Euskarazko komunikazioan bost argi eta itzal bat


Jai egunetako arropa eta umorearekin bildu ziren eguerdian, Argia Sarietako ehundik gora gonbidatuak. Koktela ohi baino azkarragoa egin zuen kanpoko hotzak. Pixkanaka barrura sartu eta eseri ahala, Joxe Mari Irazusta ARGIAko gerenteak bedeinkatu zuen mahaia, eta urtero bezala, plater koloretsuak zerbitu zituzten Txitxardin Beltxa jatetxean. Bertsolariren batek geroago kantatuko zuenez:

«Ez dut uste gaurkoan
esango dugunik
kazetaritzak jaten
ematen ez dunik»

Aurtengoa lagunarte osatuagoa izan da, Egunkaria auziagatik iazko Argia Sarietan kartzelan zegoen Iñaki Uria ere tartean izanik.

Sarituen mezuak

Postrearekin banatu ziren urtero Anton Mendizabal eskultoreak egur eta arbelez egin ohi dituen Argia sariak. Etxetik ere zuzenean jarraitu ahal izan zuten emankizuna Euskadi Irratiko entzuleek. Aurtengo hutsunea, berriro ere, publizitatean nabaritu da, eta saridunik gabe geratu. Ohi duen zartailuarekin, Iñigo Aranbarrik seinalatu zuen kazetari ez denari eman zaiola prentsa ataleko saria. Anjel Alkainek Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanari bukaera borobila emateko modua izan dela azpimarratu zuen, eta Julian Iantzik, berriz, Basetxea egin duen lantaldeari eskaini zion saria. Bost sarituen profila aztertuz, emakumeak komunikatzaile txarrak ote diren galdetu zuen publikoko norbaitek, eta ondotik bertsotan erantzun zioten, ARGIAko erredakzio kide gehienak emakumeak direlako aukeratzen dituztela gizonak.

Olatz Kortak kantaldia eskaini zuen bazkalostea laguntzeko, eta mahaiez mahaiko ibilia hasi zen, bata agurtu, besteari zorionak eman eta hirugarrenarekin kontuak trukatzeko. Hurrengo urtean elkartzeko gogoz agurtu ziren, batzuek jai eguna luzatu bazuten ere.

Zuzendariaren hitzaldia
ARGIAk urtero banatzen dituen sariek batzen gaituzte hemen eta aurtengo sarituak ezagutzeko ordua da. Aurretik, dena den, gertakizun bat nabarmendu nahiko nuke: uztailaren bigarren astean, ARGIAren 2.000. zenbakia kaleratuko dugu, ez dakit zein motako tsunamiak galarazten ez badigu behintzat.

2.000. zenbakia potoloa da guretzat, baina euskal prentsarentzat ere bai. Ez dago harrokeriarik aipatzen dudan horretan, 2.000 zenbaki horietatik lehena 1963an egin zelako, eta 42 urteko ibilbide hori klabea izan delako euskal prentsaren garapenerako.

Lau hamarkada horietan molde eta izaera desberdinarekin kaleratu da astekaria, baina beti ardatz berarekin: euskarazko kazetaritza eta euskal prentsa garatzea, euskal kultura, euskaldunen eta Euskal Herriaren zerbitzura. Horretan jarraitzen dugu.

Era batera ala bestera, batzutan goxoago bestetan gaziago, eta nola ez gure argi-ilunekin, lan talde eta pertsona askok parte hartu izan du proiektu honetan, horietako asko hemen zaudete gainera. ARGIAko egungo lan talde guztiaren izenean, guztiei eman nahi nizkizueke eskerrik eta zorionik beroenak.

Guk oraina eta etorkizuna bizi nahi ditugu. Eta ez da samurra, ez horixe. Azaroan Euskarazko kazetaritzaren lehen kongresua egin zen Bilbon, eta aprobetxatu nahi dut une hau antolatzaileei zorionak emateko. Komunikazioaren munduan ematen ari diren aldaketak eraginda, Europako mendebaldean behintzat prentsa sektoreak krisian dago. Ez dakit krisi horrek zein neurritan eragiten duen euskal prentsa, baina gordin eta zakar esanda, guztiak ipurdia mugitzera behartzen gaitu.

Samurra ez da, eta batzuetan zailtasun erantsiak dira, hemen zaudeten batzuen egoerak ondo adierazten duen bezala. Iaz Iñaki Uriaren aipamen berezia egin genuen, aurten zorionez hemen dago. Eta zorionez, besteak beste auzi horregatik espetxean zen Xabier Alegria ere kalean da. Aske dira, baina baldintzapean, auzi horrekin lotura duten eta hemen dauden beste batzuk bezala. Injustizia hutsa diren beste auzi larri batzuk ere badira. Bizi dugun gatazka polítiko bortitzaren ondorio dira, eta gatazka bortitzak, denok ondo dakigun moduan, alde denetara zabaltzen du injustizia eta sufrimendua. Baina, zorionez, azken hilabetean bizi dugun ekaitz mediatiko, trumoi eta tximista artean, haize beroxeagoa ere sumatzen da euskal politikan. Errealismo gordinenetik ikusita, espero dezagun, Siberiatik datorkigun haize hotz honek ez duela hoztuko esperantzaren haize bero hori, bake eta normaltasun handiagoaren behar bizia dugu eta. Zinez, denok gaude gaur horren beharrean.

Komunikazioaren itsaso zabalean txikiak gara euskaraz aritzen garen medioak, baina ez gaitezen engainatu, euskal kulturaren indarraren ispilu ere bada neurri batean. Hala ere, bertebrazio eta zabalkunde lan garrantzitsua egin dezakegu eta egiten dugu; horrexegatik, komunikabideon erantzukizunak arduraz jokatzea eskatzen digu egungo gizarte mediatikoan. Kokildu barik, baina arduraz.

Eta orain bai, orain sarien unea da. Dakizuen bezala, Argia Sariak ARGIAko lan taldeak erabakitzen ditu, ez da beti horrela izan baina azken urte luzeetan bai. Iragarri behar dut berriz utzi dugula hutsik publizitate saria: txikiegiak izan dira alor horretan ikusitako merituak eta, guretzat behintzat, adierazgarria bezain kezkagarria da hori. Erabaki gogorra izaten da alor bat hutsik uztea, baina gogorragoa erabateko konbentzimendurik gabe saria ematea. Segidan, Olatz Kortak emango die paso gainerako sariei.

Xabier Letona

Merezitakoari aitorpena

Telebista
Julian Iantzi aurkezlea

Aurkezle lanerako castingak egiten hasi omen zen lagunek eta familiak animatuta eta hartu ahala kameraren aurrean jarri eta lan egin. Nahikoa estuasun ba omen zuen kameraren aurrean jarri zen lehenengo aldian. Iruñeko Canal 4 telebista kateko arduradunak mutila larri ikusita zera esan omen zion: «Jar zaitez kamera aurrean eta gozatu!». Orduz geroztik egin dituen lanetan horixe izan du gogoan: kamera aurrean gozatu, gustura aritu, normal, natural, eta Iantzik uste du horretaz ohartzen dela ikus-entzulea, igartzen duela natural ari zaren ala ez.

Canal 4 katean hasi zenetik mota askotako lanak egin ditu: tertuliakide, kale inkestak, lehiaketak, realityak, dokumentalak, elkarrizketak... Programa hauetan denetan ikusi dugu Iantzi kamera aurrean: Sorginen Laratzan, Begia Gosen, Basetxean, La flecha amarillan, El conquistador del fin del mundon, Europa Euskarazen (Atenaseko atala), Bietertarrak eta Idaho-Kalifornia, Bidaia mendebaldean barrena dokumentaletan, udan hiriburuko jaietan, Kanpotarrak hemen saioan eta Agur Ben Hur lehiaketan. Iantzi gustura dago hainbat programa mota egiteko aukera izan duelako, zer egiteko gai den erakusteko aukera eman zaiolako, asko ikasi duelako batean eta bestean.

Hainbeste programa egin ondoren une batzuk gogoan geratu zaizkio Iantziri, Iñaki Perurenari elkarrizketa egitera joan zeneko aldia adibidez. Begia Gose programarako lehenengo atalerako ari zen eta nahikoa kezka bazuen ea Perurenaren hitz jarioa gobernatzeko gai izango zen ala ez. Basetxeako azken edizioan berriz, Ibon lehiakideak Iantzi hunkitzea lortu zuen eta gaizki pasatu zuen aurkezleak. Nonbait lehiakide horrek alabatxoa ikusteko gogo handia zuen eta programa utzi nahi zuen. Iantzik alabaren argazkia erakutsiz zirikatu zuen aita, baina programan segitzeko argudioak ere eman zizkion. Azkenerako Iantzi bera hunkitu zen aurkezleak ere alabatxoa baitauka. Une larriak, nerbioak eta sufrimendu fisikoa ere pairatu du. Arnas batean esan dizkigu: «Izaban 25 gradu zero azpitik, Monegrosen 54 gradu, Patagonian hotza eta AEBetan ibili nintzenean Golden Gate-n hotza! Eta 3, 2, 1... eta ezer ere ez balitz bezala grabatu egin behar!».

Jite askotako programak aurkezteaz gain bi hizkuntzatan aritu da, gehienetan euskaraz. Berari galdetu diogu ea nola moldatzen den ondoen: «Euskara eta ingelesa nekizkiela etorri nintzen Ameriketatik eta gero ikasi nuen gaztelera. Baina gazteleraz egiten nuen eskolan, lagunekin eta azkenean baita amarekin ere. Berrikasi egin behar izan dut euskara. Batzuek esaten didate gazteleraz arraro sumatzen nautela. ‘Euskarakada’ ederrak botatzen ditut batzuetan, egia esan. Dena dela, bi hizkuntzetan zer hobetua badut».


Prentsa idatzia
Iñigo Aranbarri

Berria egunkaria hurbildu zitzaion Iñigo Aranbarriri Hizlandia izena hartuko zuen atala igandero egingo zuen galdezka. Baietz erantzun zion idazleak gonbiteari, jakin gabe atalaren eboluzioa nolakoa izango zen: «Hasi bai, baina lehenengo lau astetan gai denak agortu izan banitu zer?». Ez da hala gertatu eta bere bidea egin du atal berezi honetan. Berezia diogu Aranbarrik esan duen moduan, Espainian ere gutxi lantzen den estiloa delako. El Paísek du Irakurlearen defendatzailea izeneko atala eta beste egunkari gutxi batzuetan lantzen dute antzeko estiloa. Berria egunkarikoek etxeko adibideak hartu eta lantzeko eskatu zioten eta askotan hala egiten du Aranbarrik. Hizkuntza eta kazetaritzarekin jokatzen du, kontu gramatikalak albo batera utziz. Kazetariok (irratiz, telebistaz, idatziz) aukeratzen ditugun hitzak, titularrak, albisteak egiteko moldeak zergatik hautatzen ditugun aztertzen du edo bederen galdetu. Adibidez, elurtea zela-eta Burgoseko bidean 400 kamioilari eta 500 marokoar geratu omen ziren ez atzera ez aurrera. Zergatik erabili du kazetariak marokoar hitza? Zer dago horren atzean? Zirikatzaile lana egiten du Aranbarrik. Autokritikarako balio omen die Berriako kazetariei eta eztabaidarako bide ematen die Aranbarriren lanak behin baino gehiagotan. Iganderoko Hizlandian noiz arte jarraitzeko asmoa duen galdetu diogu eta hara erantzuna: «Uda arte behintzat jarraitu egin beharko, saria eman didazue eta...».


Irratia
Mikel Bujanda

Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen setakeriari «esker» Mikel Bujanda askotan entzun dugu Euskalerria Irratiaren egoerari buruz hitz egiten. Emititzeko lizentziarekin duten afera aspaldikoa da eta Bujandak zuzendari gisa azalpenak askotan eman ditu, eta sarriago, babesa eskatu du. Zuzendari izateaz gain ordea, kazetaria da eta lan horregatik jaso du saria. Informazio alorrean aritu izan da ia beti lanean eta orain ere hala ari da. Lehen orduan, 7:25ean eta 7:55ean egiten ditu albiste tarteak. 8:30etatik 9:00etara aritzen da hurrengo eta 13:30etatik 14.00etara eskaintzen du azken albiste saila. Denetariko gaiak lantzen ditu Bujandak: politikoak, instituzionalak, sozio-ekonomikoak... kultura eta euskalgintza ere bai, noski. Gertukoak dira albisteak, Iruñekoak bertakoak, Iruñerrikoak eta Nafarroa osokoak. Lehen mailako informazioa azkar eta ondo emana. Ez dira albiste soilak, nabari da kazetaria eguneroko gertaeren gainean dabilela eta entzuleak igartzen dio horri.

Urte luzeko esperientzia du Bujandak kazetari lanean. Euskalerria Irratian zuzendari adina urte daramatza kazetari lanean, alegia, 1988az geroztik. Lehenago, ikasle zela eta Arturo Campion euskaltegiaren inguruan zebilela Radio Requete-n aritu zen lanean. Bertako Jabier Pagolak euskaraz arituko ziren esatariak nahi zituen eta besteren artean Bujanda ibili zen.

Gerardo Bujanda aitak, Venezuelatik emititzen zuen Radio Euzkadiko Jon de Igueldo ezkutukoak, irratirako leziorik eman al dion galdetu diogu eta zera erantzun digu: «Aita disimuluan zebilen irratian, baina irratirako zaletasunean, joeran izan du eraginik».


Internet
Uztarria.com

Urtarrilean hiru urte bete ditu uztarria.com web guneak. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadorak hilero ateratzen du Uztarria izeneko aldizkaria, baina elkarteko kideek maizago herriko berri emateko modua aurkitu nahi zuten. Sarean aurkitu zuten soluzioa. Aldizkariak segi zezala Azpeitiko berri eskaintzen hilero eta uztarria.com arduratuko zen egunero-egunero herriko bizitza sozialaren kezkak, eztabaidak eta informazioa biltzeaz. Leire Larrañaga Uztarriako kideak adierazi digunez, herri atari dinamikoa egin nahi zuten eta oso pozik daude hiru urteko ibilbidearekin. Helburua azpeitiarrek web gunean parte hartzea zen eta ez kazetarien txokoa izatea soilik. Hala, esaterako, foroan, gutxitan bezalako eztabaidak, aniztasuna eta ekarpenak aurki daitezke. Atal dezente ditu web guneak (albisteak, argazkiak, euskara, aldizkaria, agenda...) eta behin eta berriz azpeitiarrek eta herrikoak ez direnek ere, edozein ataletan parte hartzeko gonbitea egin dute uztarria.com-etik. Berriren bat eman nahi duela herritarrak, bada idatzi dezala uztarria.com-era, iritzia eman nahi duela, mendi taldeak irteerei buruz informatu nahi duela...

85 harpidedun dituzte eta harpidedun horiek egunero beren e-postan jasotzen dituzte web gunerako sortutako albisteak. 85 harpidedun, eta egunero 1.000 bisita, batez beste. 6.000 orrialde ere erakusten dituzte. Zergatik hurbildu da ordea, hainbeste internauta web gunera? Herrian pil-pilean dauden gaiek jokoa ematen dute nonbait web orrialdean eta herrian somatzen den berotasun hori Internetera heltzen da. Bestalde, Leire Larrañagak nabarmendu digu kirol zaletasuna nabaria dela Azpeitia aldean eta beraz, herrikoak ez ezik ingurukoak ere sartzen dira kirol probetako emaitzak jartzen dituztenean. Behobia-Donostia lasterketako eta bizikletako Quebrantahuesos lasterketako sailkapenak jarrita jende mordoa sartu zen.

2003ko abenduan berritu zuten gunea eta egitasmo berriak gogoan dituzte. Besteren artean, batetik, artxiboa (Azpeitia edo azpeitiarrei buruzko liburuak, artikuluak, hautes emaitzak...) sendotu nahi dute eta bestetik, blogak modan jarri direla aprobetxatuz herritarrei horretarako aukera eskaini nahi diete.

Uztarria.com-eko editorea, eta langile bakarra, Kepa Urbieta da. Inguruan ditu hamar bat boluntario eguneroko lana osatzeko. Hamaikakoak uztarria.com famatu egin du Azpeitiko internauten artean eta baita azpeitiar ez direnen artean ere.


Merezimenduko Saria
Gorringo Taldea

Komunikazioa lantzeko moduak asko dira, irratia, telebista, Internet eta prentsa idatzia aipatu ditugu orain arte, baina Gorringo Taldeak euskaldunak bere sarean harrapatu ditu antzezlan baten bidez, Kutsidazu bidea, Ixabelen bidez.

Villabonan (Gipuzkoa) egin zuten lehenengo emanaldia 2003ko martxoaren 15ean. Duela gutxira arte gelditu gabe antzeztu dute obra. 95.000 ikusle izan dituzte 174 emanalditan eta 150 bat herritatik igaro dira. Euskal Herri osoko hainbat antzoki, eliza, frontoi eta idi probetako plaza ezagutu dituzte. Behin izan ezik gainerako emanaldi guztietan jendea sartu ezinik geratu da eta batek baino gehiagok behin baino gehiagotan ikusi du antzezlana. Ezin esan arrakasta izan ez duenik.

Gorringo Taldeak haurrentzako antzezlanak prestatzen zituen orain arte, baina bazuen gogoa helduentzat zerbait egiteko. Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel liburuari erreparatu zion Gorringo Taldeak, alegia, Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Mikel Sarriegi, Ixabel Agirresarobe, Egoitz Lasa eta Iñaki Agirrezabalek. Anartz Zuazua izan da zuzendaria eta lanaren gidaritza Anjel Alkainek egin du. Berak azaldu digunez, asmoa helduentzat umoreari lotutako antzerki obra egitea zen, «planteamendu xumearekin, pretentsio handirik gabea, eta batez ere, hasiera-hasieratik euskaraz pentsatua». Antzezlanaren arrakastaren gakoa horixe izan omen da, hasieratik euskaraz lan egitea eta Alkainen ustez, «horrek sinesgarritasuna eman dio lanari eta jendeak igarri du». Baserri giroan kokatutako obra da Kutsidazu bidea, Ixabel, baina protagonista euskaldun berri urbanita da eta Alkainen iritziz, horrek eragin du ikusle mota asko harrapatzea. Errezilen (Gipuzkoa), adibidez, eszena batzuetan soilik egin omen dute barre. Euskaldun berriak ezagutzen dituztenek edo giro hori bizi izan dutenek berriz, kristoren barreak egin omen dituzte antzezlan guztian zehar. Hainbeste emanaldi eta hainbeste ikusle izanda, Alkainek batzuk baditu gogoan. Donostiako Trinidade Plazan 2.300 pertsona bildu ziren obra ikusteko. Baionan berriz, kezka bazuten hizkera ulertzeko arazorik izango ote zuten ala ez, baina primeran moldatu ziren nahiz eta ikuslea desberdina zela igarri. Alkainek bere kapritxoa betetzeko aukera ere izan zuen: Kutsidazu bidea, Ixabel Ernio mendi magaleko Zelatungo zelaian antzeztea. Halaxe egin zuten iazko iraileko azken igandean.

Euskal literaturaren historian ale gehien saldu duen liburua hartu zuten oinarri obra egiteko eta 174 emanaldirekin bukatu dute antzezlanaren ibilaldia. Errematea DVDak eman dio hor jaso baitute obra eta baita Zelatungo zelaiko antzezpena ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude