Euskal blogarien artean izen bat nabarmentzea itsusia izan daitekeela dioen arren, izen bi aipatzekotan, Zumarragako Patxitrapero eta Telezaborra aipatuko lituzkeela esan digu Luistxok. Aurrenekoak "sekulakoak" egiten omen ditu; "telebista pertsonala asmatu du!". Telezaborrak, bestalde, "kritika sozial eta telebisibo ikaragarria" egiten duela adierazi digu. Halaber, hedabide elektronikoei dagokienez, Azpeitiko Uztarria atariak lan oso ona egiten duela dio, eta merezita jaso zuela Sareko Argia saria. Sustatuk ere ederki funtzionatzen omen du: "Gauza sinplea da, baina egunean hiru albiste sareratzen ditu". Bestalde, Interneten, "edizio jarraituan" sinesten duela esan digu eta hortaz, Bizkaie! moduko proiektuak "arraroak" direla: "Periodikotasun bati lotutako Interneteko proiektuari -azalean 'ez dakit zenbatgarren alea' jartzeari- ez diot zentzurik ikusten".