Ikusezinak

Diru murrizketak, kanporatze masiboak, lorpen sozial gutxituak, ongizatearen estatua arriskuan, pobrezia, egoera honetara bultzatu gaituzte diru xahutze konpulsiboek, kudeaketa negargarriek, handikien aberaste lotsagarriek eta politikarien jarduera fraudulento eta korruptoek. Sistema neoliberal honen filosofiak eta ideologiak, labur esanda, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egiten dituena. Egoera ezin larriagoa bizi dugula ematen du. Sakanaren sakonera erortzeko hurren gaudela, alegia. Hori dirudi. Eta dirudi diot, ezen kalean, egunean-egunean, lanetik atera eta ardo bat hartzera joaten zarenetan, tabernak jendez mukuru ikusten dituzu, astegun buruzuria izangatik ere. Zapatu-domeketan edozein jatetxetan bazkaltzeko-afaltzeko, aurretiaz eskatu behar duzu txanda. Aste Santuko oporrak gozatu dituztenak ere ez dira gutxi. Krisiaren aitzakiarekin baina, lau egunerako Norvegiako Fiordoetara joan beharrean, Benidorreko edo Algeciraseko eguzki beroaren atzetik ibiliko ziren seguruenik, eta Athleticek jokatuko duen Errege kopako finalera joateko asmo dutenek ez dakit banketxean krediturik eskatuko duten edota gordeta duten diru poxia erabiliko duten bidaia, egonaldia eta zelairako sarrera ordaintzeko. Crisis? What Crisis? abesten zuen Supertramp musika taldeak. Gero, agian, makina bat talo eta morokil jan beharko dute zorrak ordaintzeko! Gozatu dudana, nork kenduko dit ba dagoeneko?, pentsatuko dute, eta kito! Baina ukaezina da egunero entzuten-ikusten ditugun berriak ezin latzagoak direla. Eta egoera honek ez du behea jo, antza. Baina salbuespenak salbu, kalean, gure herrian ez da antzematen benetako egoerak islatzen duen irudia. Manifak, lanuzteak eta grebak eguneroko ogi izaten jarraitzen dute, eta izango da miseria gorrian bizi denik eta ahora mokadurik eramateko modurik izango ez duenik, eta aurrera egingo badu, gizarte laguntzen apurrarekin konformatu beharko denik. Baina gure kaleetan horrelakorik ez da hain nabarmen ikusten. Ikusezin, ukiezin bilakatu dira krisiaren eraginak baztertu dituen gizon-emakume aldrak, Indiako gizarte maila behekoenetako kastarik gabekoak bezalaxe. Ez dakiguna da sistema injustu eta insolidario honek betiko desagerrarazi edo irentsiko dituen (gaituen) edo bizitzaren (ekonomiaren) ziklo nefasto hau iraganda, ezerezetik edota errautsetatik aterata, aurrera egiteko gaitasuna izango duten (dugun).


Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude