Lurraman klima aldaketa izango da gai nagusia eta Normandia gonbidatua

  • Azaroaren 6, 7 eta 8an Miarritzeko Irati gelan burutuko da 2015eko Lurrama feria. Klimaren babesaren eta nekazaritzaren arteko lotura azpimarratuko da bertan eta Normandiako nekazaritza izango du gonbidatu nagusi. Xehetasunak Maryse Cachenaut Lurramaren lehendakariak eskaini ditu.

Etxalde
2015eko urriaren 23a
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako nekazaritzaren erakustazoka den Lurramak aurtengoa hamargarren edizioa izango du.

Aurten hautatua izan den gai berezia laborantza eta klima aldaketari lotua da. Gogoa ginuen, aktualitatean den gai huni gure oihartzuna emaitea, Frantzian iraganen delako urte bukaeran nazioarteko 21.konferentzia haundia, klimari buruz. Hortarako Lurramak gonbitatzen du saloinaren babesteko Pascal Canfin ministro ohia, ekologista eta gai hortan berezitua dena; berak azalduko ditu klima aldaketaren arriskuak, gaurko apustu nagusiak, eta Pariseko konferenzian zalantzan diren negoziaketa garrantzitsuak geroari begira.

Lurramak aldiz, erakutsi nahi du argiki Laborantza iraunkor eta herrikoiak baduela eragin bakoirra kutsadurak apaltzeko, baliabideak begiratzeko: natura eta lurra errespetatuz, laborarien eta kontsumitzaileen urbileko harremanak sortuz, kalitatezko labelak garatuz, bioaniztasuna zainduz...

Hortarako,azken hamar urte hauetan, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eremaiten dituen lan sailak aurkeztuak izanen dira; hala nola, «Herriko» ogi ta haragi markak; hor izanen dira ere Lurzaindiako kideak (lurrak koletiboki erosten ditu Lurzaindiak), bainan ere kalitatezko bideetan engaiatuak diren etxe ekoizleak, Ipar eta Hego Euskal Herrian, edo energia berriztagarrien inguruko alternatibak.

Lurrama kalitatezko janariaren behatokia da dudarik gabe eta laborarien lana goraipatzeko, jinen da ere, urte guziz bezala , sukaldari andana bat! Jateko ona, sanoa, nundik heldu den nola egiten den erakustea: hau dugu helburu! Lurramaren mezua hortan oinarritzen da, eta gertakari denboran, erakutsi nahi diegu hiritarrei zoin diren gure indarrak, zer eragin duen gure lan moldeak ekonomiarentzat eta ingurumenarentzat, bai ta ere argiki azpimarratu denok badugula gure ardura, laborari edo kontsumitzaile bezala.… Hots, laborantza iraunkorra eta herrikoiaren garatzea ez dela bakarrik denen interesa, baizik eta zentzuzko hautua!

Horrez gain, Lurrama pesta giroan iragaiten den saloina da, batez ere 10garren urteakari: animazio esberdin ainitz, hala nola, dantza kreazioak, musika, nazioarteko soka tira txapelketa haundia, ezpeletako biper txapelketa, edo ardi gasna txapelketa... Haurren gunearen eremua ere ainitzez haunditua izanen da, bere tailer pedagogiko eta ludikoekin!

Bestalde, urte guziz bezala, Lurramak gonbitatzen du lurralde bat, eta aurten Normandia eskualdea jinen zaigu, bere gasna gozo famatuekin (Camenbert, Pont Levêque, Livarot…), eta sagarnoekin... Deskubritzen ahalko dira ere Normandiako kabala arrazak.

Lurramaren arrakastak segitzen du 10 urteren buruan eta pozik gira: programazio aberatsaren aldetik, hiri eta baserri munduko bizizaleen elkartze eta trukatzearen aldetik batez ere. Kontsumitzaileen itxaropeneri erantzuten du LURRAMAk, aintzina doan Euskal Herriko Laborantza Ganbara sustengatuz ber denboran…

Kanal hauetan artxibatua: Lurrama  |  Klima aldaketa  |  Miarritze

Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude