“Xora”-k asmatu du Jinkoak sortzen... eta desegiten

  • Pelikula zubereraz grabatu dute eta berezitasun hori azpimarratu dugu kazetariok estreinatu aurretik Xorari buruz hitz egitean, horrelakorik egiten den lehenbiziko aldia delako, baina behin filma bukatu eta ikusgai egongo den honetan, ez dut uste bidezkoa denik ezaugarri horrekin tematzea, Peio Cachenautek zuzendutako lanaren alderdi esanguratsuenez ahaztea litzateke eta.

Jef Goihenexpe, Xora filmeko protagonista, errodajean.
Jef Goihenexpe, Xora filmeko protagonista, errodajean.

Idaztearen eta bulegoko lan arrunta edukitzearen artean erabaki beharrean den gaztea (Jef Goihenexpe) da protagonista eta haren osabak, “Hollywood” ezizenena daukan idazleak (Titika Rekalt), ematen dio kontrapuntua. Rekalten pertsonaiak berak iradokitzen du hasiera-hasieratik, beharbada, ez gaudela %100 klabe errealistan ikusi behar den istorio baten aurrean: cowboy baten modura doa jantzita, ezkerreko begia piraten antzera estalita; eta ilobarekin dauzkan elkarrizketetatik halako misterio giro bat zabaltzen hasiko da. Baina gainontzean, denak normala dirudi. Tempo lasaiak eta plano luzeek ere hori eman dezakete aditzera, nahiz eta baden film osoa hartzen duen tentsio zehazgabe bat, ezinegon bat; pertsonalki, Twin peaks telesaila hein batean gogora ekarri didan atmosfera –hain zuzen David Lynch aipatu zuen Cachenautek, filmaren errodajeari buruz Mikel Asurmendik Argiaren 2.291. zenbakian egin erreportajean–. Musikaren erabilera egokiak eta nondik datorren ez dakigun off-eko ahotsak laguntzen dute giro hori sortzen.

Osagarri onak dira, gainera, protagonistak gradualki biziko duen noraeza janzteko. Neska-lagunarekin, adiskideekin edo bulegoko nagusiarekin hizketan ikusiko dugu, eta idazten; eta istorioak aurrera egin ahala geroz eta galduago egongo da, geroz eta bakartuago, horren kausa zein den ez dakigun arren. Inguruan jazoko diren gertakari lazgarriek, osabak idatzitako nobela lodi batek istorioan hartuko duen garrantziak eta atzetik dabilkion beltzez jantzitako tipoak, are misteriotsuago bihurtuko dute dena.

Pasarte batzuetan ikuslea apur bat gal daiteke apika, istorioak errealismoa puskatu gabe arrakalatu egiten baitu handik eta hemendik; ez du kontakizun fantastiko izaterainoko pausoa ematen, baina mugan dabil etengabe. Eta fikzio mailen arteko jolasa ere planteatzen du, kontua gehiago kiribiltzeko. Tematika aldetik, hainbat bikoiztasunen artean eraikitako filma da Xora: errealitatea/fantasia, bizitza/heriotza, idazle bizimodua/soldatapeko lana… Gai klasikoak, unibertsalak, baina orain arte inoiz zinemaratu ez zen testuingurutik kontatuak.

Ulertuko duzue, orain artekoa esanda, zergatik idatzi dudan testu honen lehenbiziko esaldia. Xorak kontuan hartzeko moduko apustua dauka atzean eta esango nuke egileek asmatu dutela Jainkoak sortzen… eta desegiten.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude