Krisitzarra bizi dugun abiadak eragin digula

  • Ilustrazioak jendeei promestu zien hazkundeak eta azelerazioak bizitza hobea ekarriko ziela, askeagoa. Abiadura handiagotze horren orain arteko azken ahaleginak, neoliberalismoak, krisirik sakonenean murgildu gaitu, kontrol politiko guztiak suntsitu dituelako. Demokraziak denbora eskatzen du eta apenas dagoen.

Hartmut Rosa
Hartmut Rosa "“Anne Güntherren irudian"“ soziologoarentzako Karl Marxek kapitalismoaz egindako analisi ekonomikoa funtsean oso baliagarri izanik ere, hari gehitu behar zaizkio gizarte modernoen bestelako ikuspegiak, berak proposatzen duen abiadurarena esaterako, errealitatea ondo ulertu ahal izateko: historia modernoa hobeto konprenitzen da aztertuz alde batetik azelerazioa nahi duten indarren eta bestetik horientzako frenu bilakatzen diren instituzioen "“ximeltzera kondenatuta daudenen"“ arteko dialektikaren barruan. Indar horien arteko sintesia ez da erraza izanen. Kontrolik gabe, abiadurazaleek planeta hondamendira eramango dute. Aldiz, instituzioek horien kontrola hartzeak koste ekonomiko eta sozial handiak lekarzke. Rosak ikertzen darrai, aldatu behar baina ezin duguna gutxiegi ezagutzen dugulakoan.

Hartmut Rosa (1965) soziologia, filosofia eta zientzia politikoak ikasi ondoren irakasle da Jenako (Alemania) unibertsitatean. Berrikitan frantsesera itzuli dute haren azken liburua: Aliénation et accélération. Vers une théorie critique de la modernité terdive.

Elodie Wahlek Lectures aldizkarian plazaratu iruzkinean dioenez, Frankforteko Eskola famatutik ateratako Teoria Kritikoan koka daiteke Rosa. “Proposatzen digu ez bakarrik historia modernoa berrirakurtzea azelerazio sozialaren ikuspegitik, baita gainera ikerketa kritikoak garatzea ere, modernitatearen proiektua (autonomiaren garapena) azelerazioak errotik mehatxatu dezan saihesteko”.

Hartmut Rosaren bi elkarrizketa daude erraz eskuragarri, bata Goethe institutuak ingelesez egina, The financial crisis as a speeding accident. An interview with Hertmut Rosa; bigarrena Le Monden frantsesez Loic Venancek argitaratua, Au secours! Tout va trop vite! Ondorengo lerroetan bildu ditugu Rosak batean eta bestean esanetako batzuk.

Zergatik behar dugu azeleratzea? Gizarte modernoen ezaugarrietako bat da dinamikoki baizik ezin direla egonkortu, hau da, derrigor hazi eta azeleratu beharra daukatela. Ilustrazioaren promesa nagusietakoa zen horrek askeago egingo gintuela. Baina bat batean ohartu gara hazkundea eta azelerazioa gaurko status quoa bere horretan atxikitzeko direla beharrezko. Progresoarekiko itxaropena ilundu egin da. Azeleratu nahi horretan ez dugu jokatzen gauzak hobeto joan daitezen, okerragotu ez daitezen baizik.

Ekonomia kapitalisten oinarrizko ezaugarri bat da kapitalaren zirkulazioaren abiadura gero eta handiagoaren mende daudela. Zuk erosi eta saldu dezakezu segundo zati batean, baina produzitu eta kontsumitu ez. Horrek eragin du finantzen merkatuak ekonomia errealetik urruntzea, ondoriotzat ekarriz finantzen krisi erraldoia eta ondoren krisi ekonomiko orokorra.

Ekonomia neoliberalen eta finantza politiken helburua izan da kontrolak kentzea, argudiatuz libre zirkulatuz ekonomia fiteago garatuko zela. Kontrol politikoak denbora kontsumitzen du, batik bat demokratikoa baldin bada. Baina horrez gain, ekonomia arinago doanez kontrol politikoak behar duena baino, finantzen merkatuak eta ekonomia erreala ere sinkronizatu gabe daude. Gaur etekinak lortu ditzakegu ezer produzitu gabe, soilik salduz eta erosiz oinarri errealik ez daukaten akzioak.

Ekonomiak lortu du erostea eta kontsumitzea elkarrengandik bereiztea. Jendeak gero eta gehiago erosten du, baina ez gero eta gehiago kontsumitzen. Erosten ditugu janzkiak sekula jantziko ez ditugunak, liburuak inoiz leituko ez ditugunak, CDak inoiz ez entzutekoak. Arazoa sortzen da erosten ditugunak jadanik gauzak ez baina finantza produktuak direnean, honela laguntzen baitugu finantzak ekonomia errealetik bereizten.

Krisia sortu duten aditu berak omen dira orain konponduko dutenak. Hori litzateke esaera zahar hari jarraituz sinestea katuak zainduko duela esnea. Arrisku handiena da denak berdin segitzea. Eta ez da ikusten politikak aski indar izango duenik kontrola berreskuratu eta kapitalaren zirkulazioa mantsotzeko.

Bizitzeko denborarik ez

Petrolioaren ondoren denbora da gauzarik urriena, honek dakartzan ondorio patologikoekin. Jendeek inoiz baino gehiago sufritzen dute hazkundeagatik eta azelerazioagatik.

Denborak txikiagotu du espazioa. Garraiobideen, kontsumoaren, komunikazioaren azaleratzearekin, badirudi planeta txikiagotu egin dela. Edozein lekura, azkar, merkeago eta neka handirik gabe iritsi daiteke, baina gainera, komunikazioen azelerazioarekin, posible da Internetetik jaistea nahi den herrialdeko edozein musika, liburu edo film, klik bakan batzuetan.

Alabaina, gero eta arinago hartutako erabaki bakoitzak murrizten dizkigu zeharkatzen dugun herrialdeaz edo kontsumitzen dugun produktuaz gozatzeko aukerak. Oporretan bertan, dena egin behar dugu oso azkar, gimnasia, errejimena, aisialdia, liburua irakurri, diskoa entzun, leku bat bisitatu. Bizi erritmoaren azeleratze honek estres eta frustrazio asko eragiten ditu. Azken finean, kontsumoa bera ezin baitugu gehiegi azeleratu.

Oporretatik itzulita postontzia beteta daukagu, faktura berriak iritsi dira, haurrek material berria behar dute eskolarako, halako ikastaro profesional batean izena eman beharko genuke, profesionalki hobetuko nindukeen hizkuntz eskolan, jubilazio plana zaindu, osasun aseguru ahalik eta onena, telefono konpainiarekin gustura ez nabil, eta ohartu naiz gorputza ahaztu dudala, ez dut aski ariketa egiten, arriskua daukat galtzeko nire gazte itxura, hain konpetitiboa.

Azken finean, denbora unitate bakoitzeko ekintza kopurua handitzeak, bizitzeko erritmoaren azeleratzeak, denok astintzen gaitu. Gure baitan eta “kanpoan”. Laburragoak dira otorduak, atsedenaldiak, familiarekiko tarteak, hiletak, paseoak, loaldia bera. Beraz, une horiek dentsoago bihurtu behar ditugu. Azkarrago bizi, otoitz egin, jan... Distantziak laburtzen dira, mugimenduak azeleratzen, multitareak ugaritzen, aldi berean gauza bat baino gehiago egiteko. Horrek larriagotzen ditu ezintasuna, errunduntasuna, estresa, ordutegien itolarria, ezin jarraitu ahal izatearen beldurra. Ohartzen gara ez dugula ikusten nola pasatzen den gure bizia, esku artean ihes doakigula.

Azelerazioaren aroan, oraina ezegonkorra da, laburtzen doa, dena zaharkitzen da berehala, ofizioak, teknologiak, objektuak, bikoteak, familiak, programa politikoak, pertsonak, jakintza, kontsumoa.

Gizarte premodernoan, XX. mendera arte, orainak gutxienez hiru belaunaldi hartzen zituen, mundua ez zen asko aldatzen aitonaren eta bilobaren artean. Modernitate garaian, XX.eko lehen erdian, belaunaldi bakarrera estutu zen: aitonak bazekien bilobek bestelako bizimodua eramango zutela, ezin zien askorik irakatsi, hauen esku zegoen mundu berria sortzea, 68ko maiatzean, esaterako.

Gure modernitate berantiarrean, mundua aldatzen da behin baino gehiagotan belaunaldi bakoitzeko. Gurasoak ezin dio asko erakutsi haurrari ez eten gabe aldatzen doan familiaz, ez etorkizuneko ofizioez. 18 urteko gazteak entzungo dituzu aipatzen “lehen” nola ziren gauzak, 10 urte zituztenean alegia. Oraina laburtuz doa, ihesi. Berarekin mehetzen da errealitatearekiko, nortasunarekiko, daukagun sentimendua.


Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude