Astegunetako kultura


2005eko urtarrilaren 30an
Ohitura edo jokabide batek pista ugari ematen digu beste bat ulertzeko. Zer esanik ez, hitz-joko edota esamolde batek.

George Lakoff eta Mark Johnson Metáforas de la vida cotidianaren autoreen iritziz, eguneroko metaforek egundoko eragina dute bizitzari buruzko pertzepzioan, eta, ondorioz, gure pentsamenduen antolaketa eta ondorengo jokabideetan.

Esku artean duzun artikulua idazteko gonbitea jasotzeaz bat otu zitzaidan izenburua: astegunetako kultura. Beraz, argi dago nik neuk ere metafora bati heldu nahi izan diodala barruko hari korapilatuak askatzeko orduan.

Zer dago, ordea, metafora horren atzean?

0 - Irudia
Gogoratzen dut hiru multzotan banatzen genuela arropa gurean: jaiegunetakoa, astegunetakoa eta etxean erabiltzekoa.

Jaiegunetakoa berria eta estreinatu gabea izaten zen; apur bat handia, hurrengo urtean astegunetan erabiltzeko modua. Astegunetakoa, beraz, aurreko urtean jaiegunetan erabilitakoa. Etxekoa, berriz, aurreko urtean astegunetan erabili ondoren, atzera gelditutakoa.

Urteekin, adimena desioz betetzen hasi ahala, nortasuna agindu berriak ematen hasi zitzaidan. Horietako agindu bat? Sistemari aurka egin behar niola. Irtenbidea? Elementu aurkarien arteko konbinaketa, hots, jaiegunetako zapatak, astegunetako prakak eta aitaren jertse zaharra, hirurak elkarrekin janztea.

Ez dakit aukera ona izan zen ala ez, baina, arropen irudi horrek asko lagundu dit eguneroko bizimoduaren alde ezkutuak bilatzen.

1- Esanahi berriak
Zalantzarik gabe, informazioz beteriko gizarte batean bizi gara. Egunero eta etenik gabe berritzen dugu/zaigu informazioa. Nire txikitako arropen metaforari helduta, ez dago igandera arte itxaron beharrik informazio berria janzteko. Irratia, telebista, internet, aldizkariak, astekariak, egunkariak... nahi adina notizia iristen zaigu etxera, uneoro eta etenik gabe, nahi adina iritzi eta jokabide berri probatzeko adinakoa.

Tamalez, gehienetan, hain abiadura handiz iristen zaigu, non aurrekoari estalkia kentzeke, gainean jarri behar izaten dugun, mahukak eta poltsikoak non dauden begiratzeko astirik gabe. Informazio zaharra barneratu eta erabiltzen hasi baino lehen datorkigu estreinatu gabea. Hala bada, zaharra alboratu edota atzera egin behar, beti egunean, beti distiratsu, beti jaieguneko egon nahi bada, behintzat.

Ondorio mailakatuak? Bat, Tere Irastortzak ondo baino hobeto izendaturiko bulimia informatiboa. Bi, jan, irentsi edo jantzi beharreko informazioa berehala zahar »eta ondorioz zabor», bihurtzeko joera. Hiru, zabor artean baliagarria dena arakatzen hasteko astirik eza. Lau, nekea eta hausnarketa falta. Bost, irudimenik eza? Sei, pentsamendu hutsala?

Azken biei galdera ikurra jarri diet pertsonon ahalmenari konfiantzazko boto pare bat eskaini nahi dizkiodalako.

Baina, noan metaforaren alde gehiago ikustera.

2- Kulturaren eremu zabala
Besterik uste bada ere, kulturaren esanahia egunerokotasunez blai eginda dago. Goizean jaikitzen garenetik gauean lokartzen garenera arte ari gara kulturgintzan. Amestu duguna irratiko notiziekin elkartzen da gosariko kafe, esneki, labore, madalena, zuku-marka, telebistako irudi, lagunen iritzi, egunkariko notizia, kalekoen ibilera, dendetako hizkera, iragarkietako esamolde, teknologia berrien hiztegi, aldiko melodia, bazkari mota, aisialdirako tresna, uneko beherapen, aldiko eguraldi, kideenganako harreman edota eguneko best-sellerrekin batera. Guztiak du eragina guztiongan eta, ondorioz, guztiok sortzen, eratzen eta berritzen dugu kultura, eten gabean.

Guztion eragina ez da berdina, ordea. Gauza batzuk gehiago ikusten eta entzuten dira beste batzuk baino. Eta fenomeno hori ez da berez gertatzen, inondik inora; atzetik norbaitek bultzatzen duelako, baizik.

Ez da alferrik entzuten aspaldion kultur eragile hitza.

3- Kultur eragileak eta Kultura
Izan ere, eguneroko kulturaz batera, eta tarte on bat igaroarazteko helburuaz gain, bada bestelako Kultura bat, jendea jantzi eta iritzia sortarazi nahi duena; aipatu metaforari atxiki, jaiegunetakoa edo maiuskulaz idazten dena, hain zuzen. Hor sartzen dira, besteak beste, Kirola, Antzerkia, Zinema, Gastronomia, Moda, Musika, Dantza, Komunikabideak, Ikus-entzunezkoak, Literatura...

Gauzak honela, oso ohikoa da kaleko jendearentzat Kultura hitza, soilik, aipatu esparruekin lotzea. Aitzitik, jaiegunetako Kultura hori bezain garrantzitsua da astegunetako beste kultura, batak bestea elikatzen dutelako, batzuetan bata indar handiagoz aritu arren bestea baino.

Argi dago egungo gizarteak letra larridunaren aldeko apustua egin duela, modak, joerek eta, batez ere, lege komertzialek hala agintzen dutelako eta, hainbeste eragileren aurrean, inork ez duelako atzean geratu nahi.

Letra txikiz diotsuet, ordea, astegunetako kultura gehiago erantsi behar geniokeela jaiegun kutsuko Kultura horri.

Nola?

Produzitzeko ez ezik, produzitzen denaz hausnartzeko guneak eraikiz.

-Zinez, oso errentagarria, epe luzera-.


Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude