Piztu Ezazu Argia 970x90

 Termometroa 

Euskoa

Tokiko ekonomia garatzeko funtsezko moneta

Euskal Moneta elkarteko kideak dira Xebax Christy (Aiherra, 1979) eta Mendi Esteban (Ezpeleta, 1988). Informatika eta Artearen historia ikasi dituzte hurrenez hurren. Ekonomian ere trebatu dira tokiko moneta antolatzeko. 60 lagun inguru ari dira lanean euskal moneta zirkulazioan jartzeko: Eusko izenekoa. 2013ko urtarrilaren 31n jarriko da abian.

Mikel Asurmendi

2350. alea
2012-12-23
alde 2    kontra 0
Mendi Esteban eta Xebax Christy, Euskal Moneta elkartearen eta Eusko monetaren sortzaileetako bi.
Mendi Esteban eta Xebax Christy, Euskal Moneta elkartearen eta Eusko monetaren sortzaileetako bi.

Euskal Moneta elkarteko kideok 2010eko azaroan ezagutu zituzten Akitaniako (Òlt e Garona) Villeneuve-sur-Lot herriko Abeille monetaren kudeatzaileak. Harremanetan jardun ondoren, tokiko moneta sortzea pentsatu zuten. Jende anitz aurkitu dute proiektuaz interesatua. 2011ko ekainean elkartea eratzen hasi ziren eta urte bereko irailean abian jarri zuten. Heldu den urtarrilaren 31n jaulkiko da euskal moneta: Euskoa. “Iparraldeko hainbat elkarterekin bildu gara haien iritzia ezagutzeko. Tokiko ekonomiaren garapenean nola ingurumenean ari direnak, baita gai sozialetan edota euskalgintzan ere. Tokiko moneta sortu nahi dugula erran diegu, zabalki galdetu diegu, zabalki bildu asmoz”, adierazi digu Euskal Monetako Mendi Estebanek. “Zer zuten errateko eta egiteko ere entzun dugu. Urte luzean bilkuretan izaniko iritziak aztertu ditugu”, gehitu du Xebax Christyk.

Eusko izena du Iparraldean sortzear dagoen monetak.

Xebax Christy: Izena emateko lan berezia egin dugu. Jendeari izenak galdetu eta proposatu dizkiegu lehenik. Epai-mahai bat bildu zen lehen aukera egiteko eta zazpi izen gelditu ziren. Aurtengo Herri Urrats egunean eusko izena eman zen ezagutzera hain zuzen ere.

Mendi Esteban: Proposamen gehienak euskaraz izan ziren. Hamairu epailek erabaki dute. Tokiko pertsonalitateak dira, euskaldunak eta ez-euskaldunak. Ez-euskaldunak izanda ere, izena entzutea eta ahoskatzea zaila ote zuten jakin nahi genuen.

Zein helburuz jaulkiko da euskoa?   

Christy: Tokiko moneta izanik tokiko ekonomia indartzea dugu helburu. Euskoak tokiko moneta guztiek komunean duten ezaugarria dauka. Euskoa Iparraldean baizik ez da baliatu ahalko hastapenean. Eman dezagun, euskoak denda batean erabiltzen baditugu, dendariak berriz baliatu beharko ditu hemengo enpresetan. Beraz, dirua gure lurraldean itzulikatuko da. Ez da euroarekin den bezala, adibidez, enpresa batean erabiltzen da, eta gero ateratzen da kanpora, noranahi. Funts handiena tokiko ekonomia garatzea eta berriz inbertitzea da. Halaber, tokiko enpresen arteko harremanak lantzea dugu xede, enpresen arteko sare bat sortzea ekonomia azkartzeko. Elkarteak baditu beste helburu batzuk, guretzat garrantzi bera dutenak: euskararen erabilpena sustatzea bizi-publikoan eta ingurumenaren gaia era praktikoan bizitzea. Beraz, sarean sartzen diren enpresei gai horietan engaiatzea galde egiten diegu.

Nola eratzen da moneta klase hau?  

Esteban: Biziki sinplea da. Eskuko billeteak izanen dira eskura: eusko bat euro baten truk. Eusko monetaren ukaiteko elkarteko kide izan behar duzu. Erabiltzaile bezala joan zaitezke tokian tokiko aldaguneetara, eta eusko-kidetzaren txartela eskuratu. Aldagune guztietan alda ditzakezu euroak. Ehun eusko erosteko ehun euro behar duzu. Aldatuko duzun %3 zuk hautatu elkarte batera joanen da. 100 euro 100 euskoren truk, gehi 3 elkarte batentzat.  

Nondik datoz 3 euro horiek?  

Esteban: Guk emanen ditugu 3 euro horiek. Gure helburua Iparraldean dirua zirkularaztea da, hornitzaileak atzeman behar ditugu zirkuitu baten antolatzeko. Alabaina, sekula dendek edo enpresek berriz ere euskoa aldatu nahi badute euroaren truk, egin ahalko dute. Ordea, orduan haiek %5 galduko lukete euroetan. Gure helburua ez da aldatzea halere, ez aldatzea baizik. Noski, norbaitek aldatu nahi badu, ez duelako atzematen berak nahi dituen hornitzaileak, edo eusko gehiegi dituelako, orduan, 100 eusko itzuliko dizkigu eta guk 95 euro emanen dizkiogu. Guk atxikitzen ditugun bost euro horietatik 2 joanen dira Euskal Moneta elkartera eta 3 beste elkarteentzat.

Inork ez badu itzultzen ez duzue kapitalik eginen. Nolabait erranik.  

Esteban: Gure helburua ez da kapitalaren egitea. Guk hastapenean 3.000 euro ezarri behar dugu. Zuk erabiltzaile eta kide bezala. 100 eusko erosten dituzu eta hautatu duzun elkarteari 3 eusko eman behar dizkiogu. Eman dezagun euskoak ongi zirkulatzen duela, guregana ez da billeterik itzuliko eta hainbat hobe.

Christy: Guk 100.000 eusko inprimatuko dugu, beraz, 100.000 euro behar ditugu, erabiltzaileek guri emanak. Abiatzeko 3.000 euro behar ditugu guk, besterik ez.

Zein dira euskoaren bereizitasunak?

Christy: Usaian, Abeille moneta edo antzeko beste proiektuetan bezala, euskoak zirkulazioan ematean, hainbeste diru atxiki behar da bankuan. Legeak hori egitera behartzen zaitu. Legearen arabera ez dugu dirua sortzen baina euskoak emateko Euskal Monetak galde egin du dirua bankuan jartzea, ekonomia soziala finantzatzen duen fondo batean, gure kasuan Crédit Coopératif bankuan. Hortaz, diru hori erabili gabe uzteko orde, bankuak erabili ahalko du ekonomia sozialean. Bestalde, Herrikoa [arrisku-kapitaleko] sozietatearekin partaidetza dugu. Herrikoak fondo bat sortu du. Guk 100.000 euro trukatzen ditugu, erran bezala, eta Herrikoak sos hori hemengo proiektuak sostengatzeko emanen du fondoan. Halaber, Crédit Coopératif eta NEF (Finantza Solidarietarako Kooperatiba Elkartea) bitartez ari gara euskoa antolatzen. Ez da banku klasiko batean sosa ukaitea bezala.

Legea aipatu duzue, sakondu alderdi horretan.

Esteban: Dirua titulu batzuk pagatzeko izaten da, tituluak txartel bereziak dira. Legean sartzeko, hasteko elkarte baten kide izan behar dugu. Orduan, kidetzea eskatzen dugu bai erabiltzaileentzat bai zerbitzu edo enpresa emaileentzat txartelen bitartez. Hala berean, legez, zirkulazioan diren euskoen pareko euroak behar direla ukan bankuan.

Christy: Beti prest izan behar dugu euskoaren truk euroetan ordaintzeko, edo frogatzeko dirurik ez dugula sortzen, eta ehun eusko aterata ere ehun euro badugula bankuan. Kapital hori aipaturiko Crédit Coopératifen dago. Frantziako Bankuak kontrolatzen ditu sosa eta billeteak.

Esteban: Frantziako Bankuarekin egon gara, ez ginen baitezpada egon behar, baina egiten ari garenarekin absolutuki ziur egon nahi genuen. Frantziako nahiz Europako legeetan adituak diren abokatuekin izan gara kontseilatuak izateko.

Sareaz beste zerbait erraiterik?

Esteban: Sarearen antolamenduan bi fasetan ari gara: erabiltzaileekin kontaktatu dugularik, haiek sartzen dituzte beren datuak Internet bidez. Gero geuk joan behar dugu haiengana espresuki funtzionamendua ontsa esplikatzeko. Interneten 150 izen dira une honetan, baina denek ez dute oraindik sinatu. Enpresak eta komertzioak dira, besteak beste. Gu interesatuak gara informazio ahalik eta gehien ukaiteko eta emateko, baina gure kezka da postaren gibelean daudenak fisikoki ezagutzea. Usu entzuten edo irakurtzen baitugu interesgarria dela, baina gero ez dute pausoa aurrera ematen. Lan luzea da.

Instituzioekin hitz egin duzue?  

Esteban: Kontsumitzaileei eta enpresei buruz ari direnek harremana ukan dute Herriko Etxeekin. Printzipioz ongi atzematen dute ideia, subentzio kanpaina abiatu dugu, nolako harrera edo emaitzak ukanen ditugun ez dakigu, oraindik ere arraposturik ez baitugu bildu. Ikusiko zer ematen duten.

Herrikoa aipatu duzue. Inportantea da bere engaiamendua, ezta?


Esteban: Batetik, kapital-arrisku sozietate horren sostengua ematea biziki inportantea da, eta gero, zerbait gehiago ere bada, fondo parekidea sortu baitu guretzat: zuk erosten baduzu euskoa, euro bakoitzarentzat eusko bat ukanen dugu bankuan eta Herrikoak diru zama bera inbertituko du Iparraldeko ekonomian. Ez badirudi ere, eragina izugarria da. 100 euro aldatzen badituzu, zuk ez duzu erosteko ahalmenik galtzen, elkarteari sosa ematen diozu eta gainera 100 euro inbertituak izanen dira gure ekonomian. Orduan zure erosketak dimentsio handiagoa hartzen du.

Zuek ez zarete banku bat, baina nola biziaraziko duzue zuen elkartearen egitura?

Esteban: Momentukoz militanteak gara, alta, gure asmoa ere bada lan postuak sortzea, bat edo bi. Noski, lehenik pertsona egokiak izan behar dira, profil egokia dutenak, oinarrian militanteak izan behar dute, proiektuan sinetsi behar dute. Gure irizpide nagusiekin bat egin behar dute. Guk ez dugu dirua sortuko, proiektuak sortzeko sosa da euskoa, baina egia da, aldi berean, gure auto-finantzamendua ere atzeman behar dugu. Geroak erran...

Billeteak nork eginen ditu? Faltsutzen ahal direla, pentsatu duzue?

Christy: Inprimategi batek eginen ditu, billeteek ziurtasun sistema bat ukanen dute, euroek duten bezala. Gure billetetan ere banda distiratsu bat izanen da, marrazki bat izanen da, papererean txertatua. Euro-billete bat fotokopiatzen baduzu ageri da berehala, beltza bilakatzen baita, euskoarekin ere berdin.

Esteban: Inprimategiak guretzat paper berezia ere manatu du, euskoa euroaren ohiko paperean izanen da inprimatua.

Krisi egoerak laguntzen al du zuen proiektua? Edo alderantziz?

Christy: Krisiarekin euskoaren beharra duela hamar urte baino handiago da beharbada, zeren eta euskoak erabiltzean, Iparraldean, badakizu hemengo ekonomia indartuko duela.

Esteban: Krisiaren kontzientzia sortzen eta handitzen ari da, eta euskoak oraino gehiago lagundu dezake zentzu horretan. Jendea ari da ulertzen zergatik den gero eta inportanteagoa tokian tokiko merkatuan kontsumitzea.

Laster izanen dira billeteak zirkulazioan. Zein duzue zeregin behinena?

Esteban: Lehenik 100.000 eusko inprimatu behar ditugu, eta horiek abian jarri, hastapenean hori da gure pario nagusia. Gero helburua ahal bezainbat billete zirkularaztea da, billeteen berraldaketa ahal bezain gutxi izatea. Hori ziurtatu behar da zirkuitua ongi osatzeko. Halaber, Herrikoaren bitartez, berak maileguak egiten baititu enpresekin, berak zer diruztatuko duen enpresetan ontsa behatu behar dugu. Gure helburua enpresa berri batzuk laguntzea eta aktibitate berriak sortzea baita, baina euskoak eskas den zerbait lagun dezan, oraindik ere eskas horiek zein diren ongi atzeman behar dugu.

Christy: Neuretzat euskoak izan dezake bi eragin: lehena, tokiko sarea sortzean, hemengo jendeen arteko harremanak azkartzea, ez bakarrik enpresen arteko harremanak, baina kontsumitzaileek enpresekin, elkarteekin, horien arteko harremanak indartzea, kanpotik ekarrarazi ordez, tokiko gauzak xerkatzea; gauzak egiteko manera beste moldez pentsatzea tokiko gure arteko dinamikak sustatuz. Adibidez, euskoa ukanen duten enpresek euskarari buruzko pegatina bat ukanen dute euskoa erabiltzen eta onartzen dutela adierazteko. Katalogoa landu dugu haiekin informazioa euskaraz eman dezaten edo euskara ikas dezaten langile batzuek. Orduan espero dugu euskaraz aiseago mintza dezaten denda zenbaitetan, euskararen inguruan ahaleginak egiten ari baitira.

Iparrraldean abiatu duzu ekimena, Hegoaldean segitzeko gero, agian?

Esteban: Hastapenean gure asmoa mugatu dugu, gero ahal bezain naturalki zabaldu nahiko genuke gure proiektua Hegoaldera. Tipiki hasi nahi genuen, Iparraldea aski zabala baita abiatzeko. Bigarren aldi batean ikusiko dugu. Adibidez, hemengo komertziante batek galde egiten badigu han badituela hornitzaile potentzialak eta sarean nahi dituztela sartu, aitzina. Gertatzen ari da jadanik, batzuek kontaktua badute Hegoaldeko bezero batzuekin. Momentuz ez dago gure egunerokoan, hemengoarekin aski dugulako. Egia erran, hasteko hango legeak ongi aztertu behar ditugu, legezko behar guztiekin ongi aritzeko. Hemen hasteko kontseilatuak izan gara juridikoki, ziur ez dugula petorik eginen.

Christy: Hegoaldeari buruz bada lana egiteko. Orain sortzen ari den proiektua bi urterako abiatu da, eta gero ikusiko dugu.

Seaskak antolatu ohi duen Herri Urratsean euroaren pare erabiliko da ere euskoa?  

Christy eta Esteban: Guk horrela nahi genuke. Antolatzaileek onartzen baldin badute, posible izanen da ere tokiko txartela euskotan erostea.

Christy: Sei talde

Irailean Biltzar Nagusia egin genuen bigarren fasera pasatzeko. Sei lan talde sortu ziren. Orotara 60 lagun inguruk eman dugu izena lan taldeetan: 1. Erabiltzaileei zuzendua. 2. Zerbitzu-emaileei begira: enpresak, merkatariak, artisauak, elkarteak... 3. Azpiegiturak lantzen dituena: aldaguneak, txartel kidetzeko kartak eta informazioa. 4. Diru laguntzaz arduratzen dena. 5. Itzultzaile taldea. 6. Informatika taldea. Gidaritza taldeak denen arteko koordinaketa eta aldian aldiko bilana egiten du. Une honetan bereziki, informatika taldea buru-belarri ari da jendea sarera ekarrarazteko eta billeteak non, nola eta zenbat kostako duten informatzeko.

Urtarrilaren 31n zirkulazioan

Euskoa urtarrilaren 31n izanen da karrikan. Egiteko ez dugu deus eskas edo falta, kezka bakarra da kidetzak tenorez ukaitea, hori da orain gure nahia eta beharra, biziki garrantzitsua baita lehen urratsa ongi ematea. Jendeak usaian geroko uzten du, eta guretzat –eta enpresentzat bereziki– katalogoak aitzinatuak izatea inportantea da. Katalogoak egiten ari gara, jendeak nora joan behar duen jakiteko behar ditu horiek, eta horrek badu epe bat. Euskoa urtarrilaren 31rako prest eta jendearen eskuetan behar dugu. Egun horretan, eta aitzinetik ere billeteak aurkeztuko ditugu jendearen gogoa pizteko. 100.000 eusko: 1, 2, 5, 10 eta 20ko billetetan.


Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 

Publizitatea

azala  
azala2349
 
azala2348

2350 zenbakia.
2012ko abenduaren 23a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys