Mozal Legea aplikatuz lehen isunak ezarri dizkio Ertzaintzak Gipuzkoa Zutiki

  • Gipuzkoa Zutikeko bi kideri iritsi zaizkie 602na euroko isunak. Ertzaintzak jarri die Mozal Legearen baitan, "elkarretaratze ez komunikatuaren erantzule" izatea egotzita. Bihar, larunbata, Librek antolatuta, Donostian Mozal Legeak zigortutako eragile guztiek prentsaurrekoa emango dute.


2016ko urriaren 14an - 11:40

"Gipuzkoa plazan zirenek deitu ziguten eta bertara joan ginen gertatzen ari zena ikusteko. Polizia operazio handi batek inguratuta zituen 20-30 herritar plazan. Baziren kaleko jantzitako ertzainak ere, eta eurei galdetu genien zein aginduri erantzuten zioten", gogoratu du Haizea Nuñez Gipuzkoa Zutikeko arlo juridikoa daraman abokatuak ekainaren 2an gertatu zena. "Esan ziguten Segurtasun Sailetik jaso zuten agindua zela bi kide identifikatzeko, arduradun ziren bi pertsonen izenak behar zituztela. Guk Gipuzkoa Zutikeko kideei komunikatu genien eta hauek erantzun zuten denak zirela arduradun, ez zutela inoren izenik emango. Poliziek bi pertsona identifikatu zituzten, baina jaso zuten agindu hori betetzeaz gain, esposak jarri zizkieten eta atxilotu egin zituzten. Horregatik jarri dugu haien aurkako salaketa, legez kanpoko atxiloketa izan baitzen".

Ertzaintzak bi zigortuei igorritako isuna.

Ertzainek Gipuzkoa Zutiki, isunak

Bi kide hauei 602na euroko isuna jarri die Ertzaintzak, Mozal Legean oinarrituta. 15 eguneko epean ordainduz gero, erdira murrizten da kopurua, eta ordaintzea erabaki dute. Epailearen aurrean, ertzaintzak desobedientzia delituagatik salatu zituen bi kide hauek, baina epaileak, ertzaintzaren txostena eskuan, artxibatu egin zuen kasua, ez zegoela delitu zantzurik ebatzita.

Gipuzkoa Zutikek ertzainei, salaketa

Gipuzkoa Zutikeko bi kideak atxilotu zituzten 3 ertzainak identifikatuta daude eta Gipuzkoa Zutikek hiru hauen kontrako kereila jarri du, legez kanpoko atxiloketa salatuz. Nuñezek azaldu duenez ,"epaileari eskatu diogu operazio horretan parte hartu zuten ertzain guztiak identifikatzeko eta ardura politikoak ere argitzeko, zehazki nor izan zen kide hauek atxilo eramateko erabakia hartu zuena". Epailearen aburuz gertaeretan nahiko zantzu dago legez kanpoko atxiloketengatiko ikerketa judiziala egiteko. Horregatik dagoeneko identifikatuta dauden hiru ertzain deitzeko agindu du, ikertu gisa ager daitezen epailearen aurrean.

Iritsi daitezkeen isunak eta kausen hipotesiak

Abokatuaren arabera, orain arte 15-20 lagun izan dira identifikatuak Gipuzkoa Zutiken ekintzetan (azkenak, Zinemaldi hasieran identifikatu zituztenak kontatuta). Identifikazio hauetatik etor litezke hurrengo isunak. Abokatuak azaldu du isun batzuek etor litezkeela " ez identifikatzeagatik edo berri eman gabeko elkarretaratzea antolatzeagatik" (kasu horietan 100-300 euro artekoak dira isunak), eta beste isun batzuek " desobedientziagatik " (kasu horietan 300-600 euro artekoak dira isunak). Abokatuek, Gipuzkoa Zutikek gaur gaurkoz dituen identifikazio kopuruak kontuan hartuta, guztira 9.000 euroko isun poltsa jaso dezakeela aurreikusi dute.

Hala ere, oraingoz isun hauek salbuespen izateko aukera ikusten du Nuñezek: "Nire hipotesia da bi isun hauek ertzainek egun horretan izan zuten jarrera justifikatu nahi dutela, besterik ez. Agintariren baten buruan jarri zen 'kanpaldi mugagabe hau atxiloketekin moztuko dugu', eta horrela gertatu ez zenez, isunokin gorputz bat eman nahi diote hasi zuten bide horri. Gainerako kasuekin isunak iristen badira, hor jada zantzuak izango genituzke helburu politiko bat ikusteko jokabide horren atzean, isunen bidez Gipuzkoa Zutik mugimendua itotzen saiatzekoa. Oraindik ez".

Librek deituta, Mozal Legeak zigortutakoen elkarretaratzea

Bihar, urriak 15, 11:30ean agerraldia egingo dute Donostian Mozal Legeak zigortutako eragile guztiek elkartuta, udaletxean. 20 herritarretik gora dira Donostian isunak jaso dituztenak. Besteak beste, Santo Tomasetan, Herri Harresietan, Maiatzak 1ean, unibertsitatean, Gipuzkoa Zutiken eta Kortxoenean egindako ekintzengatik.

Erantzukizunak kolektiboan

Gipuzkoa Zutikek kanpaldi mugagabearekin hasi zuen bidea eta hasieratik "denok gara erantzule" izan du oinarri. Asanbladan hartu ditu erabakiak, eta ez du arduradunik izendatu. Horregatik, polizia izan da orain arte, identifikazioen bidez, kide batzuei gertaeren erantzukizuna egotzi diena. Gipuzkoa Zutik asanbladetan ardura kolektiboa azpimarratu da hasieratik argi, baita isunak ordaintzeko garaian ere. Diru poltsa bat osatzeari ekin zioten lehen atxiloketa hauen ondorioz, etor zitezkeen gastuei erantzuteko. Kontu korronte hau zabaldu dute, herritar denen onurarako ekintzen ondorioz, norbanako gutxi batzuek euren poltsikotik isunak ordaindu behar izan ez ditzaten: (Laborala): ES52 3035 0075 41 0750057088.

Eusko Legebiltzarra eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa

Ekainaren 22an Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Gauza bera egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren 8an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa Zutik
Zigorrean oinarrituko ez den justizia baten alde

Joan den asteazkenean ezohiko epaiketa bat izan da Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian bi ertzain, legez kanpoko bi atxiloketa egin izana egotzita. Akusatzaileak berriz, orain hiru udaberri Donostiako Gipuzkoa plazan erraustegiaren aurka abiatutako... [+]


Bi ertzainen aurkako epaiketa bihar, Gipuzkoa Zutik kanpaldian legez kanpoko atxiloketak egin izana egotzita

Bost urteko espetxe zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Zigor eskaera horiekin iritsiko dira bi ertzain asteazkenean Gipuzkoako Lurralde Auzitegira, 2016ko Gipuzkoa Zutik kanpaldian bi lagun legez kanpo atxilotzea egotzita. ARGIAk bi gazteen abokatuarekin hitz egin du eta... [+]


2018-09-26 | ARGIA
Erraustegien aurka 900 elkarte biltzen dituen mundu mailako GAIA aliantzak Ertzaintzaren bortizkeria salatu du

Erraustegien aurka mundu osoko 92 herrialdetako 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak igandean Ertzaintzak Zubietan erabilitako bortizkeria salatu du.


2018-09-24 | ARGIA
Hainbat zauritu eragin ditu Ertzaintzak Zubietako erraustegira egindako martxan

Iraultza Txikien Akanpada izan da Zubietan, “bestelako Euskal Herria amesten duen herri mugimendu eta herritarren topaleku. Asteburuari amaiera emateko Zubietako erraustegira martxa egin dute. Ertzaintzak bidea itxi die eta martxako kideen aurka egin du hainbat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude