Diadan “euskal tramoan” biltzeko deia egin du Independentistak sareak

  • Irailaren 11n Bartzelonan ospatuko den Diadaren egunera joateko deialdia zabaldu die Euskal Herritarrei Independentistak sareak.


2015eko irailaren 08an - 11:54
Joan den urtean bezala Independentistak sarea Kataluniako Diadan izango da (Argazkia: Uriola.eus)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irailaren 27an hauteskunde autonomikoak egingo dira Katalunian eta mugimendu independentistak eman dien izaera plebiszitarioa dela eta arreta berezia piztu dute han-hemenka. Horregatik, “VIA LLIURE a la República Catalana” lemarekin ospatuko den aurtengo Diadak “egundoko garrantzia hartzen du”, Independentistak sareak aditzera eman duenez.

“Euskal herritarrok herri katalanekiko elkartasuna eta konplizitatea” adierazteko garaia dela nabarmendu dute sareko kideek. “Prozesu independentistan egiten ari diren urratsak eta izaten ari diren garaipenak neurri handi batean geureak ere badirela” gogorarazi dute euskal independentistek.

“Katalunia aldean izango diren euskal herritar guztiei Diadan parte hartzeko aukera eskaini nahi die” Independentistak sareak eta irailaren 11n 15:00tan Bartzelonako Meridiana Etorbideko 65 tramoan –euskal tramoan–biltzeko deialdia zabaldu du.

Asteartean Elkarretaratzea eta hitzaldia Bilbon

“Beren etorkizuna libreki eta modu solidarioan erabaki nahi duten herritarrei” elkartasun deialdia egin die Kataluniako Biltzar Nagusiak (ANC). Bilkura irailaren 8an 19:00etatik aurrera izango da Bilboko Done Bikendi kalean.

Ondoren, Martxelo Otamendi Berriako zuzendari eta Vicent Partal kazetari katalanaren arteko solasaldia izango da Kafe Antzokian Kataluniako prozesu soberanistaren inguruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Eguneraketa berriak daude