36ko Gerra. Maiatzeko kronika

Adiorik gogorrena

  • 1936ko gerrak Euskal Herrian inoiz izandako erbestealdi masiboena sortu zuen. Gainera, gizarteko esparru eta adin guztiak harrapatu zituen eta lehen aldiz inolako erantzukizunik ez zutenek ere kanpora egin behar izan zuten. Haurren kasua dugu nabarmenena: Milaka erbesteratu zituzten eta beraientzat espreski atonduriko bidaia izan zen.

    Gazte gaztetandikan herritik kanpora...

    1937ko martxoa eta urria artean, 25.000 haur inguru Bizkaia, Santander eta Asturiasko portuetatik itsasoratu ziren; beraientzat ezezaguna zen Europa urruna zuten helmuga. Ebakuazio erraldoi hori, bando nazionaleko hegazkinek burututako bonbardaketen ondorio izan zen. Hainbat hirik –bereziki Bilbok– pairaturiko aire eraso odoltsuek oso argi utzi zuten frankistek behin eta berriro egindako mehatxua egia bihur zitekeela. Urtarrilaren 4ko bonbardaketa izan zen akuilua. Egun hartatik aurrera hasi ziren Frantziara bidaliko zituzten umeen zerrendak prestatzen. Hala ere, bi hilabete luze behar izan zuten Olerongo irlara –Maison Heureuse delako kolonien etxera– joanen ziren haurren lehen bidaia antolatzeko.
Josu Chueca
2007ko maiatzaren 13a
Agurra
1937ko Haurren Elkartea
Frankistek hegazkinekin egindako erasoak aparte utzita, guda frontea geldi zegoen Bizkaiko mugetan. Horregatik, gurasoek nahiago izan zuten haurrak beraiekin geratzea. Baina gauzak erabat aldatu ziren nazionalek Bizkaiaren aurkako erasoaldia hasi zutenean. Martxoaren 31n Durangoren aurka indarkeria osoz aritu ziren abioi matxinoak, orduz geroztik atzeguardian egon zitekeen edonor jomuga bilakatu zen. Era berean, Bilbok apirilaren erdialdean izandako txikizioek eta Gernikako sarraskiak, gurasoek haurrengandik bereizteko izan zitzaketen zalantza guztiak ezabatu zituen. Hartara, Eusko Jaurlaritzak haurrak erbesteratzeko egindako deialdiak egundoko oihartzuna izan zuen. Apirilaren azkeneko egunak eta maiatzaren lehendabizikoak erabakiorrak izan ziren zeregin horretan. Umeen zerrendak prestatzen zituzten bitartean, Frantzian eta Britainia Handian haurrei babesa emateko lekuak lortu zituzten errepublikaren aldekoek. Horretarako herrialde haietako hainbat batzorderen laguntza eraginkorra izan zuten: Comité National Catholique, Comité d’Accueil aux Enfants d’Espagne, National Joint Committee for Spanish Relief eta Frantziako Fronte Popularra.

Frantzia eta Britainia Handia abegikor

“Parte ez Hartzearen” politikari muzin eginez –era apal batean, behinik behin– Britainia Handiko eta Frantziako gobernuek ontzat eman zuten Euskal Herritik ihes egindako haurrak beraien lurretan hartzea. Izan ere, Gernikako hondamendiaren oihartzunak Britainia Handiaren ohiko jarrera neutrala bigundu zuen. Horrela, Royal Navyko itsasontzien gerizpean, haur espedizioek bidea libre izan zuten, armada frankistaren Almirante Cervera, Velasco eta antzeko ontzi-suntsitzaileen mehatxutik salbu. Frantziako gobernuak, aldiz, bere itsasportuak –Girondeko La Pallice eta Pauillac, batez ere– ebakuazio horren pasabide izatea onartu zuen. Halaber, erbesteratutako haur kopuru handiena Frantzian geratzea erabaki zuten bertako agintariek.

Egiaz, Leon Blumek gidatzen zuen gobernuak ez zion Espainiako gobernu errepublikanoari inolako laguntza militarrik eman, baina bere baseek egin zioten eskaera zuzenaren aurrean erantzun beharra zuen: Pirinioez bestaldean gerra pairatzen ari ziren sektore herrikoiei laguntzea. Ondorioz, haurren espedizio eta egonaldiak Frantziako elkarte eta laguntza batzorde askoren gestioari esker antolatu ahal izan ziren.

Santurtzitik mundura

Maiatzaren 6an hasiera eman zioten lehen espedizioari, Santurtziko kaian. Bezperan, 2.000 haur baino gehiagok Habana eta Goizeko Izarra izeneko itsasontzietan leku hartu zuten. Lehendabizikoa, garai batean Alfonso XIII deituriko transatlantiko zen. Euskal gobernuak 1937ko urtarrilean konfiskatu ostean, berau izan zen haur gehiena garraiatu zuen barkua –erdia baino gehiago–. Bestea, Ramon de la Sota industria gizon abertzalearen aisialdi ontzia izan zen, honen semeak Eusko Jaurlaritzari eskaini zion gerra lehertu zenean. Itsasoratu bezain pronto, barku britainiarrek frankistei jakinarazi zieten prest zeudela konboia helmugaraino eramateko, eta zemai oro aldendu zuten horrela.

Haurren artean, Bilbo eta Ezkerraldeko herrietakoak ziren nagusi. Dena den, baziren Gipuzkoa eta Arabatik alde egindako haurrak ere –azken hilabeteetan Bizkaian errefuxiatu zirenak–. Askorentzat, etxetik kanpora egindako lehen bidaia zen. Beste askok aldiz, kostaldekoak izanagatik ere, ez zuten sekula itsas bidaia luzerik egin. Habana transatlantiko handia zen, baina leku guztietan ezarri zituzten haurrak: sotoan, gelatan, kubiertan... Haiekin laguntzaile gutxi batzuk zihoazen, beste inor ez. Haur pilaketa ikaragarri hori oso gogoan dute espedizio horietan joandako guztiek. Itsas zeharkaldiari dagokionez, batzuek abentura gisa oroitzen duten bitartean, besteak ondo oroitzen dira bidaia hartan izandako itsas gaitzaz eta barku frankistei zieten beldurraz.

Habana eta Goizeko Izarrak irekitako bideak etengabeko jarraipena izan zuen hurrengo bi hilabeteetan. Antzeko txangoak errepikatu zituzten barku horiez eta beste batzuez baliatuz. Gehienak Frantzia aldera bideratu zituzten arren, Britainia Handiko Southamptonera ere ia 4.000 haur eraman zituen transatlantiko errepublikanoak. Bilbo erortzear izan zen azken unera arte, gurasoek haurrak ontziratzen jardun zuten behin eta berriro, beraien gaztetxoak infernu hartatik atera nahian.

Habanatik Moskura

Gerrarik ez zegoen eskualdetara iristea pagotxa galanta zen nerabe eta ume horientzat. Izan ere, harrera abegikorra izan zuten beti La Pallice, Pauillac eta antzeko portuetan. Iritsi berriei jateko ugari eman zieten: akabo Bilbo aldean jasandako gose eta gabeziak! Horrez gain, osasun neurri zorrotzak ezarri zituzten: mediku azterketak, txertoak...

Ondoren, batzuk bertako familien artean laketu ziren, beste batzuk berriz, beraientzat propio prestaturiko kolonietara eraman zituzten. Bretainiako, Poitou Charente eta batez ere Pirinio Atlantiarrak deituriko barrutiko herrietara jo zuten haur gehienek. Hor, uste baino denbora gehiago igaro behar izan zuten. Gorlizeko ospitaletik atera ziren haurrak salbu –urte berean itzuli ziren sorterrira–, gehienek gerra zibila amaitu arte edo II. Mundu Gerra lehertzear egon zen arte izan ziren erbestean –Donibane Garazi, Poyanne edo Saint Christauko kolonietan, esaterako–. Baina azkenean, Eusko Jaurlaritzaren zailtasun ekonomikoek eta Frantziako gobernuak gerrako errefuxiatuengan sortutako politika estuak, kanpamenduak itxi eta haurrak itzularaztea ekarri zuten.

Jakina, salbuespenik izan zen, eta nabariena Sobietar Batasunera joandako 1.500 haurrena dugu. Horiek ere Frantziatik igaro ziren Habanak egindako azken bidaian. Ekainaren 13an itsasoratu ziren Santurtzin, baina Frantziako Pauillacen lehorreratu beharrean, beste barku batean Leningrado aldera eraman zituzten. Frantzian bezala, hiri horretatik hainbat lekutara bidali zituzten: Krimeara, Odesara, Moskura... Hauen zoria ezberdina izan zen. II. Mundu Gerra hasi zenean, ezinezkoa izan zuten Europan barrena itzultzea, eta berdin gerra zital hura amaitzean. Hori dela-eta Stalinen menpe zegoen sobietarren aberrian hazi eta hezi ziren, behin behineko egonaldia behin betiko bihurtuz. Ume joandakoak bueltatzeko aukera aurkeztu zitzaienean helduak ziren jadanik. Batzuk 60ko hamarkadan itzuli ziren, beste batzuk aldiz, halabeharrez-edo, nahiago izan zuten 1937an beso zabalik hartu zituen sobietarren aberrian jarraitu. Egun gelditzen direnak zaharrak dira, baina oraindik ere barkuetan alde egindako “gerrako haurrak” izaten jarraitzen dute.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-07-17 | ARGIA
31 hizkuntzatako 70 gazte bildu dira Hizkuntza Gutxituen Topaketetan

Gasteizen bildu diren gazteen helburua elkar ezagutzea eta hizkuntza gutxituez gogoeta egitea da. Goizez eskola akademikoak dituzte eta arratsaldeetan musikaz, bisitez eta aisialdiaz gozatzen ari dira. Uztailaren 16an hasi eta 19an bukatuko dira HIGA! Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketak.


2018-07-17 | Lander Arbelaitz
Ertzaintzak dio droneak BBK Live-n erabili dituela lehen aldiz jendea kontrolatzeko, ez da hala

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu du BBK Live festibalean droneak erabili dituela "lehen aldiz bere historian gune bat kontrolatu eta zelatatzeko", EiTBk jaso duenez. Hori ez da horrela. Gutxienez bi aldiz erabili izan ditu lehenago protesta sozialak zelatatzeko: Gipuzkoa Zutikek iaz erraustegira eta makro-kartzelara antolatutako martxan eta aurten Bizitza Da Handienak Egian, Munduko Turismoaren Goi Bileraren ondoan egin zuen asanbladan.


Fauna publikoa
Kanpolarrosa festival

Asteburu osoa pasa dut BBK Live jaialdiaren txioak ikusten festibalaren kontu ofizialean eta, dirudienez, Euskaraldiarekin gure hizkuntza normalizatzeko sortzen ari den kolorinetako kontsentsua ez da Kobetamendira iritsi.


2018-07-17 | Nahia Ibarzabal
Teresa del Valle antropologoari emango diote Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

81 urteko donostiarrak jasoko du saria euskal antropologian ikuspegi feminista txertatu duelako. Pozik eta eskertuta dago Berrian adierazi duenez.


Gipuzkoako hondartzetako sorosleek lan baldintza prekarioak salatu dituzte

ELAk Gipuzkoako sorosleen lan prekarietatearen berri eman du eta Gurutze Gorria eta udalei egoera honetan “bustitzeko” eskatu die. Ostiralean prentsaurrekoa egin dute Donostiako Kontxan.


2018-07-17 | ARGIA
Djandra Said debarra bahitu du bere familiak, ezkontzera behartzeko

Hemeretzi urteko gaztea legez kanpo atxikita dauka honen familiak azarotik, Tindufeko (Argelia) saharar errefuxiatuentzako kanpamentuan.


2018-07-17 | ARGIA
Amazonen milaka langile greban daude salmentarik handieneko 'Prime Day' egunetan

Amazon banaketa konpainiaren Europako milaka langile greban daude gaur enpresak 'Prime Day' promozio bereziko egunak ospatzen dituela aprobetxatuz. Liburu eta diskoetatik hasita edonolako kontsumo gaien banaketa eta komertzializazioa kasik monopolizatu duen Amazoneko langileek soldaten igoera eta lan baldintzen hobetzea eskatzen dute.


2018-07-17 | Sortu
Dena erabakitzeko, euskal errepublika
MULTIMEDIA - solasaldia

2018ko uztailaren 12an Donostiako Easo plazan Sortuk antolatutako solasaldia. Beñat Irasuegi, Unai Apaolaza eta Jone Etxeberria aritu ziren, Naroa Iturrik gidatuta.


Espainiako Polizia Nazional batek Kataluniako foto-kazetari bat jipoitu du

Sudurra puskatuta dauka eta hainbat kolpe ditu aurpegian Jordi Borràs El Mon egunkariko foto-kazetariak. Jordi Borràs ARGIAko kolaboratzailea da eta Kataluniako argazkiak berak ateratzen ditu.


Hezkuntza oposaketetako kaltetuek prozesu gardena eskatzen dute

Hezkuntza oposaketetako deskalabruaren ostean (bete gabe geratuko dira eskainitako plazen %25 gutxienez), plataforma sortu dute 500 bat irakasle kaltetuk: hautaketa-prozesu gardena eskatu dute eta azterketak gero eta konplexuagoak direla, ebaluazio irizpideak ez dituztela ezagutzen, zuzenketa oso zorrotzak egiten zaizkiela eta azterketak/zuzenketak ezin dituztela berrikusi salatu dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude