Militarren esanetan 448 militante kurdu hil dituzte abenduan etxeratze agindua ezarri, eta operazioak hasi zituztenetik. Domekan poliziak hamabi gazte hil zituen Van probintzian; Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) kideak zirela adierazi du Turkiako Gobernuak.
Uztailean Turkiako Gobernuaren eta PKKren buru Abdullah Ocalanen arteko negoziaketak eten eta borrokak berriz hasi zirenetik asteburu odoltsuena izan da azkena. Zapatuan, Turkiako armadaren esanetan, PKK-ko hamasei kide hil zituzten Cizre eta Silopi hirietan. Domeka gauerdian berriz, poliziak Van probintziako etxebizitza batean eginiko operazioan PKK-ko hamabi kide hil zituela adierazi du. Polizia bat hil eta beste lau zauritu ziren operazioan.
Tugba Hezer HDP alderdi kurduko kideak informazioa gezurtatu du, eta ustezko hamabi militanteak zibilez jantzitako gazteak zirela azaldu du. Hildakoek 18 eta 25 urte bitartean zituzten. Buruan tirokatu zituztela salatu du Hezerek: “Hilketa masiboa izan da”.
Egun berean, Ipar Kurdistango hiriburu Diyarbakirren izandako borroketan segurtasun indarretako bi kide hil eta beste hamalau zauritu zituzten. Azken hilabetean borroka gogorrak izan dira hiriburuan, eta Sur auzo historikoak kalte handiak jasan ditu.
1984an hasi zen PKK eta Turkiako Gobernuaren arteko gatazka, eta orain arte borroka gehienak mendialdean izan dira; uztailetik hona, ordea, hiriguneetara igaro dira. Gazte kurduek barrikadak eta lubakiak eraiki dituzte Turkiako segurtasun indarrak hiri kurduetara sartzea eragozteko. Turkiako Gobernuak, bestalde, 24 orduko etxeratze agindua ezarri eta armada hedatu du Ipar Kurdistanen.
Borrokak hirietara pasatzearen ondorioz, zibilak izan dira kaltetuenak. HDP alderdiaren esanetan abenduan soilik 81 zibil hil dira, eta milaka pertsonek alde egin behar izan dute borroken eta bereizi gabeko atxiloketen ondorioz. Etxeratze agindua dela eta, gaixo eta zaurituek ospitaleetara ezin dutela joan salatu dute.
Recep Tayyip Erdogan presidentearen esanetan PKKko 3.100 kide hil dituzte 2015ean, Turkian eta handik kanpo egindako operazioetan –PKKk kanpamentuak ditu Hego Kurdistango mendietan, Turkia eta Iraken mugatik gertu–. Erdoganen gobernuak etengabe bonbardatu ditu kanpamentuok uztailetik hona Siriako gatazkan talde terroristen aurkako esku hartzea baliatuz. PKK eta Turkiako Gobernuaren arteko hiru hamarkada luzeko gatazkan 40.000 lagun hil dira.
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]