Zeruan zero zabor, txatar koxkor batek mailatu ez zaitzan

  • Irailaren 23an gizakiak ekoiztutako satelite bat, sei tona txatar, 26 puskatan zatiturik itzuli zen Lurrera eta Ozeano Bare gainean barreiatu. Zatiotako bat kristauren bati gazta gainera erortzeko probabilitatea oso txikia omen zen, 3.200etik bakarra. Probabilitate txikia? Loteria egokitzekoa askoz txikiagoa izanagatik jokatzen segitzen dugu.

Irudian Goi Eguratsa Ikertzeko Satelitea (ingelesez Uper Atmosphere Research Satellite, UARS) goragotik beste batek argazkian hartuta. 10 metro luze eta diametroa 4 metro, sei tona inguruko pisua egiten zuen. 1991ko irailean utzi zuen Discovery koheteak 6
Irudian Goi Eguratsa Ikertzeko Satelitea (ingelesez Uper Atmosphere Research Satellite, UARS) goragotik beste batek argazkian hartuta. 10 metro luze eta diametroa 4 metro, sei tona inguruko pisua egiten zuen. 1991ko irailean utzi zuen Discovery koheteak 600 kilometro inguruko altueran, Lurraren atmosfera ikertu zezan. Zehazkiago, UARSak lagundu behar zuen hobeto ezagutzen Lurretik 15 eta 100 km arteko atmosferan gertatzen dena: eguratsaren osaketa eta kanpoko indarren, esaterako Eguzkiaren erradiazioen eta eremu magnetikoen, eragina. 2005ean itzalarazi zuten, George Bushek ikerketarako diru laguntzak murriztuta. Irailaren 24an itzuli zen atmosferara. Baina lehenagotik zebilen txatar multzo alderrai: 2010eko urrian Nazioarteko Espazio Estazioak maniobra egin behar izan zuen UARSarekin talka ez egiteko. Ozeano Barean amildu zen azkenean.

Goi Eguratsa Ikertzeko Satelitea (UARS ingelesezko sigletan) 14 urtez aritu zen bere lana xuxen burutzen, ondoren beste sei urtez Lurraren gainean alferrik jira eta bira ibiltzeko. Gizakien kontrolpetik aspaldi eskapu eginik, atmosferan sartu eta gehienik desegin egin zen marruskaduragatik, baina kiskali gabeko 26 bat pieza lurreraino iritsi ziren. Hobe itsasoraino esatea, Ozeano Bareko punturen batean hondoratu baitziren.

1991ean Discovery transbordadorearekin aireratutako hamar metroko tramankuluak ofizialki aztertu zuen Lurrak inguruan daukan ozono geruza; horrez gain bestelako zein helburu zuen jakitea ez da erraza, tartean militarrak egonik. Erregaia kontatu gabe sei tona inguru pisatzen zuen satelitea garaiko 750 milioi dolar kostatu zen. Guregandik 580 kilometrotara egon da geroztik orbitan.

Bitxikeria dirudien albistea gero eta sarriago errepikatzen da. Irailaren 23an erori bazen azkena, hurrengoa urriaren bukaerarako iragartzen da, Rosat satelitea, uniber-tsoaren kartografia egiten jardun omen duen teleskopio mugikorra. 2,4 tona pisatzen du, eta adituek uste dute horien erdia osatzen duten piezak iritsiko direla lurreraino. Norbait kaskezurrean kolpatzeko erori berriak baino aukerak are handiagoak dauzka Rosatek, 2.000tik bat, NASAk onargarritzat jotzen duen 10.000tik batekoa baino askoz arriskutsuagoa da.

Gero eta ugariago itzuliko digu –itzuli esan behar, gizakiok bidalia da eta– txatarra espazioak. AEBetako Union of Concerned Scientists (Zientzialari Arduratsuen Elkartea) delakoak daukan All Things Nuclear blog oparoan Laura Gregok uztailean jorratu zuen espazioko zaborraren gaia: “Espazioko txatarra: [urte batzuetako] aurrerapenaren ondoren, hamarkada tamalgarria”.

Ekaineko albiste ez oso zabaldu baten aipamenarekin hasten da Gregoren artikulua. Izan ere, ekainean ISS Nazioarteko Espazio Estazioko eskifaiak eskotilak itxi eta Soyuz kapsulan gorde behar izan zuen, ortzian barrena zebilen pusken bat haiengandik hurbil pasatzekoa zelako.

Puska txikiak dira horrelakoak, satelite eta koheteen osagaiak, baina sekulako abiaduran dabiltza: segundoko 10, hau da, orduko 35.000 kilometroko txistuan, datorren gramo bateko piezatxoak orduko 100 kilometrokoan datorren 100 kiloko burdin batek adinako kaltea eragin dezake.

Ekainaren 28ko New York Times­en Kenneth Chang-ek azaldu zuenez, espazioko estazioko eskifaiak Soyuz kapsuletan egingo zuten baldin eta metalezko ale galdu hark instalazioa birrindu izan balu. 350 metrora pasa zitzaien, zorionez.

Kasu honetan iheserako maniobra abiarazi zuten NASAk kalkulatu zuelako pieza alderrai harekin topo egiteko aukerak 360 artetik batekoak zirela. Erreakzionatzeko halako larritasunik ez dagoenean, estazioa mugiarazten dute, talka saihesteko.

Kanikak ez, metrailakiak dira

1957an errusiarrek lehenbiziko Sputnika jaurti zutenetik, gizakiak Lurraren orbitan biraka milioi erdi puska baino gehiago laga ditu. Han goian sekulako bake isila gozatzen dela esan izan zaigun arren, paraje arriskutsua bihurtua da.

Edozerekin egin dezakezu tupust, izan satelite baten zatiki edo gizakiek utzitako simaur, aurreko sateliteek galdutako kamera, sentsore, leiar... Ekainean ebakuatzeko maniobra burutu behar izan zuen eskifaiari berari 2009ko martxoan oso hurbil pasatu zitzaion aspaldiko satelite baten motorra.

Igoeran koheteek utzitako atal eta erregaiak ere kontrolik gabe dabiltza. NASAko Jonathan McDowellek New York Timesi esan dionez “horiek ez dira orain koheteen atal: 500 metraila ale dira”.

NASA eta beste agentziek eten gabe jakinarazten dizkiete espazioan sateliteren bat duten estatu eta konpainia pribatuei alarma ohar berriak. Hona adibide bat, amerikarrek emana. Txinak 2007an egin zuenetik sateliteak misilez suntsitzeko froga, operazio haren ondorioz sortutako txatarrek 677 ohar eragin dituzte. Beste datu bat: 2010etik gaurdaino orbita apalean dauden sateliteen jabeek 100 maniobra baino gehiago egin behar izan dituzte kolisioak ekiditeko.

Zabor multzo handi horrek hor segituko du dozenaka urtez, eta gutxitu ez ezik gehitu egingo da. Nola oztopatu emendatze hori?

1990tik Nazio Batuen Erakundeak, COPUOS Kanpoko aldeko Espazioaren Erabilera Baketsurako Batzordearen barruan martxan dauka azpibatzorde berezi bat, IADC Espazioko Zaborren Koordinaziorako Komitea. Urte luzeotan gomendioak eskaini dizkie kohete eta satelitegintzan ari diren estatu eta konpainiei, bai jaurtitzerakoan eta bai itzulerakoan sortzen dituzten hondakinak murrizteko. Gomendio guztiok 2007an NBEak berak formalki ontzat eman zituen.

Gezurra dirudien arren, hondakinak are gehiago ugaritu dira urte hartatik espazioan. Laura Gregok All Things Nuclear blogean erakutsi duen grafikoak garbi nabarmentzen du. Ez da kasualitatea.

2007ko otsailean, NBEak aipatu IADCren gomendioak publikoki bere egin zituen hilabetean bertan, lau espaziontzi desegin zituzten orbitan, milaka txatar zati gehiago barreiatuz. Lauetatik hiruk askoz zabor gutxiago sortuko zuketen baldin eta beren jabeek aldez aurretik erregaiz eta bestelakoz hustu balituzte... gomendioek eskatu bezala.

Laugarrenarena lotsagarriagoa izan zen: Txinak bere satelite bat suntsitu zuen lurretik jaurtitako kohete berezi baten bidez, sateliteen kontrako armak probatzeko. Justu horixe da IADCren gidaliburuak espresuki ez egiteko eskatzen duen gauzetako bat.

Txina ordura arte espazioko gerraren kontra mintzatu izan zen, baina 2007an erakutsi nahi izan zion munduari lehiaketa horretan ere aurreko muturrean nahi zuela. Ordainetan, metraila gehiago Lurraren orbitan.

“Pentsa dezakezue –idatzi zuen orduan Gregok– zer litzatekeen burnizko kanika batek, bala baten halako 10eko abiaduran doanak, jotzea makina bat espresuki arin egina. Txinak test anti-satelitearekin horrelako 35.000 kanika barreiatu ditu, zentimetro inguruko piezak. Eta 1.500 gehiago 10 zentimetrokoak edo handiagoak”.

Gure telefono mugikorrak, telebistak eta abar lanean edukitzeko orbitan dauden sateliteek zenbat puska utzi dituzten ez dakigu, ezta zaharkitutakoan lurreratzean zenbat gehiago sortuko dituzten. Baina hasi gara ohartzen gora jaurtitako guztia datorrela berriro behera.


Azkenak
2024-09-25 | Gedar
Bilboko Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du etxegabetze batean

Poliziak hiru pertsona etxegabetu ditu asteartean Alde Zaharrean, eta protesta egiten ari zirenen kontra jo du.


Sail Ofiziala. 5.eguna
Langile klasearen erretratu bat

Marko baten barnean beti, baina denetarik ikusten ari gara Zinemaldiko Sail Ofizialean. Eta hori, egia esan, eskertzen da. Alde handia dago toreatzaile horren pelikulako dozenaka “olé tus huevos”-etatik On Falling-eko isiltasun amaigabeetara.

Sare... [+]


EHUn euskaraz ikasi nahi eta gaztelaniaz egitera behartuta

Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


NBEko Batzar Orokorrak gehiengo zabalez agindu dio Israeli okupazioa amaitzeko urtebeteko epean

181 estatu kideetatik 124k babestu dute neurria, eta hamalauk soilik bozkatu dute kontra. Ez da erabaki loteslea, eta ez da espero honen ondorioz Israelek jarrera aldatzerik.


2024-09-24 | Mikel Aramendi
Mintegi akademiko batek astindu ote dezake potentzien geoestrategia?

Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.


2024-09-24 | ARGIA
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Otsoa babesteko neurriak salatu dituzte abeltzainek Amurrion, hildako ardiak jendaurrean erakutsita

Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


Ehunka sare komunitarioa martxan da Bilbon

Larunbatean aurkeztu dute Ehunka San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako sare komunitarioa, hiru auzoetako bizi baldintzak hobetzearen alde lanean dabiltzan eragileek osatua.


Eguneraketa berriak daude