Xorroxin irratiak sabotajea salatu du

  • Igande eguerdian Xorroxin irratiaren emisioa eten egin zen, Baztandarren Biltzarra eguneko zuzenekoan lanean zeudela. Argindarraren kaxako fusible bat ostu zuen norbaitek. "Ez dakigu nork eta zein asmorekin egin zuen", azaldu digu irratiko kide Josetxo Apezetxeak.


2016ko uztailaren 19an - 08:49
(Argazkia: erran.eus)

Goizeko 11:00etatik aurrera programazio berezia zuen Xorroxin irratiak prestatua. Bi ordu beranduago, ordea, emisioa eten egin zen. Irratiaren tresneria eta antena dagoen etxolara bertaratu ziren langileak, Legatera, eta konturatu ziren fusible bat ebatsi zuela norbaitek. Teknikari lanetan aritzen den lagun batek lortu zuen arazoari irtenbidea ematea, baina ordubetez ez zuen emititzerik izan Xorroxinek.

"Fusiblea lapurtzea erraza da, edonork egin dezake, baina egin zuenak badaki tresneria non gordetzen dugun", esan digu Apezetxeak. "Gainera, fusiblea lapurtzeak arrisku pixka bat ere badu...". Sabotajea egin duen pertsonaren zioen inguruan galdetuta, esan digu ez dakitela nork eta zergatik egin duen.

Bestalde, irratiko kide Fernando Anbustegik iragarri du "ziur aski" salaketa jarriko dutela, Berria egunkariko kazetari Urtzi Urkizuri azaldu dioenez. "Oztopoak oztopo, Xorroxin irratiak aitzinerat segituko du", adierazi du Xorroxin irratiak. "Ez gaituzte isilduko!".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xorroxin
2021-05-02 | Reyes Ilintxeta
Josetxo Apezetxea. Xorroxin Irratiko kazetaria
"40 urtean erakutsi dugu euskaraz bizi daitekeela hemen"

Xorroxin Irratia Nafarroako euskarazko irratirik beteranoena da. 1981ean Erratzuko eskolan okupatutako areto batetik zenbait gaztek lehen saioa aireratu zuten eta egun Baztan, Bortziriak, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdi eskualdean aditzen da. 40 urte uhinetan eta... [+]


Erran.eus Nafarroako Mendialdeko atari digitala martxan jarri dute

Erran.eus, Nafarroako mendialdeko agerkari digitala aurkeztu dute. Xorroxin Irratiak eta Ttipi-Ttapak bat egin dute proiektuan informazio “osatuagoa” eskaini eta entzule eta irakurleak atari bakarrean biltzeko asmoarekin: “Hango eta hemengo informazioa bilduaz,... [+]


2015-02-03 | ARGIA
Xorroxin irratia berriz ere martxan

Nafarroako irrati euskaldun beteranoak uhin bidezko emisioa berreskuratu duela jakinarazi du.


2015-02-02 | ARGIA
Xorroxin irratiak ezin du emititu, ustez tximista batek errepikagailua erreta

Xorroxin irratiak Legate mendian daukan errepikagailua erre egin da eta uhin bidez emititu ezinda geratu dira.


Eguneraketa berriak daude