Lan istripuek gora egin dute Nafarroan Lan Arriskuen Prebentziorako legearen 20. urteurrenean

  • 2000. urtetik hona lehen aldiz gora egin dute lan istripuek Nafarroan, eta horrekin batera hildakoen kopuruak.


2015eko azaroaren 16an - 13:50
Barbatain-Ezkirotzen izandako lan istripu baten aurkako protesta 2014an (argazkia: LAB).

2012an zortzi izan ziren; 2013 eta 2014ko tartean berriz, 25. Sindikatuen ustez prekarietatearen gorakada, lanpostuen errotazioak eta prebentziorako inbertsioen beherakada dira horren arrazoi nagusiak.

Europako araudiarekin bat egiteko, 1995ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak Lan Arriskuen Prebentziorako legea. Orduz geroztik 425 pertsona hil dira Nafarroan lan istripuetan.

Nolanahi, istripuen kopuruak behera egin du azken hogei urteetan: 2000 urtean 80,4 istripu izan ziren mila langileko eta 2007an 56,1. Jaitsiera areagotu egin zen 2007tik aurrera eta 2012an 28,1 istripuan geratu ziren. Ia %60 jaitsi zen hortaz istripuen kopurua 2000 eta 2012 artean.

2007an hasi zen krisiak baina, datuak distortsionatu zituen. Krisiak eragindako langile kopuruaren beherakadak istripu kopurua jaistea ere ekarri zuen. Batez ere, eraikuntzan nabaritu zen jaitsiera, sektore horretan gertatzen baita istripu gehien –1995etik hona hildakoen kopuruaren %25 eraikuntzako langileak ziren–.

Eraikuntzaren urte oparoenean, 2005ean, 3.046 istripu egon ziren sektore horretan, kopuru osoaren %22. 2014an berriz, 586 istripu gertatu ziren, %8.

Aktibitate ekonomikoak gora egingo duela aurreikusten da, eta horrek, neurririk hartu ezean, istripu gehiago gertatzea ekar lezake. Azken urtea da horren adibide: 2013an baino 452 istripu gehiago gertatu ziren. 2015eko lehen erdiko datuak ikusirik, 116 istripu gehiago, badirudi joera mantentzen dela. Soilik Frantziak eta Portugalek dituzte datu txarragoak.

Enpresek prebentzioan egindako murrizketak direla-eta, sindikatuak ez dira baikorrak etorkizunera begira.

UGTk egindako ikerketa baten arabera enpresa ertain eta txikien %80k du prebentzio plan bat, baina horietatik %18 bakarrik dira eraginkorrak. Ikerketaren arabera, plan gehienetan ez ziren ageri neurriak, aurrekontua, epeak edo horiek aurrera eramateko arduradunak. UGTren ustez prebentzioa “formalitate” bihurtu da, eta soilik enpresen %9k identifikatu ditu lanpostu arriskutsuak, eta enpresen %70ak prebentziorako planak “urriak” dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lan istripuak
Zorroza Gestión de Residuos enpresak onartu egin du Bassirou Dioneren gorpua mugitu zutela, lan heriotza ezkutatzeko

Asteazkenean eseri dira epailearen aurrean Zorroza Gestión de Residuos enpresako arduradunak, 2020an gertatutako lan heriotzaren harira. Epaileak urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 30.0000 euroko kalte-ordaina ordaintzea ezarri die bi akusatuei.


Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


Eguneraketa berriak daude