Komunikazioaren ikuspuntutik ere emango du zer ikasia Donostiako Aske Guneak: sare sozialek eta hedabide independenteek kontatu dute bertan gertatua, medio nagusiek estali duten hein berean. Bistan da, garai berriak bizi ditugu, baita komunikazioaren esparruan ere.
“Inoizko albisterik txiokatuena euskaraz eta ziurrenik ez dugu ikusiko hedabide gehienetan”. Asier Sarasua eibartarrak joan den igande goizean Twitter sare sozialean bidalitako mezua da, Ertzaintzak Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariari egindako erasoa erakusten duen bideoari buruz. Dokumentu hori bezala, Donostiako Bulebarrean antolatu den mugimendu zibilari buruzko beste hainbat albistek, bideok eta argazkik ere milaka ikusle izan dituzte Interneten.
Joan den asteko gairik beroena izan da sare sozialetan baina, hedabide nagusiek, publikoek barne, ez diote tokirik egin. Medio batzuk izan ezik (Berria, Gara, Naiz, Info 7, Irutxuloko Hitza, ZuZeu, Sustatu, ARGIA…), Segikoak izateaz akusatuta kartzelan sartu nahi zituzten Donostiako zortzi gazteen inguruan isiltasuna nagusitu da.
Isiltasuna? Ez. Ez da hitz egokia. 34.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute Youtuben Bulebarreko Herri Harresiaren azken 20 minutuetan gertatutakoa erakusten duen ARGIAren bideoa (askoz gehiago izango dira hau irakurtzen duzunerako).
Aske Guneari buruzko informazioak mundu osora iritsi dira: Errusiako Ruptlyk, Russia Today hedabidearen albiste agentziak, Donostian grabatutako hainbat bideo zabaldu ditu. Twitter bidez Europako puntu askotara heldu dira berriak: Ingalaterra, Herrialde Katalanak, Espainia, Frantzia, Italia.
Inflexio puntua hedabideentzat
Nola lortu dute Donostiako gazteek halako oihartzuna? Aske Gunea abian jarri eta berehala agertu zen kezka gaiak izan zezakeen jarraipen informatiboaz. Espainiako hedabideek isilaraziko zutela argi eduki zuten, gero jabetu ziren EITBk ere ez zuela informatuko. Eta Herri Harresia eraikitzearekin batera, harresi informatiboa gainetik pasatzeko estrategia prestatu zuten: atxilotzera zihoazen zortzi gazteen egoera esplikatzen duen manifestua hainbat hizkuntzatara itzuli; Bulebarrean bildutako jendeari galdetu eta atzerriko hedabideei berri emateko gai ziren pertsonak lanean jarri; gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez Twitter kontuak sortu (apirilaren 16an itxi egin zizkieten, eraginkorrak izaten ari ziren seinale argiagorik?).
M15 edo Occupy mugimenduen antzeko komunikazio estrategia izan da, mezu positiboetan oinarritua, herritarrei ahotsa eman diena, momentu bakoitzean gertatzen ari zenarentzat Twitterreko etiketa egokia prest eduki duena (#resist8 eta #basque8 eguneko tag erabilienen artean izan ziren Espainiako Estatuan). Gainera, igorritako mezuek kondenatutako gazteen egoera pertsonalari garrantzia eman diote, maila estrategikoan erabili dute atxiloketen giza-drama, Segiko militanteen kideko ez diren jendeak ere erakarriz.
Komunikazioaren ikuspuntutik ikasgai asko eman ditu Aske Guneak. Inflexio puntua izango da euskal hedabideen historian. Kazetaritza independenteak herritarren laguntzaz asko dezake. Orain, fenomeno puntuala izatetik egunerokora nola pasa asmatu behar da.
Orain denak aita santua baino frantziskotarrago bihurtu zaizkigunez, komeni da gogoratzea gure klasiko ez-sotanadunez. XVII. mendean izan zen bat, haren grazia zen Arnaut Oihenart. Eta ezin gaitezkeenez murgildu haren lan guztietan, gaur goretsiko dugu O.ten gaztaroa... [+]
Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]
Martxoaren 27an aurkeztu zuen ARGIAk Bizi Baratzea Orria, lurrari begiratzen dion urtarokako aldizkari berria. Martxoaren hasieran zabaldu zen kide egin eta formatu oso berezia duen orri handia etxean jasotzeko aukera. Erantzun oso beroa izan du. Kide hauen profila ezagutu nahi?
Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]