Herio arratsean

Antton Olariaga
Antton Olariaga

Asagoko mendi horixka eta erreka gorriez gaindiko herri urrun hartan, eguzkia itsaso eta herri bihurtzen baina ilargia berritzen ez zeneko hartan, ozenki esan zuten egunkariek. Ozenki esan zuten ezen beharrezkoa zela enpresa nuklear hura, argindarra ekoizteko. Balizko arriskuak arrisku, babestu egin behar zela hura. Saihestezinak zirela energia-iturriak oro, baita perilosenak ere. Zeren, argindarrik gabe, ekonomiaren motora itota ibiliko baitzen, ibiltzekotan.

Berrehun sumendi eta zazpi mila uhartetako herri urrun hartan, irratiek esan zuten ezen hain arriskutsua ere ez zela zentral nuklear hura. Alegia, ingeniariek bazutela buruan zerbait burutsua, gai gris deitzen zaiona. Beraz, arriskua bazegoen ere, kontrolpekoa zela hura.
Kanforrondo- eta magnolia-basoetako herri urrun hartan, telebistek esan zuten ezen lurrikaren aurkako hormatzarrak zituela eraikinak. Ez zutela botako haizeteek. Ez zutela eraitsiko euriteek. Lotozko sare digitalek esan zutenez, fabrika hura zen birrin-ezina, suntsiezina.

Baga, biga, higa…

Bat-batean, Apokalipsiaren zaldi gorriaren etorrera ikusi zuten denek, eguzkiaren azken labankadak ortzia orbaindu zuenean. Abantaila hartuta hurbildu zen Herio: trostan hasieran eta, ondoren, asapala bizian.

Sortalde urruneko herri hartara, ezpata eskuan zuela hurbildu zen balbe gaiztoa. Zamaria zakarki akuilatuz, ezinezko abiadura eroa eskatuta. Bitsak eta izerdiak xigortu zizkion zaldun krudelak abere ederrari… Kontatzen dutenez, hegoak ere kiskali omen zizkion lau hankakoari, bortizkeria neurgaitzean.

Eta, estropuz egin zuen zaldi gorriak ustekabean. Gerriak hautsi zitzaizkion zaldunari, eguzkiak kiskalitako buztinetan. Eskuan zeraman ezpatak ihes egin eta, hara non jo zuen Herioren aihotzak zentraleko paretatzarra; birrin-ezina zena, plutonioaren kartzela izateko ingeniariek gai gris delakoarekin bikainki eta ezin hobeki diseinatua zena.

Zulo txiki-txiki bat eragin zuen metal ondo galdatu eta hobeto suberatutakoak porlan trinkotuzko eta sendotuzko hesian. Horrela geratuko zen dena, baldin eta barrutik indar egin izan ez balu patu beroak. Zuloa zena, arrakala bihurtu zen. Arrakala, zintzur. Zintzurra, leize eta amildegi.
Askatu egin zen munstroa. Bost itsaso eta lau haizeetara barreiatu zen haren pozoia.

Ikimilikiliklik

Egunak pasatu dira harrez gero. Ez asko ere, egia esan. Egunkariek eman dute ezbeharraren albistea. Negarra eragin digute irratitik nahiz telebistatik. Sare digitalak hasi dira plazaratzen segurtasunari buruzko dudak. Lehenago, txoroek baizik planteatzen ez zituztenak. Eztabaida piztu da berriz ere.

Albiste eta albiste bitartean, amona xaharra ikusten dut lehertu zen fabrikaren inguruko hondakinetan. Sigi-saga dabil haien artean, plastikozko poltsa bat darama eskuan. Arropa esekitzeko kakoa aurkitu du zaborraren azpian. Jantzita duenaz aparteko ezer ez duen arren, bildu egin du.

Hots, hots… bizion oinok. Eguzkia itzalita, elur-zirina ari du. Erori eta mina hartu du amona horrek. Zauritu egin da, baina ebakiari ez dario odolik. Gatzatua du. Arnasa bezala. Esperantza bezala. Urratsa bezala.

Ingurura begiratuta, ezer ez du ezagutzen, errekonozitzen. Hondakin handi xamar batera hurbildu eta kakotik eskegi du. Bere burua.


Azkenak
PSC irabazi ditu hauteskundeak Katalunian, eta independentismoak kolpe latza hartu du

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Materialismo histerikoa
Isilean


Eguneraketa berriak daude