Udalaren debekuaren aurrean Manifestibalerako deia Udazkenfestek

  • Udazkenfest jaialdiko antolatzaileek, Gasteizko Udalaren debekuari aurre egiteko, Manifestibalerako deia egin dute, ostegunean, 19:30ean Bilbo Plazatik abiatuta. Ondoren, kontzertuak eta elkartasun gaua ospatuko dira Gaztetxean. “Sorpresa ugari eta irribarrea aurpegian” izanen dutela iragarri dute antolatzaileek eta Gasteiz elkartasunez betetzeko gonbitea luzatu dute.


2013ko urriaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Udalaren debekuaren ondorengo Manifestibalaren iragarpen afixa.

Urriaren 31n, ostegunean, Udazkenfest sakabanaketaren kontrako elkartasun jaialdia ospatzekoa zen Gasteizen, preso arabarren senide eta lagunak ekonomikoki laguntzeko. Baina PPren esku dagoen Gasteizko Udalak debekatu egin du, irizpide teknikoak argudiatuta.

Antolatzaileek prentsaurrekoa eman dute 11:30ean Korreria kaleko Zuloa irudian debekuaren nondik norakoak azaldu eta balorazioa egiteko. Jaialdia debekatzea "erabaki politikoa" izan dela salatu dute bertan eta Udalak emandako argudioak "guztiz zentzugabeak" direla adierazi dute. Izan ere, segurtasun pribaturik ez izatea, bolondresen lanaren bidez bermatua baitzegoen eta antolatzaileek ez baitzuten etekin ekonomikorik bilatzen; argi adierazi zuten jaialdiaren aurkezpenean sarreren salmentatik lortutako dirua sakabanaketa politika pairatzen duten 56 familia arabarrei emanen zitzaiela.

Debeku ororen gainetik elkartasunak mugarik ez duela eta aurrera jarraituko dutela iragarri dute antolatzaileek. Hortaz, hilaren 31n, Manifestibala -musika aldarrikapena eta elkartasuna- abiatuko da Gasteizko Bilbo Plazatik, arratseko 19:30ean. Horren ostean, elkartasun festa eta kontzertuak eginen dira Gasteizko Gaztetxean. Jendearen laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dela ohartarazi dute prentsaurrekoan.

Udazkenfesteko antolatzaileek haien webgune eta sare sozialetan eman dute debekuaren berri; eta mobilizatzeko deia egin diote jendarteari. Twitterren #udazkenfestaurrera etiketa erabiltzen ari da azken berriak jakin eta ekimenari elkartasuna adierazteko.

Irailaren amaieran aurkeztu zen Udazkenfest, preso arabarrei babesa emateko helburuarekin sortutako ekimena. Espetxe politika eta dispertsioak eragiten dituen kostuei aurre egiteko jaio zen festibala; antolatzaileen ohartarazi bezala, preso bakoitzeko hilean 1.376 euro gastatzen baitituzte gertukoek.

Musika talde ezagunez betetako kartela prestatua zuten antolatzaileek eta ostegunean, 18:30etatik aurrera, Soziedad Alkoholika, Gatillazo, Mandoilek, Ze Esatek!, Arramazka eta Tximeletaren kontzertuez gozatzeko parada izanen zuten bertaratutakoek. Debekua dela medio, egitarau hori bertan behera geratu da. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude