inguruan euskaraz hitz egiteko gai izango liratekeen solaskideak egon beharko luketela iritzi du Iriartek: “Ez daude eta elkarrizketa batzuk ez dira posible”.

INTERNET: Bertsoa.com eta Dantzan.com webguneak

Kultur jarduerek ere komunikazio proiektu propioak behar dituztela sinetsita sortu zuten Bertsoa.com 2006an. Milaka bertsoaldi, bertso, bertsolaritza albiste eta zuzeneko emanaldi geroago, bertsolaritzak etorkizunean sarean izango duen presentziaz gogoeta egiten ari dira. “Bertsolaritzari buruzko hainbat webguneren datuen arabera, bertsolaritzak urtean 75.000-100.000 erabiltzaile izango ditu eta 500.000 bisita inguru. Sareko komunitate hori artikulatzen asmatzen badugu, bertsolaritzak berak garatutako medio propio batek edozein telebistak adinako zabalkunde ahalmena eta audientzia izango ditu”, hausnartu du Jexux Mari Irazu webgunearen kudeatzaileak.

Dantzaren inguruan informazioa eta komunikazioa bideratzea, eta dantzan dabiltzanen albisteak, kezkak, iritziak, eztabaidak eta gogoetak elkartrukatzeko tokia eratzea izan zen Dantza.com webgunea sortzeko arrazoia. Hamarkada bat igaro da bere sorreratik eta Oier Araolazak dioenez, “funtzionatzen badu, inguruan ekarpenak egiten dituen eta webguneari bizitza ematen dion dantzazale eta dantzari komunitatea dagoelako da”. Izan ere, medio aldetik gune xumea da eta pertsona bakarra arduratzen da bere mantenuaz.

PUBLIZITATEA: Denbora film laburra, Herrira

Presoa gelan, barrotez estalitako leihotik begira. Gaurkoan bikotea du bisitari eta azkenean, hainbeste denboraz itxarondako besarkada beroa. Bidaia nola joan den jakiteko beharra, kezka. Denbora laburrez begiztatu dezakeen lagun zaharren argazkia, bisitariaren sabelaldean ezkutatua. Aita izango da presoa, haur jaioberria ezagutu du, kilimak egin dizkio koxkortzean, baina dena horma zikindun gela berean. Denborak aurrera egin arren, presoak gatibu dirauelako. Eta mezu argia du bisitarientzat: “Zoazte Bilbora eta kaleak bete. Kaleak bete kartzelak husteko”.

Preso dagoenaren urteen igarotzea islatzen duen film laburrarekin iragarri du aurten Herrirak urtarrilaren 12ko euskal presoen aldeko manifestazio jendetsua. Lander Garrok zuzendu du Denbora, eta berak esana da egungo estrategia politiko eta komunikatiboak ezagutu eta diskurtsoa horien baitan txertatzen jakin beharra dagoela.

MEREZIMENDUZKO SARIA : Euskadi Irratia, 30 urte

1982ko azaroaren 23an egin zuen Euskadi Irratiak bere lehen emisioa. Harrezkero irratiak eta euskal komunitateak nahiko batera eboluzionatu dutela uste du Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak. Egun irratia entzuteko ohiturak aldatu egin dira bere ustez, eta goizeko saioak bihurtu dira euskaldunen erreferentzia informatibo.

Urteotan irratia egiteko modua bera ere aldatu da: “Lehendabiziko aldaketa handia analogikotik digitalera pasatzea izan zen”. Interneten hedapenak eta teknologia berriek irratsaioak noiznahi eta nonahi entzutea eragin dute. “Etorkizunean irratiak multimedia bihurtuko dira. Gu bagara multimedia, eduki asko ditugu Interneten. Kamerak estudioetan sartzea falta da eta hori ere egingo da”, aurreikusi du Juaristik. Programazioa egokitzea eta hori teknologiarekin uztartzea dira orain Euskadi Irratiaren erronkak.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Eguneraketa berriak daude