Sindikatu abertzaleen koherentzia

CCOOk eta UGTk azaroaren 14an greba orokorra deitu dute, murrizketa larriak ekarri dituen PPren eta Espainiako Gobernuaren kontra erreferenduma eskatuz. Sindikatu abertzaleek (ELA, LAB, STEE-EILAS, Hiru) ez dute bat egin. Deialdia, Europako Sindikatuen Konfederazioak antolaturiko mobilizazioetan sartzen da –ELA konfederazioko kide da–. Egoera horrek aurreikusten du Hego Euskal Herrian azaroaren 14ko grebak jarraipen murritza izango duela.

Ondo ari al da, kasu honetan, sindikalgintza abertzalea? Jadanik sei greba orokor izan dira 2009tik, baina arrazoiak egon badaude gehiago egiteko, Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetako (EAE eta NFE) administrazioen eraso kapitalistak bere horretan dirau, eta sakontzen eta larritzen joango da soldatak, pentsioak eta zerbitzu sozialak murrizten dituzten heinean. Sindikalgintza abertzaleak borrokarako gaitasuna eta irmotasuna erakutsi ditu. Oraindik hurbil dugu irailaren 29a; greba orokorra antolatu zuten politika horien kontra, eta orduan ez zuten bat egin CCOO eta UGTk. Jakina, eraginkorragoak izateko, guztiek defendatzen dute sindikatuen ekintza-batasun handiagoa. Alabaina, burujabetza politiko eta ekonomikoa eskatzen duten sindikatu abertzaleek protagonismoa eduki nahi izatea ere logikoa. CCOO eta UGTk ekintzak Madrildik diseinatzen dituzte, eta bistan da euren espazioan, Espainiakoan, protagonismoa dutela. Baina ezin dute ahaztu bestelako espazio ekonomiko, politiko eta sindikala badagoela Euskal Herrian. Espazio horiek elkarrenganako errespetua izango balute, etorkizunean ekintza batasunerako akordioak egongo lirateke. Hori gertatu bitartean, azaroaren 14ko deialdiaz sindikalgintza abertzaleak hartutako erabakia koherentea da.


Azkenak
2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian dago, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


2024-05-13 | ARGIA
Alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Iruñean eta Bilbon

Maiatzaren 11n egin dira mobilizazioak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak antolatu dituzte. 60 eragile sozial baino gehiagok bat egin dute mobilizazioekin.


Eguneraketa berriak daude