Euskaldunen aterpea suntsitu zuen faxista

  • Jean Ybarnegaray politikari baxenafarraren izena hizki beltzez pasatuko da Euskal Herriko historiara. Euskaltzale eta frantziar chauvinista izatetik nazien kolaboratzaile izatera igaro zen. Bere jarduera funtsezkoa izan zen Bigarren Mundu Gerraren atarian, funtsezkoa totalitarismoaren garaipenerako.
Jean Ybarnegaray
Jose Antonio Agirre lehendakariak bere Gernikatik New Yorkera Berlinetik pasatuz-en, ohikoa zuen baikortasunez, horrela idatzi zuen Euskal Herriko zatiketaz: “Historia inoiz ez da azaldu euskaldunen alde eta XX. mendera bi estatutan banatuta (Pirinioen alde bietan) heltzea nahi izan du. Lau lurralde (Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa) Espainiako Estatuari dagozkio, eta beste hirurak (Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea) Frantziako Estatuari. Lagun batek esaten zidan Jaungoikoak bi aldeko gela eman zigula, sua egotekotan alde batetik bestera aldatu ahal izateko. Eta halaxe izan zen; gure aberria deuseztatu zuen gerra totalitarioak etxetik bota gintuenean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gure anaien euskal lurretara joan ginen babes bila”. Anaia euskaldunen babesa jaso zuten arren, beste asko aurrean izan zituzten gerrak behartuta mugaz bestaldera joandakoek. Horien artean, nabarmenena Jean Ybarnegaray dugu (Uharte-Garazi, 1885 – Paris, 1956).
 
Pertsonaia hau, 1914tik 1942ra, etenik gabe, Mauleko barrutiko diputatu izan zen. Ipar Euskal Herriko barnealdeko jauntxo indartsuenetakoa zen eta Bigarren Mundu Gerra iritsi bitartean, pilotazale, euskaltzale, baina batez ere, gerlari ohien gogo chauvinista frantziarren adibide peto-petoa izan zen. 1936az geroztik, frankista zale porrokatuen islarik argiena bihurtu zen, eta horren ondorioz, Agirrek aipatzen zuen etxe bereko bigarren gelatik aritzen zen euskal abertzaleen aurkaririk eraginkorrena eta mingarriena.
 
Etxetik kanpo: lagun, apopilo edo etsai

Jakina denez, hegoaldeko gela erabat kiskalita geratu zen 1936-1939ko gerraren ondorioz. Horren balantzea ikaragarria izan zen: euskaldunak euskaldunen aurka borrokan eta kostata eraikitako autonomia indarrez deuseztaturik. Euskal Gobernua goiz hasi zen erbesteko ozpina dastatzen. Behin-behineko porrota, behin-betiko bihurtu zen 1939ko urtarrilaz geroztik, frankistek Bartzelona eskuratu ostean, errepublikanoen hondamena itzulezina egin baitzen. Horrela, egun berean eta bide igualetik hiru lehendakari erbestera abiatu ziren: Jose Antonio Agirre, Lluis Companys eta Manuel Azaña. Horiekin batera, milaka erbesteratuk zapaldu zuten Askatasuna, Berdintasuna eta Anaitasuna goiburu zuen Frantziako Estatua. Baina lelo ikur horretatik gutxi aurkitu zuten mugaz bestaldean.
 
Agintari politikoek Frantziako barnealdera jo zuten arren, mugetatik hurbil, Roussilloneko hondartzetan, txarrantxen artean gatibu sartu zituzten milaka soldadu. Euskal errefuxiatuei dagokienez, ez zen jaso Agirrek iragarritako bigarren euskal gelarik edo aterperik, “harrera zelaia” eufemismoaren azpian ezkutatzen ziren kontzentrazio-esparruak baizik. Pirinio inguruko lurraldeetan antolatzen hasi zirenean, Telesforo Monzonek, Frantziako arduradun militarra zen Fagalderekin negoziatu zuen Ipar Euskal Herrian euskaldunentzat horrelako esparru bat martxan jartzeko.
 
Ybarnegaray: antikomunista, antiabertzale, faxista zalea

Monzoni berehala etorri zitzaion kontrako erantzuna bide desberdinetatik: Baionako La Presse du Sud Ouest kazetatik, hainbat udaletatik eta, batez ere, Jean Ybarnegaray diputatu baxenafarretik. Udalen erabakiak unean unekoak ziren bitartean, Baionako kazetaren zein diputatuaren jarrera oldartsua, Espainiako gerra zibilean zehar izan zutenaren jarraipena besterik ez zen izan. Izan ere, gerra zibilaren hasieratik frankisten alde buru-belarri aritu ziren Iparraldeko hautetsi eta komunikabide gehienak, baita euskara hutsez argitaratzen zen Eskualduna astekaria ere. Baina portaera horretan Ybarnegaray izan zen gehien nabarmendu zen politikaria.
 
Ybarnegarayk gertu zuen bere ibilbidearen gailur politikoa, Philippe Petainen agindutara ministro izatea, alegia. Gorantz zihoan politikaria zen, beraz. Aspaldi izan zen hautatua diputatu Mauleko barrutitik –zenbaitetan botoen %96arekin– eta Frantziako Diputatuen Ganberan bera zen hizlari suharrenetakoa eskuin muturrekoen artean. Estreinako  aldian, 1914an, independente gisa aurkeztu zuen bere burua, baina ondorengo legealdietan talde desberdinetan aritu zen. 1919tik aurrera Entente Republicaine Democratique edo Union Republicaine Democratique-ren zerrendetan joan zen, beti eskuin-eskuineko erakundeen ordezkari.
 
1936ko udaberrian, hala Frantzian nola Espainian ere, Fronte Popularren garaipenak izan ziren hauteskundeetan; 1933az geroztik orduan eta indar gehiago zuten faxismoaren eta nazismoaren aurkako erantzun ezkertiarra zirudien horrek. Une horretatik, ezkertiarren batasun horren porrota bilatu nahian, jo eta su aritu zen Pirinioko bi aldeetako eskuma. Espainian, 1936ko uztaileko matxinadari ekin zion, eta Frantzian, Leon Blum-en Gobernuaren kontrako kanpaina gogorrak egin zituen. Manuel Azañak, 1936ko Gerra hasitakoan Jean Richard Bloch kazetari frantziarrari  aurreratu zion legez, Espainiako Fronte Popularraren suntsipenak, Frantziako demokraziaren eta bere egitura errepublikanoaren hondamena ere ekarriko zuen. Ederki ondo zekiten hori Frantziako ultraeskuindarrek eta ekimen kontrairaultzaile horietan buru-belarri aritu ziren Jean Ybarnegarayren korrontekoak.
 
Garaztarra, antikomunista amorratua izanik, bai Frantziako Fronte Popularra bai Espainiakoa gaitzetsi zituen, erakunde horrek ezkerraren batasuna eta indarra irudikatzen zuelako. Espainiako gerra zibila abiatu zenean, nahiz eta legalitatearen aurkako matxinada militarra izan, berehala lerrokatu zen frontepopulisten etsaien lerroetan, frankisten alde alegia. Izan ere, Ipar Euskal Herrian nagusi zen iritzi publiko eskuindar eta kontserbadorearen baitan, bat egin zuten Jean Ybarnegaray, Bernard de Coral eta René Delzangles diputatuek, matxinoen aldeko jarrera sustatzeko. Delzanglesek, esate baterako, Baionako Udalean  mozioak aurkeztu zituen, bertan zeuden erbesteratuak kanporatzeko, esanez Frantzia “Europako zabortegi” bilakatzen ari zela.
 
Antikomunismotik euskal abertzaletasunaren aurkari izatera

Frantziako Gobernuak 1936an Croix-de-Feu elkarte faxistak desegin zituenean, Ybarnegaray hautatu zuten horiek ordezkatzeko sortu zen alderdi ultraeskuindarraren (Parti Social Français) buruzagi. Horrela, mitinetan eta bilera irekietan Espainiako gerraz hitz egiteko aukera ederrak izan zituen. Abagune horiez baliatuta, gero eta garbiago azaldu zen frankisten alde, eta horren ondorioz euskal abertzaleek indar errepublikanoekin bat egitea behin eta berriro gaitzetsi zuen. Pariseko Parlamentuan ere, Espainiako gerra zibilean alde errepublikanoan ari ziren guztien aurka sarritan  mintzatu zen baxenafarra. Bereziki, entzutetsuak izan ziren legebiltzar horretan egindako adierazpenak André Marty-ren kontra, Nazioarteko Brigadisten Frantziako burua, baita 1939ko otsailean Espainiatik Frantziara ihesi joandakoen kontra esan zituenak ere. Azken horientzat etengabe eskatu zuen espainiaratzea. Ybarne-ren arabera, aukera bakarra Hendaiatik ala Port Boutik barrena abiatzea zuten, hau da, Espainia frankistara bueltatzea.
 
Behin eta berriro eraman zuen auzi hori Parlamentuko eztabaidetara. 1939ko abenduan, esate baterako, Barne ministroa interpelatu zuen galdetuz “ea oraindik luze joko zuen (erbesteratuen) auzi horrek” eta kritikatuz kontzentrazio esparruetatik irteten ari zirela “milaka komunista, komunista gaiztoenak” eta Frantziako lantokietan sartzen ari zirela. 1914-1918ko gerratik zetorkion Alemaniarekiko gorrotoa komunismoaren aurkakoarekin ordezkatu zuen eta korronte horretako partaideak eta bere aliatuak, euskaldun gorri separatistak kasu, izan ziren bere jardun parlamentarioen akuilu eta biktima nagusiak.
 
1939ko udan, Von Ribentropp-ek eta Molotovek “hitzarmen germaniar-sobietarra” sinatu zutenean, Frantziako eskumak eta baita  Edouard Daladierrek gidatzen zituen erradikalek ere, komunistak legez kanpo utzi zituzten. Ybarnegarayk sutsuki babestu zuen politika hori. Geroxeago, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Ybarne bezalako eskuindarrek bat egin zuten Frantziak Alemaniari egindako gerra adierazpenarekin. Baina Drôle de Guerre –Gerra Bitxia, II. Mundu Gerra hasi eta Frantziaren okupaziora arteko denbora tartea– amaitzear zegoela, bilakaera xelebrea izan zuten eskuindar horiek. Izan ere frantziarren porrot politiko-militarraren ondorioz, Paul Reynaud gobernuburuak Philippe Petainen eskutan utzi zuen agintea. Verdungo garaileari egokitu zitzaion naziekin armistizioa sinatzea eta Hitlerren aurrean amore ematea. Ybarnegarayk, 1914-1918ko gerlari ohiak, 1919ko Versailleseko ituna alemanekiko bigunegitzat jotzen zuen parlamentariak, ontzat eman zuen 1940ko ekainak 24an Frantziako agintariek sinaturiko armistizioa.
 
Ybarnek, Reynauden eta Petainen gobernu bietan hartu zuen parte, ministre d’Etat hasieran eta Gerlari Ohien eta Familiaren ministro gerokoan. Desegiten ari zen Frantziako Errepublikaren aginte gorenetik gogor aritu zen errefuxiatuen aurka; Espainiako enbaxadore zen Jose Felix Lequericarekin batera, euskal errefuxiatuak espainaratzea edo atxilotzea izan zuen helburu. Ministro izendatu berritan, argi eta garbi adierazi zion Georges Bennac kazetariari: “Litekeena da hegoaldeko mugetako barrutietan dauden errefuxiatu katalan eta euskaldun separatistak kontzentrazio zelaitara eramatea”. Beraz, 1939ko udaberrian “harrera esparruak” Euskal Herrian paratzearen kontra jardun zena, horien erabilpen errepresiboaren alde azaltzen da orain. Baina ez bakarrik komunistak, judutarrak edo indesirables sail zabalean sartzen ziren guztiak harrapatzeko, baita bera bezain eskuindarrak izan zitezkeen Kataluniako eta Euskadiko abertzaleak atxilotzeko ere. Izan ere, ez zen mehatxu harroputzean geratu lehen aipatu duguna. Adierazpen horiek Paris Soir egunkarian kaleratutakoan, Miarritzen, Baionan eta Donibane Lohitzunen, izugarrizko sarekada burutu zuten euskal erbesteratuen aurka: 800dik gora lagun eraman zituzten 1940ko maiatzeko azken egunetan Gurs-eko kontzentrazio zelaira. Haien artean zeuden EAJko Agesta eta Epaltza anaiak, Luis Arredondo, Ander Bereziartua eta Jose Antonio Durañona, EBBko Elias Etxebarria eta ELAko hainbat buruzagi. Oso nabarmen gelditu zen gorrien aurkako jarrera, separatistengana zabaldu zuela Ybarnegarayk.
 
Ybarneren garaipena, demokraziaren porrota

15 egun baino ez zeramazkien ministro lanetan ekimen errepresibo hori gauzatu zuenean, baina garaipen azkar bezain pirrikoa suertatu zitzaion. Izan ere, nazien aurrerapenak Frantziako III. Errepublikaren porrota eta bere egitura guztien hondamendia ekarri zuen egun zehatz horietan. Abagune berezi horretaz baliatuz, Gursen zeuden erbesteratu gehienek kontzentrazio esparrutik alde egin zuten, nazien errepresioaren atzaparretik ihesi. Buruzagi dezentek bigarren erbestaldira jo zuen orduan, Donibane Lohitzune, Bordele eta Marsellatik itsasoratuz; baina errefuxiatu aberrigabeko gehienak egoera alegalean geratu ziren gerrak iraun zuen bitartean.
 
Ybarnek, bere aldetik, Frantziako demokraziaren galbidea burutu zuen. Aipaturiko armistizioaren auzia azaldu zenean, Baudouin, Chautemps, Darlan eta Davalekin batera Petainen programa faxista babestu zuen ministro euskaldunak. Horien guztien arabera, ez zen borrokatu behar, alderantziz, naziekin kolaboratu behar zen. Horrela, nazionalsozialismoarekiko collabo-en aroa hasi zen. Petain Marexalarekin bat eginik, Gerlari Ohien eta Familia Frantsesaren ministro izendatu zuten garaztarra, eta honek aginte guztiak Petainen esku lagatzea bozkatu zuen 1940ko uztailaren 10ean.
 
Demokrazia parlamentarioaren bukaeratzat jo dute bozketa hori eta horixe izan zen Ybarnegarayren eta enparauen amaiera ere. Ordurako, Frantziako Estatua nazien menpe zegoen militarki, soldadu alemanak Lilletik Hendaiaraino hedatu baitziren. Petainen agindutara zegoen Frantzia kolaborazionistaren eta alemanen menpe zegoen Frantzia okupatuaren arteko muga-lerroa Uharte-Garaziko Ybarnegarayren sortetxetik pasatzen zen, eta Ipar Euskal Herria goitik behera zatitzen zuen. Jadanik ez ziren Agirrek aipatutako bi gela, hiru baizik: Hitler, Franco eta Petain faxisten eskuetan hirurak ere. Eta dena Ybarnegaray bezalakoei esker.
Idorreria
Kanta behar dut dakizun nekhea.
Holako nekerik, nehun badea?
Batak egiten omen du xixtor gogorra,
bertzeak ur mehea?
hirugarren batek, haren zortea!
erditzen du erditzen du haizea!
Gerla denborako idorreria,
aski jan gabeko ahuleria.
Lau egun jan eta ere, ez zaut betetzen
ertzearen erdia.
Pusa ta pusa banendi balia...
Alferretan alferretan guzia.
Bigarrenez noa kabinetera
chanza hobearen entseiatzera.
Ez banu sekula santan nik ezagutu
Uharteko jaun mera!
Donibanetik uda pasatzera
igorri nau igorri nau Gurs-era.
Horen erdi nindagon kokoriko
haurrik ote zitzautan etorriko.
Zainak lehertu ponduan, begiak gorri
ez nexka ez mutiko.
Beldur nintzen antchuen iduriko
nindakela nindakela bethiko.
Hirugarrenez banizun ustea
garait nezakela nere nekhea.
Aspaldi jan eskas eta mehatua zen
ene bare sarea.
Bi umez izortu zaut sabelpea
etendura etendura doblea!
Haizatu dut ene malur zaharra
egun oroz biz iten dut beharra.
Uzkurtu nizan orduko atheratzen zaut
urhe mokor azkarra.
Bidarraiko jana ez duk hondarra
badik nunbeit badik nunbeit indarra!
Etsaigoa behar badut ahantzi,
othoi, Jauna, enetzat induljentzi!
Ez beita sobera gogor jaun horrentzat nik
gorde dudan sententzi.
Jana egin eta naizela jantzi
“Ibarneri Ibarneri goraintzi!”
 
* Nikolas Ormaetxea Orixe-k idatzitako poema.
Orixe Gursen izan zen eta bere egoeraren erruduntzat zuen Ybarnegaray.
Diputado fiña
Ibarne, Ibarne,
republiken etsai,
Eskualerrin erne
zan Ibarnegaray.
 
Diputado fiña
izan bear omen zun,
zimaurrez egiña
askoz obe gendun.
 
Erbetarren alde
joka behar zuala
esan-ta, bertzalde
joan da, zer azala!
 
Faszistekin baltzan
dabil ezkeroztik
gezur eta fartsan
ez dago oberik.
 
Erriyaren aldun
izan bearrean
Dourceles-en lagun
nayago du izan.

Lagun ere ez da
morroitxoa baizik.
Ibarne, Ibarne!
Bai al dezu lotsik?
 
Edo zentzuz antzu
gelditu al zara?
Nola zoaz faltsu
orien aldera?
 
Euskaldun semea
libertade aurka!
Arbaso legea
darabil adarka.
 
Zoaz, bai, Ibarne,
Doixlande aldera
zu lakoak erne
oi diren lurrera...
Fürer-i gibela kuztera!

Anonimoa.
Erri, 1937ko
apirilaren 24a .

* Joseba Tapiak Agur Intxorta Maite (Gaztelupeko Hotsak, 2001) diskorako berreskuratutako kantua.

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude