"Che justizia-egilea ezagutu nuen, edonor hiltzeko gauza zena"

  • Habana. Casa Blanca auzoa. San Carlos de La Cabaña gotorlekua, XVIII. mendeko eraikuntza. Parke historikoa, hainbat museo ditu barruan. Gaueko 9etan, tiro burrunba, “9etako kanoikada”, garai batean ordu horretan ixten zirelako hiriko ateak. Oroigarri bat... Haren beste alderdia ezagutu zuen Javier Arzuagak.

Zaldi Ero

La Cabaña, kokagune turistikoa gaur egun. Zer duzu zuk La Cabañako gotorlekua?

Justizia iraultzailea… Horma... Heriotzara kondenatuak eta haien kapilaua, ni, ondoan.

Duela 50 urteko kontuak. Zu, frantziskotarra orduan, Habanan.

1952ko martxoan apaiztu, eta hilabetera Kubara destinatu ninduten. Urrian heldu nintzen Habanara. Lau urtez, irakasle izan nintzen frantziskotarren seminarioan, Santiago de las Vegasen, Habanako aireportua dagoen alderdian. Tira, 1956an, Casa Blancako parroko izendatu ninduten. Habanako auzoa da Casa Blanca, marinel auzoa, badiaz bestaldean dagoena. Auzo horretan zegoen, eta dago, La Cabaña, Jesusen Bihotzaren monumentutik harantz. Hiru urte eta hilabete batzuk egin nituen bertako parroko. Azkeneko sei hilabeteetan –edo 1959ko lehenengo dozena erdietan; nahi duzun moduan esan–, La Cabañako kartzelako presoei laguntzen jardun nuen. Batistaren poliziak izanak ziren, edo haren armadakoak, gehienak.

“Justizia iraultzailea” esan duzu arestian.

Hantxe antolatu zirelako justizia auzitegiak. Ernesto Che Guevara zen La Cabañako komandantea. Urte hartako otsailean ireki zen hormara bidea, eta hantxe harrapatu ninduen ni. Sei hilabete iraun nuen hango kapilau. Ez nuen uzteko aukerarik ere. Bertako parroko nintzen, bakarra, eta egiteko huraxe agindu zidaten: “La Cabañara joan behar duzu. Heriotzara kondenatuei lagundu behar diezu. Zu izango zara beste mundura bidean haiei argi berdea emango diena”.

Lehenago ere ezagutzen zenuen zuk La Cabañako kartzela…

Bai. Batista garaian ere joan izan nintzen hara. Batistaren koinatua zen hango komandantea, Fernandez Miranda. Presoak bisitatu nahi nituela esan berari, eta haren erantzuna: “Ez, ez, oker zaude, hemen ez dago presorik”. Behin ere ez nuen lortu Batistaren kontrako presorik ikustea La Cabañan.

Gero, aldiz, Batistaren aldekoak izan ziren preso. Haiek ikusi zenituen...

Fandangoaren buelta: 1959ko urtarrilaren 6an Che Guevara hango komandante! Bada, hari ere joan nintzaion, presoak zirela-eta. “Komandante, mesede eske natorkizu. Tropari meza esaten segitu nahiko nuke, eta kartzelan dauzkazuen presoei ere lagundu nahiko nieke”. Che Guevararen erantzuna: “Lehenengoari dagokionez, ezta pentsatu ere. Tropa kontu horiek, hemendik aurrera kito! Preso jendeaz, ingura ezazu Santa Barbararen kaperako giltza. Zeuretzat. Gau eta egun, nahi beste lan izango duzu”. Eta egia izan, ez nuen lan eskasiarik izan! Presondegira joaten hasi nintzen, presoak bisitan. Hura preso pila! 300 bat lagunentzako etzalekuak izango ziren La Cabañan, baina han 800 preso baino gehiago ere eduki zituzten. Ez dakit txandaka lan egiten zuten, ala bata bestearen gainean. Ez dakit, baina ez dudarik izan: han ez zen ezertarako lekurik.

Epaiketak ere izan ziren.

Sosa Blancorena eta! Nik ez nuen haren berririk epaitu zuten egunera arte. Kirol jauregian epaitu zuten, oraingo kirol hirian. Baina epaitu aurretik zegoen hura kondenatua, hura eta beste bi. Fidelek Santiago de Kuban lehen diskurtsoa egin zuenetik zeuden hirurak kondenatuta: “Hiru horiek fusilatu egingo ditugu!”, esan zuen orduan Fidelek. Baina epaiketa itxura hura egin nahi izan zuen. Epaiketa arratsaldean, goizean egin nuen topo Sosa Blancorekin, presondegian. Ordurako nik banekien epaiketa izango zela… eta epaitu aurretik ere kondenatuta zegoela, bai Sosa Blanco eta bai beste biak. Haien kontra deklaratu behar zuten lekukoak La Cabañara eraman zituzten, zer esan behar zuten buruz ondo ikasteko. Sierra Maestrako guajiroak ziren. Buruz ikasarazi zieten adierazi behar zutena! Epaiketa heldu zen, ordea, eta defentsaren abokatuak buelta eman zion fandangoari, ulertzen ez zuten hizkuntza batean galdezka hasi zitzaien-eta guajiro haiei. Eta guajiroak urduri, eta fiskalak urduri, eta denak urduri. Azkenean, non edo non auzitegi kanpotik telefonoa jo zuen Fidel Castrok, epaiketa bertan behera utzi zezaten. Telebistaren aurrean jarrita ari zen epaiketa ikusten, eta ondoan izan zituen Che, Camilo Cienfuegos eta Raul, anaia… Ondoren, goizeko ordu txikitan, San Franciscoren komentura etorri zitzaizkidan militarrak, bila. “Zer, fusilamendua?”. “Ez dakigu!”, esan zidaten. Ni hartu eta La Cabañara. Sosa Blancorengana eraman ninduten. Besoetara etorri zitzaidan: “Erreza dezagun”, esan zidan. “Goazen, ni aurretik, zu atzetik… Aita gurea, zeruetan zarena…” nik, eta berak ondoren: “Aita gurea, zeruetan zarena…”. Hiru aldiz ere errezatu genuen. Ondoren, egunsentiko argia. Fusilatu egin zuten.

Zer diozu Sosa Blancoren mendekuaz? Haren oinetakoen historia.

Bada, Sosa Blanco fusilatu zuten egunean, bainatzen uzteko eskatu zuen. Gero, arropa garbia eta zapata berriak jantzi zituen, etxean zeuzkan oinetakoak, artean estreinatzeke. Esan zidan: “Aita, mesede bat eskatu nahi dizut: fusila nazatenean, erantzi niri zapatak eta eman bihar bertan hemen auzoan, Casa Blancan, edo Habanako kalean fortunatzen zaizun lehenengo behartsuari. Ez esan nireak izan direla, Sosa Blancorenak izan direla jakinez gero, beharbada jantzi ere ez dituzte egingo eta!”. Nik, berak agindu zidana egin nuen. Hil zutenean, zapatak erantzi eta parean gertatu zitzaidan lehenengo pobreari eman. Horrela, Sosa Blancok eta bere oinetakoek Habanako kaleetan oinez segitu zuten, Fidel Castro eta haren jarraitzaileei adarra jo nahian.

Pedro Morejon.

Hura ere epaitu zuten, nonbait! Columbia kanpamenduan, Habanako beste aldean epaitu zuten. Otsaila zen, ez dakit hilak zenbat zuen, ez dakit zein zen asteguna. Egunsentian esnatu eta eguneroko lanak nituen zain. Komentutik irten, Aguiar kalean, Teniente Rey eta Amargura artean, Habana zaharra. Handik sigi-sagan, Amargura, San Ignacio, katedral plaza, tenpletea… badiaraino, Casa Blancako txalupa hartzera. Beste ertzera iritsi, jaitsi eta parrokiara igo. Goizeko zazpietan ttanko aldarean nintzen, meza esaten. Dozena erdi eliztar, emakumezkoak, batzuk moja jantzian. Amaitu, egunkariak irakurri, La Cabañako presoei kontatzeko, eta gotorlekuan nintzen bederatziak orduko.

Joan nintzen, eta bila etorri zitzaidan Migel Angel Duque Estrada, kontu-ikuskaritzako burua. “Gaur gauean fusilatuko dute Morejon”. Nik: “Eta, esan diozue?”. “Ez… Horixe nahi genuen, zuk esatea, faborez”. “Nik esan? Nik ez dut horretan ikustekorik!”. Joan nintzen La Cabañara eta han galdetu nuen: “Badaki? Esan diozue fusilatuko dutela?”. “Ez… Zuk esango diozulakoan gaude”. “Baina, fusilatuko duzue eta oraindik ez daki ezer?!”… Neuk esan behar izan nion: “Pedro, gaur fusilatuko zaituzte. Ezer nahi baduzu…”. “Aita, bakarrik egon nahiko nuke”. “Ondo da. Elizkizuna ere badut parrokian eta hura bukatutakoan, geroxeago etorriko naiz”. Handik irten eta, han non entzuten dudan buila eta musika zarata inguruko gela batean. Batistaren kontrako komandanteren bat, nonbait, iraultza ospatzen, neskaz inguratuta. “Zer da hau, ordea? Non zaudeten ez dakizue, ala? Heriotza korridorea bertan eta zuek ez zarete konturatzen?!”. Eta orduantxe: “Aita, Aita! Pedro Morejon, bere burua hiltzen saiatu da!”. Izara lepoan lotu eta zintzilik zegoen. Beste preso batek eta biok heldu eta bere onera ekarri genuen. Eta Morejonek: “Zergatik askatu nauzue?”. “Eta zer egin behar genuen, bada, zeure burua akabatzen utzi? Zer esan behar dute gainerako presoek? Zer pentsatu behar dute? ‘Hori oilo-bustia, hori!’. Ez, motel!”. Gero barkamena eskatu nion, esan nizkionak esan nizkiolako… Gauerdian estreinatu zuten horma. “Aita, nire ondoan egon zaitezen nahi dut”, esan zidan. “Ondoan izango nauzu”. Garaia iritsi zenean, galdetu zidan: “Zenbateraino ondoan egongo zara?”. “Zure ondo-ondoan. Hementxe bertan”. Eta gurutzea atera nuen. “Begira gurutzeari, gu biok beste inor ez balego bezala, gurutzea gora jasota, hari begira”. Pelotoiak destatu zuen, tiro egin zuen, eta Pedro Morejon lurrera erori zen. Nik hantxe segitzen nuen, gurutzea gora jasota. Bera izan zen lehenengo fusilatua. Exekuzioa zuzendu zuen komandanteari joan nintzaion gero. “Nori bururatu zaio, ordea, tiroak preso guztiek entzuteko moduan inor fusilatzea? Nik haien ondoan emango dut gaua! Nahi duzu nirekin etorri, haiekin batera?”. Jakina, ez zuen nahi izan. Baina harrezkero fusilamendu lekua aldatu zuten. Ziega alderdi hartatik aparte, Erramuen hobian hil zituzten atzetik etorri ziren fusilatuak.

Che Guevara.

Ez dizut esango ezer mitoari buruz. Hor dago, jende askoren elastikoetan, poster eta gisakoetan. Liburu, aldizkari eta gainerakoetan. Badakigu jendeak zer dakien hartaz, heroia, gerrillaria eta hau eta hura. Iraultza egin zutela sinetsita zegoen, gerra irabazi zutela. Nik ez dut uste Chek, Fidelek eta enparauek batere gerrarik egin zutenik, inoiz behar bezalako tropa bati kontra egin ziotenik. Pare bat borrokaldi egingo zuten, gehiena jota. Batistaren soldaduek ez zuten tiro askorik egin, ez zuten idealik ere. Horra Sierra Maestra, beste mito bat. Hara, Fidelek berak inoiz egin zuen borrokarik latzena mikrofonoen kontra egin zuen, irrati eta telebistaren aurrean. Hantxe borrokatu zen Fidel, eta borroka irabazi zuen. Che gerrillaria… Nik bestelako irudia daukat harena. Behin baino gehiagotan hitz egin nuen berarekin, La Cabañako komandantea zenez, eta ni bertako parrokoa, hango presoei heriotzara laguntzen ziena. Ezagutu nuenean hogeita hamarna urte izango genituen. Che idealista ezagutu nuen lehenengo, erradikala. Ondoren, Che justizia-egilea ezagutu nuen, batere kezkarik gabe dena txikitzeko, edonor hiltzeko gauza zena:

“Justizia!”, esaten zuen berak, baina justizia ez ezik krudelkeria ere bazen harena. Aukera genuenean hitz egiten genuen. Batzuetan, elkarrizketak eteten zizkiguten. Beste batzuetan, lasai hitz egiteko aukera izan genuen. Harekin hitz egin nuen azken aldian, galdetu zidan: “Aizu, Aita, zer iruditzen zaizu izan dugun harremana, zein izen emango zenioke? Adiskidetasuna?”. Begietara begira-begira galdetu zidan. Nik: “Ez dakit, bada, adiskide izan garen. Horrako bidean ginela esango nuke, baina ez garela helburura iritsi”. “Zuzen zaude. Ez gara adiskide izan. Zuk zeure aldera eraman nahi izan nauzu, baina porrot egin duzu. Nik, berdin, zu neure aldera ekartzen saiatu naiz, eta huts egin dut. Hurrena elkar ikusten dugunean mozorroak erantzi eta bata bestearen etsai izango gara”. Ikaratan izan nintzen. “Mozorroa erantzi? Bizian ez dut mozorrorik jantzi zure aurrean. Ez nuke jakingo ezer ezkutatzen”. Che eta biok elkarri begietara begira, etsaigorik erakutsi gabe ordea. Elkarri bostekoa eman eta irten nintzen haren bulegotik. “Ondo ibili!”, esan zidan. “Zorte on”, erantzun nion.

 

 

Nortasun agiria
Javier Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1929). Fraide frantziskotar izana. Habana zaharrean zen 1959an, San Franciscoren komentuan. Zazpi urte bazeramatzan Kuban, ordurako. Casa Blanca auzoko parroko zen, lan errazean. Harik eta Batistak alde egin eta bizardunak botereaz jabetu ziren arte. Ondoren, festa eta algara, eta epaiketak eta fusilatzeak, Arzuaga parroko zegoen auzoko La Cabaña gotorlekuan bertan. Eta horra gure frantziskotarra presoei laguntzen, eta hormara bidean heriotzara. 1959ko urtarrilaren lehenengoan 31 urteko gaztea zen Javier Arzuaga, baina urteak joanagatik ere buru-bihotzetan iltzatuta darama sasoi hartako drama beldurgarria.
Hil ez
“Inor hilez ez da ez hiltzen erakusten, ezta herritar hobea izaten ere. Mendekua ere alferrikakoa da, lekuz kanpokoa. Mendekatzailea bera ere ez du asetzen. La Cabañako horma hark ez zuen inor ase, ez iraultzaileak, ezta kontrairaultzaileak ere, hauek ez zuten-eta handik batere etekinik atera. Fusilatuak ez batzuentzat ez besteentzat hil ziren martiri gisa. Hortaz, ‘alferrik’ hil ote ziren, bada, horma hartara lagundu nituen berrogeita hamabost kondenatu haiek?”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude