Garaipenaren ostean

Kudeaketa eta erresistentzia doinuak

  • Blokeen hauteskundeak izan dira oraingoak eta bloke independentistak argi irabazi ditu Kataluniako hauteskunde autonomiko bitxi eta gogorrenak: 155. artikulua bototan garaitu du, lorpen handia.

Xabier Letona @xletona
2017ko abenduaren 25a
Bruselatik ospatu zuen Puigdemonten taldeak independentismoa gehiengo izanik, ERCren aurretik geratu izana.

Garaipenak, ordea, badu bere orbana, Ciutadansek irabazi baititu lehenbiziz hauteskunde batzuk, oso modu indartsuan gainera: 1.102.000 boto zerbait itzela da. Inoiz gertatu gabekoa da eta Europan ematen ari diren antzeko fenomenoak Katalunian ere errepikatzen direla erakusten dute.

Funtsean, emaitzek azken urteetako mapa politikoa finkatu dute, inoizko parte-hartze handienarekin gainera (%81,94) eta ez da samurra izango hor aldaketarik izatea epe laburrean, areago hain giro gotortu eta polarizatuan. Independentismoaren beldurra zen parte-hartzearen igoerak batez ere unionismoa mesedetzea, baina ez, igoerak berari eman dio garaipena, eta boto unionistaren multzoak Cs-i, alderdi honi Espainian oso gora egiteko tranpolina jarriz.

ERCk ez du lortu

Blokeen barruan Cs-ena erabat historikoa da Katalunian. Bartzelonako Gràcia auzoko Jesuiten eskolan, Artur Masek bozkatzen zuen berean, Cs-en paper multzoa zegoen txikien 14:00etan eta neure parean zazpi lagunek heldu zioten agerian boto-paperari: horietatik bost Inés Arrimadasenak ziren. “Zerbaiten seinale ote da?”, pentsatu nuen. Bazen. Unionismoaren baitan denetik bildu du bere sarean Albert Riveraren alderdiak, eskuin muturretik PSCren botora eta agian baita En Comútik ere. Izango da denborarik lasaiago aztertzeko, eta baita ere ikusteko aparra den edo geratzeko etorri den. Edozein modutan, PSC ezinean utzi du eta PP lurpean.

Esparru independentistan lehia zorrotzagoa zen eta, eskura bide zuenean, ERCk ez du helburu historikoa lortu: JxCAT gailendu zaio, Carles Puigdemont, betiko Convergencia, nahi dena; egin daitezke ñabardurak, baina kontua da azkenean erabat lurperatua zirudien pujolismo soziologiko zahar hark hobitik egin duela kuku, eta nola. Alde horretatik etsita zegoen ERC, baina egunak aurrera egin ahala berpiztuko da, 2012ko hauteskundeetatik hona 8 puntu igo baititu. Seguruenik 2015ean jada hor zegoen igoera, Junts Pel Síren baitan, baina oraingoan igoera zenbatu ahal izan du. Tentsio handiko harremana izan dute bi indarrek gobernuan eta hala izaten jarraituko dute, inork ez baitu zalantzan jartzen berau berriz errepikatuko dela.

Bi eserleku irabazi arren kolpea hartu du PSCk eta galtzaileen artean beste horrenbeste En Comúko munduak: bazekiten estu ibiliko zirela, baina Espainiako hauteskunde orokorretako garaipenetik bosgarren indarrera pasatzea eta txikien tropelean kokatzea latza da. Are latzagoa CUPen emaitza: 2015ekoa espejismoa izan zen. Orduan 2012ko 3 diputatuetatik egungo 4ra pasatzea pozarren egoteko datua izango zen, baina tartean 10 izan dituenez, 6 eserlekuren galerak sakon pentsarazi beharko dio. Kaleko alderdia da CUP eta udaletakoa, baina kalera itzuli beharko du bereziki, handik eragiten jarraitzeko.

CUP giltzarri izan da egungo egoerara iristeko, berak behartu baitzuen JxSí erreferendumeraino. Tentsioak tentsio, hori aitortu egin dio gainera independentismoaren zati handi batek. Edo hori uste zen, emaitzek, egiazki, zigortu egin baitute. Zigorra baino, alabaina, badirudi boto baliagarria izan dela CUPeko boto emaile askoren hautua, beldurraren botoa. Eta esparru sozialetik ere galduko zuen beste zati bat seguruenik: erreferendumera iristeko Gobernua sostengatu beharraren faktura hor dago.

Legebiltzarrean, hala ere, gehiengo osoaren giltza garrantzitsua izaten jarraitzen du, hori bai, dagoeneko ez da ezinbestekoa, ez lehendakaria hautatzeko, ez gobernagarritasunerako: JxCAT-ek eta ERCk 66 eserleku dituzte, beste lau alderdi estatalistek baino bat gehiago. Horrek asko erraztuko dio kudeaketa hurrengo lehendakariari, eta ez dago batere garbi hau Puigdemont izango denik, besteak beste gaur gaurkoz Espainiako justiziak espetxeratu egingo duelako hanka bat estatuan jarri orduko.

Autonomia edo Errepublika?

Independentismoak 155. artikulua, PP eta Mariano Rajoy garaitu ditu, eta asko da hori, etxera zein nazioartera begira. Plebiszitua argi irabazi du, baina emaitzek ez dute egoera politikoa asko aldatzen, ez behintzat berehalakoan. Kataluniako gizartea inoiz ez bezala bitan zatitua dagoela erakusten dute emaitzek eta, beraz, horrek adierazten du independentismoak denbora beharko duela bere legitimitate soziala sendotzen jarraitzeko.

Botere harremanak ere hori dio, independentismoak irabazi du, baina boterea hori baino askoz konplexuagoa da, eta oraingoz eltzearen kirtena Madrilen esku dago arrazoi askorengatik. Esparru instituzionalean independentismoarentzat kudeaketa garaia da berriz ere, eta erreferendumaren eskakizuna hor izango da lehen lerroan, baina ez da hil ala bizikoa izango, legealdiaren ardatz, joan den agintaldi labur honetan izan den moduan.

Nola maneiatzen dira erresistentzia eta kudeaketa aldi berean? Hori izango da datozen urteetan ikusiko dugun fenomenoa. Erresistentziatik eraiki beharko du orain independentismoak, bai esparru instituzionalean bai kalean. Instituzioetan kudeaketa izango da oinarri eta hori samurragoa du, Gobernu berriak ez dituelako ezinbesteko CUPeko botoak. Baina Madrilen aurrean erresistentzia izaera hori ere ezinbestekoa izango da, Madrilek maila askotako erasoak egingo dizkiolako Kataluniaren autogobernuari.

Orain formalki bertan behera geratuko da 155. artikulua, baina honek ate bat ireki du eta ordezkatzen duen hori guztia Katalunian geratzeko etorri da, eta ahal bada berau astintzeko, Madrilgo neurri askotan ikusiko dugun gisan, izan hedabide autonomikoetan, hezkuntzan, hizkuntzan edo finantzazioan. Estatuak ikusi du errepresioarekin ez duela independentismoa garaitu, baina ezta galdu ere; independentismoak unionismoa batu du, eta errepresioa ez da horretarako oztopo izan. Bere beharretara modulatuko du berau Madrilek, baina aurrera begira errepresioak beste erabateko rola izango du Kataluniako gizarte eta politikan.

Eta urriaren 1ekoaz zer?

Independentismoak bere helburuei begira inoiz lortu duen gailurrik gorena da urriaren 1eko erreferenduma, hainbat ikuspegitik begiratuta gainera: Espainiako Estatua aurrean izanda, berau egitea lortu zuen eta 2,3 milioi lagunek botoa ematea; baina horrez gain, bai 1ean bai urriaren 3ko greba orokorrean metatutako indar soziala sakon aztertuko da unibertsitateetan. Galdera batek luzaroan egingo du dantza independentisten artean: balio al zuen indar horrek guztiak Kataluniako Errepublika aldarrikatu eta aurrera egiteko? Hori da airean geratzen den galdera nagusia eta oraindik hausnarketa asko ekarriko duena.

Baina urriaren 1eko garaipen epiko hura borobila izan zen moduan, ondorengo kudeaketa akatsez eta etsipenez betea izan zen. Erreferendum egunean gertatutakoek eta bere emaitzek ezustean harrapatu zuten Carles Puigdemonten Gobernua –mundu guztia, egia esan– eta honek ez zuen jakin izan nola kudeatu indar metaketa ikaragarri hura, beldurtu zen eta horren ondorioz puxika soberanista erabat hustu zen, ekimen politikoa noraezean zebilen Espainiako Gobernuaren esku utziz.

Ez dakigu zer gertatuko zen Generalitateak urriaren 2an edo 3an Errepublika aldarrikatu izan balu. Espainiak errepresioa asko areagotuko zuela bai, baina noraino? Eta nola erresistituko zuen independentismoak? Hori ere ez dakigu, baina ehunka mila herritar kalean erresistitzeko prest zirela, hori badakigu.

Herriak erabakitzen du

Pentsatzekoa da orduko aktore bakoitzak bere ikasgaiak aterako dituela eta oraindik batzuk ateratzear direla, baina bi ondorio bederen argi mamitu beharko ditu independentismoak: bat, buruzagitzak askoz argiagoa eta gardenagoa izan behar du herriarekin, bai planteamenduetan, bai hauen garapenean eta baita erabakietan ere. Bi, irribarreen iraultza ondo da filmeetarako, eta batzuetan akaso baita errealitaterako ere, baina ez da nahikoa boterea eskuratzeko, eta kasu honetan ez da nahikoa izan Kataluniako Errepublika indarrean jartzeko. Hori egin nahi duenak, bere esku duen indar guztia erabili beharko du, bestela jai. Espainiak eta gainerako estatu indartsuek hori egiten dute, haien herritarren legitimitatean oinarrituta.

Orain, hori guztia hausnarrerako bazka da. Beldurra oso ulergarria da, begirune handiz hartu beharrekoa. Ez beldurra bakarrik, baita jarrera arduratsua ere; akaso hori zen egin beharrekoa  errepresio bortitza saihestu gura bazen, edo ez, baina herritarrei argi hitz egin behar zaie eta, batez ere, argi izan behar da herriak berak erabaki behar duela aurrera edo atzera egin.

Ikasgai horiekin guztiekin eta oraindik azaleratu gabe dauden beste batzuekin, independentismoak estrategia berri bat marraztu beharko du independentziara bidean eta, oraingoz, erreferendum adostua lortzeak helmuga garrantzitsuenetakoa izaten jarraituko du. En Comúren munduak funtsezkoa izaten jarraitzen du ikuspegi horretatik. Hauteskundeen biharamuna goiz da oraindik egoera berriaren klabe denak mahai gainean agertzeko, batez ere errepresioari dagozkionak, presoak, erbesteko gobernua, auziperatzeak… Datozen ordu eta egunetan izango dira errealitate berria interpretatzeko zantzu gehiago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
Puigdemont eta gobernukideen aurkako euroagindua atzera bota du Llarena epaileak

Puigdemont eta bere gobernukideen euroaginduak atzera bota ditu, baina espetxean daudenei ez die baldintzapeko askatasuna eman.


2018-07-12 | ARGIA
Alemaniak Puigdemont estraditzea onartu du, diru erabilera okerragatik soilik

Schleswig-Holstein landeko Lurralde Auzitegiak erabaki du legezkoa dela Kataluniako lehendakari ohi Carles Puigdemont estraditzea, ez matxinada akusaziopean epaitu dezaten baina soilik diru publikoen erabilera okerragatik. Azken erabakiaren zain, epaileek ez diote kautelazko neurri berririk ezarri eta oraingoz aske jarraitzen du Alemanian.


2018-07-02 | ARGIA
Preso politiko katalanak Kataluniako espetxeetara eramango dituzte

Kataluniako espetxeen eskumena daukan Generalitateak gaur jaso du Madrilgo Barne ministroaren komunikazioa: asteartean eramango dizkiete independentzia prozesua geldiarazteko Espainiak preso hartutako politikariak. Hedabideek zabaldu dutenez, Generalitatea beren senideekin bildu da presoak zehazki zein espetxetan kokatu familiekin batean erabakitzeko.


Independentzia 2029an, matematikoki

Figueres (Girona), 1947ko urtarrilaren 22a. Alexandre Deulofeu (1903-1978) farmazialari eta matematikaria Frantziako erbestealditik itzuli zen. 1936ko Gerran Figuereseko alkate errepublikarra izaki, 1939ko otsailean ihes egin zuen. Itzultzean, berriro ere botikan hasi zen lanean, baina ez zuen baztertu gaztetatik zeukan beste grina, historia matematikaren bidez aztertzea.


Generalitateko kontselaritza bat okupatu dute CDRek Kataluniako Gobernuak U1eko erreferendumean onartutakoa bete dezan

Espainiako Estatuaren aginduak ez betetzeko eta errepublika aldarrikatzeko eskatu diote Generalitateari.


Udaletxeko leihotik 'estelada' ez kentzeagatik, sei hilabetez ezgaitu dute Bergako alkatea

Alkateak epaiketa politikoa dela salatu du, estelada jartzea Bergako udalbatzak hartutako erabakia izan zelako.


Olivier Peter
"Delitu politikoa jende zintzoaren delitua da"

Genevan (Suitzan) erbesteratuta dagoen CUP-Crida Constituenteko diputatu ohi Anna Gabriel Sabatéren abokatua da Olivier Peter (Zurich, 1986). Giza eskubideetan, nazioarteko zuzenbide penalean eta estradizioetan aditua da. Legelari suitzar gazteari eskatu dio aholkua militante antikapitalistak. Peterri ez zaizkio elkarrizketak gustatzen, baina La Directarekin hitz egiteko prest agertu da. Bi hedabideon arteko harremana medio, ARGIAn elkarrizketa euskaraz eskaini nahi diegu irakurle... [+]


2018-06-17 | Saioa Baleztena
Beta Forn. Bidegabekeria erraietan
"Geroz eta gauza larriagoak gertatu behar dira jendea kalera ateratzeko"

Pasa den azaroaren 2an Estremerako espetxean giltzapetu zuten Joaquim Forn Kataluniako diputatuaren alabarik gazteena da Beta Forn (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1998). Erizaindegi ikasketen bigarren ikasturtea amaitu berri duenean, Kataluniako ordezkari independentistek bizi duten errepresioaren kontrako borrokan murgilduta dago.


2018-06-08 | David Bou
Ispilu alderantzikatua

La Directa-ko David Bou kazetariak gogora ekarri ditu duela zenbait urte kataluniarrak Euskal Herrira etortzen zirenean izaten zituzten sentsazioak. Alderantzizko egoera bizi dugu orain?


2018-05-30 | ARGIA
Atzerriko kazetariak, adi honi: Espainiari buruz ondo hitz egiteagatik dirua eman nahi dizue Moncloak

Espainiako Atzerri Ministerioak Vianako Jauregia Kazetaritza Saria sortu du, Espainiako Estatuari buruzko irudi positiboa ematen duten atzerriko kazetarientzat. Kataluniako urriaren 1eko erreferendumaren kontra erabilitako bortizkeriak nazioarteko medioetan asko kaltetu zuen Rajoyren exekutiboaren irudia eta horri aurre egiteko mugimendua dirudi.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude