«PRESTIGE» BAT PORTURATZEN DA EGUNERO EUSKAL HERRIAN


2003ko urtarrilaren 19an
Bi hilabete dira "Prestige" petrolio ontziak, itsasoan hautsi eta hondoratu ostean, Galizian eta Kantauriko itsasertzean ezagutu hondamen ekologiko eta ekonomiko handiena ekarri zuela. Gertaeraz geroztik, handia eta etengabea da itsas garraioari buruzko kezka, eta Euskal Herrian ere, inon izatekotan, badira larritzeko arrazoiak. Munduko flotaren %90 kasko bakarreko itsasontziz osatua dago, horietako asko zaharkituak dira, komenentziazko bandera dutenak eta ordainsari kaskarra kobratzen duten langilez hornituak. Egunero, horrelakoxe itsasontziak ibiltzen dira gure itsasoetan barrena, hots, noiznahi "leher" daitezkeenak, benetako lehergailuak, baina zoritxarra gertatu arte ez gara jabetu ere egiten. Oraingoan, "Prestige" ontziak zabaldu du hondamena Galiziako itsasoan, 1999an "Erika" ontziak izorratu zuen Bretainiakoa, eta 1992n, berriz, "Mar Egeo" ontziak galdu zuen Galizia aldea.

Bada, kontuak horrela, edonoiz ikus dezakegu gure itsasertza marea beltzek zikindurik: oraingoan "Prestige" ontziaren isuria iritsi zaio, baina gaur, bihar edo etzi beste batenak hel dakizkioke. Izan ere, gogora dezagun ontzi horrek 70.0000 tona fuel olio zeramatzala barruan, eta esan dezagun bidenabar, nahiz eta dakigula orain arte istripu larririk ez gertatu, baldintza antzekoetan edo okerragoetan dauden "Prestige" ugari porturatzen dela gurean egunero. Bai, halaxe da, 350 itsasontzi baino gehiago heltzen dira Abrara urtero, hau da, itsasontzi bat eguneko; "Prestige" bat eguneko. Horrelako ontziak Petronor enpresaren Luzero lurmuturreko portuko instalazioetako bost atrakalekuetara sartzen dira. Datu ofizialen arabera, 2001. urtean, 12 milioi tonatik gora heldu ziren petrolio gordinean, produktu deribatuetan eta bestelako materietan, Petronorren itsas terminal horretara (12.452.202 tona zehazki, 2000. urtean baino %8,86 gutxiago). Irabazi gordinari dagokionez, 2001ean ia 211 milioi euroko sarrera izan zuen petrolioa fintzeko enpresa horrek, eta, ekitaldia itxi ondoren ikusitakoaren arabera, etekin handiagoa izan du 2002an. Nolanahi ere, hilabete batzuen buruan jakingo ditugu 2002ko datu ofizialak, eta bien bitartean 2001eko datu ofizialekin aritu beharko dugu.
Beste euskal portuetan urtero 35 itsasontzi nabigatzen dira petrolio gordinarekin eta deribatuekin. Baionan petrolio gordin eta deribatuen 800.000 tona mugitzen dira urtero eta Pasaian 250.000 tona.

LEHENGAIETAN, 9 MILIOI TONA IRISTEN DIRA PETRONOR ENPRESARA, ETA 3 MILIOI ATERATZEN.

Abraren barruan dago Petronorren itsas terminala; Luzero lurmuturrean, zehazki. Leku horretan, erruzkoa da petrolio gordinaren joan-etorria: batetik lehengai gisa sartzen da; bestetik, produktu bihurtuta esportatzen da kanpora. Mugimenduaren neurria azaltzeko, ekar ditzagun hona Bilboko portuari buruzko datuak: 2001. urtean, portu horretako sarrera-irteeren %46,7 egin zuten Petronorren itsas terminalera heldu ziren merkantziek (adierazi dugu gorago 12.452.202 tona iritsi zirela petrolio gordinean, produktu deribatuetan eta bestelako materietan). Zifra horiek berez erakusten dute zeinen ardurakoa eta zeinen arriskutsua den terminal hori, edota, bestela esan, zeinen garrantzizkoak eta arriskutsuak diren instalazio horiek eta itsas alde hori.
Petronorren Luzeroko instalazioetara, bederatzi milioi tonatik gora (9.220.329) heldu ziren petrolio gordinean eta bestelako materietan, 2001. urtean. Kantitatearen jatorriari dagokionez, Ekialde Ertainetik iritsi zen gehien: Irandik, Iraketik eta Siriatik. Hurrena, berriz, ondoko leku hauetatik: Ekuatore Gineatik, Errusiatik, Ipar Itsasotik (Erresuma Batua eta Norvegia), Mendebaleko Afrikatik (Nigeria eta Gabon), Venezuelatik eta Mexikotik. Eremu bakoitzetik zehazki zenbat etorri zen jakiteko, ikusi artikulu honetako taula. Esportazioari gagozkiola, Petronorrek ia bi milioi tona (1.936.032) esportatu zituen garai horretan (terminaleko irteeren %59,9 guztira). Salmentari dagokionez, enpresa horrek honako produktu hauek merkaturatu zituen ondoen: gasolina, fuel-olioa, nafta, gasolioa, asfaltoa, bunkerra, LPG eta kerosenoa. Herrialde produktu hartzaileetan, ondoz ondo herrialde hauek izan ziren garrantzizkoenak 2001. urtean: Estatu Batuak, Herbehereak, Frantzia, Singapur, Gibraltar, Britainia Handia, Portugal, Mexiko, Kanada, Grezia eta beste batzuk.
Milioi tona horiek guztiak garraiatzeko, 351 itsasontzi behar izan ziren 2001. urtean (hala eta guztiz, 2000. urtean baino %9,53 gutxiago da kantitate hori). Hortaz, esan gabe doa, urteko egun guztietan dago ontziren bat abian Petronorren Luzeroko instalazioetan. Alabaina, zer baldintzako ontziak dira gurean porturatzen diren horiek? Zenbat dira bi kaskokoak? Petronorren instalazioetara heltzen diren ontziak banan-banan aztertuz gero, ziur aski munduko petrolio flotaren ezaugarri guztiak izango genituzke begien aurrean: kasko bakarreko ontziak (hala da munduko flotaren %90), ontzi zaharkituak, segurtasuneko eta prebentzioko neurri gutxiegi dituztenak, paradisu fiskaletan erregistratutako komenentziazko banderak, gutxi kobratzen duten langileak eta abar. Bistan denez, era guztietako ezbeharren habia paregabeak, baina, batik bat, zoritxar ekologiko, ekonomiko edo laboral ororekiko erantzukizunak nahi bezala saihesteko tresnak.
Guztiarekin ere, aitortu behar da Petronor saiatu dela bere itsas instalazioak ahalik eta ongien segurtatzen. Duela bi urte, 2001ean, terminala berritzeko hainbat obra egin zuen: 5. atrakalekuan, esaterako, Yokohama moduko defentsa flotanteak ipini zituen. Defentsa horiek energia gehiago absorbitzen dute, eta hobeto gaitzen eta segurtatzen dituzte atrakalekuak. Horrez gainera, kontroleko sala berriaren eraikuntza bukatu zuen eta martxan jarri zuen beste erako instrumentazio bat.

BESTE GARRAIO ARRISKUTSU BATZUK ERREPIDEETAN BARRENA.

Petronor enpresak itsas garraioa baliatzen du bereziki, baina, horrez gainera, errepidekoa eta beste zenbait ere erabiltzen ditu. Esate baterako, betuna, disolbagarriak, sufrea... errepidez garraiatu zituen 2001. urtean: 372.937 tona zehazki, hots, 2002an baino %0,75 gehiago. Guztizko horren %68 banatu zuen Espainiako Estatuan, eta gainerakoa esportatzeko izan zen. Azkenik, 2001ean, 5,1 milioi tona bidali zituen oliobideetan barrena, CLH, Repsol Butano, Iberdrola, Tepsa eta Esergui enpresen instalazioetara (2000an garraiatuarekin konparatuz gero, %3,48 gutxiago)

Zer dira komenientziazko banderak?
Galiziako kostan hondoratu zen "Prestige" ontziaren bizkarrean, Bahametako bandera kulunkatzen zen. Alabaina, nor zuen jabe? Bada, Greziako Couloutrhos familiaren Liberiako Mare Shipping enpresa, eta, nola diren kontuak, familia berarena zen 1992an Galiziako itsasertzean urperatu zen "Mar Egeo" ontzia. "Prestige" ontzia, beraz, jabetzaren jatorria jatorri, Bahametako komenentziazko banderarekin ibiltzen zen. Eta, hain zuzen, ontzi horren hondoratzeak berriro jarri du mahai gainean komenentziazko banderen gorabehera. Izan ere, horrelako banderekin nabigatzen dira munduko flotako ontzi asko eta asko. Ordea, zer dira komenentziazko banderak? Zergatik ibiltzen dira horrelako banderekin?

Itsas sindikatuek diotenez, ontzia komenentziazko banderaduna da, baldin ontziaren jabe den enpresa ontziko banderari dagokion herrialdekoa ez bada. Bestalde, zergarik ez pagatzea, segurtasuneko kontrol gutxiago eta malguagoak pasatzea eta, sarri baino sarriago, ia tripulazio osoari esklabotasunaren pareko soldatak ordaintzea ekartzen omen du horrelako banderekin nabigatzeak. Horregatik, Hirugarren Munduko herrialde pobreetako langileak ibiltzen dira oro har, horrelako ontzietan. "Prestige" ontzian, adibidez, filipinarrak ziren langile gehienak. "Prestige" ontziaren armadoreak eta gainerako ontzienek askoz gehiago irabazten dute filipinar bati 400 euro pagatuta, europar bati 3.000 euro ordainduta baino. Garraioko Federazio Internazionaleko arduradunen definizioaren arabera, tripulazioaren eskubideak eta segurtasuneko arauak urratzen dituzten herrialdeetakoak dira jatorriz komenentziazko banderak. Sindikatu hori Londreseko kai zaharretan jaio zen 1894. urtean, eta gaur egun 137 herrialdetako lagunak biltzen ditu.
Munduko II. Gerraren garaikoa da komenentziazko banderen sorrera. Gorago aipatu sindikatu internazionalak egin zuen jardun hori boikoteatzeko lehen ekintza, 1948. urtean. Hilabete iraun zuen, eta, Panama, Liberia, Honduras eta Colombia herrialdeen lehen letrak oinarri hartuta, "Panlibhonco" izenez bataiatu zuten, zeren herrialde horiek izan baitziren lehenak merkantzia ontziei banderak emateko erregistroak zabaltzen. Gatazka sindikal bortitza izan zen: sindikatua gogor aritu zen ontziaren banderak erakusten zuen nazionalitatekoak ez ziren komenentziazko tripulazioen esplotazioari kontra egiten.
Hamar urte geroago, 1958. urtean, NBEren mendeko OMI erakundean sartu zen Liberia, hots, Itsas Erakunde Internazionalean, eta kolokan jarri zuen komenentziazko banderen existentzia, baina AEB, Japonia, Errusia eta Europako herrialde gehienak alde atera ziren, Hagako Auzitegi Internazionalak Liberiaren alde ebatzi zuen auzia, eta kontsakratu egin ziren horrelako banderak. Egungo egunean, 60.000 ontzik osatzen dute munduko flota, eta 18.000 ibiltzen dira komenentziazko banderarekin. Hau da, munduko flotaren herena nabigatzen da horrela, eta munduko tonen %50 garraiatzen du. Komenentziazko banderak direla eta, 29 herrialdek egiten dute negozio bikaina. Gailurrean, besteak beste, honako hauexek ageri dira: Bahamak, Panama, Liberia, Malta, Txipre, Madeira, Barbados, Honduras, Birmania, Kanbodia eta Gibraltar. Espainiako Estatuan, 328 merkantzia ontzi daude. Flota horretan, komenentziako 125 bandera kulunkatzen dira.
Gorabehera horretan, aditua da Alfonso Alonso Barcon merkataritzako nabigazioko pilotua. Besteak beste, "La condición obrera de los marinos mercantes" liburuaren egilea da, eta "Urquiola, la verdad de una catástrofe" liburuan ere kolaboratzaile izana. Aditu horrek honela azaltzen du komenentziazko banderen afera: "Gaur egungo ontzi berrietan ere ohikoagoa da bandera komenentziazkoak ikustea, zeren, azken batean, onura fiskalen ondorio baitira. Baina, dena dela, hiru bandera mota bereizi behar dira komenentziazkoetan: ‘bigarren erregistroak’ izenekoak edo batere susmagarriak ez diren estatuenak (Kanarietakoak, Man irlakoak...), ‘betikoak edo tradizionalak’, hots, Liberiakoak eta Panamakoak, nahiz eta sail horretan sartzekoak izan daitezkeen, halaber, Bahametakoak (nazionalitate horretako bandera zeukan ‘Prestige’ ontziak) eta Libanokoak eta Gran Caimanekoak, hau da, negozioan sartu berriak diren herrialdeetakoak. Eta, hain zuzen, azkeneko horiekin izan behar da kontu, zeren sinestekoa ez den neurriraino galtzen baitituzte edo gaizki hartzen arauak, ontziak eta tripulazioak. Bigarren seinalatu ditugunak, aldiz, ontzi bikainak izan ohi dira oro har: tartean, hortxe ikusiko ditugu armadore espainiar zenbaitenak. Sekulako ontzi floten jabe ‘handiak’ dira espainiar horiek, hainbat ontzi Repsolek eta Unión Fenosak pleitatzen dizkiete, eta inori ere ez zaio bururatzen ontzi piratatzat jotzea, nahiz eta zehazki Bahametako banderadunak izan"


ASTEKARIA
2003ko urtarrilaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Petronor
Lemoako Bistibieta zabortegian egon liteke 'Prestige' hondamendian euskal kostaldean bildutako galipotaren %37

Elkarrekin-Podemos taldeak informazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean, Lemoako Bistibietako zabortegian egon daitekeen hondakinen inguruan. Ekologistek sarritan salatu dute bertan gorde zituztela 2002an hondoratutako Prestige petroliontziak askatu eta euskal arrantzaleek itsaso... [+]


Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du

Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.


Petronorren obra batzuk geldiarazi ditu Muskizeko Udalak

Lizentzia-eskaeran “hainbat artxibo osatu gabe zeudelako” obrak geldiarazteko dekretua sinatu du Muskizko alkate Edu Brionesek.


2023-07-10 | Jon Torner Zabala
"Petronorrek kirola zikintzen du" mezua zabaldu du Greenpeacek Zierbenako estropadan

"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".

 


Eguneraketa berriak daude