EZ zen inprobisazioa izan martxoaren 6an Hernanin Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak burutu zuen batzarrean. 1998ko balantzea egin eta aurrera begirako erronkak azaldu zituzten. Xenpelar Dokumentazio Zerbitzua garatuko dute eta horren harian «Aitzondo» izeneko datu basea martxan da. Aurten, «Bertsozalea» berripapera hilabetekaria bihurtuko da eta bestalde, Lanku zerbitzu enpresa sortu nahi dute. Egitasmo honek bertso jaialdien antolatzaile eta kultur agenteen arteko elkarlana sustatu nahi du. Apirilaren 10ean bertsolari gaztearen eguna egingo dute Baionan, etorkizuna ziurtatzeko bertsogintzaren transmisioa sendotu beharra baita.
Dena den, elkartearen erronka nagusia 2001. urtean antolatu nahi den "Inprobisatzaileen topaketa interkulturala" da.
HAMABI IDAZLEEN OMENALDIAEUSKAL Idazleen Elkarteak urteko biltzar nagusia Iparraldean, Uztaritzen alegia, egin zuen lehen aldiz. Hilaren 13ko biltzar hau baliatu zuen elkarteak, hamabi euskal idazleri omenaldia egiteko, euskaraz idatzi dutelako urte luzez. Omendutako idazle, kazetari eta itzultzaileak honakoak izan ziren: Jean Louis Davant, Jan Battit Dirassar, Eñaut Etxamendi, Jan Battit Etxarren, Beñat Goiti, Roger Idiart, Emile Larre, Jean Baptiste Orpustan, Jean Baptiste Soudre, Maddi Treku, Bittor Kapanaga eta Fermin Ixurko.
EUSKAL HERRIKOAK ZINEMANLIBURUAREN izena hala ere, «Euskal Herrikoa zineman» da. Euskadiko Filmategiak kaleratu berri du; Koldo Larrañaga eta Enrike Calvok idatzia. Hiztegi hau Euskal Herriko zinemaren historia alorrez alor jasotzeko egitasmoaren atal bat besterik ez da. Hiztegian, 1896 eta 1998 bitartean, euskal zinemagintzarekin zerikusia izan duten 1.500 pertsonen fitxak jaso dira. Argiztatzaileen, produkzio laguntzaileen eta nola ez aktore, produktore eta zuzendarien bizitza, irabazitako sariak eta bibliografia ere bildu dira.
HITZARMENA