Gasteizko sarraskia 1976: «Ez dago hilketengatik erantzukizunak eskatzeko borondate politikorik»


2005eko otsailaren 27an

1976ko martxoaren 3ko Gasteizko Biktimen Elkarteko arduradunek bizirik dute oraindik egun hartan jazotakoa. Elkarteko presidente Romualdo Barrosok, lehendakariorde Jose Luis Martinez Ociok, Joseba Marijuan kideak, Andoni Txasko bozeramaileak eta Santiago Diaz de Espada idazkariak adierazi digute ez dagoela borondate politikorik poliziak martxoaren 3an hildako Gasteizko bost langileengatik erantzukizunak eskatzeko. Orduan Gobernazio ministroa zen eta gaur egun Galiziako PPko eta gobernuko buru den Fraga Iribarnek zuzendu zituen hilketa haiek. Argazkian ageri diren elkarteko bost kideek erantzun dituzte gure galderak.

Noiz eta zergatik sortu zen Martxoaren 3ko Gasteizko Biktimen Elkartea?
Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea 1999ko urrian jaio zen. Gertakari tragiko hura bizi eta jasan behar izan genuen biktima eta familiartekoen eta LAB eta ESK sindikatuetako ordezkarien kezkaren ondorioz sortu zen. Zenbait hilabete lehenago, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko Indarkeriaren Biktimen Ponentziara jo genuen. Aipagarria da Romualdo Barrosoren sendotasuna eta adorea. Hildakoetako baten aita da bera, elkarteko burua, eta gu denontzat erreferentzia garbia.

Zein dira zuen helburuak?
Terrorismoaren biktimatzat onar gaitzatela, egia bilatu eta zabal dadila, eta mota guztietako erantzukizunak eska daitezela dira elkartearen helburu nagusiak.

Izan duzue edo baduzue Euskal Herriko politikoen, sindikatuen, gizartearen edo erakundeen sostengurik?
Hasieran (1976-77 urteetan) sostengu handia izan genuen. Herritarrek nahiz politiko eta sindikatuek gertakariak salatu eta erantzukizunak eskatu zituzten. Baina pixkanaka-pixkanaka asko gutaz ahaztu ziren, eta ezker abertzalea eta LAB, ESK eta STEE-EILAS bezalako klase-sindikatuak izan dira martxoaren 3ko espiritua historikoki bizirik iraunarazi dutenak. Horiez gain, oinarrizko erakundeen, auzo, gazte eta emakume erakundeen, kultur taldeen, elizako sektore baten, eta abarren sostengua izan dugu eta horiek ere egia eta justizia eskatzen dituzte.
Azken boladan, eta martxoaren 3ko elkarteak eskatuta, alderdi politikoak laguntzen hasi zaizkigu; alderdi politiko guztiak PP eta PSOE izan ezik, PPk Fraga Iribarne -hilketa haien arduradun nagusia- estaltzen eta babesten jarraitzen baitu eta PSOEk oso jarrera anbiguoa erakusten baitu.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin eta Lehendakaritzarekin harremanetan jarri gara, eta gurekin daudela eta ulertzen gaituztela adierazi digute, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela uste dugu. Madrilek ez baditu bidegabekeriak konpondu nahi, orduan hemen hartu beharko dira neurriak eta hemen egin beharko dira bidegabekeriak konpontzeko legeak. Eta, zentzu horretan, lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da konpromiso hori beregain hartzea.
LADILOA>Agortu dira Espainiako estatuaren bide juridikoakBLADILOA>

Zein pauso eman dituzue orain arte, nolako emaitzak lortu dituzue eta zein urrats berri emateko asmoa duzue?
Hasieran Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunaren Legean sar gintzatela eskatu genuen. Erantzuna zorrotza izan zen: poliziaren jarrera ez zela ekintza terrorista izan esan ziguten, galdutako ordena berrezartzeko ekintza baizik. Beraz, auzi errekurtsoak aurkeztu bagenituen ere, lege horretara atxikitzea ukatu ziguten.
Kereila kriminala aurkeztu genuen langileak metrailatu zituzten tropen arduradunaren aurka, baina ez zuten izapidetzeko onartu, esan zigutenez gertakariak preskribituta zeudelako eta edonola ere gai horren eskumena jurisdikzio militarrak zeukalako. Ondoren Konstituzio Auzitegian aurkeztu genuen babes errekurtsoari emandako ebazpenak berretsi egin zuen Probintzia Auzitegiaren epaia. Espainiako estatuko bide juridiko guztiak agortuta, giza eskubideen Estrasburgoko eta Genevako auzitegietara jo genuen, eta orain helegitea tramiterako onartu digute. Laster Genevara joango gara gure bertsioa kontatzera.
Esparru judizialetik kanpo, hainbat mozio aurkeztu ditugu Gasteizko Udalean, Arabako Foru Aldundian eta Eusko Legebiltzarrean. Horietan guztietan laguntza eta instituzioen inplikazioa eskatu dugu, hau da, sarraski hura gaitzets dezatela, egia jakiten lagunduko duen ikerketa egin dadila agindu dezatela, eta terrorismoaren biktimak garela aitor dezatela. EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta EBk erabateko elkartasuna adierazi digute; PSOEren elkartasuna txikiagoa izan da, zalantzak ditu; eta PPrengandik gaitzespen argi eta garbia jaso dugu. Adierazgarria izan zen Gasteizko alkatea den Alfonso Alonsoren keinua, gure ustez iraingarriak izan ziren Fraga Iribarneren adierazpen batzuk gaitzesteko aurkeztu genuen mozioa atzera botatzeko, kalitatezko botoa erabili baitzuen. Adierazpen haietan Fragak esan zuen poliziak Gasteizen izan zuen jokabidea ez zela gehiegizkoa izan -bost langile tirokatuta hil eta ehunetik gora balaz zauritu zituzten-.
Egia zabaltzeko daukagun irrikaren adierazgarri, martxoaren 3ari buruzko bi liburu argitaratu ditugu Arabera argitaletxearen bidez. Lehenengoa Amparo Lasherasek idatzi zuen sarraskiaren 25. urteurrena zela-eta, eta bigarrena, berriz, artearen eta kulturaren munduko hainbat pintore, eskulturagile, poeta, bertsolari, argazkilari, komikigile eta abarren artean egin zuten. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen menpeko Valentin de Foronda Gizarte Historia Institutuak nazioarteko giza eskubideen auzitegietan gure bermea izango den txosten-irizpena egin du guk eskatuta.

36ko Gerraren eta diktadura frankistaren biktimak aintzat hartzeko Espainiako Gobernuaren proiektu bat da hizpide orain. Zein neurri eta baldintzetan izan liteke proiektu hori zuen helburuak lortzeko bidea? Edo bide horrekin ere ez duzue esperantzarik?
Daukagun informazioarekin, eta azken emaitzen zain gaudela, legekoa ez den proposamen hori positiboa iruditzen zaigu, baina ez nahikoa. Ilusioa piztu du, baina garatu egin behar da itxaropen eta esperantza faltsurik sor ez dezan eta biktimentzat eta haien familientzat frustrazio iturri bilaka ez dadin. Proiektu hori gure ustez ez da nahikoa, izan ere, galdutako askatasun eta eskubideak berreskuratzeko borrokan erori zirenak aintzat hartzen dituen arren, ez baitu biderik ematen gertakari haiek ikertzeko eta argitzeko eta, horrela, zigorrik gabe gelditzen baitira errudun materialak eta errudun politikoak.
Legekoa ez den proposamena anbiziorik gabea eta bidegabea da, ezinezko egiten baitu auzi judizialak berrikusteari ekitea. Biktimak terrorismoaren biktimatzat ere ez ditu onartzen, eta zorigaiztoko garai hartako gertakari ilunak ikertu, argitu eta erantzuleei kontuak eskatzea ere ez du sustatzen.
Biktimei egiten zaien errekonozimendu morala eta ekonomikoa erabat eskasa da. Gure iritziz egia bilatzeak eta erantzukizunak eskatzeak daukate lehentasuna. Espainiako estatuari eskatzen diogu aitor dezala ekintza terrorista haiek estatuko egiturek eurek eragin zituztela garai hartako aginte diktatorialaren babesarekin.
LADILOA>Borondate politikorik batere ezBLADILOA>

Gauzak horrela, eta elkarteak izandako esperientziarekin, zuen ustez borondate politikorik ba al dago besteak beste bost langileren heriotza eragin zuten 1976ko martxoaren 3ko gertakari haiek argitzeko?
Batere borondate politikorik ez dagoela pentsatzen dugu, Amnistia Legearen, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren babesera jotzen baitute politikoek benetako estatu terrorismoko ekintza izan zen martxoaren 3ko sarraski hura berriro ireki edo epaitu behar ez izateko. Baina beste aldetik, Espainiako estatuko erakunde juridikoak denboran eta distantzian oso urrun dauden beste herrialde batzuetako genozida eta diktadoreen aurkako ekintzak sustatzen ari dira.
Nola pentsatuko dugu, bada, borondate politikoa dagoela PPk ukatu egiten badu trantsizio garaian errepresioaren biktimak egon zirela eta alderdi politiko horren iritziz «ereduzko trantsizio demokratikoa» gertatu bazen, benetan gertatu zena mozorrotutako lege inposatzaile bat egin zutela bada eta lege horrek kontu hauei bukaera emateko Konstituzioa izaten bukatu zuela jakinda? Gure iritziz, PPk ez ditu berriz ireki nahi «historiako gertaera tristeak» deitzen dituenak -guk estatu terrorismoko benetako gertaerak deitzen diegu-, gertaera haietako protagonista nagusia Fraga Iribarne izan zelako, hau da, garai hartako Gobernazio ministroa eta egindako gehiegikeria haien guztien arduradun nagusia, Alderdi Popularraren sortzailea eta orain dela urte askotik ohorezko lehendakaria dena.
Eta PSOEren borondatea? Ez gara baikorrak boterean egon zenean gizartearen zati handi baten itxaropenei traizio egin zien alderdi baten borondate politikoaren aurrean. Alderdi sozialistak gehiengo handi baten babesari esker lortu zuen boterera iristea, baina itun lotsagarriak oinarritzat hartuta ez zituen iraganeko arazoak konpondu nahi izan, langile klasea saldu zuen, gerra zikina erabili, GAL ezarri, eta abar.
Guk gure helburuak lortzeko borrokan jarraituko dugu, gure ustez hori baita galdutako askatasunaren aldeko ahaleginean hil zituzten gure lankideei egin diezaiekegun omenaldirik onena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude