“Ze partida jokatzen duzu, beldurrarena ala duintasunarena?”

  • Pankarta baten atzean zaudela esan dezakete. Baina mundu baten aurrean bazaude?


    Marraztuidazu koadroa: Gernika.


    Nire lehen haurtzaroa. Oso zoriontsu izan naiz umetan. Ederto pasatu izan dut nik bizitzan, baina umetan bereziki. Zorte handia izan nuen gurasoekin, bakoitzarengandik jaso nuen gerora bizitzan markatu nauen gauza inportante bana. Oso nortasun handikoak ziren bai bata eta bai bestea. Aita oso teknikari ona zen, asmatzailea, horregatik joan ginen Eibarra, istorio oso korapilatsua bizi izan zuelako berak asmatutako mekanismo bat zela eta ez zela. Zientziarekiko zaletasuna, euskararekiko zaletasun handia... horiek aitak eman zizkidan. Eta amak, ostera, zer eman zidan? Nik uste dut oso alaia naizela, eta alaitasun ikaragarri hori eman zidan amak: alaitasun ikaragarria, maitasun handia eta jendearekiko tratu zabala, gozoa... hori amak eman zidan. Bietatik hartu nuen, nire ustez, parte oso ona. Eta oso pozik nago. Ze umetan egiten denak markatu egiten zaitu betiko. Gernikako urteak lehenengo urteak izan ziren, beste mundu bat zen, oso herriko giroa, gizarte erlijiosoa, lagun giroa... Baina oso umea nintzen eta kontu horiek subkontzientean geratzen dira.
Joserra Etxebarria
Joserra EtxebarriaDani Blanco

Kontzientziako koadroa: Eibar.


Eibarren egin nintzen, eta Eibarrek oso gauza inportantea eman zidan: klase guztietako jendea errespetatzeko ohitura. Eibarren denetarik zegoen, ideologikoki oso jende diferentea: sozialistak, ateoak... Garai hura oso erlijiosoa zen, baina Eibarren ordurako baziren ateoak, eta Eibarko kanposantuan bazegoen ataltxo bat elizara joaten ez zirenentzat. Hori shock handia izan zen guretzat, Gernikatik hara joanda. Gogoratzen naiz gure amak bazuela lagun bat Eibarko sozialista zahar batekin ezkonduta zegoena, eta sozialista hura ateoa zen. Eta gure ama berriz oso elizkoia. Eta bere lagun horren gizona hil zenean hileta zibila egin zioten. Gernikan ez zen halakorik! Hori terriblea zen guretzat! Baina Eibarren hileta zibilak egiten ziren, gurutzerik eta zer gabe, manifestazio modura, hildakoari laguntzeko. Gure ama elizkoia zen, baina bere lagunaren gizona hil zenean bere hileta zibilera joan zen! Hori errespetu ikaragarrizko ekintza zen garai hartan. Eta egun hura beti geratu zait buruan: begira ze gauza sinplea, eta ze errespetu handia.

Eibarren guk lehendik ezagutzen ez genuen figura bat bazen: kura laikoa. Kura laikoa deitzen zioten: Benigno Baskaran. Hileta zibiletan diskurtsoak egiten zituen, hildakoaren goraipamena egiten zuen, begira ze gauza errespetuzkoa. Hori Eibarren ikasi nuen, oso gauza ederra. Eta teknikarako zaletasuna ere eman zidan Eibarrek. Euskara teknikoarekiko lotura bertan hartu nuen: tailerretan euskaraz egiten zen. Hango mekanismoak entzuten nituen nik. Aitak eskopeta kainoien tailerra izan zuen Eibarren eta euskaraz egiten zuten tailerrean, eta hori ere inportantea izan zen. Baina batez ere lagun giroa, klase guztietakoak nahastea... Hori izan zen Eibarko gauzarik ederrena.

Margotzen ari zarena: Bilbo.


Bilbo Euskal Herrian dauden kontraesan guztien gunea da. Baina klase guztietako jendea ezagutzeko aukera ematen du, ikasteko aukera asko ematen ditu... eta euskaldun asko daude hemen! Beti esaten dute Bilbo erdalduna dela, baina nik euskara gehien Bilbon egin dut bizitzan! Bilbora 17 urterekin etorri nintzen, ikastera. Eskola honetara bertara etorri nintzen -Ingeniaritza Eskola- 1965ean. Garai hartan 3 ingeniaritza eskola baino ez zeuden: Madril, Bilbo eta Bartzelona. Oso jende gutxi joaten zen unibertsitatera. Hemen Espainia osoko ikasleek ikasten zuten: andaluzek-eta. Palestinar bat ere bazela gogoratzen dut. Venezuelar bat ere bai, Mendizabal izena zuena. Frankismo garaia zen, sakona, eta hasieran denok erdaraz egiten genuen, inori ez zitzaion euskaraz egitea bururatzen. Baina venezuelar hark, Mendizabalek –gurasoak euskaldunak izango zituen, gerra garaian hara joandakoak– behin galdetu zidan: “Oye Etxebarria, tú ya sabrás euskara?”. Eta nik baietz. Eta ea irakatsiko ote nion. Eta nik baietz. Eta esan zidan, “ea, nola esaten da euskaraz...” ez naiz oroitzen hitza zehazki zein zen, baina hitz tekniko bat zen, esate baterako: “Nola esaten da euskaraz elektroia?”. Harri eta zur geratu nintzen, eta erantzun nion: “Hori ez da esaten”. Inuzentea ni! Ez nekiela esan beharrean ez zela esaten erantzun nion, lotsagatik.

Orduan hasi zinen euskara teknikoarekiko interesa garatzen?


Jakina, buruari bueltaka hasi nintzen, ze Mendizabalek galdetu zidan: “Y por qué no se dice?”. Orduan hasi nintzen pentsatzen ezjakin hutsa nintzela euskaraz. Banekien euskaraz umetatik, baina... Orduan hasi nintzen neure kabuz alfabetatzen. Nire arreba batek Anaitasuna zaharra jasotzen zuen, eta hura irakurtzen hasi nintzen. Eta ez nuen ulertzen! Alfabetatu gabe nengoen, eta hitz bereziei antzik ere ez nien ematen. Garai hartan hasi zen gainera girotxoa pizten: Anaitasuna, Zeruko Argia... Horrela autoalfabetatu nintzen, horiek irakurriz. Zeruko Argia eta, batez ere, Anaitasuna.

Eta euskararekiko kontzientzia hartzen?


Orduan hasi ginen klaseko euskaldun batzuk elkar ezagutzen, bazen Galdakaoko bat, Zaldibarko beste bat, Oiartzungo bat, tolosar bat... eta esan genuen: “Zergatik ez dugu gure artean euskaraz egiten?”. Horrela hasi ginen, baina a ze desastrea! Bizkaitarrok izugarrizko arazoak genituen oiartzuarrekin konpontzeko! Ez genuen elkar ulertzen! Ez geunden alfabetaturik eta bakoitzak etxean egiten zuen bezala hitz egiten zuen. Baina poliki-poliki ohitu ginen. Soldadutzara denok elkarrekin joatea erabaki genuen, euskaldun guztiok.

Soldadutzara?


Garai hartan denak Zamorara joaten ziren, baina guk milizia unibertsitarioak egiten genituen, udako 3 hilabeteetan bakarrik joaten ginen soldadutza egitera, eta gero unibertsitatera bueltatzen ginen. Batzuk sarjentu eta beste batzuk alferez... Ofizialak izan ginen! Ni Espainiako ejertzitoko ofiziala izan nintzen! Mamma mia! Hala zen! Eta guk, denok batera, Cadiza joatea erabaki genuen. 68 inguruan izango zen. Ordurako euskaldun militanteak ginen, ordurako saltsatan sartuta... Eta han eliteko jendea zen dena, Espainia osoko oso jende aberatsa eta gu, euskaldun normal batzuk, euskaraz egiten genuenak. Iritsi ginenean ikusi genuen batetik unibertsitatekoak geundela, eta bestetik, tropakoak, zerbitzuak-eta egiteko soldadu normalak.

Haien artean ikaragarrizko analfabetismoa zegoela ikusi genuen, jendeak ez zekien ez irakurtzen ez idazten. Gu harrituta gelditu ginen, eta pentsatu genuen irakatsi egin behar geniela irakurtzen eta idazten. 2. urtean alfabetatze ikastaro bat antolatu genuen, jendeari gazteleraz irakurtzen eta idazten irakasteko. Eta pila bati erakutsi genien. Gogoan dut azken egunean ikasle guztiek afari-merienda moduko bat, festa bat antolatu zigutela esker gisa. Halako batean, ikasle izan nuen bat etorri zitzaidan, ni baino buru bat altuagoa, izugarrizko morroskoa, eta esan zidan: “Oye Etxebarria, no sabes qué contento estoy, estoy contentísimo. Ya he aprendido a leer y a escribir y ahora me voy a presentar a Policía Nacional”. Eta “oso ondo!” esan nion nik, oso ondo iruditzen zitzaidala. Gerora askotan pentsatu dut tipo horrekin. Orain urte batzuk artikulu txiki bat idatzi nuen horri buruz, esanaz beti pozik sentitu izan naizela hari irakurtzen eta idazten irakatsi izanaz. Beti pentsatu izan dut hark pentsatuko duela euskaldunak gaiztoak garela, terroristak... baina akordatuko da idazten eta irakurtzen euskaldunek irakatsi ziotela. Eta horrekin geratzen naiz ni. Oso pozik.

Ikastolan ere izan nuen fisikako klaseak eman nizkion ikasle bat, eta hura ertzain sartu zen, lehenengo promozioetakoa. Handik urte batzuetara jakin nuen torturatzaile modura ibili zela. Hori niretzat kolpe handia izan zen. Eta orduan Eginen artikulu bat idatzi nuen: “Ez dira nik irakatsiak”. Esanez, bale, ni harro nago irakurtzen eta idazten erakutsi izanaz, harro beste mutilak nirekin fisika ikasi izanaz. Baina ez nago harro gero torturatzaile delako. Hori ez nien nik irakatsi. Eta esan behar badiet torturatzaileak direla, esan egingo diet. Eta denok ditugu kontraesanak. Ni ere ejertzitoko ofiziala izan nintzen: Burgoseko epaiketa izan zenean ni Gasteizen nengoen ofizial modura praktikak egiten! Eta orduan Francoren gerra ministroa etorri zen, teniente coronel Castañon de Mena, eta nik hantxe agurtu behar izan nuen, militarki, eta eskua eman nion. Baina horregatik ez neukan burua han, nik Burgosen neukan, baina hantxe nengoen. Bizitza oso korapilatsua da, eta gure nortasuna, printzipioak etab. eraikiz doaz.

68ko maiatza. 20 urteko gaztea zinen, ikaslea. Zer iritsi zitzaizun zuri mugimendu hartatik?


Urrun geratu zitzaidan. Parisen bazeuden euskaldun batzuk mugimenduan, nire belaunaldiko jende asko, baina ni hemen nengoen, eta Parisko giro hura ez nuen ezagutu. Atzerapenez ezagutu nuen. Ordurako kezkatzen ninduen politikak, baina alderdietan militatzen geroago hasi nintzen. 70eko hasieran, Burgoskoa eta gero. Ni gehiago markatu ninduen Burgosek Parisek baino, distantziagatik. Zergatik? Burgoseko epaiketan egon zirenak nire ezagunak zirelako! Ezagutzen nituen! Bat, esaterako, gero beste puntara joan zena: Mario Onaindia eibartarra zen! Eta haren arreba nire laguna. Paris urrun geratzen zitzaidan, baina Burgosekoa diferentea izan zen, Euskal Herriko kontua zen, informazio guztia neukan, ni ere helduagoa nintzen, eta Eibarren oso gertakari gogorrak izan ziren: mutiko bat balaz hil zuen poliziak manifestazioan: Roberto Perez Jauregi. Horrek asko hunkitu gintuen. Burgosekoak bai, eta orduan hasi ginen zerbait egin behar zela pentsatzen. Txabi Etxebarrietaren hilketa ere 68an izan zen, eta hori ere ikaragarrizko kolpea izan zen. 68an izan zen lehenengo shocka, gero Burgoseko epaiketa 70ean... Milaka atxiloketa... ordurako denok geratu ginen ukituta.

Nola hartu zenuen kontzientzia politikoa?


Batez ere euskararen bidetik. Nire kontura alfabetatzen hasi nintzen, hasieran irakurriz, baina gero idazten hasi nintzen, eta hori oso garrantzitsua izan zen niretzat. Anaitasuna izan zen giltza. Donostian Zeruko Argia zegoen, eta han bazen pertsonaia bat niretzat oso inportantea: Rikardo Arregi. Istripuan hil zena, 69an, ilargia zapaldu zuten egunean. Hark izan zuen ideia alfabetatze kanpainak eta egiteko. Oraingo Josebaren anaia. Hortik bizi da hau, baina Rikardo beste gauza bat zen.

Beraz, kontzientzia politikorako lehen urratsa euskararen bidetik eman nuen. Esaten nuen, “euskalduna naiz, eta zergatik ez dakit ondo euskaraz?”. Kontuan izan euskara batua ere garai hartan hasi zela sortzen... Gauza horiek guztiak batera pasa ziren eta ni erdian harrapatu ninduten. Karrera amaitu nuenean bi edo hiru gauza agertu ziren batera, oso garrantzitsuak: nik teknika energetikoak ikasi nituen, teknologia nuklearra ikasi nuen. Lehenengo problema hori izan zen. Eskola honetan teknologia nuklearra ikasi zuen lehen promoziokoa naiz. Karrera bukaerako proiektua erreaktore nuklear baten parametroen kalkulua izan zen. Eta ikaragarri gustatzen zitzaidan, nik ingeniari nuklearra izan nahi nuen. Baina orduan sortu zen euskal kostalde nuklearraren aurkako mugimendua, eta hor hasi nintzen mugimendu politiko-soziologiko handiagoan sartzen. Irakurtzen hasi nintzen, informatzen, eta konturatu nintzen, bai, energia nuklearra oso polita zela, baina txanponak bazuela beste alde bat. Eta beste alde hori ikertzen hasi nintzen. Eta ikusi nuenean mugimendu antinuklearra zegoela, hor sartu nintzen. Eta kasualitatea: orduan hasi zen Lemoizko istorioa ere. Eta hara joandako langile batzuk nirekin ikasitakoak ziren. Eta bronka ikaragarriak izan nituen. Esan dizudan bezala, hor zegoen Burgoseko epaiketa ere. Eta euskara. Eta erlatibitatearen teoria.

Erlatibitatearen teoria?


Anaitasunan Xabier Kintanaren artikulu bat irakurri nuen: “Erlatibitatearen Teoria euskaraz” izenekoa, baina benetan erlatibitatearen legearekin zerikusirik ez zeukana. Euskararen lau dimentsioei buruz ari zen. Artikulu hura irakurri nuen Anaitasun, eta pentsatu nuen: neuk idatzi behar du erlatibitatearen teoria euskaraz, baina benetan. Eta okurritu zitzaidan Anaitasunara joatea, ea argitaratzen zidaten. 71n edo. Dena batera doa! Nire sorpresarako, Anaitasunako azalean argitaratu zuten! Ilusio ikaragarria egin zidan. Eta ez hori bakarrik: Anaitasunako testu guztiak zuzentzen zituen Imanol Berriatuak deitu zidan, eta esan zidan artikulua ondo zegoela baina zuzenketa batzuk egin behar zirela euskara hobetzeko. Nahi banuen joateko, eta berak zuzenduko zizkidala artikuluak. Eta ni haren komentutik 200 metrora bizi nintzenez, joaten hasi nintzen, eta Imanol Berriatuaren lagun handia egin nintzen. Ordutik aurrera hamabostero hasi nintzen Anaitasunan dibulgazio zientifikoari buruz idazten. Imanol Berriatua izan nuen maisu. Hasieran komentura joaten nintzen, bere liburu eta hiztegi guztiak ateratzen zizkidan –orduan edonork ez zeukan hori!- eta esplikazio guztiak ematen zizkidan. Eta iritsi zen momentu bat zuzenketa oso gutxi egiten zizkidana, eta orduan kafetegi batera gonbidatzen nuen, Mocedades izeneko kafetegi batera, Elkano kalean. Mahai batean esertzen ginen, kafetxo bana hartzen genuen. Nik beti puru bat eramaten nion eta berak Magno kopa bat hartzen zuen. Eta berriketan egoten ginen pare bat orduz.

Garaitsu hartan hasiko zinen irakasle unibertsitatean, ezta?
71n, eta apunte guztiak euskaraz egitea erabaki nuen. Nahiz klaseak gazteleraz eman, 71tik bertatik apunte guztiak euskaraz ematen nituen nik. Apunteak eginez, gero liburu bilakatzeko materiala biltzen hasi nintzen. 79an hasi ginen unibertsitatean euskaraz klaseak ematen, Leioan. Nik estreinatu egin nuen Leioako kanpusa. 71an lanean hasi nintzenean Leioa ez zen existitzen. Lehenago Deustun geunden, Botika Zaharrean. 71ko azaroan joan ginen Leioara, Medikuntza Fakultatera, eta 72-73an ireki zen Zientzia Fakultatea. 79an lortu genuen eskolak euskaraz ematen hastea. Baina euskararekin bakarrik ez zen ezer egiten, eta gauzak konpontzeko politika behar zen. Orduan hasi nintzen politika giroan sartzen.

Ni ez naiz sekula saltsa handiegietan ibili, baina beti politikan. Orduan interesatu zitzaidan alderdi bat sortu zen ipar eta hego Euskal Herrian: EAS. Jende asko bildu ginen alderdi horretan. Gero alderdi hori EHAS bihurtu zen, eta geroago HASI. Eta denbora horretan guztian militantea izan nintzen. Baina dena paralelo, sekula ez naiz liberatua izan, gauza guztietan parte hartzen nuen. Zer gertatu zen? Lemoizko kontua izan zenean Euskal Herri osoa korritu nuela Lemoizko zentralaren kontrako hitzaldiak emanaz. Espezialista nintzen teknologia nuklearrean, euskaraz banekien eta euskaraz ematen nituen hitzaldiak. Gogoratzen naiz frankismo garaian bronkak izan nituela hitzaldiengatik. Durangon eman nuen hitzaldi bat, eta ez zuten debekatu, baina polizia sekretuak etortzen ziren hitzaldietara. Eta, jakina, jendea beldurtu egiten zen. Durangoko hitzaldian 7 pertsona zeuden, eta 2 sekretak. Nire militantzia politikoa batez ere Lemoizen kontrako asuntoa izan zen. Ehunka hitzaldi eman nituen. Mugimendu ikaragarria zen. Ni beste peoi bat gehiago nintzen, eta nire lana aditu modura hitzaldiak ematea zen.

Eta Franco hil ondoren?


Gauzak aldatzen joan ziren, eta nik beti esan dut zorte handia izan dudala. Ze ni, beste batzuen aldean, gaztea nintzen, eta beti esaten dut bai bertsotan, bai politikan, bai euskalgintzan... beti izan dut ni baino zaharragoak ziren oso pertsona bikainengandik ikasteko eta haiekin lan egiteko aukera. Esate baterako, datorren astelehenean Lekeitiora noa Santi Brouarden inguruko hitzaldi bat ematera. Santi nire aita modukoa zen. Eta orain gazteei Santi Brouard nor zen esplikatzera joaten naiz. Edo Telesforo Monzon, Jon Idigoras... denak ezagutu ditut, gertutik. Zorte hori izan dut. Eta Herri Batasuna sortu zenean parlamentario izan nintzen.

Orain hiru urte Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle “kaleratua” izateari utzi zenion. Orain irakaslea zara. Zer izan da berriro eskolak ematera itzultzea?


Zoriontsu sentitzen naiz. Gaztetuta, ilusio handiz. Galdetzen didatenean unibertsitatean zer egiten dudan “nahi dudana” erantzuten dut. Egia da, nahi dudana egiten dut, kasualitatez, nahi dudana da juxtu egin behar dudana. Beti buruan izan ditudan gauzak egiten ari naiz, dakidana egiten dut. Eta satisfazio handi bat dut: borroka batean parte hartu dut, eta zenbat sufritu dudan ez dut gogoratzen. Benetan diotsut, 15-16 urtez egon gara kalean, orain berriro nago barruan, baina lortu ditugu gauzak, e! Horixe da inportanteena. Konturatzen naiz prozesu batean hartu dudala parte, eta ez noski guri esker bakarrik, baina guri esker ere bai, lege berri bat lortu dugu, Euskal Herrikoa bakarrik dena. Gu irakasleri propioaren alde borrokatu ginen, eta lortu da; lortu nahi genuen irakasle mota bat funtzionario ez zena, eta posible da... Lege berria gure borrokari esker ere egin da.

Nik ibilbide guztia analizatzen dut, ze borroka hori aspaldi hasi zen. Lehenengo 90ean bota gintuzten kalera, 6 hilabetez egon ginen kalean, eta berriro sartu ginen. Gero 92an berriro kalera, eta 2007an sartu naiz, baina sufrituaz ez naiz gogoratzen. Satisfazio handia daukat, lortu dugula zerbait, eta beste gauzekin ere berdin, e? Nik beti prozesuari begiratzen diot. Ni mendizalea naiz, eta ez nau sekula kezkatu tontorra egiteak. Betiko ideia, bidearena, bidea gozatu behar da. Helduko gara ala ez, baina bidea bizi. Eta iritsi nahi dut, e? Ez pentsa! Baina ez naiz horrekin obsesionatzen, eta bitartean bideari begiratzen diot. Eta politikan berdin, ikusten dut gauza askotan atzera egin dugula, baina beste askotan aurrera, e! Ikusi behar da zer zen Euskal Herrian orain dela 40 urte eta zer den orain, zer sentimendu dagoen. Eta unibertsitatean berdin, eboluzio bat da.

Espero zenuena aurkitu duzu unibertsitatera bueltan?


Oso ondo hartu naute, errespetu handiz. Etsaiak baditut, eta batzuek oso gaizki tratatu naute, baina paso egiten dut, horrekin ez naiz kezkatzen, beste aldearekin geratzen naiz. Bizi egin behar da! Eta bizitzeko nork bere bidea egin behar du. Eta ni oso pozik nago, eta horrekin geratzen naiz. Oso diferente topatu dut unibertsitatea, gazteak oso diferenteak dira orain. Gizartea ikaragarri aldatu da, baina hori da bizitza! Ikusten ditut gauza batzuk oso onak eta beste batzuk harrigarriak. Esaterako, euskararen erabilera. Nire bizitzako parte handi bat unibertsitate munduan euskara naturaltasunez erabiltzearen aldeko borroka izan da. Gu eskolak ematen hasi ginenean, gure ikasleak euskararen maitaleak ziren, militanteak. Orain dena euskaraz ikasteko aukera izan dute, baina askok erdaraz egiten dute, eta niretzat ulergaitza da hori. Eta badakizu zergatik den? Kostatzen ez zaiguna ez dugu baloratzen. Egungo gazteek bidea eginda izan dute, eta ez dute baloratzen jakin zer eman zaien. Dena eman zaie eginda... eta niri etxean beti esan izan didate gauza bat: zuk egiten badiozu mesedez bat edo opari bat merezi ez duenari, sekula ez dizu eskerrik emango. Esker onekoa da merezi duena, eta esker onekoa ez dena, merezi ez duelako da.

Gaur egungo gizartean, etekinak berehala lortu behar diren honetan, ia pentsaezina da inork hain borroka luzean iraun dezakeenik.


Aldez aurretik esan izan balidate 15 urtez egon behar izango nuela, agian ez nintzen joango. Edo agian bai, ez dakit. Baina orain ikusita, a posteriori... 15 urte izan dira? Ez naiz konturatu! Benetan diotsut. Orain ez daukat buruan hainbeste denbora izan denik. Eta askok galdetzen didate ez ote dudan denbora galduaren sentsaziorik. Eta ez, aldrebes, gauza asko ikasi ditut 15 urtean, bestela ikasiko ez nituzkeenak: pertsonei buruz, harremanei buruz, izaerari buruz... Jakina denbora hori beste gauza batzuk egiten erabil nezakeela, baina horrelakoa da bizitza: behin bizita, hobe duintasunez bizi, eta ni sentsazio horrekin geratzen naiz. Guk ez genuen uste 15 urte izango zirenik, guk esaten genuen “konponduko dugu eta eutsi egin behar zaio”, baina ez zen konpontzen... Nik badakit kanpotik harrigarria dirudiela, baina ni barruan egon naiz, eta barrutik gauzak desberdin ikusten dira beti. Kartzelan 28 urtez dagoena? Hura ere ez da kexatzen. Barruan egon behar da. Kanpotik harrigarria dena igual barrutik ez da hainbeste. Nik benetan diotsut: momentu oso gogorrak pasatu ditugu, baina momentu gogorrei buruz gogoratzeko ahalegina egin behar dut. Burua behartu egin behar dut horretan pentsatzera.

“Esperientzia hori bizitzeko zortea” izan dugu, irakurri dizut. Zorteko sentitzen zara?


Zorte itzela. Oraingo perspektibatik begiratuta, e? Batez ere, bizirik atera garelako. Nik beti esaten dut: hil egin behar dugu eta hil egingo gara, baina nik bizitzan bizirik nagoela sentitu dut. Askotan sentitu dut bizirik nagoela, eta ez da gutxi.

Zer izan da zuen borrokaren ondorioz lortu duzuena, eta zer geratu da bidean?


Guk helburu politiko batzuk markatu genituen. Bat: Euskal Herria diferentea da. Nire borroka politiko guztietan dago Euskal Herriaren ideia. Ni euskalduna naiz eta euskaldun gisa bizi nahi dut. Halako gauza sinplea. Eta konturatu naiz horrek ahalegina eskatzen duela: hizkuntzan, kulturan, izaeran, irakaskuntzan, politikan... dena da bat. Autoafirmazioa behar da lehenengo. Autodeterminatzeko lehenengo autoafirmatu egin behar da. Politikoki eta pertsona modura. “Ni hau naiz” esan behar da. Horregatik, nik unibertsitatea euskalduna izatea nahi nuke. Zergatik? Behar dudalako. Eta horretarako antolakuntza propioa izatea ezinbestekoa zen, antolakuntza propioa irakaskuntza sistema osorako. Hasi Ikastoletatik eta unibertsitatera. Eta guri azken zati hori tokatzen zitzaigun. Esaldi famatu hori: izan zirelako gara eta garelako izango dira. Horixe da, bizidun bat bezala, igual-igual.

Euskaldun izan nahi duzun momentutik antolatu beharra daukazu, eta non? Ba, zauden lekuan, eta irakaskuntzan ni nengoen, unibertsitatean. Antolatu egin ginen unibertsitatean, irakasle mugimendu bat egon zen eta mugimendu horrek proiektu bat egin zuen: irakaskuntza sistema propioa Euskal Herrirako. Hasi eta bukatu. Eta ze elementu dauzka? Ba, hasteko sistema propioa bada, irakasleek hemengoak izan beharko dute. Eta hori posible da Espainian? Ez. Funtzionario espainiarra izan behar baituzu, eta horretarako Espainiako konstituzioari zin egin behar diozu. Baina ni kontra nago! Orduan, ni Espainiako konstituzioaren kontra banago ezin naiteke irakasle izan? Nork esan du? Guri esan ziguten: bizitzan gauza inportante guztiak dira bai ala ez. Orain ere berdin. Orain, bertsio modernoa da: kondenatzen duzu? Bai ala ez? Ez? Ba, orduan kanpora. Gurea zen: funtzionario izan behar duzu, bestela ezin zara unibertsitatean egon. Izango zara? Bai ala ez? Ba, ez, ez dut nahi. Orduan zer egin? Orduan derrigor arazoa sortzen da. Gurea prozesu bat izan da, eta prozesu horretan pentsatu egin dugu, poliki-poliki. Inor ez da jakinda jaiotzen, prozesuan ikasi dugu. Gure helburua mugimendu horri ekarpentxo bat egitea izan da, eta lortu dugu, gure txikian.

Desobedientzia zibilaren bidez jaso dituzue emaitzak.


Gu baino desobedienteagorik! Guk gaizto fama daukagu. Eta nik beti esaten dut: nik bizitzan kobratu baino ez dut egin! Ez diot inori eskua altxatu sekula. Eta egurretan kobratu? Behin eta berriz. Mila aldiz jo naute: unibertsitatean, kalean... Eta nik sekula ez diot inori kolpe txikienik eman. Eta ni naiz terrorista? Nik kobratu baino ez dut egiten eta! Jo besteek egiten dute! Eta desobedientzia horixe da: eztabaida beste maila batean planteatzea. Hau zergatik? Legeak esaten duelako? A, ba, aldatu legea. Hori da gure planteamendua. Hori izan zen intsumisioa. Hori da unibertsitatean egin genuena. Eta alternatiba planteatu genuen, beste lege bat proposatu genuen. Eta lege horretatik ez dute dena hartu, baina %90 bai.


Jexux mari Zalakain eta zu eskolak ematera itzuli zineten, baina beste hiru irakasle kaleratuk ez itzultzea erabaki zuten (Antton Azkargortak, Jose Luis Herrerok eta Enrique Lopezek). Nolakoa da une honetan zuen arteko harremana?


Hori beste istorio bat da. Pankarta oso esperientzia interesgarria izan zen, gogorra, eta denborarekin higatu egin zen, eta momentu batean, orain bospasei urte, ikusi genuen ezin genuela kolektibo bezala funtzionatu. Orduan pentsatu genuen: proiektua berbera da, ideietan konforme gaude, baina ezin ditugu gauzak batera erabaki. Elkarren ondoan jarraitzea erabaki genuen, gure artean borrokan ez hastea, baina erabakiak aparte hartzea. Legea egin zenean eztabaida batzuk egon ziren, eta momentu erabakigarri bat egon zen, eta kolektibo bakoitzak bere aldetik erabaki genuen. Horregatik, nik ez dut horretaz ezer esaten: guk gauza bat erabaki genuen eta eurek bestea, baina konforme gaude bai eurek eta bai gu gure borrokaren helburu politikoak lortuta daudela. Apreziazio kontua zen sartu ala ez sartu. Guk momentua huraxe zela erabaki genuen eta sartu egin ginen. Besteek ezetz erabaki zuten eta hor daude, eta lastima da, baina hortxe daude. Badakizu zer pasatzen den? Momentuak egoten direla gauza guztietarako, momentu batzuk daude egokiak eta beste batzuk ez hain egokiak, eta horretaz kontziente izan behar da. Hori ikasi egiten da bizitzan. Eta hori gauza guztietan: politikan, harremanetan...


Nolakoa litzateke zuretzat unibertsitate eredu ideala?


Euskal Unibertsitatea oraindik ez da lortu. Problema da unibertsitatea inoiz ezin dela gizartetik aparte kontsideratu. Gizartearen parte da. Nire ustez problema Euskal Herria da, ez Euskal Unibertsitatea. Euskal Unibertsitatea Euskal Herria dena izango da. Euskal Herria zenbat eta hobeto joan, hobeto joango da Euskal Unibertsitatea. Gizartea den gainegitura hori, horixe da lortu behar duguna. Horregatik ni euskaltzalea naiz, baina politikan ere militantea naiz. Uste baitut bata bestea gabe ez dela ezer. Nire bizitza hori izan da beti. Ni ez nago politikan berez politika gustatzen zaidalako, dena lotuta dagoela ikusten dudalako baizik. Bestea lortzeko politikatik ere indar egin behar da. Beraz, gizartea da arazoa, eta gizartearen parte bat da irakaskuntza sistema. Baina klaro, lehenengo gizartea bera autoafirmatu behar da, autodeterminatu behar da. Horregatik naiz militantea: autoafirmatzeko, nor garen esateko.

Irakaskuntzaren funtzionarizatzeak bakarrik ez, kulturaren funtzionarizatzeak ere kezkatzen zaitu.


Badakizu zein den funtzionaritzaren problema? Jendea ez da konturatzen, baina hizkuntzak berak dio. Antzina, Espainian irakasle numerarioak ziren, zenbakiak ziren, eta funtzionarioa dena... Funtzionarioa ez da kontratu bat, izendapen bat da, estatuak izendatzen zaitu bere zerbitzari, bere legeak aplikatzeko, funtzio bat betetzeko, hizkuntzak berak esaten du. Eta guk ez dugu hori onartzen, geuk erabaki nahi dugu gure funtzioa zein izango den, ez dugu inork ezertarako izendatzerik nahi. Horregatik nahi dugu berdinen arteko kontratua izatea. Zuk diru bat eskaintzen diguzu guk gizarteari zerbitzu bat eskain diezaiogun. Gizarteari! Ez zuri. Gu gizartearen eskola gara, ez estatuarena. Logika guztiz aldatzen da.


Duintasuna. Zer esan nahi du hitz horrek zuretzat?


Koherente izatea. Printzipio batzuekin eta ideia batzuekin. Hori da duintasuna. Eta zure ideia, printzipio edo idealen kontra behartzen zaituenari aurre egitea, eta horretarako sufritu behar baduzu, sufritzea. Hori da duintasuna. Zeu izateari ez uztea da duintasuna. Eta zer zara zeu? Ba, izateko modu bat, ideia batzuk, sentimendu batzuk, balore batzuk... hori guztia. Eta ze pasatzen da bizitzan? Askotan, kanpoko batek, boteretsu uste denak –ez da hala izaten, baina hala uste izaten dugu, edo indarra duelako, edo armak dituelako, edo dirua daukalako, edo administrazioa bere eskuetan daukalako...– behartu nahi zaitu zeu izatearen kontra. Horregatik da duintasuna zeu izateari ez uztea. Eta sufritu egin behar bada norbera izateko, ba, eutsi. Ahal den neurrian. Jakina, gauza batzuek mugak dauzkate eta ezinean zaude, baina ahal den neurrian. Eta duintasunak ez du harroa izatearekin zerikusirik: ezinean bazaude aitortu, ez da ezer gertatzen.

Torturatuen duintasuna goraipatu izan duzu hainbat artikulutan.


Jakina, eutsi baitio. Sufritu du, baina zeren aurrean sufritu du? Besteak ez zion utzi nahi benetan zena izaten, eta sufritu du, baina eutsi dio. Pasatzen dena da hautsi egin zaitezkeela, eta normala da. Baina nik errespetu ikaragarria diet mundu guztiko torturatuei. Torturatu guztiek beren nortasuna mantentzearen alde sufritu dute. Horren aurrean ez dut hitzik.

Eta beldurrak ze paper jokatzen du hor?


Beldurra da giltza. Denok daukagu beldurra, baina beldurrak ez du ezer justifikatzen. Hori da giltza, hori da nik ikasi dudan leziorik inportanteena. Beldurra duintasunaren kontrako gauza bat egiteko aitzakia modura erabiltzen denean, galduta zaude. Beldurragatik egiten dira astakeria guztiak. Orduan, hori da duintasuna, beldurrari eustea. Jakina, muga hor dago. Ze torturatua izan bazara... Jakin egin behar da zer den hori. Torturatua izan denak badaki momentu batean heriotza desiratzen dela. Momentu hori heltzen denean ezin dut ezer esan, gainditu egiten zaitu, baina ez beldurra daukazulako, eusten diozulako baizik. Eusten ari zarenean txikitzen zaituzte. Bi giltzarri daude bizitzan: bata, beldurra, eta bestea, inbidia. Horiek dira bekaturik handienak. Eta denok daukagu beldurra. Ni polizia baten aurrean ipini naizenean beldurra izan dut. Orain bete da urtebete Anparo Lasheras eta biok tanketa baten aurrean egon ginela. Bi kakanarru, inolako indarrik ez daukagunak. Hantxe zetorren ertzainen furgona aurrerantz eta gu lurrean eserita. Eta begiratu nion Anparori, eta Anparo “andra debila” da, eta ni “gizon eskasa”, eta esan nion: “Zer egingo dugu?”. Eta esan zidan: “Mugitu ez”. Eta ez ginen mugitu. Hantxe gelditu ginen eta tanketa gelditu egin zen. Beldurrak geunden, kaka praketan! Baina eutsi egin genion, duintasunagatik.

Eta eszena hori bera Israelen gertatu zen handik gutxira. Neska bat tanke baten aurrean eserita gelditu zen. Diferentzia bakarra izan zen: hura zapaldu egin zuten. Eta hil. Hori pentsatzen dudan bakoitzean pentsatzen dut: a ze duintasuna! A ze indarra! Eta beldurra? Ikaragarria izango zuen! Eta hil egin zen. Ez dut hitzik. Baina duintasuna hori da: gutxienez, beldurrari eusteko ahalegina egitea. Ni unibertsitatetik bota nindutenean, nik ez neukan arazorik, funtzionario izateko baldintza guztiak betetzen nituen, eta 3 alaba txiki neuzkan. Eta andreari galdetu nion –dena esan behar bada, nire andreak nik baino duintasun handiagoa dauka-, eta erabakia hartu behar zer. Eta egia da bizitzan erabaki inportante guztien aurrean bakarrik gaudela. Ze hasieran 600 irakasle kaleratu ginen. Lehenengo kolpea eta gero 100, eta bigarren kolpearen ondoren 9. Beste guztiei zer pasa zitzaien? Beldurra. Guk ere bai, 3 alaba txiki neuzkan, baina zer partida jokatzen duzu? Beldurrarena ala duintasunarena? Dena geneukan galtzeko, baina irabazten irten gara. Pentsatzen nuen: zer utziko diet alabei? Unibertsitateko irakasle izana? Ala duintasun pixkatxo bat? Bigarrena aukeratu nuen. Eta ez da ni berezia naizelako. Nik hori miresten dut bizitzan, nik hori egiten duten pertsonak miresten ditut. Horiek irakasten didate. Niri gehiago irakatsi zidan ezagutzen ez dudan neska hark tankearen aurrean jarri zenean beste ezerk baino. Beldurra da giltza. Beldurra da boteretsuak erabiltzen duen arma zuk zeure burua saltzeko. Beti izan da hala. Hartu historia, Sokratesengandik hasita, Greziako mito guztiak, Antigonarena. Oraintxe presoekin gertatzen ari dena. Antigonari ez zioten utzi bere neba lurperatzen, baina lege guztien aurka berak egin egin zuen. Inportantea Antigona da, Creonte, estatua, pikutara joan zen. Hartu Prometeo, igual-igual. Prometeo da gaur eguneko Euskal Herria. Mito eternalak dira, betiko istorioak. Eta behin eta berriro errepikatzen dira. Ni klasikoen oso zalea naiz, klasikoek erakusten dutelako bizitza zer den. Horregatik dira klasiko.

Nola ikusten duzu gaur egungo Euskal Herria?


Ba, Prometeo. Eta Prometeok dauka soluzioa. Prometeoren istoria da: Zeus Jaikoa –Estatua- dago alde batetik, baina Prometeok sekretua daki; Prometeok badaki Zeus hil egingo dela. Eta orduan Zeusek (Estatuak) esaten dio: “Nork hilko nauen esaten badidazu, nik libre utziko zaitut”. Baina Prometeok erantzuten dio: “Ez, ez, ni lehenengo libre utzi, eta gero hitz egingo dugu”. Hemen zer gertatzen da ezker abertzalearekin? ETA kondenatu behar duzu, eta gero egingo duzu politika, esaten zaio. Baina aizu: lehenengo eskubide guztiak, eta gero hitz egingo dugu.

Askatasuna duenak ez du sekretuarekin mehatxu egin beharrik. Politika duenak ez du armarik behar! Igual-iguala da. Beldurrarekin pasa zaio Aralarri pasa zaiona. Guri esan ziguten: edo kondenatzen duzue edo ilegalak izango zarete. Bale, ba, ilegalak izango gara. Guk eskubideak nahi ditugu, denok berdinak izatea. Denok! Zuek eta geu. Baina beldurragatik askok diote “ez badugu egiten, kartzelara goaz”. Hori da Ibarretxe! Don Beldur. Ibarretxek oso gauza interesgarriak esan zituen, adibidez: hitza eta erabakia Euskal Herriarenak dira. Ni konforme zurekin, Ibarretxe. Nola ez naiz egongo? Baina mantendu ezazu pultsua! Epaiketa bat egin zioten eta beldurtu egin zen! Esan beharrean, “a bai? Ba, eraman kartzelara, ea zer gertatzen den”. Baina, horixe da beldurraren logika, eta pultsua irabazi zioten.

Apustua beldurraren parametroetatik kanpo kokatu behar da. Euskal Herria? Nola da Lukanor kondearen istorioa, biluzik zihoan erregearena. Espainiako klasikoa da hori. Espainia horixe da. Gu gara egia esaten dugun baztertuak. Guk diogu “erregea biluzik doa!”, beste guztiak ez dira ausartzen, eta isildu egiten dira, dena kenduko dieten beldurrez. Mutatis mutandi, historia bera da, printzipio bera delako beti. Giltza beti da beldurra. Guk ez dugu beldurrik erregea biluzik doala esateko, ezer ez dugunez, zer kenduko digute? Eta beldurra badaukagu ere, arriskatu egiten dugu, eta horrekin ez dute jokatzen. Baina hori eternala da, gizakiaren istorio eternala.
Nortasun agiria
Gernikan jaio zen 1948an. Gernikarra, eibartarra eta bilbotarra da. Industria-ingeniaritzan doktorea. Urte askoan fisika irakasle izana. 1992tik 2007ra Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle kaleratua izan da. Esperientzia hori Historia de una pancarta liburuan jaso zuten. Orain, euskara teknikoa irakasten du Ingeniaritza Eskolan. EAS, EHAS, HASI eta HB alderdietan militatu du. HBko parlamentari izan zen eta AuB-ko eleduna. Euskara teknikoari eta zientziari buruzko hainbat artikulu, liburu eta hiztegiren egilea.
Besteren ahotan (Eñaut Elorrietak)
“Irakasle izan nuen Joseba. Ez zioten ikasgelan fisika irakasgairik ematen uzten baina ikasgelatik kanpo eman zizkigun irakaspenik handienak, unibertsitatean ikasi nituen inportanteenak. Duintasuna, integritatea, ausardia eta maitasuna zerion, eta erasorik oldarkorrena ere norbere buruari muzin egin gabe garaitzen zela erakutsi zidan. Aurrera eraman zuten borrokaren harira, gertaera oso gogorren testigu izan ginen garai hartan Leioan, eta biharamunean, oraindik sabela bere lekura ekarri ezinik elkartasuna adieraztera hurbiltzen ginenean, iraultza-arma suntsiezinenak umorea eta zoriontasuna zirela erakusten zigun. Beti irribarrez hartzen gintuen unibertsitate atariko haien bizitza-fakultatean”.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude