Iker Morenoren tortura testigantza


2011ko apirilaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-04 14:21:26
Iker Moreno, atxilotu zuten unean

Urtarrilak 18 asteartea

Atean jotako kolpeak eta txirrina intermitenteen zaratak esnatu ninduen. Lehengusina jaiki zen atea zabaltzera: “Iker Moreno! ¿Dónde está Iker Moreno?” oihukatu zuten behin eta berriz. (…) Segituan hiruzpalau armekin enkainonatu eta lurrean etzateko oihukatu zidaten hainbat Guardia Zibilek. Metalezko eskuburdinak jarri, eta etxean beste norbait zegoen galdetu zidaten. (…)

Miaketa egin zuten Guardia Zibilak kalez jantzita, baina pasamontañas batekin joaten ziren. Gehienek ez zuten euskara ulertzen, eta euskaraz zeuden apunte guztiak euskara ulertzen zuen emakume gazteari eman zizkioten. Berak “dokumentu susmagarri” guztiak (unibertsitate garaiko apunteak” zulatu eta brida baten bidez lotzen zituen. Kamisetak eta pegatinak (anaiak bilduma osatzen zuen) ere emeki aztertu zituzten. Ikasbidaiako kamiseta ugari eraman zituzten (guk ikasitako institutuaren izena “Askatasuna” baita), baita autodeterminazio edota euskararen aldekoak. Ordenagailuari disko gogorra kendu, eta musika CD askorekin (50 baino gehiago ziur) batera eraman zuten (originalak ez ziren CD guztiak eraman zituzten). Aitak ezker abertzalearen historiaren testigu diren hainbat dokumentu bilduta zituen etxean: H.A.S.I-ren kongresuko ponentziak, Hbren herri programak, ETAren agiriak... Horiek guztiak eraman zituzten, nahiz eta, gehienak ni jaio aurrekoak edo nire haurtzarokoak izan. (…) Saioa bukatzean, pasilora atera eta gurasoen lagun batek ura eman zidan, eta besteak Guardia Zibilari esan zion: “Tratarlo como se merece”. Guardia Zibilak barre egin zuen.

(…)

Galdetegia Nafarroako euskalgintzara eraman zuten, eta bertatik indarkeriara eramaten saiatu ziren. Entzun nahi zituzten erantzunak nire ahotik ateratzen ez zirenez, kolpeka hasi ziren. Eskuak zabalik zituztela, bular eta buruan kolpeak ematen hasi ziren. Nire erantzuna, mutu gelditzea izan zen. (…) Bidaia luzea izan zen. Ia amaigabea. (…) Gainera, desorientatzeko esaldiak botatzen zizkidaten -Madrilera iristear geundela, Vitoria-Gasteizen nengoela ezagutzera eman zidaten. “Estamos llegando a Siberia... ¿Porque es así como llamais a Vitoria, no?” bezalako komentarioekin.

[Madrilen] Begiak estalita (beste antifaz batekin) eta zer ordu zen esan gabe, (espezialki eta tenporalki desorientatuta), 5x2m-ko zelda batean sartu ninduten. (…) 20:30ak aldera, ziegara sartu nindutenean, “afaria” bertan nuen: jada irekita (eta tapoirik gabe) zegoen ur botila eta paperean bildutako york bokata lehorra. (…) Burura irudi arraroak (narrastiak eta papiroflexia panpinak) etorri zitzaizkidan, eta ezin nuen argi pentsatu. Egoera larri horri aurre egiteko, eta lau egun luze aurretik izan nitzakeela pentsatuta, jatea erabaki zuen. Botila irekita egotea susmagarria iruditu bazitzaidan ere, edan egin zuen.

¡¿Que, cómo te llamas?! (…) “Ya sabes que esto no lo aguanta nadie...”, “que tarde o temprano hablarás...” eta antzekoak... (…) “Venga Iker, ya sabemos cómo te llamas; pero queremos que nos lo digas tú”. Nik isilik jarraitu nuen. Burua kolpatzeko erabiltzen zuten egunkari rolloarekin, barrabiletan kolpe txikiak ematen hasi ziren. Ez ziren markak egiteko nahikoa gogorrak, baina hala ere, sabelera igotzen ziren kalanbreek oso minduta, eta tripak nahastuta utzi ninduten. Isilik jarraitzen nuenez, sentadilla gehiago eginarazi zizkidaten, eta nekegatik azkarrago arnasten hasi nintzenean, plastikozko poltsa bat buruan jarri, eta airea hartu ezinik izan ninduten ia ito arte. (…) Lehen saio hartan zazpi- zortzi aldiz jarri zidaten poltsa. (…) Izerditan nengoen, eta gela hotzean sartuta mantarekin bildu, eta koltxoian etzan nintzen. Handik bi minututara ziegan sartu eta izerditan nengoenez, jantzita nituen bi kamisetak kentzeko esan zidaten. Nik hala egin nuen. (…) Hotz handiagoa sentitzeko izan zen. (…) 24:30ak aldera, ohean etzan nintzen lo egiten saiatu, eta negar egiten nuen bitartean deskantsatzeko.

Urtarrilak 19, asteazkena

Apenas lo egin gabe, eta gaueko 2:00etan edo, nire bila etorri ziren berriro. (…) Bigarren galdetegi hau, ozenago (ia garrasika) hasi zuten. Nik, zorionez, beti baztertu ditut autoritarismo guztiak, eta arrazoitzeko gaitasunik gabeko ahots ia komiko guzti horien gainetik kokatu nuen nire burua. Ahots horiek, oihukatzen zutenean, beldurra baino grazia egiten zidaten, eta “eres un trapo” nire buruari errepikatuta ixilik mantendu nintzen. (…) Bigarren saio honetan baina, sentadilla batzuk poltsa buruan nuela eta arnasa hartu ezinik eginarazi zizkidaten. (…) Poltsa jartzen zidatenean gehiago mugitzen nintzen. Poltsaren barruan, izerdia, listua eta mukiak nahastu ziren (…) eta horrek, airea sartzea galarazten zuen. Momentu askotan, poltsa ahosabaian eta “campanilla”-n itsasten zitzaidan.

Bigarren saio honetan lau-bost aldiz jarri zidaten poltsa baino, aldi bakoitza gogorragoa izan zen. (...) Zorabiatuta nengoen. (...) Poltsa ahoan sartu eta arnasarik ez nuenean oka egiteko gogoak nituen. Beraiek nire “arkadei” “como vomites te lo comes” bezalako mehatxuekin erantzuten zieten. Ez hitz egiteak urduritu zituen eta irainak, sentadillak eta mehatxuak ugaritu ziren; baina lehen esan dudan moduan, beraien ahots tonuak lagundu ninduen. Mugitzen nintzenez, eta gerrikoa kendu zidatenez, prakak bakarrik jeisten zitzaizkidan. Haietako batek guztiz jeisteko eskatu zidan. Baina ni ez nintzen mugitu. Haietako batek jeitsi eta “lagun berri” baten bila joaten zela esan zidan. Ni elektrodoekin akordatu eta izutu nintzen baina bi minututara itzuli zenean, kontsoladore antzeko bat pasa zidaten ipurmasailen artetik, gustura bortxatuko ninduen kide bat ekarriko zidatela esanez. Bortxaketa mehatxuaren ondotik poltsa beste pare bat aldiz jarri zidaten, azkeneko hauetan lurrera erori nintzen (haiek heldu ninduten). Maingainarekin poltsa aho-sabaian ez itxasten saiatu nintzen. “Mira como saca la lengüita...” parre egiten zuten. Bigarren saio honetan, hitz egin nahi nuenean ezkerreko hankarekin lurrean hiru kolpe jotzea eskatu zidaten. nik arnasa hartu ezinik, “argi txuri” bat ikusten hasi nintzenean (begiak itxita nituela zuritasuna “ikusten” hasten nintzen alboetatik) jotzen nuen lurrean. Hala ere, bigarren saio honetan ere ez nuen hitz bat ere esan. Beraiek, txikitan aitak entrenatu ote ninduen galdetu/oihukatu zidaten. Oihuak erotzeko modukoak ziren. Guardia Zibilak erotuta zeudela zirudien.

Cómo me gusta que te agaches” (sentadillak egiten), “mi amigo te va a reventar el culo”, “vas a salir tocao” (erotuta), “a ti te ha entrenado tu padre”, “¿te ponía la bolsa de pequeño?”... Isilik jarraitzen nuela ikusita, pentsatzen utziko nindutela esan eta kalabozora eraman ninduten. Ni ohean etzan nintzen (goizeko 4:00ak izango ziren, hor nonbait), baina segituan, paretari begira zutik egoteko esan zidaten. Hain nengoen izututa, non men egin eta zutik egon nintzen ordu eta erdi inguruz. (...)

Lur jota nengoen. Lo hartu nuen. Neukan arropa bakarra bustita nuenez, hotzez dardarka egon nintzen. (...) Nire buruan, bost atxilotu ginela pentsatu nuen. (...) Kostata, urdaiazpiko bokata gosaldu nuen.(...)

Mediku forentsearengana eraman ninduten. (...) Tratuagatik galdetu eta egin zidaten guztia esan nion. Berak azterketa orokorra egin zidan eta ezpaina handituta nuela, sorbaldetan marka batzuk nituela (ni, ordurarte ez nintzen ohartu) eta oso nekatuta nengoela idatzi zuela uste dut. Asteazken goiza zela esan eta ordua galdetu nion. Goizeko 11:00ak ziren. (...) 12:00etan edo, antifaza jantzi eta berriro atera ninduten. (...)

Hirugarren galdetegia guztietan gogorrena izan zen. Guardia Zibilak ezberdinak ziren. Ahots pare bat errepikatzen ziren arren, beste guztiak berriak ziren. Haietako bati “Trancas” deitzen ziotela gogoratzen dut. (...) Saioa azkar eta gogor hasi zuten. Buruan poltsa jarri eta oka eztarriraino igo eta indarrak joan zitzaizkidanean kendu zizkidaten. “Con nosotros vas a hablar”, “lo de antes ha sido una tontería comparado con lo que te vamos a hacer”, “ni se te ocurra vomitar”, “aguanta, aguanta un poco más”...

Aurreko saioetan poltsa itotzen hasten nintzenean kentzen zidaten. Hirugarren saio honetan ordea, harrapatu duten animalia bat bezala mugitzen hasten nintzenean, parre egin eta minutu luze batzuk gehiago itxoiten zuten. “Este puede más”, “venga, no hagas teatro”... Burmuinean sentitzen nuen presioak hilko nindutela pentsarazi zidan. Momentu batzuetan “ojalá se les vaya de las manos y me maten” pentsatu nuen. Nahiago nuen hil, hor egotea baino.

Poltsa sudurreraino jeitsita izan nuen saio guztian, eta leporaino jaitsi eta ia konortea galtzeraino estutu zuten hamar-hamabi aldiz. Sei bat pertsonaren artean heltzen ninduten: bik besoetatik, beste bik hanketatik, batek gerritik eta batek edo bik poltsa estutu eta askatzen zuten. Momentu batzuetan aurpegi gainera botatzen zitzaidan bat, arnasik ez hartzeko. Poltsa jarrita, beste batzuetan, sentadillak eginarazten zizkidaten. Nik hasieratik uko egin nuen (ez bainuen indarrik) baina belaunen atzean kolpeak emanez makurrarazi eta behatzak sudur eta eztarrian iltzatuz/sartuz igoarazten ninduten. Hori egiteko beste bik besoetatik heldu behar ninduten, ez bainuen oreka mantentzeko nahikoa indarrik. Aurreko saioan bezala, poltsa aho-sabaian itsasten zitzaidan eta poltsa barnean listua, musika eta izerdia nahasten ziren. Buruan kolpeak ugaritu eta gogortu ziren, eta oka eztarrian sentitu nuenean eta konortea galtzear nengoela, hitz egiten hasi nintzen. “¿Qué quréis que diga? Yo lo digo pero, for favor, dejarme respirar”.

Haiek entzun nahi zutena asmatu eta botatzen saiatzen nintzen. Guztiz baldintzatuta ninduten eta haiek nahi zuten egin eta esango nuen. Zerbait ez nekienean (izenak batez ere...) poltsa buruan jarri eta “pistak” ematen zizkidaten: “Es una chica... una chica rubia... su apellido empieza por Com...”

Poltsa buruan nuela bular eta diafragman kolpeak ematen zizkidaten, arnas falta nabariagoa izateko. Poltsa kentzean (hauekin ere hiru kolpe eman behar nituen hankarekin hitz egin nahi nuenean), nahi zutena errepikatu nuen. (...) Guztiz txikituta nindutela, aulki batean eseri behar izan ninduten eta eserita egoteko zailtasun nituen, izen gehiago nahi zituztela eta pentsatzeko astia emango zidatela esan zidaten.

Hirugarren galdetegi hau fisikoki gogorrena izan zen, baina psiklogokikoki ere eragiten saiatu ziren. Irainak eta nire familiarekin asmatutako gezurrak bota zizkidaten. Haien artean, aita ondoko gelan zutela esan zidaten. Nik oihuak entzuten nituen, baina ez nuen aitaren ahotsa ezagutu. Ama ospitalean zela (...)

14:30ean gutxi gora behera, kalabozora eraman ninduten berriro. Eta zutik izan ninduten berriro ere. (...) Arratsaldeko 16:00ak aldera, laugarren galdetegia hasi zuten. (...)

Guardia Zibil batek hitz egiteko esaten zidan buruan kolpatzen ninduen bitartean, haietariko beste gazte batek ezetz esaten zidan. “no digas nada, aguanta” eta buruan poltsa jarri zidaten. Guztietan okerrena izan zen. Hanketan indarra galdu eta erori nintzen. Lau-bosten artean hartu eta gomaespuma batean etzan ninduten (...)

Itotzear nengoela, indarrak auskalo nondik bildu eta hiruzpalau poltsa apurtzea lortu nuen. Horrelakoetan kolpeak ematen zizkidaten buruan, baina nahiago nuen kolpatua izan, itotze sentsazioa baino. Galdera bidez, haien bertsioa eraikitzen eta memorian gordetzen joan nintzen: Ni ez nintzela ETAkoa, ez EKINekoa, unibertsitatean SEGIkoa izan nintzela baina orain ez, Nafarroan ez nuela SEGIren egiturarik ezagutzen, Gazte Mugimendua berpizteko saiakera bat abian jartzekoak ginela, aitak ezker abertzaleko eztabaidan parte hartzea eskatu zidala (ez baitzegoen inolako ahots gazterik) eta abar.

Ez nuen nire aurkako deklarazio larririk egin, baina laster bi bilerari buruz galdetzen hasi ziren, bata Zizurren eta bestea Iruñeko alde zaharreko estafeta kalean. Bertan egon nintzela eta nirekin egon ziren beste izen batzuk (beraiek esandakoak ikasi behar izan nituen) esateko eskatzen zidaten; eta ulertu nuen nire kontra baino, gehiago interesatzen zitzaiela beste izen batzuk esan eta pertsona horien kontra deklaratzea; beste pertsonak inkulpatzea, alegia. Psikologikoki ere, etengabe oihukatzen zidaten. Guardia Zibili hauen ahotsa ordea, serioa zen eta beldurra (edo errespetua behintzat) ematen zuen. (...)

Nola disfrutatzen ahal zuten horrelako sufrimendua eragiten? Mendeku nahiak eta gorrotoak itsutu zituela sinetsi nuen, eta haien egoera sekula ez bizitzea desiratu . (“Tendrías que ver cómo llora la nenaza de tu padre”) esaten zidaten. Arratsaldeko 18:00ak aldera, arrastaka eraman ninduten zeldara. (...)

Bat-batean, ondoko kalabozoan negar batzuk entzun nituen eta nire aitaren ahotsa ezagutu nuen. Ezin nuen sinetsi! Zalantzarik gabe aitaren ahotsa zen, eta modu inkontrolatuan egiten zuen negar. Zerua amildu zitzaidan. (...) Goizean anaiak kalean nirekin batera atxilotutakoen izenak oihukatu zizkidanean, botatakoen artean negar horiek norenak ziaten ahal ziren pentsatu nuen. Aita hor egon zitekeela burutik kentzeko beste bertsio bat sinestea inposatu nion nire buruari.

(...)

Pentsatu bezala, mediku forentsearengana eraman ninduten. Berriro, egindako guztia kontatu nion. Tratua izugarri okertu zela eta buruko presioa areagotu zela, oka eztarriraino igo zidatela, jada ezin nuela ia ibili eta eskailerak igo eta jeistea sekulako esfortzua zela... (...) 20:30ean edo, saltxitxoi bokata lehor bat eta ur botilatxo bat ekarri zidaten. Berriro ere, ahoa zabaltzeko arazoak izan nituen. Masailak oso minduta nituen eta zailtasunak izan nituen ahoa guztiz zabaltzeko. Aurpegia agarrotaturik nuen. Afalostean, lo egin nuen.

22:30ak zirela uste nuenean nire bila etorri ziren berriro. (...) Eserita nengoela plastikozko poltsa bat nola zimurtzen zuten entzun nuen. “¿No quieres volver a la situación anterior, no, Iker?”, mehatxu egiten zidaten.

Aurretik egindako galdera berdinak errepikatu zizkidaten behin eta berriro. Nik ikasitakoa erantzuten nien. (...) Errepikatu behar nuena esaten zidaten: “Las funciones de Ekin en esa reunión eran? EX-PONER y D-FEN-DER su testis... Ex-PO-NER y DE-FEN-DER”. (...) Deklarazio poliziala bost-sei aldiz errepasatu genuenean, gauza berriak sartu zituzten nire erantzunetan, izen berri bi ikasarazi zizkidaten. (...) Psikologikoki kontrolatuta ninduten (buruan poltsa sentitzen hutsarekin).

Urtarrilak 20, osteguna

00:00etan edo, deklarazioa ongi ikasita, kalabozora eraman ninduten. (...) 02:00etan edo, izerditutako antifaza berriro jantzi eta komun ondoko atetik eskuinetara eraman ninduten seigarren aldiz. Galdera konplexuenak bizpahiru aldiz errepasatu eta egun hartan egin behar nuena azaldu zidaten mehatxuen artean. (...) Osteguna eta ostirala falta ziren. Madrilgo zulo zikin hartan egun t'erdi eman nuen soilik. Denborak ez zuela aurrera egiten pentsatu nuen. Amaiezina zen amesgaizto hura. (...)

Deklarazioan agertzea nahi zituzten izenak behin eta berriz errepikatu genituen eta 4:00etan kalabozora eraman ninduten (...)

10:00etan gosaria ekarri zidaten. Kafesnea eta Martinez madalenak (...) Zazpigarren galdetegia egin behar nuen deklarazioaren errepasoa izan zen. (...) Errepasoa amaituta, goian berdina errepikatzen ez banuen, lehenengo galdetegietako egoerara itzuliko nintzela mehatxu egin zidaten: “Tú ten claro que después de la declaración vas a bajar otra vez aquí, y estarás en nuestras manos...

Ziegara jeitsi eta bost minututara mediku forentsearengana eraman ninduten. Tratua hobetu zela esan nion, baina ez nuela hankan nuen minagatik lorik egin, ezta ibili ere.(...)

Haietako bat nirekin egongo zela eta esaten nuenaren arabera tratatuko nindutela berriro jeisten nindutenean. Nire eskuetan zegoela aurreko egoerara itzultzea.

Arratsaldeko 18:00etan edo, mediku forentsearen gelaren ondoan zegoen beste gela batetara sartu ninduten. “Ni se te ocurra girar la cabeza y mirar para atrás” oihukatu zidan nire atzean eseri zen guardia zibilak. Antifaza gelara sartu aurretik kendu bazidaten ere, mehatxu hark beldurtu eta ez nuen atzera begiratu. (...)

Nik, ixilik egoteko eskubidea banuen arren, bizitako guztia errepikatzeko beldurragatik, ikasiarazitako erantzunak bota nituen. Argazkiak identifikatu eta zentzurik gabeko testu bat kopiatu nuen minuskula eta maiuskulaz. Amaitzean, dena sinatu nuen. 19:00etan kalabozora jaitsi ninduten.  (...)

Gaueko 22:30etan Guardia Zibilekin “azken agurra” izan nuen. Deklarazioa oso ongi egin nuela esan eta epailearen aurretik pasatzeko eskaera egina zegoela. Nire esku zegoela epaileari berdina errepikatu edo ez, baina errepikatuz gero, ziurrenik kalean utziko ninduela. 23:00etan kalabozora eraman eta lo egin nuen.

Ostirala, urtarrilak 21

Goizeko 8:00etan esnatu eta gosaldu nuen (...), Furgoian sartu eta Audientzia Nazionalera eraman ninduten hoztuta. Eguna Audientzia Nazionalean eman ondoren, Marlaskaren aurretik pasa, tratu txarrak kontatu, bere galderak ez erantzun eta fiskalaren gomendioei jarraituz kartzelara bidali ninduen, inkomunikazio aldiari amaiera emanez.

[Irakurri Iker Morenok eskuz idatzitako dokumentua (PDF)]


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude