Zer ari zara doing?

  • Hartu blog bat, telefono mugikor bat eta bat-bateko mezularitza programa bat (instant messenger delakoa) eta sartu pote batean. Irabiatu ondo eta ea zer zapore duen. Sarean ere errezeta sinpleenek ematen dituzte emaitza onenak. Twitterren (www.twitter.com) sortzaileek argi ikusi zuten hori duela zortzi hilabete eskas. Mikroblog sistema bat sortu zuten eta erabiltzaileei what are you doing? –zertan ari zara?– galderari erantzuteko aukera eman. Asmakizuna denen ahotan dabil orain.

    Tamaina izango da arrakastaren gakoa. Gehienez 140 karaktereko mezuak idatzi daitezke Twitterreko mikroblogetan, SMS batean sartzen den testua alegia. Horrek blog bat sortu eta “elikatzea” lan handiegia dela uste dutenei aukera eman die sarean beren txokoa sortzeko. Gainera erabiltzaileek ez dute gai zehatzetan adituak izan beharrik; nahikoa dute momentu bakoitzean zertan ari diren kontatzearekin.
Pertsona bat ordenagailuarekin
Ines Urrutia
Baina ez nahastu, Twitter blog txikiak sortzeko ataria baino gehiago ere bada eta. Mikrobloga sortuta beste twitterzaleekin elkar eragiteko aukera ugari eskaintzen zaizkio erabiltzaileari: web bidez lagunen zerrenda bat osatu eta haiek zertan ari diren jakiteko aukera ematen du, besteak beste. Norberak Twitterren mezu bat idazten duen bakoitzean, bere lagunei ailegatuko zaie eta lagunek idazten dutenean guk jasoko dugu.

Gainera, bat-bateko mezularitza programekin eta telefono mugikorrekin batera erabil daiteke. Beraz, ez da beharrezkoa ordenagailuaren pantaila aurrean egotea lagunak momentuoro zertan dabiltzan jakiteko.

Berria eta arrakastatsua

Asmakizun gaztea da Twitter. Duela zortzi hilabete, jarri zen abian. Aurtengo martxorako lortutako erabiltzaile kopurua eta oihartzuna dela-eta, Texasen (AEB) banatzen diren South by South West saria irabazi zuten sortzaileek blog kategorian.
Ez zuten horrelako arrakastarik espero hain tarte laburrean. Evan Williams proiektuaren bultzatzaileetako bat izan zen eta sariketaren aurretik eskainitako elkarrizketa batean aitortu zuenez, Twitter ez zegoen milaka jarraitzailerentzat diseinatua, talde txikiak harremanetan jartzeko baizik. “Hamarnaka mila erabiltzaile ditugu oraindik [aurtengo martxoan] baina eragin handiko jendea da eta kopurua azkar ari da hazten”.

Esperimentatzen

“Twitter zail samarra da ulertzeko. Jendeak begiratu eta ‘zer arraio da hau?’ galdetzen du” azaldu zuen Williamsek. Sentsazio horixe izan zuen Gorka Julio andoaindarrak (Gipuzkoa) ere mikrobloga probatu zuen lehendabiziko aldian. “Ez nion erabilpen argirik ikusten”.

Asmakizunari arazo eta gabezia batzuk ikusi zizkion Juliok eta horiek konpontzen hasi zen nanoformatoak erabiliz. Horiei esker mezu laburretako informazioa sailkatu daiteke. Hitzaldi edo bilera bat denbora errealean Twitterren bidez jarraitzeko aukera eskaintzen da adibidez, baita edukiak hizkuntzaren arabera sailkatu, erabiltzaileek beren kokalekuak zehaztu edo mezuen edukia baloratu ahal izatea ere.

Informazioa eta komunitatea

Edozein aurrerapen teknologikorekin bezala, ematen zaion erabileraren araberakoa izango da Twitterri atera ahal zaion probetxua. Askok lan ordutan lagunekin hitz egiteko erabiltzen dute, txat baten antzera. Twittervision guneari esker (http://twittervision.com) denbora errealean jakin dezakegu mundu osoko erabiltzaileek zer esateko erabiltzen dituzten beren mezu laburrak. Atari horretan erakusten den munduko mapan Fusedreality izeneko erabiltzailearen esana agertu da: eguraldi txarraz kexu da Eskoziatik; TomVS izenekoa ere kexatzen ari da, baina lan pila duelako. Horrelakoak ikusita, hedabide askotan denbora galtzea iritzi diote asmakizun berriari.

Badira bestelako erabilerak ordea. Informazio iturri aberatsa izan daiteke Twitter. Euskarazko zabaldu.com guneak adibidez, albiste berri bat ematen duen bakoitzean titularra eta lotura eskaintzen dizkie Twitter bidez jaso nahi dutenei. Antzera egiten dute Ingalaterrako BBC News atariak eta The New York Times egunkariak ere.

2.0tik harago

Internet zaleak web 2.0 kontzeptuaz aspertzen hasiak zirenean etorri da Twitter, momentu onenean alegia. David de Ugarte bezalako adituek web 2.1 etiketa ipini diote dagoeneko asmakizunari, berorri esker sareak 0.1-eko jauzitxoa egin duela adieraziz.
Dena dela, oraindik ez dago argi benetako oinarri sendoak dituen komunikazio tresnaren aurrean gauden edo aldi bateko moda besterik ez den. Argi dagoen gauza bakarra erabiltzaile kopuruaren orain arteko hazkunde ikaragarria da. Eta arrakastaren arrastoan, antzeko aplikazioak sortzen joan direla, Dodgeball (www.dodgeball.com) eta Jaiku (www.jaiku.com) adibidez.

Gehiegi puztu den puxika ote? Interneteko iraultza berria akaso? Teknofiloen azken gutizia? Twitterrekin ezin da jakin. Anbiguetatea izenetik datorkio: twitter hitzak txioka aritzea esan nahi du; twit izenak berriz “inozo” adierazten du. Txorien kantu alaia edo memelokeria galanta izan liteke beraz. Goizegi da agian bietako zeren aurrean gauden argitzeko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Twitter
X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


2023-07-09 | Diana Franco
Teknologia
Izena duena da

Zis edo zisgnero hitzak erabiltzen dira jaiotako sexuarekin edota hezitako generoarekin eroso sentitzen diren pertsonak izendatzeko. Jaiotako sexuarekin edota ezarritako generoan eroso sentitzen ez direnak trans pertsonak izango lirateke. Errealitate hau beti existitu da, baina... [+]


2023-07-05 | Sustatu
Erabilpen mugatuko Twitter, Muskek eskaini digun azkena

Uztailaren 1ean erabiltzaileak hasi ziren igartzen, goizetik, Twitter ez zebilela oso ondo. Aplikazioan eguneratzeak geratu egin zitzaizkien, edo "muga" bat gainditu zutelako abisuak jaso. Elon Muskek argitu zuen zer gertatu zen geroago: Bakoitzak ikus ditzakeen txioen... [+]


2023-06-30 | Sustatu
Umap hil da, akabo Twitterreko euskarazko biltegia

Umap Twitterreko euskarazko jardunaren biltegia 2010eko urrian hasi zen martxan, CodeSyntax-en eskutik. 2023an, hil egin da. Elon Musk-ek hil du, berak zer garen eta nor garen ez dakien arren. Umap-en hainbat zerbitzuren oinarri izan da, euskarazko txiolarien, hedabideen eta... [+]


Twitterrek prentsaren galderei ? emojiarekin erantzuten die automatikoki

2022ko azaroan, Elon Muskek Twitter erosi zuenean, langileen erdia baino gehiago kaleratu zuen, tartean komunikazioko talde ia osoa. Geroztik, kazetarien informazio eskaerek ez dute erantzunik jaso izan. Orain, egoera aldatu da, press@twitter.com helbide elektronikora idatzitako... [+]


Eguneraketa berriak daude