Klima aldaketaren biktimak borrokan Ande mendietan

  • Abenduaren lehen egunetan Mexikoko Cancunen klimaren aldaketaz goi bilera burutu da, oihartzun ahulagoa lortuz iaz Kopenhagen eginikoak baino. Aldiz, urtetik urtera nabarmenagoak dira eguraldiaren aldaketak eragindako kalteak. Cancunekoaren bezperan Peruko mendietan ur lapurketaren kontra oldartutako herritarra hil zuten.
The Guardianek John Vidal ingurumeneko sailburua bidali du berriemaile berezi lanetara Mexikoko Cancunera, klima aldaketaz abendu hasieran burutu behar zuen bilera nagusira. Baina Yucatango hondartza epelen gozoan entzun beharreko hitzaldi eta agirietako erretolikan murgildu aitzin, Vidalek itzuli handi samarra egin du Perun barna. Hain justu, Cancunen hitz eta pitz jorratuko zen klimaren kanbiatze famatua zertan den bere begiz ikustera.

A climate journey: from the peaks of the Andes to the Amazon’s oilfields izenburupean idatzizko kronika mamitsua eta lau bideo eskaini ditu egunkariaren webgunean. 4.700 metroko altueran hasi du bidaia, Cayambe mendiaren elurretan, eta Amazonaseko oihanean bukatu, berrikitan bioaniztasunaren gordailu izendatu den Yasuní eskualdean.

“Tartean –idatzi du John Vidalek– ikusi ditut uragatiko gatazkak, desertuak zabaltzen, ibaiak idortzen, tenperatura extremoak eta gaixotasunak ugaritzen, mintzatu naiz beren begien aurrean elurrak desagertzen ikusita etorkizunaren beldur diren gizakiekin, eta ikusi ditut Gobernuak benetan kezkatuta laster ezingo dituztelako beren jendeak elikatu, ez eta urez eta argindarrez hornitu.

Klimaren aldaketa apenas dager komunikabideetan egunokaz, Cancuneko bilkurak minutu gutxi hartu ditu telebistetan, bai behintzat alderatzen badugu iaz garai beretsuan  Kopenhagekoak eduki zuen garrantziarekin. 2010a krisi ekonomikoaren urtea da, Europan apostuak egiten dira ea Irlandaren ondoren eta Portugalek eta Espainiak joko duten porrota. Baina 2010a estatistikek biltzen duten garaiko urterik beroena izan da. Errusian eta Asia erdikoan udako tenperaturak bataz bestekoa baino 7,8 gradu gorago ibili dira. Pakistango uholdeek 20 milioi jende kanporatu dute etxeetatik.

Eguraldiak ehunka hondamendi eragin ditu ludi osoan aurten. Hala ere, leku askotan aspalditik ari dira nabaritzen aldaketak. Vidalek bisitatu ditu horietako batzuk Ande mendien bi aldeetan.

Cayambe mendiaren magalean 4.700 metrotan azaltzen da kazetaria lehen bideoan. Ekuatorean egonagatik parajeok beti egon dira izoztuta, 5.900 metro dauzkan gailurraren altzoan. Vidali jakinarazi diote elurrek atzera egin dutela etenik gabe azken 30 urteotan, 600 metro gorago amaitzen dira gaur egun.

Bolivar Caceres glaziarretan adituak esan dio Ekuadorrek dagoenekoz galdu duela zeukan izotz guztiaren herena. “1980ko hamarkadan hasi nintzen honetan eta geroztik aldaketa azkartzen ikusi dut. Hormaguneek kilometroka egin dute atzeraka. Cayambek zeukan izotzaren %40 galdu du, agian %10 azken hamarkadan”.

4.100 metrora jaitsita, Peruko Cusco inguruan Pampa Corralera heldu da Vidal. Julio Hanneco baserritarrak hor 215 patata klase erein eta biltzen ditu. Bi glaziarrek ematen omen zioten soroetarako ura eta gauerako argia. Orain joanak dira. Eguraldia aldatu egin da eta ez daki zer ari den jazotzen. “Lehen urtaroak ziurrak ziren eta bagenekien zer noiz erein. Gaur noraezean nabil. Beldur naiz laster ez dugula urik izango eta hori munduaren akabera izanen da guretzat”.

Ura, jana, argindarra

La Paz Boliviako hiriburua 4.058 metrotan dago. Hemengo eta Peruko gobernuek badituzte adituen aurrikuspenak elikadura eta ur eskasia datozkiela diotenak. Tenperatura 2-3 graduz berotuko balitz, Titicaca aintzirak daukan uraren %85 galduko luke. Bi milioi jenderen bizimodua arras aldatuko litzateke. Gainerakoan, Boliviari beroketa globalak Barne Produktu Gordinaren %7ko galera ekar liezaioke 2025erako, gaur irakaskuntzan eta osasunean inbertitzen duena adina.

3.900 metrotan dago Paramo eskualdea, Ekuadorren. Lehen baino askoz euri gutxiago egiten du hemen orain. Herritarrek More herrian ahaleginak egiten dituzte ura ondo probesteko: aziendak debetaku dituzte, ubide zaharrak konpondu. Hormaguneen gibeltzeak hemen ere eragiten du. Argindarrean ere bai: zentral hidroelektrikoentzako aski ez delako, laster Boliviako La Paz hiriburuaren elektrizitatezko hornidura arriskuan egon liteke.

Peruko Yauri herrian, Espinar probintzian, itsasoaren mailatik 3.816 metrotara, liskarrak aurkitu ditu John Vidalen ekipoak herritarren eta poliziaren artean. Espinarreko grebalarien buruzagi dabilen Nestor Cutirekin mintzatu dira. Hemen agintariek ura egunean ordu erdiz ematen dute.

Hori gutxi balitz, Gobernuak tratua egin du hemendik 200 kilometrora erregadiotarako behar duten konpainia handiekin, ibaian kilometro batzuk gorago presa eraiki eta handik ubidez eraman dezaten. Barazkien esportazioan Peru txapeldun bilakatu nahi du Gobernuak: esparragoak ipar amerikarrentzako, gosea bertakoentzat. “Kondenatu gaituzte poliki-poliki hiltzera. Klimaren aldaketaren ostikada da. Uraren gerra hasi da hemen”. Horrela mintzatu da Cuti. Machu Picchu inguruetan greban egon dira asteotan, herritar bat hil dute poliziek tiroka. Ez da berririk zabaldu Europan.

3.700 metrotan dago Huayhuasi, Perun. Llama eta alpakak hazi dituzte beti abeltzainek. Euriak urritu dira hemen ere. Aldiz, neguan hotza         –17ºC-raino jaitsi zen. Elias Paco laborariak diotso kazetariari hemen lehen familia batek ehunka azienda zeuzkala, orain 10-30 baino gehiagorentzako alhapiderik ez. Idorteari eta gelateei aurre egiteko obrak egin dituzte etxe eta ukuiluetan, Oxfam erakundeak lagunduta. Klima aldaketara egokitzea kario da.

Beheiti darrai The Guardianeko jurnalistak. 3.395 metrotan dago Cusco Perun. Ingurumen ministerioko funtzionario Victor Bustinzarekin mintzatu dira. Probintziatik atera gabe klimak eragindako 1.000 liskarretik gora eduki dituzte, ziento erdi bat oso latzak. Euriak urritu dira. 23.359 hektarea osatzen zituzten hormaguneek orain ez dituzte 9.631 baino, %60ko jaitsiera.

“Glaziarren urtzeak –dio Bustinzak– ordaintzen du orain artean euri falta. Baina izotzak betirako suntsitutakoan ikaragarria izango da. Dagoenekoz argindarrarekin arazoak ditugu. Datozen 30 urteetan askoz ur gutxiago edukiko dugu. Elikadura segurtasunean eragingo du, klimaren aldaketak bete-betean joko du. Ez ditugu jendeak ikaratu nahi, baina prest egon beharra daukagu”.

Etorkizun ilunari nekez ikusten zaio konponbiderik. John Vidalek txangoa Ekuadorren Brasilekiko mugan bukatu du, Yasuni parke nazionalean, Kichwa Anongo jendearen artean. Hauek pozik daude Gobernuak lortu duelako petrolioa ustiatzen duten konpainiei eskuak gelditzea. Noiz arte? Petrolioa dago klimaren aldaketen oinarrian eta azken tanta erre arteko onik ez dute izango potentzia handiek. n

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Etxeko lanak

Hauteskunde-kanpainen arteko tarte gero eta estuagoan, komeni da XXI. mendeko urte erabakigarrietan sartu garela gogoraraztea. Adibide bakarra jartzearren, ozeanoen tenperatura-errekorrak etengabe gainditzeak izututa dauzka zientzialariak, eta dagoeneko ez dakite egoeraren... [+]


2024-05-12 | Nicolas Goñi
Ekialdeko Afrikan, oztopoak oztopo, eurite aldaketei egokitzeko ekimenak martxan

Etiopia, Somalia eta Kenyako hainbat eskualdetan ia hiru urtez euririk gabe egon ondoren, azkenaldian urpetuak izan dira. Sasoi kontrasteak ohikoak izanik ere eskualde hartan, klima aldaketarekin larritzen dira, eta euriak hobeki baliatzeko hainbat tokiko ekimen garatzen ari... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Klimaren errekorrak birrindu dira 2023an ere

Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) 2023ko txostenak erakusten du beste behin ere markak hautsi direla klimaren adierazle diren hainbat alorretan: berotegi-efektuko gasak, lurrazaleko tenperatura, ozeanoen berotzea eta azidotzea, itsasoaren mailaren igoera, Antartikako itsas... [+]


Eguneraketa berriak daude