BAKOITZARI BEREA

Telebista


Anjel Alkain polifazetikoa

Donostiako Antigua auzoan 1966an jaio zen aktore honek «36» aurpegi baino gehiago ditu, ugari baitira «Sorginen Laratza» ETBko saioan, gauero interpretatzen dituen pertsonaiak: Karlos Argiñano, Jose Antonio Arana, Bittori, Marta Alkain, Sargento Cañete, Elton John...
Horrexegatik hain zuzen ere; euskal karakterizazioekin erreferentzi soziala lortu duelako, erregistro desberdinetan ongi baino hobeki moldatzen dakielako, interpretazio landuak egiten dituelako eta euskal gizartearen ikuspegi ironikoa ematen digulako eman zaio Anjel Alkain polifazetikoari Telebistako ARGIA Saria.

Hernanin Tanttaka taldearekin hasi zen antzerki munduan eta ondoren Eusko Jaurlaritzak antolatutako Antzerti eskolan egin zituen ikasketak. Ordutik antzerki taldeetan hainbat antzezpen egin du eta Hankagorri taldearen sortzaile ere izan zen. Telebistan «Kili-kolo» eta «Jaiak» saioetan aurkezle izana da eta gaur egun «Sorginen Laratza»ko aktore da. Iaz Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Telebistako aktorerik onenaren jokulari saria jaso zuen.

Prentsa idatzia


«Goienkaria», asmo handiko proiektua

Duela urtebete inguru sortu zenetik, «Goienkaria»k, egunkari formatoa duen astekariak, Debagoieneko informazioa jasotzen du. Baina iazko urriaren 18an, «Goienkaria» berria jaio zenean, proiektuak beste urrats bat eman zuen, inguruko aldizkari gehienek berarekin bat egin baitzuten.
ARGIAk ekimen hori saritu nahi izan du, asmo handikoa eta berritzailea delako eta bere diseinu eta edukiaz Debagoieneko eskualde osoarentzat integrazio pauso handia izan delako.

«Goienkaria» berriak 48 orrialde ditu, erdia «Goienkaria» komunarentzat eta beste erdia herri aldizkarientzat. Astekari berrituak hiru edizio kaleratzen ditu eta edizio bakoitzak herri aldizkari zehatz batzuk bereganatzen ditu: Bergarako edizioak «Kontuola» (Antzuola), «Goibekokale» (Elgeta) eta «Berrigara» aldizkariak batzen ditu; Arrasateko edizioak «Arrasate Press» eta «Txirritola» eta Aretxabaletako edizioak «Aretxagazeta» eta «Ze Barri?» (Eskoriatza eta Leintz Gatzaga).
«Goienkaria»ren hurrengo erronka aldizkaria egunkari bihurtzea da eta orain arte erakutsi duten gogoarekin jarraitzen badute, laster ezagutuko dugu hori ere.

Irratia


Pantzo Hirigaray, Irulegi Irratiko uhinak zabalduz

Ez da erosotasunean aritua. Agian horregatik, irratigintza baldintza zailetan egin behar izan duelako, du hain izaera sendoa. Arrazoiak arrazoi, egindakoetara mugatzen bagara, gauza bat dago argi, Pantzo Hirigarayk Irulegi Irratiko entzuleen artean indar handia lortu duela.
ARGIAk irrati esatari honek egin duen eta egiten ari den ahalegina saritu du urtarrilaren 25ean, aipatzen ari garen beste hainbat lorpenen artean, irrati bidez euskarari nolabaiteko ofizialtasuna ematea lortu duelako.

1957. urtean jaio zen baigorritar hau eta 1984az geroztik Irulegi Irratian dihardu esatari, antzezle eta gidoigile lanetan. Antzerki munduan aritua, atal horretan duen ezagutzaz ere baliatzen da bere entzuleak erakartzeko. Horrela, astero irrati antzerkia egiten dute Irulegi Irratian, «Antton eta Maria» pertsonaiekin. Pantzok idatzi du gidoia eta berak eta beste lagun batek jartzen dute entzuleentzat hain hurbilekoak diren pertsonaia horien ahotsa. Gertutasun horrek eta Pantzoren umoreak atontzen dute astero saioa, lehen aipaturiko arrakasta lortuz. Satira eta umorearen maisu izate horrek egiten du Pantzoren gainontzeko saioak ere jendearentzat hain gustuko izatea. Horren adibide garbia da esaterako, «Gezur Flax», asteko aktualitatearen laburpen satirikoa.

Internet


Zientzia.net, dibulgazioa sarean

Duela urtebete sortu zen, 2000ko abenduan, baina aurkezpen ofiziala 2001eko ekainean egin zuten. Zientzia.net (www.zientzia.net) gunearen helburua zientzia eta teknologiaren berri ematea da, euskaraz, teknologia berriak erabiliz eta modu errazean. «Ikusten genuen Elhuyarrek gauza asko egiten zituela multimedia arloan, eta interneten eta euskaraz zerbait egin beharraz ohartu ginen, gaur egun informazioa bilatzen duten askok internet erabiltzen baitute», dio Leire Cancio Elhuyar Kultur Elkarteak kudeatutako Zientzia.net-eko marketing arduradunak.
Web gune honek zientzia eta teknologiaren inguruko informazio eguneratua modu erakargarrian eskaintzeaz gain, euskaraz lan egin ahal izateko tresnak ere eskaintzen ditu. Esaterako, zientzia eta teknologiaren hiztegia. Helburua bost urteren buruan hiztegi horretan 25.000 termino biltzea da, artikulu eta abarrekin. Gaur egun 16.000 termino ingururen definizioak daude. Gainera, euskara teknikoko galderak edo oro har zientzia eta teknologiaren inguruko galderak egin eta erantzunak jaso ahal izateko foroa ere badago. Hemeroteka zerbitzua ere badu, 1995etik gaur egunera arteko «Elhuyar» aldizkariak kontsulta daitezke, baita espreski interneterako egindako dossierrak ere. Agenda batek, multimedia elementuek, eguneko berriek eta beste web gune batzuekiko loturek osatzen dute 2002ko interneteko ARGIA saria jaso duen txoko hau.

Publizitatea


BBK. Iragarkiak bizkaitarrentzat

BBK-k egin izan duen eta gaur egun egiten ari den publizitatean euskararen aldeko apustu garbia nabari da. Horregatik, hainbat eta hainbat kanpainatan euskarazko medioekiko fideltasuna erakutsi duelako, ARGIAk publizitate arloko saria eman dio erakunde honi.
Gainera, egin duen publizitatearen bidez Bizkaiari lotutako ekimen, kanpainak eta abar babestu ditu, «BBK» sostengu marka bezala identifikatua izatea lortuz.
Endika Ruiz de Zarate, BBK erakundeko kanpo harremanen arduradun denaren esanez, «BBK-k bizkaitarrei hurbiltasuna adierazi nahi die». Ruiz de Zaratek adierazi duenez, bere erakundea beti konprometitu izan da Bizkaiko eta oro har Euskal Herriko gizarte osoarekin, bai gizarte zein kultur gaiei dagokienez: «Kulturalki euskara oso garrantzitsua da eta horregatik egiten ditugu euskaraz idatzitako iragarkiak. Euskal bezeroek komunikazioa euskaraz eskatzen dute eta guk behar hori asetzen dugu».

Konpromiso horren adierazgarri dira erakunde honek egin dituen euskarazko hainbat eta hainbat iragarki eta kanpaina.

Merezimenduzko Saria


Euskal Herriko Bertsozale Elkartea

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Merezimenduzko Saria jaso du. Arrazoiak ugariak dira, baina bereziki bertsolaritza gizartean integratzeko eta Euskal Herriko mugak gaindituz bere oihartzuna zabaltzeko egin duen eta egiten ari den ahalegina nabarmendu behar da. Zentzu honetan Koldo Tapia Bertsozale Elkarteko idazkariaren hitzak jaso ditugu: «Euskara hizkuntza minorizatua eta bertsolaritza genero minorizatua den heinean, artista eta jarraitzaleen arteko batasuna lortzeko ahalegina egin dugu. Euskal gizarteari zerbait eskaini ahal izateko garrantzitsuena aurrera egitea da». Baina esfortzuak lorpenak ere eman ditu. Besteak beste, bertsolaritza euskal komunikabideetan funtsezko gaia izatea lortu du elkarteak.

Bestalde, elkartearen eskutik bertsolaritzak internetera ere salto egin du, www.bertsozale.com web gunean. Bertan lau hizkuntza ageri dira: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa. Joxerra Gartzia, Jon Sarasua eta Andoni Egañak duela gutxi kaleratu duten «Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak» liburua ere lau hizkuntza horietara itzulia izan da eta iaz egin zen Euskal Herriko Txapelketaren finala bera beste hizkuntzetan erreferentzi bilakatu zen. Ekimen horiek guztiak Bertsozale Elkartearen izaera integratzaile eta internazionalistaren ondorio dira eta Merezimenduzko Saria eskuratzeko arrazoi


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude