argia.eus
INPRIMATU
Ibilbideak (V)
Ozaze: Bide huts, etxe huts
  • Ekainaren 3an Euskal Liburu eta Disko Azoka egin zen Ziburun. 2020ko hauteskundeetan aldaketa handia izan zen Lapurdiko kostaldeko herrian: abertzaleak nagusi dituen Ziburu Bizi zerrenda irekiak hogei urteetako gehiengoa irauli zuen. “Erakutsi behar dugu gai garela herriko etxe bat kudeatzeko, ideiak baditugula eta egingarriak direla”, zioen Leire Larrasa hautetsiak Ipar Euskal Herriko Hitzak egindako elkarrizketan: “Batez ere, hirigintza mailan arazo handi bat baita gure herrian, etxeen %42 bigarren etxebizitzak baitira. Erakutsi nahi dugu nahikeria hor bada gauzak egiten ahal direla”.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko abuztuaren 01a
Ozaze-Züharako pilotalekua / Argazkia: Google Maps

Ez da soilik Zibururi dagokion afera, molde batean ala bestean Ipar Euskal Herri osora zabaltzen den problematika baten adibide bat baizik. Bai, kostaldeko herriek dute bigarren etxebizitza tasarik altuena (Hendaiak %35, Donibane Lohitzunek %43, Getariak %44, Bidartek %47), baina horrek ekarri duenez prezioen garestitzea, barnealdera “migrazio inmobiliario bat” sortu da urteotan, zeinak eragin duen “laborantxa lurren gaineko espekulazioa, eraikuntza berrien mehatxupean”, hainbat eragilek salatu duenez.

Hain justu, espekulazioa salatzeko ekainaren 27an okupazioa abiatu zuten Senperen, 1.300.000 eurotan salgai den etxaldean; eta lehenago, ekainaren 3an bertan, Ozazeko plazan bildu zen hainbat herritar, Xiberoako espekulazioaren kontrako kolektiboak (XEKK) deituta, jai-giroan egiteko herriko etxe hutsen itzulia.

Handik abiatuko dugu orriotan jaso dugun 5. ibilbidea: Ozaze, Beterbidea eta Zühara herrigunea lotuko dituen zortzi kilometroko txango erraza, bi ordu eta erdian egin daitekeena, eta larre, soro, alor eta oihantxoetan barna, Arbaila mendialdearen altzoetara eramango gaituena. Zuberoa eta Nafarroa Behereko mendiguneak tontor politak ditu, Hauskoa (1.268 m.) eta Behorlegi (1.265) esaterako. Ipar Euskal Herriko mendi estimatuenetako bat da bigarren hori, bere itxura piramidala dela-eta hegoaldeko mendizaleek "Iparraldeko Txindoki" ezizenez ere deitu ohi dutena.

Iparraldeko “lasaitasun idilikoa” gure egiten dugun bitartean, espekulazioaren hatsa ere sentituko dugu aurrerantzean kokotean. Alda kolektiboko kideek etxebizitza hutsen gainean dioten bezala, frantses estatuak fiskalitatea aldatu beharko luke, "alokatzea huts mantentzea baino interesgarriagoa izan dadin jabearentzat". Nolanahi ere, etxebizitza duin bat eskuratzea Iparraldean "merkatu pribatuan ia ezinezkoa" den honetan, egoera iraultzeko erantzun integrala eta alternatiboa beharrezkoa dela nabarmentzen du Aldak.

 

FITXA TEKNIKOA

Non

Ozaze-Zühara (Zuberoa)

Nola iritsi

Ozaze eta Zühara herriguneek osatua da udalerria. Mauletik hamar minutura dago autoan (D918 errepidea)

Informazioa

Hauskoa eta Behorlegi edo Behorlegittutturru mendien bueltako ibilbideak Wikiloc moduko webguneetan kontsulta daitezke.

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]